☉ Etxebarri
Alberto González Rubio: «Inoiz ez dugu 100 espezie baino gutxiago aurkeztu Etxebarriko erakusketan»
Alberto González Rubio (Etxebarri, 1974) arrain-saltzailea da eta baita perretxiko zalea ere. Etxebarriko Gibelurdin Mikologia Elkarteko presidentea da eta mendian hartzen dituen perretxikoak sailkatu, ikertu eta jatea gustuko du. Aurten elkartearen X. urteurrena da eta urria hasi berri dugula udazkeneko irteera prestatu dute elkartetik Arabako Sarriara

Alberto González Rubio (Etxebarri, 1974) arrain-saltzailea da eta baita perretxiko zalea ere. Etxebarriko Gibelurdin Mikologia Elkarteko presidentea da eta mendian hartzen dituen perretxikoak sailkatu, ikertu eta jatea gustuko du. Aurten elkartearen X. urteurrena da eta urria hasi berri dugula udazkeneko irteera prestatu dute elkartetik Arabako Sarriara. Horretarako, urtero bezala, autobus bat alokatu eta Sarriako basoetan 130 perretxiko eta onddo espezie baino gehiago hartzeko itxaropena dute, hurrengo egunean Etxebarriko udaletxeko plazan herritar guztiei erakutsi ahal izateko. Mikologiaren inguruan berba egin dugu Gonzálezekin elkartearen X. urteurrenean eta etxebarritarrak besoak zabalik hartu gaitu elkartearen egoitzan.

Hasi da udazkena, egun euritsuak, hezetasuna eta onddoak. Zer prestatu du Gibelurdin elkarteak datozen egunetarako etxebarritarrentzat? Urriaren 15ean onddo-bilketa egingo dugu Sarrian (Araba). Horretarako, 55 lekuko autobus bat prestatu dugu eta espero dugu 30-35 lagunek izena ematea.
Mikologia eta eguraldia eskutik helduta doaz. Nolako aurreikuspenak dituzue urriaren 15eko irteerari begira? Onddotan goazenean inork ez daki ziur zer ekarriko duen bueltan. Horregatik, astebete lehenago espedizio txiki bat joango da bertara, lekua zelan dagoen ikusteko. Egoera ona bada espero dugu 130 espezie baino gehiago ekartzea. Inoiz ez dugu 100 espezie baino gutxiago aurkeztu.
Azken boladan bota duen euria ikusita eguraldia zuen alde izango duzuela dirudi. Zer egingo duzue jasotako onddoekin? Etxebarrira bueltan fitxa batzuen bidez sailkatuko ditugu: hilgarriak, toxikoak, jangarriak eta baliorik gabekoak. Lan hori bukatuta, hurrengo egunean, mahai batzuk hartuta erakusketa antolatuko dugu udaletxeko plazan, jendeak onddoak ezagutu ditzan.
Benetan arraroa da onddo bilketan hainbesteko sekretismoa egonik zuek irteera bat egitea 30-35 lagunekin eta ozen iragartzea. Hau ez doa perretxiko bila doazenen kode guztien kontra? (Barreak) Egia da jende asko goazela perretxiko bila, baina ia gehienak betikoak izan ohi gara: lagunak, familiak… Gainera, bidaia eta bertan egingo dugun bazkaria elkarren artean egin arren, mendian zehar sakabanatu egin ohi gara. Bakoitzak bere bideari ekiten dio. Bazkalorduan edo egunaren amaieran berriro elkartu ohi gara bakoitzak hartu duena elkarren artean ikusteko. Uste baino onddo gehiago hartu baditugu erakusketarako erabiltzen ditugu eta gainontzekoak bazkaldu edo afaltzeko izan ohi dira.
Jendeak dio perretxikoak eta onddoak udazkenean soilik daudela. Urtaro guztietan topa daitezke perretxikoak eta onddoak. Egia da sasoi emankorrena udazkena dela, irailaren amaieratik azarora arte. Baina udaberrian, udan eta neguan ere perretxikoak topa daitezke. Martxoan, esaterako, ‘Marzuelo’ edo ‘Hygrophorus marzuolus’ izeneko perretxiko jangarriak egon ohi dira, apirilean eta maiatzean Arabako perretxikoak, maiatzean eta ekainean Aerus onddoak, Amanita Cesarea… baina tira, gure eskualdean baldintza ezin hobeak daude espezie jakin batzuk hartzeko, urrutira joan gabe.
Bai ala? Perretxiko eta onddo pilo bat dauzkagu gure eskualdean. Uste baino askoz gehiago. Baina bilatzen jakin behar da! Guk dakigula, boletusak, kantarelusak eta bestelako perretxiko preziatuak izan ohi ditugu Hego Uriben.
Eta orduan zergatik zoazte Sarriara irteera hemen egin beharrean? Ni perretxikotan noanean ez naiz Arabara joango ziurrenik. Sarriara bagoaz bertan pinudiak eta ameriketako harizti edota pagadi ugari daudelako da. Aniztasun horri guztiari esker har ditzakegu lehen aipatutako 100 espezie horiek.

Bistan da zaletasuna baino pasioa direla perretxikoak eta onddoak zuretzat, eta ematen du jatea baino aberasgarriago zaizula horiek topatu, sailkatu eta ikertzea, haurrek kromoekin egiten duten bezala. Hala da. 13 urteko alaba bat daukat eta poz-pozik dator nirekin perretxikotan. Zonalde honetan, esaterako, benetan nabarmentzekoa da Durangoko Errotari elkarte mikologikoa, eta nire alabak perretxikoen identifikazio txapelketa batean hartzen du parte urtero. Hiru aldiz irabazi du txapelketa eta joateari utzi dio, lotsa ematen diolako.
Errotari bezain handia ez da izango Gibelurdin, baina zenbat zarete eta zenbatez behin elkartzen zarete zuenean? Garai batean 100 lagun baginen ere gaur egun 40 kidek osatzen dugu elkartea eta uda ostean astelehenero elkartu ohi gara 19:00etatik 21:00ak arte, Etxebarriko lokalean. Bertan jendeari laguntzeko egon ohi gara: zalantzak argitzeko, gomendioak emateko… urtero 10 euroko kuota ordaintzen dugu kideok eta kopuru horrekin urteko bi irteeretara joan daitezke kideak.
Benetan merkea dirudi. Eta bada! Egia da jende asko irteeretara perretxikoak eta onddoak non dauden jakiteko joan ohi dela behin baino gehiagotan, eta hori ez da gure zeregina. Mendian zuhurtziaz jokatu behar da, inolako gehiegikeriarik gabe. Nik, esaterako, kantarelusak maite ditut eta otarrea betetzen badut 6 kilo jaso ditudala badakit. Ni ez naiz hainbeste perretxiko jateko gai eta soberan ditudanak maite ditudan pertsonekin elkarbanatzen ditut, opari gisa.
Nola jokatzen du jendeak perretxikotan doanean? Denetarik dago, baina egia da badagoela mendian denetarik hartzen duen jendea, eta hori arriskutsua izan daiteke: gure gomendioa da mendira goazenean perretxiko edo onddo jakin baten bila joatea, nahastu barik. Saskian denetarik sartzen badugu eta horietako perretxiko bat toxikoa bada oso arriskutsua izan daiteke, esporak alde batetik bestera doazelako.
Ezjakintasun handia dago mikologiaren munduan. Urtero ematen dira intoxikazio kasuak perretxikotan. Uste baino askoz gehiago. Gertatu zaigu elkartera inor etorri izana perretxiko pozoitsu jakin bat jan eta ezer gertatu ez zaiola esatera. Eta honi antzinako uste faltsuak gehitu behar zaizkio: pozoitze kasuetan jarraitu beharreko zentzugabeko gomendioak. Horrelakoak oraindik ikusten ditugu eta benetan sinestezina da. Amanita Faloidesak, esaterako, urtero hiltzen du inor mendian. Amanita Muskaria, bestalde ez omen da hilkorra baina antzinako kondairek diote Vikingoek jaten zituztela gerretara joateko. Haluzinogenoak dira.
Eta nolako perfila daukate Gibelurdineko bileretara doazen kideek? Denetarik dago baina batabestekoa 35 eta 55 urte bitarteko lagunak izan ohi dira: familiak, mikologian interesa duten pertsonak…
Eta denek dute gauza bat amankomunean: mendira joatea. Bai, noski! Gerta daiteke mendira joatea eta bertan ezer ez hartzea. Baina naturan egindako ibilbidea benetan eskertzekoa da beti eta egia da gero eta jende gehiagok hartzen duela parte gure irteeretan, jarduera aktiboak egiteko aitzakiarekin. Bestalde artearekin ere lotura handia dauka mikologiak eta argazkilaritzaren zaletu asko erakartzen ditu udaberriko zein udazkeneko irteeretara.
Dagoeneko, perretxiko eta onddoez gainera urriaren 16an bestelako gauzak egongo dira Etxebarriko udaletxeko enparantzan. Erakusketaz gainera mikologian oinarritutako argazki-erakusketa egingo dugu egunean bertan. Hiru sari banatuko ditugu guztira eta guztiek mikologiarekin zerikusia duten elementuak izango dituzte: otarea, makila, ondottan joateko labana, gazta, txakolina… Garai batean 400 euroko baliodun argazki kamerak oparitzen genituen!
Ezer berezirik prestatu duzue X. urteurrena ospatzeko aurten? Horretan gabiltza. Elkarte bezala 1.200 euroko diru-laguntza jasotzen dugu Udaletik urtero. Baina bizitzaren garestitzearekin konturatu gara irteera egin ahal izateko autobusaren prezioa 400 eurotik 600era igo dela. Momentu honetan dugun laguntzarekin irteerak egiteko eta txapelketetako sariak ordaintzeko dirua dugu soilik.
☉ Etxebarri
Etxebarriko liburutegi berria 2026ko udaberrirako egongo da prest
Euskaltzaleak plazan eraikitzen ari dira liburutegi berria eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du

Liburutegi berria eraikitzen hasi dira Etxebarrin. Euskaltzaleak plazako 11, 12 eta 13 zenbakietako beheko solairuetan eraikiko dute eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du.
Instalazio berriak azpiegitura modernoa eta irisgarria izango duela adierazi dute udal ordezkariek: “Bai liburutegirako sarbidea, bai liburutegiaren barruko espazioak erabat irisgarriak izango dira dibertsitate funtzionala duten pertsona guztientzat”, diote.
Lanei ekin diete dagoeneko eta aurreikuspenen arabera sei hilabeteko epean bukatuko dituzte; hau da, 2026ko udaberrirako bukatuko dute obra.
Udalak 657.000 euro bideratu ditu obra horietara eta lanak E3D 2008 S.L enpresak burutuko ditu.
Hiru gune
Liburutegi berria hiru gunetan egongo da banatuta: “Lehenengo eremuan, sarbide zentral bat egongo da, eta, bertan, mostradore bat egongo da, liburutegira mailegu bat egitera, liburu bat itzultzera edo zerbitzuari buruzko edozein informazio lortzera hurbiltzen diren pertsonei arreta emateko”, diote.
Bigarren eremua haur-liburutegiarena izango da: “Liburutegiak, ale ugariz gain, pufak eta mahai baxuak izango ditu, irakurketa txikitatik sustatzeko espazio atsegina izan dadin”, diote. Bigarren eremu hau 0-8 eta 9-13 adin tartetan egongo da bereizita.
Eta hirugarren eremuak helduen liburutegia eta lankidetzarako eremua barne hartuko ditu: “Hemen egongo da helduei zuzendutako irakurketa-material guztia, bai eta bertan irakurtzeko espazio bat ere, erlaxatzeko eta esperientzia atseginaz gozatzeko moduko mahai eta aulkiak dituena”, diote.
“Gainera, eremu horretan ikasketa-gela edo lankidetza-gela ere egongo da, 21 lagunentzako lekua duena, eta liburutegiarena berarena baino ordutegi zabalagoan sartu ahal izango da bertara. Azken espazio hori Udalak urteetan jaso duen eskaria izan da, eta proiektu berri hau ezarrita posible egin ahal izango dugu”, esan dute udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuak berriro kaltetu dituztela salatu du Udalak
Ibilgailuak erabilezin utzi dituzte. Aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan dela salatu dute

Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuei egindako bigarren sabotaje bat salatu du Udalak. Udal ordezkariek adierazi dutenez, ibilgailuak erabilezin utzi dituzte.
“Etxebarriko Udaltzaingoari sabotaje-ekintza bat egin diote berriki, eta haren patruila-ibilgailu batzuk kaltetuak izan dira. Gertakari horiek eragin duten ustekabeaz gain, bereziki kezkagarria da larrialdiko ibilgailuak erabilezin uztea, beharrezkoak baitira udalerrian gerta daitekeen edozein gorabeherari azkar erantzuteko”, esan dute.
Udal arduradunek adierazi dutenez, aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan da.
“Lehen aldian, polizia-ikerketari esker, egilea identifikatzea lortu zen, eta hura epaiketaren zain dago, eragindako kalteengatik”, diote.
Bigarren sabotaje-ekintza hau ikerketapean dago gaur egun eta arduraduna identifikatzeko lanean ari dira. “Egilea herrian instalatutako segurtasun-kamerek grabatu zuten”, esan dute.
☉ Etxebarri
Euskara biziberritzeko plan berria egiteko herritarren partaidetza bilatzen ari da Etxebarriko Udala

Euskararen hizkuntza-komunitatea indartzeko eta 2026-2030 urte bitarterako Aroa Plan Estrategikoa egiteko parte hartze prozesua martxan jarri du Etxebarriko Udalak.
Asmoa da datozen urteetarako planaren ibilbide-orria diseinatzea, “Etxebarrin euskararen komunitatea indartzeko, euskara biziberritzeko eta Etxebarrin euskaldunak ikusgarriago egiteko”, diote udal ordezkariek.
Eta plana diseinatzeko, Etxebarrin euskararen egoera zein den aztertu nahi du Udalak. Horretarako, euskarekiko jarrerei, motibazioei, erabilerari eta elkarreraginari buruzko galdetegia prestatu du herritarrek erantzun dezaten.
“Bide hau elkarrekin egitera gonbidatu nahi zaitugu. Lan honetarako zure laguntza, babesa eta parte-hartzea ezinbestekoa da”, esan dute udal arduradunek.
Herritar zein eragile guztiak daude parte hartzera deituta: “Euskaraz bizi zaretenak, euskara ezagutzen duzuenak edota euskarara hurbiltzeko zaudetenak, denok gara beharrezkoak gure herrian euskara sustatzeko”, diote.
Galdetegia Etxebarriko udal webgunean dute eskuragarri herritarrek: “Bost mitutan betetzen den galdetegia da”, esan dute.
Etxebarrin euskararen egoera aztertu ondoren, jasotako emaitzekin diagnostiko bat osatuko dute.
Eta, behin diagnostikoa osatzen dutenean, saio irekiak antolatuko ditu Udalak, prest dauden herritarrek eta taldeek AROA izeneko 2026-2030 Plan estrategikoa eta 2026ko kudeaketa Plana diseinatzeko prozesuan parte har dezaten.
☉ Etxebarri
Erreportajea | Etxebarriko Euskaltegia, 20 urte eta gehiago
Aurten 20 urte bete dira Ulibarrik Etxebarriko Euskaltegia kudeatzen duenetik. Hala ere, ia bost hamarkada dira herritarrak euskalduntzeko makinak martxan jarri zituztenetik: ordutik milaka euskaldunberri sortu dituzte

Etxebarrin euskara sustatzeko eta herritarrak euskalduntzeko haztegia duela urte asko jarri zuten martxan. Ia bost hamarkada dira alfabetatzea hasi zenetik: 49 urte, zehazki. Hain zuzen ere, 1976. urtetik aurrera hasi zen euskararen alfabetatzea garatzen, frankismoaren amaieraren ostean —frankismo garaian debekatuta zegoen euskaraz berba egitea—. 2022an Etxebarriko historia elkarlanean bildu eta belaunaldi berriei ezagutarazteko ‘Etxebarri Gara’ bideoa publikatu zuen Udalak. Besteak beste, euskarak herrian izan duen bilakaera azaldu zuten. Javier Gortazar herritarrak adierazi zuenez, euskara 1976. urtetik aurrera hasi zen garatzen Etxebarrin. Klari Galdos etxebarritarrak azaldu zuenez, alfabetatzea 70. hamarkadan hasi zen, eta “orduan hasi ginen jasotzen euskarazko eskolak”.
“Hasieran Etxebarriko elizan ematen zituzten euskarazko eskolak, apaizaren etxean. Cruci, Nere eta nire ahizpa Edurne, beste batzuren artean, izan ziren lehenengo ikasleak. Baina behar genuen elizatik irten, parrokian ez zegoelako leku nahikorik. Orduan, itxialdi bat egin genuen gaur egun Cime eraikina den eraikinean euskara eskolak jaso ahal izateko lokalak eskatzeko. Gerra asko eman behar izan genuen eskatzen genuena lortzeko. Gauzak ez ziren lortu modu erraz batean. Ekinez eta ekinez lortu genituen aurrerapausoak. Gaur egun ez da ikusten zelako lana egin genuen hor atzetik; badirudi erraztasunez egin zela, baina ez, lan handia egin genuen, eskariak eta eskariak eginez. Eta, azkenean, lortu genuen. Etxebarriko jende asko pasa zen eskola horietatik”, esan zuen Galdosek ‘Etxebarri Gara’ ikusentzunezkoan.
Euskaldunberrien fabrika
1994. urtea zen herriko euskaltegia eraiki zutenean, eta harrez geroztik mila euskaldunberri baino gehiago atera dira Bekosolo parkean dagoen etxe horitik. 2005etik Ulibarri Euskaltegia da zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen dena eta irailean 20 urte bete ditu mugarri horrek.
Etxebarrikoa ez da euskaltegi publikoa, baina Udalak egiten duena da lehiaketa publikora atera euskaltegiko kudeaketa. Hori dela eta, baldintza batzuk eskatzen dizkio Udalak kudeaketa daramanari. HABEk markatzen ditu parametro batzuk, Udalak gero tasak ezartzen dizkie ikasleei eta baliabide fisikoak ematen dizkio. Ildo horretan, dirulaguntzak ematen ditu Udalak euskara eskolak.
Horrez gain, Euskaltegia txertatuta dago Udalaren Euskara Planean, eta horrek esan nahi du pieza garrantzitsua dela plan hori gauzatzeko. “Elkarlanean aritzen gara beti, eta haiek planteatzen dituzten ekintzetara animatzen ditugu gure ikasleak”, diote Etxebarriko Euskaltegiko arduradunek.
Bidaia pertsonala
Maribel Arsuaga (Etxebarri, 1979) ikasle da gaur egun Etxebarriko Euskaltegian. Baina bera ez da euskaldun berri-berria. Udal Euskaltegia izan zeneko garaian hasi zen euskara ikasten Maribel: “17 urterekin hasi nintzen Etxebarriko Euskaltegian ikastean. A ereduan ikasten nuen eta uztailean euskara ikasteko eskola trinko batean eman nuen izena. Oso ondo pasatu nuen trinko horretan, joko askorekin ikasten genuen. Gogoan dut ikasturtearen amaieran txango batean Gorbeiara joan ginela Itxinatik. Argazkiak gordeta ditut eta oso oroitzapen politak gordetzen ditut!”.
Eskola trinkoa jaso ostean, urrian ikasturte arrunta hasteko izena eman zuen Maribelek: “Urrian hasi nintzen arratsaldero euskara ikasten. Eta hori oso gogorra izan zen!”, dio barreka: “Goizean ostalaritza eskolan ikasten nuen eta arratsaldetan euskara”.
Bi ikasturte jarraian egin zituen Maribelek: “Gero lanean hasi nintzen eta euskara ikasten jarraitzeari utzi behar izan nion”. Hala eta guztiz ere, “bizitzak buelta asko eman ostean”, berriro Euskaltegian ari da Maribel: “Semeari esker bueltatu nintzen Euskaltegira. Semeak zortzi urte zituenean, etxeko lanetan laguntzen saiatu nintzenean konturatu nintzen zaila egiten zitzaidala. Ez nituen matematikako ariketak ulertzen, ezta euskarako liburuak ere. Egun batean, etxean euskaraz hitz egiten ari nintzela, hauxe esan zidan semeak: ‘Ama, no me hables en andereño’. Une horretan konturatu nintzen, lagundu nahi banuen, berriro euskaltegira joan behar nuela”. Harrez geroztik Euskaltegira joaten jarraitzen du Maribelek: “Gaur egun, nire semea jada batxilergoan dago eta ez du nire laguntzarik behar, baina nik jarraitzen dut euskara ikasten hizkuntza bera gustatzen zaidalako”. “Gaur egun, Euskaltegian jarraitzen dut dudan maila ez galtzeko eta mantendu ahal izateko. Izan ere, familia eta lagun giroan ez dudalako euskaraz hitz egiten. Oraindik ere kostatu egiten zaigu. Horregatik, Euskaltegiak jarraipena ematen dit gero eta gehiago gustatzen zaidan hizkuntza honetan, eta urte askoren ondoren, eskertzekoa da ezagutu ditudan ikaskide kopuru handia”, dio Maribelek.
Etorkizunera begira
Etxebarriko Euskaltegiak badu bere historia, herritarren borondate eta ilusioz hasita, eta profesionalizazioarekin sendotuz.
Ulibarri Euskaltegiaren kudeaketaren 20 urteek erakutsi dute bidea luzea izan dela, baina fruituak ere nabarmenak: belaunaldi osoak euskarara hurbildu dira, batzuek hutsetik, beste batzuek seme-alabei lagundu nahian.
Euskararen erabilerak oraindik ere erronka handiak ditu, baina Euskaltegiak jarraitzen du bide horretan makinaria indartzen, herritarrei hizkuntza tresnak ematen eta euskaraz bizi ahal izateko aukerak zabaltzen. Hori da Maribelek, eta haren moduko dozenaka eta dozenaka ikaslek, egunero bizitzen dutena.
Iragana ospatzeko eta etorkizuna eraikitzeko topagunea izaten jarraituko du Etxebarriko Euskaltegiak. Eta agian, hurrengo urteetan, Gorbeiako txango baten argazki zaharrak bezala, gaurko ikasleen oroitzapenak bihurtuko dira bihar euskararen bidearen lekuko.
☉ Etxebarri
Monday Potions taldeak Hiriko Soinuak lehiaketako sari nagusia irabazi du
Danel Marin etxebarritarra Monday Potionseko kide da. Taldeak urriaren 24an Hiriko Soinuak festibalean joko du Bala eta Biznaga taldeekin batera

Monday Potions taldeak Hiriko Soinuak lehiaketako sari nagusia irabazi du. Urriaren 24an Hiriko Soinuak festibalean joko du taldeak Barakaldon, eta eszenatokia partekatuko du Bala, Biznaga Laztana Laztana taldeekin.
Festibala Barakaldoko Herriko plazan izango da, estalitako karpa batean, eta sarrera doakoa da.
Danel Marin etxebarritarra Monday Potions taldeko perkusionista da, eta urtarrilean elkarrizketa egin genion GEURIAn [hemen duzu irakurgai], joan den azaroan Basauriko Rockein lehiaketan Hego Uribeko taldetik onenaren saria lortu zutelako.










