☉ Galdakao
Azken eraso matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar Galdakaon
Udaletik azaldu dutenez, gertaeraren berri izan zuten une beretik eta informazioa baieztatu ostean, indarkeria matxistaren aurkako Protokoloa aktibatu zuten

Galdakaoko Udaleko alderdiek herrian eman den azken eraso matxista salatzeko adierazpen instituzionala adostu dute. Era berean,erasoa jasan duen pertsonari eta haren senideei babes eta laguntza osoa helarazi diote.
Bide batez, Galdakaoko mugimendu feministak eta emakume taldeek biharko deitu duten elkarretaratzera batzeko deia luzatu dute. 20:00etan egingo dute, Santi Brouard plazan.
Udaletik azaldu dutenez, “gertaeraren berri izan zuten une beretik eta informazioa baieztatu ostean, indarkeria matxistaren aurkako Protokoloa aktibatu dute”.
Adierazpen instituzionalean nabarmendu dute indarkeria matxista ez dela ausazko ekintza indibidualen ondorioa, baizik eta emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasunetan duela sustraia: “Beste behin ere agerian geratzen da beharrezkoa dela kolektibo feministarekin, eragile sozialekin eta herritarrekin elkarlanean jarraitzea berdintasunaren alde”, azpimarratu dute.
Horregatik, Udalak konpromisoa hartu du biktimei arreta azkarra eta eraginkorra eskaintzen jarraitzeko, prebentzio-neurriak indartzeko eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko.
19 urteko gaztea, atxilotuta
Ertzaintzak 19 urteko gazte bat atxilotu du Galdakaon, 24 urteko emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta.
Gertaerak abuztuaren 30ean jazo ziren: ustezko erasotzailea eta biktima Bilbon elkartu ostean Galdakaoko Urreta auzora bertaratu ziren, gaztea bizi den etxebizitzara.
Aipatutako hedabideak azaldu duenez, emakumeak lagun bat deitu zuen eta kontatu gazteak bortxatu egin zuela, nahiz eta berak behin eta berriz esan zion ez zuela sexu-harremanik izan nahi.
Hori kontatu ostean, larrialdi zerbitzuetara deitu eta Udaltzaingoa, Ertzaintza eta anbulantzia bertaratu ziren eta emakumea ospitalera eraman ostean, salaketa jarri zuen Basauriko ertzain-etxean.
Deklarazioa eman eta gero, susmagarriaren deskribapen fisikoari esker, Ertzaintzak identifikatu eta Urretako Oizmendi kaleko etxebizitza batean atxilotu zuten ordu batzuen buruan.
Ertzaintzak izapideak ireki ditu eta atxilotua epailearen esku utzi du.
☉ Galdakao
Bi gazte atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik
Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarra erabilita sartu ziren bart 19 eta 21 urteko bi gazte. Epailearen esku jarriko ditu Ertzaintzak

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.
Gertaerak bart gauerdian jazo dira: pertsona batek SOS Deiakera deitu du Olabarrietan dagoen eta une horretan hutsik zegoen aita-amaginarreben etxean indarrez sartu direla esanez, instalatuta zuten zaintza-kamera deskonektatu egin dutela konturatu baitira.
Orduan, patruila bat bertaratu eta argi bat piztuta ikusi zuten eta etxebizitzaren goiko aldean bi gazteak aurkitu dituzte.
Bi gazteak epailearen esku utziko dituzte dagozkion eginbideak amaitu ostean.
☉ Galdakao
Bideoa | Antzeko, Bertan Kaldo eta Dekantzekoz, Galdakaoko jaietako Playback lehiaketako onenak!

Playback lehiaketa mundiala da Galdakaoko jaietan eta atzo zuzenean bizi genuen! Txapeldun Antzeko izan zen: Mamma Miaren ‘Ai ama!’ bertsio euskalduna egin zuen kuadrillak. Euren amei omenaldi zoragarria egin zieten.
Bigarren Bertan Kaldo izan zen, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
GEURIAn lehenengo hiru postuetan sailkatutako ordezkariak elkarrizketatu zituen: Mirene eta Izaskun (Antzeko), June eta Ane (Bertan Kaldo), eta Ane eta Janire (Dekantzekoz). Aupa zuek!
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakaoko jaietako Playback lehiaketa 140 argazkitan!

Playback lehiaketa arrakastatsua da Galdakaoko jaietan. Eta aurten ere ez du hutsik egin, beste urte batez Zizpak antolatuta. Irabazle Antzeko izan da, euren Ai Ama! (Mamma Mia!) bertsioari esker, amei omenaldia eginez. Bigarren Bertan Kaldo izan da, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
☉ Galdakao
Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute Valentziako uholdeetan egindako lanengatik
Gaur Vienako udaletxean, Austrian, Innovation in Politics Awards sarien irabazleak emango dituzte jakitera, eta otsailean Zero Project sariak banatuko dituzte Vienan ere

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute, iazko urritik Valentziako uholdeek kaltetutako eremuetan egindako lanengatik.
Alde batetik, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan dituzte bi proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi humanitarioa.
Nave 51 izeneko proiektuan, Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk, “xahuketa minimizatuz eta jasotako laguntza guztia ahalik eta gehien aprobetxatuz, milaka boluntario eta militarri esker”, dio Ainhoa Crespo GBGEko ordezkariak.
Eta Garbitegi humanitarioa delakoan uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten, “balio praktiko eta emozional handiko doako zerbitzua eskainiz”, dio Crespok.
Innovation in Politics Awards sarien banaketa gaur, irailak 17, izango da Vienako udaletxean, Austrian.
Otsailean: Zero Project sariak
Beste alde batetik, GBGE finalista izendatu dute Zero Project sarietan, “Krisi-egoeretan desgaitasunaren aurrean inklusioa” kategorian.

GBGE elkarteko boluntarioak Valentziako hondamendian // GBGE
Ekintza humanitarioetan, larrialdietan eta hondamendietan inklusio-irtenbideak aitortzen ditu sariketa horrek, eta sari banaketa otsailean izango da Vienan ere; kasu horretan, Nazio Batuen egoitzan.
“Izendapen hauek nazioarteko aitorpena dira Valentziako Dana-ren ondoren izandako elkartasun uholdeari. Nabarmentzekoa da beste modu batean ere erantzun daitekeela hondamendiei: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik ere asko dagoelako berreskuratzera iristeko, baina pozik ere bai, pertsona askoren lan ikaragarriari egindako aitortza delako”, adierazi du Crespok.
☉ Galdakao
Emakumezkoen Bigarren Mailako Euskal Kopa jokatuko da asteburuan Galdakaon
GDKO Ibaizabal, HGB Ausarta Barakaldo, Mondagon Unibertsitatea Ointxe eta Iraurgi SB Elgoibar taldeak neurtuko dira Euskal Kopan

Euskadiko emakumezkoen saskibaloiaren topagunea izango da Galdakao asteburuan. Izan ere, Bigarren Mailako Euskal Kopa jokatuko da Urreta kiroldegian irailaren 19an eta 21ean.
Aurten GDKO Ibaizabal, HGB Ausarta Barakaldo, Mondagon Unibertsitatea Ointxe eta Iraurgi SB Elgoibar taldeek jokatuko dute Euskal Kopa.
Sarrera doakoa da eta Galdakaoko Udaletik eta Ibaizabal Saskibaloi Taldetik pabilioia betetzeko deia egin dute: “Zaleei dei egiten diegu pabilioia betetzeko eta txapelketa eder honetaz gozatzeko”, esan du Julene Royal GDKO Ibaizabaleko ordezkariak.
Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkateak adierazi duenez, hitzordu hau “aukera paregabea” da goi mailako kirolaz gozatzeko, baita Galdakaok emakumeen kirola sustatzeko duen konpromisoa indartzeko ere.
Ildo horretan, “emakumeek kirola praktikatzeko egunero egiten duten ahalegina” azpimarratu du Espillak, eta eskerrak eman dizkio Euskal Saskibaloi Federazioari “herrian halako ekitaldia abian jartzeko izan duen konfiantzagatik”.
Luis Sautu Federazioko lehendakariak Galdakaoko Udalaren laguntza eskertu du, “oso babes garrantzitsua delako”.
Txapelketari dagokionez, “denboraldia prestatzeko klubentzat oso lehiaketa garrantzitsua” dela adierazi du Sautuk, baita “emakumezkoen kirola sustatzeko” balio duela ere. Izan ere, baieztatu duenez, “emakumezkoen saskibaloia harrotasun iturria da Federazioarentzat; gero eta politagoa da kirol hau, eta potentzial ikaragarria dugu”.