☉ Galdakao
Gaizka Chamizo: «Mundua ikusteko modu propioa dute umeek; horrek zirrara eta inbidia sortzen dizkit»
‘‘Begiak’ ipuina kaleratu du Gaizka Chamizo galdakoztarrak Miguel Gren ilustratzailearekin. Enpatia, maitasuna edota orainaren boterea dira lanaren oinarri. Liburuaz gain, bere artista ibilbideaz mintzatu gara Chamizorekin

Artista multidiziplinarra da Gaizka Chamizo galdakoztarra (Galdakao, 1987). Klown eta aktore lanetan ikusi ahal izan dugu, esaterako, ‘Irati’ edo ‘Maixabel’ filmetan, partaidetza txikia izan arren. Musikan ere trebatu da galdakoztarra, baita literaturan ere. Duela hilabete batzuk ‘Begiak’ liburua argitaratu du Miguel Gren ilustratzailearen batera, iparraldeko ZTK argitaletxearen bitartez. Haur batek —kasu honetan Jael da protagonista— oheratu aurretik bere amonarekin dituen elkarrizketen bidez hainbat istorio kontatzen ditu ipuinak: “Amonak, bere bilobari egoera zailak adorez kudeatzeko bizipoza eskaintzen dio”, azaldu digu Chamizok. ‘Begiak’ ipuinaz eta orokorrean bere artista bizitzaz hitz egin dugu Gaizkarekin.
‘Begiak’ liburua aurkeztu zenuen abenduan Miguel Grenekin batera Durangoko Azokan. Zein da liburu honen abiapuntua?
Istorio zehatz bat kontatzeko gogoa da abiapuntua. Ipuin kontalaritza asko maite dut eta, normalean, saio hauetan dagoeneko existitzen diren kontuak kontatu izan ditut beti. Banuen gogoa nik neuk ere nire barne istorioak paperean itsasteko eta plazaratzeko. Nik testuak idatzi ditut eta Miguelek ilustrazioak egin ditu.
Nola sortu zen Miguelekin elkarlana?
Miguel eta biok aspaldiko lagunak gara eta gure lanaren berri izan dugu betidanik, nola ez, batak bestearena goraipatuz eta norberarena gutxietsiz. Hala, elkarrekin proiektu bat sortzea erabaki genuen 2020an, batak bestearen lana elikatuz beti. Horrela sortu zen ‘Begiak’.
Jael eta bere amona dira protagonistak, eta lo hartu aurretik izaten dituzten elkarrizketen bidez hainbat istorio kontatuko dizkigute.
Haur txikien egunerokoan badago oso momentu berezi bat: oheratzea. Ume askorentzat oso momentu zaila da horixe; izan ere, bakarrik, ilunpetan eta heldu baten babesik gabe dauden egunaren une bakarra da. Sarritan ume hauek lotara eramaten dituen helduaren konpainia denboran ahalik eta gehien luzatzen saiatzen dira, ostean datorkien momentu zailari aurre egiteko beldurrez. Momentu hau da, hain zuzen ere, ipuinean kontatzen dena eta nola amonak, bere bilobari egoera zailak adorez kudeatzeko bizipoza eskaintzen dion.
Haurren munduaz ari zarete. Zerk erakartzen zaituztete haurren mundu horretatik?
Beti errepikatu izan dut haurrek badaukatela berezko magia bat, zoritxarrez hazten doazen heinean galtzen dutena eta guk, helduok, heldu izateagatik dagoeneko ez daukaguna. Mundua antzemateko modu propioa daukate txikiek, “bihotz ibiltariak” dira, kutsatu gabeak, eta horrek zirrara sortzen dit, baita inbidia ere.
“Leku askotan izaten uzten ez didaten hori izateko askatasuna ematen dit antzerkiak, baita esan ezin daitezkeen gauzak ozen oihukatzeko askatasuna ere”
Enpatia, maitasuna edota orainaren boterea aipatzen dituzue liburuan. Horren behar nabarmena ikusten duzue egungo gizartean?
Elkarbizitza eta osasun mental sano baten oinarriak dira hitz horiek. Ez da gauza berria azkeneko hamarkadetan kontzeptu horiek hartu duten pisua, gure gizarteko hainbat gaitzen ondorioz. Haurtzaroko lehen etapetatik bultzatu beharreko baloreak bihurtu dira, elkarbizitzaren etorkizun osasuntsu baten bidean behintzat.

// Geuria
Literatura jorratu duzu, baita antzerkia, zinema eta telebista ere. Artista multidiziplinartzat duzu zure burua?
Ez nuke galdera hau erantzuten jakingo, azken finean esparru horiek nire ogibideak direlako, edo behintzat noizbait izan direlako. Baina aipatu nahiko nuke, bizitzan zehar momentu eta barne prozesu ezberdinetan nabigatu ahala, gure emozioak kanalizatzeko behar eta modu ezberdinak sentitzen ditugula. Arteen eremua izaten da askorentzat euskarri hori eta desira edo beharraren arabera tekla bat edo bestea jotzen dugu.
Non ikasi duzu interpretazioa?
Klowna izan zen nire abiapuntua unibertsitateko ikasketak hasi nituenean. Arte horrekin maiteminduta, Granadako pailazo eskola batera joan nintzen ikastera. Eta geroztik, etengabeko formakuntzan jarraitu dut, hainbat leku, irakasle, zuzendari eta bidelagunen eskutik.
Musikan ere txistua, alboka, wishle-a eta ukelelea jotzen dituzu.
Txikitan hasi nintzen txistua jotzen Galdakaoko musika eskolan Arantza Zatonekin. Folk musikaren maitalea naiz eta bide horretatik jarraitu nuen. Wishtle-a nire kabuz ikasi nuen, ez da zaila, eta albokan Fede de Diosekin trebatu nintzen. Orain dela urte pare bat ukelelearekin ere tematu nintzen nire kabuz, eta aurten musika eskolara bueltatu naiz trikitiarekin saiatzera! Musika nire egunerokotasuneko basiko bat da eta sekula ez da berandu maite duzun instrumentu berri batekin hasteko!
Era berean, pole dance-a ere praktikatzen duzu, eta 2019an Espainiako txapeldunorde izan zinen PoleArnoldSpain txapelketan!
Pertsona mugitua naizela esango nuke, eta kirola egitea oso ondo datorkit, energia hori kanalizatzeko. Klownean hasi nintzenean, zirku akrobazietan ere trebatu nintzen diziplina ezberdinetan hainbat urtez. Saltoka saltoka, pole dance-a ezagutu nuen… Kalistenia erako ariketak, antzerki eta dantza koreografia batekin konbinatzeko aukera hau aurkikuntza ederra izan zen niretzat, eta horretan dihardut gaur egun ere.

// Geuria
Zeinu hizkuntza ere ikasi duzu. Hitzezko komunikazioaz berba egiten digute ia beti, baina zeinu hizkuntza ahaztu egiten zaigu.
Gaztaroan ikasi nuen hizkuntza da, nire ikasketekin eta garaiko errealitatearekin lotura zuzena izan zuena. Badaude ikusezinak diren hainbat kolektibo, esaterako, ezgaitasunen bat duten pertsonak. Eta kolektibo horren barnean ere, pertsona gorrak kolektibo ikusezin bezala sumatzen ditugu askotan. Hizkuntza bat ikasteak herrialde jakin bateko kulturara hurbiltzea dakar, nahi gabe ere. Zeinu hizkuntzarekin berdina gertatzen da: kasu honetan gor-komunitatearen kultura eta errealitatera hurbiltzea da. Kultura ezberdinekin norbera aberasteko hautua, ordea, norberarena da.
Literatura, antzerkia, telebista, zinema, musika… Zer ematen dizu bakoitzak?
Bada, barne beharrizanen arabera bakoitzak gauza bat edo beste ematen dit, lehen aipatu bezala.
Diziplina horietatik guztietatik non zaude erosoen eta zergatik?
Jorratu ditudan arte diziplinen artean, zalantzarik gabe, antzerkia da gaur egun gehien ematen didana. Zuzenekoa, taula gainekoa. Eta, zorionez, ordu gehien eskaini dizkiodan arloa da. Lehen aipaturiko emozio kudeatzaile fabrika izateaz gain, niri gaur egun askatasuna eskaintzen dit. Jendarte honetako leku askotan izaten uzten ez didaten hori izateko askatasuna ematen dit antzerkiak, baita esan ezin daitezkeen gauza horiek guztiak ozen oihukatzeko askatasuna ere.
Egin dituzun lan guztietatik, zein da maitasun handienarekin gogoratzen duzuna?
Oso galdera zaila! Baina erantzun behar badut ‘I’m a real artist’ esango nuke. Orain dela zortzi urte lagun artean sortu eta estreinatu genuen antzezlan bat da. Antzerki fisikoa eta klowna uztartuz, tragikomedia bat sortu genuen, non lau aktore gaztek beren beldur, kezka, gogo eta ametsak oihukatzen dituzten. Zoragarria izan zen, publikoarekin hartu emana bete-betekoa, oso ganberroa eta punkia. Ez genituen emanaldi asko egin, hala ere. Baina, zorionez, Galdakaon antzezteko aukera izan genuen!
Lankide askorekin lan egin duzu. Lanean gehien norekin gozatu duzun galdetuko banizu…
Erraza: lagunekin! Hala ere, nire lana maitatzearen beste motibo bat, gizaki ezberdinekin lan egin eta modu berezian erlazionatu ahal izatea da. Bidelagun bakoitzak gauza desberdinak ematen dizkizu, batzuk onak eta beste batzuk, ez horrenbeste. Jende berria eta gauzak egiteko modu berriak etengabe ezagutzea bezalakorik ez dago, helmugarik gabeko etengabeko ikasketa prozesu bat da bidea, gainera, jolas kode batean egiten dena.
Eta norekin lan egin nahiko zenuke etorkizunean?
Jende berria ezagutzen jarraitu nahiko nuke. Ikusmolde berriak eskaini ahal izango dizkidan edozein pertsonarekin lan egingo nuke. Agian zahartu ahala, ezagutza gose hau amatatzen joango zait, eta dagoeneko ezaguna zaidanarekin gelditu nahi izango dut. Baina momentuz, beste bide horretan zoriontsu sentitzen naiz.
Zeintzuk dira zure hurrengo proiektuak?
Oso lan ezegonkorra da hau, hori argi izan behar du lanbide honetan aritu nahi duen edonork, eta egun asko izan ditzaket diru iturri izan daitekeen lan barik. Epe laburrean, zorionez, proiektu pare bat dauzkat. Ikus-entzunezkoetan gauza txikiak egiteko aukera ematen didate tarteka eta bestetik, martxoan Arriaga antzokian estreinatzekoa den ‘Guridi. Magical bidaia’ proiektuan parte hartuko dut, Pako Revueltasek zuzenduta. Gero, auskalo!
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.
☉ Galdakao
Torrezabaleko liburutegia itxita dago ostiralera arte Galdakaon, eraikinaren estalkiko lanak direla eta
Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Udalak eta orain karga proba bat egin behar dute. Proba hori egiten duten bitartean hirugarren solairua itxita egongo da

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Galdakaoko Udalak. Orain, eraikinaren estalkian karga proba egin behar dute.
Proba hori egiten duten bitartean, eraikinaren hirugarren solairua itxita egongo da urriaren 22tik 24ra arte. “Bertan kokatzen da liburutegia eta, beraz, zerbitzu hori erabiltzaileentzat itxita egongo da ostiral eguerdira arte”, diote udal ordezkariek.
Auzokide, ikasle eta liburutegiko erabiltzaile guztien lankidetza eskertu du Udalak eta lan hauengatik sor daitezkeen eragozpenenak sentitzen dituela jakinarazten du. Eskuhartzearen eragina ahalik eta gehien murrizteko lanean ari da.
Era berean, makina gela handituko du Galdakaoko Udalak, “etorkizunari begira makineria berria jartzea aurreikusten baitugu”, diote.
☉ Galdakao
Finlandiako hezkuntza sistema nolakoa den ezagutu dute Galdakaoko Elexalde Institutuko irakasleek
Finlandiako hezkuntza sistemaren “malgutasuna” eta ikasleei ematen dieten “autonomia” nabarmendu dute Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek

Eramus+ programaren barruan, Galdakaoko Elexalde Institutuko Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek job shadowing egonaldia egin zuten irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean Helsinkiko Märsky Athletics and Education ikastetxean, Finlandiako kirol-ikastetxerik handienean.
Zehazki, Finlandiako hezkuntza sistema bertatik bertara ezagutu zuten: “Esperientzia horrek aukera eman zigun lehen eskutik ikusteko Finlandiako hezkuntza sistemaren malgutasuna eta ikasleei ematen zaien autonomia, beren ikaskuntza modu autonomoagoan antolatzeko”, esan dute.
“Märsky-n, ikasturte akademikoa bost alditan banatzen da, eta horietako bakoitza gutxi gorabehera bi hilabetekoa da. Horri esker, ikasleek beren curriculum-a planifikatu eta ikasketak beren beharretara eta gaitasunetara egokitu ditzakete. Ikasleek aukeratu ditzakete ikasgaiak, ikastaroak aldatu edota irakasleak hautatu, betiere zuzendaritzak gainbegiratuta. Egituraren malgutasun horrek erantzukizuna, motibazioa eta autoantolaketa sustatzen ditu, ikaskuntza iraunkorrerako funtsezko trebetasunak”, diote.
Finlandiako hezkuntza sistema guztiz doakoa dela nabarmendu dute: “Lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, goi mailako bigarren hezkuntza, eta baita unibertsitatea ere. Ia guztiz publikoa da, eta ikastetxe pribatuen kopurua oso txikia da”, diote.
Digitalizazioaren garrantzia
Märsky ikastetxean digitalizazioari garrantzia handia ematen diotela ere nabarmendu dute Elexaldeko irakasleek: “Ikasle guztiek liburu digitalak eta plataforma interaktiboak erabiltzen dituzte ia ikasgai guztietan; gainera, azterketa guztiak –unibertsitaterako sarbide-probak (Ylioppilastutkinto) ere– ingurune digitaletan egiten dira. Horri esker, ikasleek modu autonomoan lan egin dezakete, baita klaseetara huts egiten dutenean ere”, diote.

Märsky Athletics and Education ikastetxeko ikasleak // Argazkia: Elexalde BHI
“Gure egonaldian Ingeles, Gaztelania, Idazketa eta Ahozko trebetasun tailerretako eskoletan parte hartu genuen, eta orientatzailearekin zein zuzendariordearekin elkartu ginen, ikastetxearen eta Finlandiako hezkuntza-sistemaren funtzionamendua lehen eskutik azal ziezaguten. Irakasleekin digitalizazioari buruzko iritziak partekatu genituen, eta nazioarteko ikasleek beren Erasmus esperientziak aurkeztu zizkiguten, ikastetxearen aurkezpena egiteaz gain”, diote.
Halaber, honakoa gaineratu dute: “Ikastetxeko instalazio bikainetan zehar bisita egin genuen eta online ikastaroen funtzionamendua ezagutu genuen, bereziki ikasle kopuru txikia duten ikasgaietan. Ikasleek modu kolaboratibo eta autonomoan lan egiten dutela ikusi genuen, liburu digitalak eta jarduera interaktiboak erabiliz”.
Ylioppilastutkinto azterketa
Finlandian goi-mailako bigarren hezkuntza (Lukio) amaitzean egiten den azterketa da Ylioppilastutkinto, eta batxiler-kalifikazioa ematen du. Eta horri esker, unibertsitatera sar daitezke Finlandiako ikasleak.
“Azterketa nazionala goi-mailako ikasketak egiteko irizpide nagusia da, eta ebaluazioa ikasturtearen amaierako notan baino gehiago funtsezko gaitasunetan eta ezagutzetan oinarritzen den ideia indartzen du”, diote.
Märskyko jardunaldiak prestakuntza akademikoa eta kirol-prestakuntza uztartzen ditu: “Ikasleek goizero beren diziplinetan entrenatzeko aukera dute, eta, aldi berean, ikasgai orokorren eta hautazkoen ikastaroak egiten dituzte. Irakasleek gela bakoitzaren erregistro zehatza dute, eta, horri esker, bertaratzen ez diren ikasleak modu autonomoan eguneratu daitezke. Eskolak errefortzuko eta banakako laguntzako eskolak ere eskaintzen ditu arreta gehigarria behar duten ikasleentzat, inor atzean geratzen ez dela ziurtatuz”.
“Märsky hezkuntza integralarekin eta eliteko kirolarekin duen konpromisoagatik nabarmentzen da. Atleta profesional asko igaro dira beraien ikasgeletatik, eta ikastetxeak loturak ditu Urhea National Training Centerrekin. Bertan, urtero, 10.000 atleta inguruk entrenatzen eta ikasten dute”, diote.
Finlandiako ereduak malgutasuna, autonomia, integrazio digitala eta gaitasunetan oinarritutako ebaluazioa uztartzen dituela berretsi dute Elexaldeko irakasleek, “gazteak unibertsitaterako zein bizitza aktiborako eta kirolerako prestatuz”, esan dute: “Beraz, Märsky adibide bat da hezkuntza nola egokitu daitekeen ikasle bakoitzaren talentu eta beharretara, arrakasta pertsonala eta kolektiboa sustatuz”.









