☉ Etxebarri
Pantailak modu osasungarrian erabiltzeko hausnarketa egingo dute Etxebarrin
Saioa urtarrilaren 29an izango da Kultur Etxean. Herritarrek parte har dezaten deia zabaldu dute: “Zure ekarpenek aldaketa sortzen dute”, diote

Aisialdi eredu osasungarriei eta teknologia erabiltzeko alternatibei buruz hausnarketa egingo dute Etxebarrin. Zehazki, pantailak modu osasungarrian erabiltzeko lanketa egingo dute urtarrilaren 29an, 17:00etatik 19:00etara, Kultur Etxean.
Kasu honetan, herriko eragilez osatutako Bizikidetza Batzordeak egindako lanketaren ondorioak aurkeztu eta partekatuko dituzte Etxebarriko gainontzeko eragileekin, taldeekin eta herritarrekin.
“Hau honela, dei egiten zaie herritar guztiei saio ireki honetan parte hartzera, guztion artean prozesu honi erantzungo dion alternatiba bateratua sortu ahal izateko”, diote.
Saioa bukatu ostean luntxa egongo da, “ideiak eta asmoak partekatzen eta trukatzen jarraitzeko”, diote.
Saioan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute komunikazioa@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatzita. Gainera, Ludoteka zerbitzua behar duten zehaztu ahal izango dute.
Etxebarriko Udalaren ekimenez, Bizikidetza Batzordeak ezarritako lan ildoen artean dago teknologia erabiltzeko alternatiba osasuntsuak lantzea. Gaiak sorturiko kezka oinarri harturik, 2025. urtean zehar Etxebarriko Udalak, Etxebarriko herritarrengan eta udalerrian aisialdi osasungarriko eredu bat sustatzeko eta teknologia erabiltzeko alternatibak bilatzeko hausnarketa abian jarri zuen.
☉ Etxebarri
Aingeru Picaza Calero etxebarritarra laguntzeko 4.000 euroko ekarpena egin dio Etxebarrik
Balkoi Solidarioak ekimenari eta euskal dantzak eta zumba ekitaldiei esker 4.000 euro lortu dituzte etxebarritarrek

Elkartasunak distira egin zuen iragan Gabonetan Etxebarrin, herritarren inplikazioari esker. Atzo Julene Alonsoren alde 723,50 euro bildu zirela kontatu genizun, eta gaur Aingeru Picaza Calerori 4.000 euroko ekarpena egin diotela kontatzera gatoz.
Balkoi Solidarioak ekimena eta euskal dantzen eta zumba ekitaldia egin zituzten Gabonetan, eta ekimen bakoitzeko 2.000 euro lortu zituzten; hau da, 4.000 euro guztira.
“Lehen erronkak, Gabonetan 1.100 balkoi argiztatzea helburu zuena, aise gainditu zituen hasierako aurreikuspenak. Azkenik, 1.928 balkoi argiztatu ziren, proposatutakoak baino 828 gehiago, auzotarren inplikazioari eta lankidetzari esker”, diote udal ordezkariek eta Erronka Solidarioen talde eragileko arduradunek.
Bigarren erronka urtarrilaren 3an egin zen Etxebarriko kiroldegian. Euskal dantzak, zumba dantza eta haurrei zuzendutako jarduerak antolatu ziren eta guztira 240 lagun bildu ziren.
Etxebarriko Udalak eta Erronka Solidarioen talde eragileak aurreko Gabonetan antolatutako ekimen solidarioen inguruan “balorazio oso positiboa” egin dute, eta publikoki eskertu nahi izan dute herritarren parte-hartzea, elkartasuna eta konpromisoa, “beste behin ere azpimarratuz Etxebarri gehien behar dutenekin bat egiten duen herria dela”.
☉ Etxebarri
Erreportajea | Gazteak protagonista, komunitatea etorkizun
Tarrasta Gazteguneak bi hamarkada bete ditu Etxebarrin, komunitatea, parte-hartzea eta balioak ardatz hartuta. Gazteen ahotsa erdigunean jartzea dute helburu nagusia, gizartean subjektu aktibo bihur daitezen, herriaren etorkizuna diren heinean

Gizarteak sarri seinalatu egiten ditu gazteak. Ez dutela konpromisorik, denbora asko mugikorrean edo sare sozialetan galdu egiten dutela, alferrak direla, zaratatsuak, espazio publikoak ez dituztela errespetatzen, ez dutela interes sozialik eta euren zilborrari bakarri bakarrik so egiten dietela, baliorik edo printzipiorik ez dutela, edo herritik “deskonektatuta” bizi direla. Baina, horiek aurreiritziak baino ez direla eta komunitatearen barruan zeregin garrantzitsua dutela argi erakutsi nahi dute Tarrasta Gaztegunetik.
Duela hogei urte sortu zen Tarrasta Gaztegunea Etxebarrin, herria bera eraldaketa betean zegoen garai batean. Biztanleria bikoiztu, jaiotza tasak gora egin, eta haur zirenak nerabe bihurtzen hasi ziren.
Testuinguru horretan jaio zen Tarrasta: 10 eta 14 urte arteko neska-mutilentzat erreferentziazko espazio baten hutsunea betetzeko, kalean ordu asko pasatzen zuten belaunaldi bati norabidea, babesa eta aukerak eskaintzeko.
“2005. urteaz ari gara. Garai hartan baziren ludotekak eta Mugarri bezalako proiektuak; haurrentzat eta gazteentzat bideratutako ekimenak bazeuden, baina bazegoen adin-tarte bat, 10 eta 14 urte artekoa, erreferentziazko espaziorik ez zuena. Neska-mutil horiek denbora asko pasatzen zuten kalean, erreferentzia argirik gabe. Horri gehitu behar zaio ikastetxetik adin-tarte horretan eskola-porrotaren maila altua antzematen zutela. Horren aurrean sortu zen Tarrasta: aisialdi hezitzailearen izaera eta egiteko modutik abiatuta, neska-mutil horientzat erreferente bihurtzeko eta garapen pertsonal eta kolektiborako espazio bat eskaintzeko helburuarekin”, esan diote Tarrastako arduradunek GEURIAri.
Etxe bat gazteentzat
Hogei urte hauetan proiektua etengabe berrasmatzen joan da Etxebarriren bilakaerarekin batera: “Uste dugu, herriak bezala, 20 urteko ibilbidea egin dugula etengabe berrasmatzen, beharrak entzuten eta horiei erantzuna emateko moduak bilatzen, gure nortasun-ezaugarriei eta identifikatzen gaituen egiteko moduari eutsiz”, diote. Eta beti helburu nagusi batekin: gazteak eta euren ahotsa erdigunean jartzea, alegia.

Gabonetan Tarrastan izan ginen eta bertan egiten dutena gertutik ezagutu genuen! // Geuria
Etxebarrirentzat eta etxebarritarrentzat Tarrasta zer den galdetuta, zera erantzun digute arduradunek: “Agian herriarentzat zer izan nahi dugun erantzun genezake, horrela ulertuak izatea gustatuko litzaigukeelako: gazteentzat, familientzat eta komunitate osoarentzat erreferentziazko espazio bat. Askatasunean garatzeko aukera ematen duen espazio seguru bat, non zure ideiak entzunak eta kontuan hartuak diren. Erlazioetatik eraikitako espazio bat, gauzak errazak ez direnean bertara jotzera eramaten zaituzten lotura horietatik”.
“Aisialdi hezitzailearen izaeratik abiatuta, neska-mutilentzat erreferente bihurtzeko eta garapen pertsonal eta kolektiborako espazio bat eskaintzeko helburuarekin sortu zen Tarrasta duela 20 urte”
“Neska-mutilen hezkuntza-garapenean batzen duen euskarria izan nahi dugu, komunitatera irekita dagoen ate bat, eta haurren, nerabeen eta gazteen eskubideak bermatzeko egunero lan egiten duen motor komunitarioaren parte”, diote. Hitz gutxitan, Tarrasta etxe bat bezala da herriko eta inguruko herrietako gazteentzat.
Gazteak beti gazte
Tarrasta behar batzuei erantzuteko sortu zen duela 20 urte, baina gazteen beharrak ez dira funtsean aldatu. Bai, ordea, gazteen inguruko gizartea. “Gazteak beti izan dira gazte. Aldatu dena testuingurua da, eta garatzen diren errealitate soziala. Gaur egungo gazteak gizarte hiperazeleratu batean bizi dira, etengabe eskatzen diena, baina askotan laguntzen ez diena”, esan dute.
Eta, gaur egungo gizarte hiperazeleratu honetan, Tarrastako arduradunen ustez, ezinbestekoa da helduok gure “behatoki altutik” jaistea eta neska-mutilak erdigunean jartzea: “Beharrezkoa da neska-mutilak erdigunean jartzea, ahotsa ematea eta ahots hori entzuna izan dadila bermatzea, komunitatearen barruan parte-hartze aktiborako espazio egokiak sortuz. Ezin dugu onartu izateko eta egiteko espazioak eta benetako aukerak eskaini gabe, gazteria seinalatzen duen gizarte bat”, diote.
Ildo horretan, neska-mutilen parte hartzea sustatu eta bultzatu egiten dute Tarrastan: “Haurren, nerabeen eta gazteen parte-hartze aktiboa eskubide bat da, eta hori ez da guk asmatzen dugun zerbait; Euskadiko Haurren eta Nerabeen Legeak jasotzen du. Neska-mutilen parte-hartze aktibo horretatik eraikitzen da Tarrasta”.
Parte-hartzaile aktiboak
Gazteen ahotsa oso garrantzitsua da: “Haiek dira, asanbladen bidez, ideiak proposatzen dituztenak, baina baita ideiak prestatzen, dinamizatzen eta ebaluatzen dituztenak ere. Guri gustatzen zaigu esatea hezitzaileok ez garela beste ezer, haien kezkak bideratzeko tresna baino”, diote, eta gaineratu dute: “Neska-mutilek egin nahi dute, eta egiteko gai dira; gizarte gisa egin beharko genukeen galdera hauxe da: Gauzak egiten uzten diegu? Guk erantzuna argi daukagu: Ez”.
Tarrastan utzi egiten diete eta ahotsa ematen diete gazteei eta hori nabari da: “Bertan antolatzen ditugun jarduera gehienak arrakastatsuak dira, batez ere, eurek proposatu dituztenean. Azkenean, haiek dira ondoen dakitenak zer nahi duten, eta hori nabaritzen da”.
“Ezinbestekoa da gazteen parte-hartzea, komunitatearen zati garrantzitsua direla sentitzea eta hazten diren lurraldearekin lotura eraikitzea”
Eta, Tarrastan egiten duten lana modu laburrean azaldu dute: “Komunitate batek bere haurtzaroaren, neraberazoaren eta gaztaroaren alde egiten duenean, etorkizuna ereiten ari da”. “Etxebarri bezalako udalerri batean, biztanleria hain gaztea izanik, haurren, nerabeen eta gazteen parte hartzea sustatzen ez baditugu, biztanleriaren ia % 40 kanpoan uzten ari gara. Neska-mutilak tokiko eraikuntzan eta bizitza demokratikoko espazioetan parte hartzera bultzatzea etorkizunerako inbertsioa da. Ezinbestekoa da parte-hartzaile sentitzea, komunitatearen zati garrantzitsua direla bizitzea eta hazten diren lurraldearekin lotura eraikitzea. Gaur egungo gazteak orainaren parte dira eta etorkizunaren funtsezko pieza, eta haiekin batera eraikitzea, parte-hartzea, ongizatea, tratu ona eta eskubide sozialak ereitea da”, diote.
Era berean, konpromisoa, autonomia, erantzukizuna, enpatia eta pentsamendu kritikoa bezalako balioak ikasten dituzte gazteek Tarrastan.
Sare bat
“Tarrasta mundua ulertzeko eta harekin konprometitzeko dugun modua da”. Horrela definitu dute Tarrasta bertako begiraleek. “Tarrasta egunero betetzen duten neska-mutilek osatzen dute, haien ilusioekin eta tristurekin, haien asmatzeekin eta akatsekin”.
Uzten egitea eta okertzea. Hori ere ikasi egiten dute gazteek Tarrastan: “Nahi dutena egiten uzten diegu jakinda akatsak egingo dituztela. Baina oker horietan ere ikasi egingo dute. Balioa prozesuan dagoela uler dezaten laguntzen diegu, ez emaitzan bakarrik”, diote, eta gaineratu dute: “Tarrasta loturak, balioak, erantzukidetasuna eta sarea da”.
Tarrastaren eta gazteen harremana estua da, baita Tarrasta eta herriaren artekoa ere. Komunitate mailako inplikazioa erabatekoa dela diote, eta uste dute benetan eraginkorra den egiteko modu bakarra sarean egitea dela: herriko komisioetan parte hartzen dute, eta ez badira martxan jartzen, eurak sortzen dituzte.
Berziklotzea
Hogei urte hauetan momentu berezi ugari bizi izan dituzte Tarrastan, baina batek bereziki hunkitzen ditu arduradunak: Gaztegunean ibilitako neska-mutilak berriro itzultzen direnean, oraingoan begirale gisa. “Zirkulua ixten dela ematen du”, diote.
Orduan ulertzen dute proiektua ez dela lan hutsa, baizik eta bizitzan errotzen den zerbait. “Oso polita da hori, eta gainera, balio handikoa. Izan ere, espazioarekin norberaren bizipenetik eta loturatik konektatzen denean, lana izateari uzten dio soilik, eta zerbait gehiago bihurtzen da”.
Anekdota ugari ere bizi izan dituzte: “Mila anekdota ditugu kontatzeko! Imajinatu dezakezue 20 urte gaztegune batean zenbaterako ematen duen. Esate baterako, begiraleen antzerki erdi inprobisatu bat herriz herriko bira bihurtzear egon zen!”, esan dute barrezka.
Etorkizuna irudikatuz
Hogei urte igaro dira dagoeneko, eta Tarrastako arduradunek eta begiraleek “modu berezian eta ilusioz beteta” bizi izan dute urteurrena. “Atzera begiratzeko, egindako ibilbideaz jabetzeko eta gaur egun garenarekin konektatzeko balio izan digu 20. urteurrenak. Aldi berean, geldialdirako unea ere bada; etorkizunera begiratzeko, hausnartzeko eta hurrengo hogei urteetan zer izan nahi dugun irudikatzeko aukera ematen digu”.
Etorkizun laburrari eta luzeari begira, erronka handiena “proiektuaren nortasuna eta balioak bizirik mantentzea” dela esan dute, “gizarteak indarrez kontrako norabidean arraun egiten duen testuinguru batean”.
“Hemendik bost urtera uste dugu inoiz baino indartsuago izango garela. Dirudienez, hurrengo urteetan biztanleriaren piramideak arnasa emango digu. Azken urteotan parte-hartze maila oso altuak izan ditugu, eta hori osasun onaren seinale izan daitekeen arren, prozesuek sufritzen dute. Horrez gain, azken urteotan prozesu oso indartsuak egituratzen ari gara feminismoari, osasun elikagarriei eta emozionalei, tratu onari edota memoria historikoari lotuta. Uste dugu une on batean gaudela eta etorkizuna itxaropentsua dela”, diote.
☉ Etxebarri
Julene Alonso eta Julenett elkartearen alde 723,50 euro bildu ditu Etxebarriko Merkatari Elkarteak
Gabon garaian, abenduan, ‘Txoripan’ solidarioaren banaketa antolatu zuten Etxebarrin eta dagoeneko familiari txekea eman diote

Etxebarriko Merkatari Elkarteak 723,50 euro bildu ditu Julene Alonso herrikidearen eta Julenett Rett Sindromearen Elkartearen alde.
Diru bilketa abenduaren 12an egin zuten, Gabonetako Zuhaitza piztu zuten egunean. ‘Txoripan’ solidarioaren banaketa egin zuten eta ekimen horrekin lortu zuten dirua.
“Herritarrek jarduera horretan duten inplikazioak Juleneren aldeko erantzun hunkigarria eragin du”, diote Etxebarriko Merkatari eta Profesionalen Elkartetik, eta “biziki” eskertu dute herritarren parte-hartzea, “keinu hauek udalerriaren ezaugarri den konpromiso sozial sendoa eta enpatia islatzen dutela nabarmentzen dutelako”.
Julenek Rett sindromea du: oso ohikoa ez den nahasmendu neurologikoa eta garapen-nahasmendua da, batez ere neskei eragiten diena eta mugitzeko eta komunikatzeko trebetasunak pixkanaka galtzea dakarrena.
Ekimen hori Etxebarriko Merkatari eta Profesionalen Elkarteak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.
☉ Etxebarri
Eguraldiak El Boquete ezpondan eragindako kalteak konpontzeko errepidea itxiko dute Etxebarrin, Bilboko noranzkoan
Lanen ondorioz, ibilgailuak ezin izango Etxebarritik irten El Boqueteko Tomas Meabe kaleko errepidetik, baina sartu bai

Gaurtik hasita urtarrilaren 23ra bitartean El Boquete ezponda konpontzen hasiko dira, azken asteetan eguraldiak sortutako luiziak direla eta.
“Esku-hartzeak 28.224,92 euroko aurrekontua du, eta asteko beteko exekuzio-epea aurreikusi dugu”, azaldu dute Etxebarriko udal ordezkariek. Miramar Gunitados SA enpresak gauzatuko ditu lanak.
“Luizia, euriteak eta lurraren malda berak eragindakoa, arriskutsua izan daiteke trafikoaren segurtasunerako eta ingurunearen egonkortasunerako”, gehitu dute Udaletik.
Eragina trafikoan
Lanen ondorioz, ibilgailuak ezin izango dira Etxebarritik irten El Boqueteko Tomas Meabe kaleko errepidetik, baina sartu, bai. Hau da, Bilboko noranzkoan itxita egongo da errepidea.
Bestalde, Etxebarribus lineak egin ohi duen ibilbidea aldi baterako aldatuko dela gehitu dute Udaletik. Lezama Legizamon kaleko geralekuei eragingo die: inguru horretako bizilagunei estaldura ematen jarraitzeko, geraleku horiek kale bat gorago igoko dira, Lezama Legizamon industrialdean sartuta. “Guztira, aldi baterako hiru geldialdi egingo dira industrialdearen barruan: bi Araba kalean eta hirugarrena Urkiola kalean”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Udalak aldez aurretik eskertzen du obrek irauten duten bitartean herritarrek egoera ulertzea eta laguntzea, eta gogorarazten du edozein gorabehera edo informazio gehigarri udalaren kanal ofizialen bidez kontsultatu ahal izango dela.
☉ Etxebarri
Eder Lozano Heras: “Gure helburua da umeek 112ra deitzen ikastea eta larrialdi-zerbitzuak heldu aurretik zer egin behar duten jakitea”
Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea da Etxebarriko Kukullaga ikastetxean eta bertara hurbildu gara gaur goizean!

Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astean murgildurik daude Kukullaga ikastetxeko ikasleak. Gaur, esaterako, Euskadiko Osasun Larrialdietako Teknikarien Elkarte Profesionaleko (EusTES), Gurutze Gorriko, Osakidetzako Larrialdietako, Udaltzaingoko, Ertzaintzako eta Suhiltzaileetako teknikari eta langileak izan dira prestakuntza ematen Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei.
Eder Lozano Heras osasun-larrialdietako teknikaria da (OLT) eta gaur bertan Kukullaga ikastetxean egin dutena azaldu digu: “Gure helburua da umeek 112ra deitzen ikastea eta larrialdi-zerbitzuak heldu aurretik zer egin behar duten jakitea”.
Besteak beste, Bihotz-biriketako Bizkortzea eta Heimlichen maniobrak zelan egin, eta sute baten aurrean zer egin ikasi dute ikasleek. Gainera, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren lana eta Gurutze Gorriko eta ZIU mugikorreko anbulantzietan zer dagoen ikusi dute.











