☉ Galdakao
Galdakaoko Bonodendak agortu dituzte, kanpainaren lehen egunean
Bonuak erosi dituztenek azaroaren 30era arte dute horiek trukatzeko aukera kanpainara atxiki diren 21 saltokitan

Herriko merkataritza sustatzeko Bonodenda kanpainaren edizio berri bati ekin diote gaur Galdakaon. Hain zuzen ere, gaur bertan jarri dituzte salgai 10.000 bonodenda, eta gaur bertan agortu dituzte herritarrek.
Bonuak kanpainara atxiki diren 21 saltokitan erabili ahalko dituzte herritarrek azaroaren 30era arte.
Kanpainara atxikitako saltokien zerrenda gudendari.eus webgunean kontsultatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko EAJk uste du “larria eta kezkagarria” dela EH Bilduk segurtasun indarrei buruzko mozioa atzera bota izana
Iraileko osoko bilkuran Galdakaoko EAJk “elkarbizitzaren alde eta Ertzaintza eta Udaltzaingoen defentsan” mozioa aurkeztu zuen, baina udalbatzak atzera bota zuen

Ikasturte berriko lehen osoko bilkuran Galdakaoko EAJk mozioa aurkeztu zuen, “elkarbizitzaren alde eta Ertzaintza eta Udaltzaingoen defentsan”.
Udalbatzak atzera bota zuen mozioa, EAJren eta PSEren aldeko zortzi botoekin, EH Bilduren kontrako bederatzi botoekin eta UHren eta Auzoaken lau abstentzioekin.
Horren aurrean, Galdakaoko EAJk uste du “oso larria eta kezkagarria” dela EH Bilduk mozioaren aurka bozkatu izana: “Mozio honek erasoak gaitzestea, euskal polizien lana aitortzea eta bizikidetza demokratikoa berrestea baino ez zuen planteatzen”, adierazi dute jeltzaleek prentsa-ohar bidez.
“EAJ Galdakaok salatu nahi du EH Bildu berriro ere erretratatu egin dela, indar demokratiko guztien ahobatezko babesa jaso behar zuen adierazpen baten aurka agertuz. UH eta Auzoak taldeen abstentzioen konplizitatearekin, EH Bilduk bertan behera utzi du segurtasuna, errespetua eta bizikidetza bezalako oinarrizko balioak defendatzen zituen ekimena”, salatu dute jeltzaleek.
EH Bilduren arabera, “uda hasieran izan ziren gertakari batzuei etekin politikoa atera nahian aurkeztu du mozioa hainbat herritan EAJk, Galdakaon ez baita halako gertakaririk izan, ez udan zehar ezta Santa Kurtz jaietan ere”, adierazi zuten ezker koaliziotik osoko bilkura izan aurretik.
Eta Galdakaoko EH Bildutik adierazi zuten, “uda honetan gertatutako gertaera guztiak adierazpen askatasunaren eta espazio publikoaren errespetuaren muga onargarriak gainditu” dituztela: “Ez gatoz bat jarduteko modu horiekin, eta uste dugu modu egokian baztertu behar direla, bai axolagabekeria eta bai gehiegizko jardun interesatua saihestuz”, esan zuten.
Era berean, gertakari horien “instrumentalizazio politikoa” gaitzetsi zuen Galdakaoko EH Bilduk: “Logika bat inposatu nahi da, non indar polizialekiko edo horiek zuzentzen dituztenekiko ezinegon edo zalantza adierazpen oro eraso onartezintzat interpretatzen den automatikoki, eta hori printzipio demokratikoen aurkakoa da”.
“Polizia-kidegoen jarduera kritikatzea, haien funtzionamendu-eredua zalantzan jartzea edo abusu-gertakariak salatzea ez da bizikidetzaren aurkako erasoa. Bizikidetzaren aurka egiten duena kritikarako aukera ezabatzea da, erakundeak kritikaren aurrean blindatzea eta erakundeen gaitzespenaren balioa hutsaltzea”, adierazi zuten Galdakaoko EH Bildutik.
Halaber, polizia-eredua “sakon berrikusteko” hausnarketa eta herri prozesua abiatzeko eskatuko dio Galdakaoko EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, “gardentasuna, kontrol demokratikoa, proportzionaltasuna eta zerbitzu publikoa bermatzeko”.
Eta, erakundeekiko errespetuaren edo adierazpen-askatasunaren bidezko erabileraren mugak gainditzen dituen jarduera oro gaitzesten dituztela; izaera horretako gertaera puntualak “kritika politiko eta sozial legitimoa eta herritarren protesta kriminalizatzeko” erabiltzea erabat baztertzen dutela; eta, kritikarako eskubidea, “baita polizia-indarrekiko ere” berresten dutela adierazi zuten irailaren 25eko osoko bilkuran.
☉ Galdakao
Galdabusak neguko ordutegia martxan jarri du maiatzera bitartean
Aldaketa batez ere asteburuei begira izango da: zerbitzua larunbat eguerdian amaituko da eta igandetan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik egongo

Urriaren sarrerarekin batera, Galdabusak neguko ordutegia jarri du martxan, maiatzaren 31ra bitartean. Egokitzapenak batez ere asteburuetan izango du eragina. Izan ere, aldaketen artean, zerbitzua herriko denda txikiak zabalik dauden ordutegira egokituko dute eta larunbat eguerdian amaituko da; udako ordutegian larunbat arratsaldeetan eta igandetan ere martxan izan da Galdabusa.
Lehenengo lineari dagokionez, Aperribaitik 14:20an abiatuko da azken zerbitzua larunbatetan, eta 14:40an udaletxetik. Eta, bigarren linean, 14:00etan abiatuko da larunbatetako azken autobusa udaletxetik eta 14:20an Elexaldetik.
Larunbat goizetan, aldiz, lehenago hasiko da zerbitzua eta bidaia bat gehiago egingo du autobusak: Zuhatzutik lehen autobusa 08:40an abiatuko da larunbatetan, eta Elexaldetik 09:00etan.
Igandetan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik egongo, salbuespenak salbuespen. “Azaroaren 1ean, adibidez, Elexalderako zerbitzua egongo da, hilerrirako joan-etorriak erraztu eta autoaren erabilera gutxitzeko helburuz”, diote udal ordezkariek.
Astean zehar zerbitzuak izango duen aldaketa bakarra honakoa izango da: 08:10ean Zuhatzutik Elexaldera abiatzen den autobusa ez da Bekea eta Olabarritik pasako: “Goizeko ordu horietan trafiko handia izaten da N-634 errepidean eta asko zailtzen du ibilbidea garaiz egitea. Edozein kasutan, aurreko zerbitzua eta ondorengoa (eta gainontzeko guztiak) izango dituzte Bekea eta Olabarriko auzokideek”, diote.
☉ Galdakao
Programa | Elexaldeko jaiak 2025

Urriaren 3tik 5era bitartean Elexaldeko jaiak izango dira Galdakaon. Goiko Elizako Batzarra Kultur Elkarteak, Udalarekin elkarlanean, hamaika ekintza antolatu ditu.
Egitaraua | Elexaldeko jaiak 2025
Urriak 3, ostirala
19:20 Jaien hasiera, kanpai hotsekin
19:30 Hitzaldia Andra Mari elizan: ‘Galdakaotik Himalaiara ELArengatik’, Izaskun Elejaga eta Kepa Lizarraga
Urriak 4, larunbata
08:30 Ibilaldi kulturala Xabier Orue Etxebarriarekin Andra Mari elizatik abiatuta (Ganguren Mendi Taldearen laguntzarekin)
10:00 Artzain Txakurren Nazioarteko IX. Topaketa
11:00 Hamaiketakoa jai esparruan
12:00 Kalejira auzoan zehar, Ad Libitum txistu bandaren eskutik
13:00 Soka-dantza Andra Mari dantza taldearekin
13:30 Artzain txakurren topaketaren sari banaketa
13:40 Elexaldeko barazki, txakolin eta sagarrik onenen enkantea, Eguzkiren eskutik
15:00 Herri bazkaria. Bertsoak, kantua, argazki proiekzioa eta omenaldia izango dira
17:00 Umeen jaia, herri jolasak, buruhandiak eta animazioa
18:00 Musikaldia Andra Mari elizan
19:00 Erromeria jai esparruan
Urriak 5, igandea
13:00 Elexaldeko hildako guztien omenezko meza
13:45 Udal bandaren kontzertua
☉ Galdakao
Gurseko kontzentrazio-esparrua ezagutzeko irteera antolatuko du Galdakao Gogorak urrian

Gurseko kontzentrazio-esparrua ezagutzeko irteera antolatu du Galdakao Gogora elkarteak. Urriaren 4an, larunbatez, izango da: 09:00etan izango da irteera eta 19:00etan izango da itzulera.
“Euskal Herritik hur, Zuberoatik urrun barik, dago Gurs herria, Galdakaotik ordu bi eta erdira. Han, 1939an, kontzentrazio-esparru erraldoia eraiki zuten, gerratik ihesi zetozenak hartzeko. 6.500 euskaldun heldu ziren bertara, eta tartean zeuden sei galdakoztar”, dio Nagore Ferreira Zamalloa Galdakao Gogora elkarteko kideak.
Galdakao Gogorak batutako informazioaren arabera, Domingo Egileor Uribarrena, Ramon Gandarias Larrinaga, Francisco Larrinaga Zamalloa, Francisco Rodriguez Martin, Juan Ruiz Anton eta Miguel Zenarruzabeitia Aboitiz galdakoztarrak izan ziren Gursen. “Gehiago ere izango ziren, beharbada, baina ez dugu datu gehiagorik lortu. Ezer gutxi dakigu han bizitakoaz, eta ostekoaz ere”, dio Ferreirak.
Joan-etorria autobusez egingo dute, eta bertan Jabi Bilbao gaian aditua izango da gidari eta hizlari. “Iazko maiatzean, urtero antolatzen dugun memoria historikoaren inguruko jardunaldietan, hain zuzen ere, Bilbaok ‘Gurs kontzentrazio-esparrua’ berbaldia eskaini zuen”, gogorarazi du Ferreirak.
Irteerara joan nahi duenak izena eman behar du 667 488 691 telefono zenbakira deituz edo galdakaogogora@gmail.com helbidera mezua bidaliz. Prezioa 10 eurokoa izango da.
☉ Galdakao
Elene Uribarri: “‘Wafa’ abestiarekin bertsio honekin lehenengo lerroan jarri dugu palestinar erresistentziaren ausardia”
Desgaraian taldeak egindako ‘Wafa’ abestiaren bertsioan parte hartu du Elene Uribarri galdakoztarrak eta GEURIAk bidalitako galdera hauei erantzun die

Elene Uribarri abeslari galdakoztarrak Wafa Idris militante palestinarrari buruzko ‘Wafa’ kantuaren bertsioan parte hartu du [hemen albistea!]. GEURIAk bidalitako galderei erantzun die Elenek:
Zelan sortu zen Desgaraian taldeak egindako ‘Wafa’ abestiaren bertsioan parte hartzeko ideia, Elene? Abesti honen bertsioan parte hartzeko Jon Gurrutxagak, Desgaraianeko abeslariak, nirekin kontaktatu zuen eta bere ideia azaldu zidan. Nik poz handiz baiezkoa eman nion eta handik gutxira hasi ginen proiektuan lanean.
Bertsioa grabatzeko prozesua nolakoa izan da? Proiektuan parte hartzeko baiezkoa eman eta denbora batera, abeslariek egun bat hartu genuen tonuak eta bakoitzak zein zatitan abestuko zuen erabakitzeko. Handik gutxira, kide baten etxean elkartu ginen pare bat egunez grabaketak aurrera eramateko eta bertan grabatu genituen gure ahotsak eta baita bideokliparen zati batzuk ere. Prosezu oso polita izan da niretzak, kolektibotasunean eramandako lan bat izan delako. Oso eskertuta sentitu naiz proiektuan parte hartu duten pertsona guztiengaitik eta egin den lan handi honengatik.
Zer esanahi du zuretzat Wafa Idris-en istorioak? Bere herriagatik sakrifikatutako Wafa Idris emakume militante politikoaren istorio hau oso istorio hunkigarria eta ausarta iruditzen zait. Bere erresistentzia eredu izan beharko zen guztiontzat. Abesti hau egitea ideia paregabea dela pentsatzen dut, honelako istorioei ahotsa emateko.
Palestinako egoera eta emakume militante baten figura ekartzen ditu gogora kantuak. Hala da. Palestinan gertatzen ari den sarraskia onartezina da. Kanta honek emakume militante baten erresistentzia aldarrikatzen du. Azken aldian, hainbat alderdi politikok bi Estatuen irtenbidea aldarrikatzen dute. Nik uste, kanta honekin alde batera uzten dugula aldarri instituzional hori, eta lehenengo lerroan jartzen dugula palestinar erresistentziaren ausardia.
Abestiaz aparte, nire bizitzan militantzia politikoak zentraltasun handi bat betetzen du. Horrela, ezinbestekoa ikusten dut gai honen aurrean antolatzea eta elkartasuna adieraztea modu kolektibo batean. Horregatik garrantzitsua ikusten dut Palestinarekin Elkartasuna plataformak urriren 4an Iruñean deitu duen manifestaziora batzea. Gora Palestinar Erresistentzia!