Sareak

☉ Galdakao

Galdakaoko jaiak iragartzeko kartela Jose Angel Ligero errioxarrak egin du

Bestetik, Oihane Basterretxea galdakoztarrak sari bikoitza irabazi du eta Carla Iñiguez, Naia Carcamo eta Aiala Carcamo gazteek ere saria jaso dute

|

Jose Angel Ligero errioxarra eta aurtengo Santakurtzetako kartel iragarlea // Galicca + Galdakaoko Udala

Bi hilabete barru jaia lehertuko da Galdakaon: Santakurtzei hasiera emango diete irailaren 12an, ostiralez. Eta jaietako irudi nagusia, kartela, dagoeneko aukeratu dute.

Jose Angel Ligero Martinez errioxarrak irabazi du kartel lehiaketa, ‘Que baile el Mozoilo’ lanarekin. Ligerok 1.000 euroko saria jaso du.

“Konposizioak mugimendu, erritmo eta energia sentsazioa transmititzen du, aurkeztutako beste obra batzuen estatismoa hautsiz”, adierazi du Galdakaoko jaietako kartel lehiaketako epaimahaiak.

Epaimahaia Jai Batzordeko bi emakumek, tokiko diseinatzaile batek eta komunikazioko profesional batek osatu dute. Euren iritziz, “kartel irabazleak egun horietan biziko den jai giroa irudikatzen du bere ikonoaren bidez, mozoiloa”.

Ez da lehen aldia Ligerok Galdakaoko eta eskualdeko jaietako kartel lehiaketa bat irabazten duenik. Izan ere, 2022ko Santakurtzetako lehiaketa irabazi zuen eta 2015ean Basauriko San Fausto jaietakoa.

Oihane Basterretxea galdakoztarra, irabazle bikoitza

Bestetik, bigarren saria Oihane Basterretxea galdakoztarrak irabazi du ‘Santakurtzak jaigiroan’ lanarekin eta horregatik 400 euro jasoko ditu.

Basterretxeak bi lan aurkeztu ditu aurtengo lehiaketara (pertsona bakoitzak gehienez bi obra aurkeztu ahal izan ditu) eta biak suertatu dira irabazle, tokiko saria ere berarentzat izan baita (beste 400 euro). Tokiko lanik onenaren izena da ‘Mozoilo jaie’.

Eta haur eta gazteen kategoriei dagokienez, Carla Iñiguez barakaldarra eta Naia Carcamo eta Aiala Carcamo galdakoztarrak izan dira garaile. Hiru gazteek Galdakaoko saltoki batean gastatzeko 100 euroko bonua irabazi dute.

Santakurtzak 2025

Kartel lehiaketako irabazleak:

1. Saria – Jose Angel Ligero (Errioxa)

☉ Galdakao

Gurseko kontzentrazio-esparrua ezagutzeko irteera antolatuko du Galdakao Gogorak urrian

|

Gurseko kontzentrazio-esparrua 1939an eraiki zuten gerratik ihesi zeudenak hartzeko // Argazkia: Galdakaoko Udala

Gurseko kontzentrazio-esparrua ezagutzeko irteera antolatu du Galdakao Gogora elkarteak. Urriaren 4an, larunbatez, izango da: 09:00etan izango da irteera eta 19:00etan izango da itzulera.

“Euskal Herritik hur, Zuberoatik urrun barik, dago Gurs herria, Galdakaotik ordu bi eta erdira. Han, 1939an, kontzentrazio-esparru erraldoia eraiki zuten, gerratik ihesi zetozenak hartzeko. 6.500 euskaldun heldu ziren bertara, eta tartean zeuden sei galdakoztar”, dio Nagore Ferreira Zamalloa Galdakao Gogora elkarteko kideak.

Galdakao Gogorak batutako informazioaren arabera, Domingo Egileor Uribarrena, Ramon Gandarias Larrinaga, Francisco Larrinaga Zamalloa, Francisco Rodriguez Martin, Juan Ruiz Anton eta Miguel Zenarruzabeitia Aboitiz galdakoztarrak izan ziren Gursen. “Gehiago ere izango ziren, beharbada, baina ez dugu datu gehiagorik lortu. Ezer gutxi dakigu han bizitakoaz, eta ostekoaz ere”, dio Ferreirak.

Joan-etorria autobusez egingo dute, eta bertan Jabi Bilbao gaian aditua izango da gidari eta hizlari. “Iazko maiatzean, urtero antolatzen dugun memoria historikoaren inguruko jardunaldietan, hain zuzen ere, Bilbaok ‘Gurs kontzentrazio-esparrua’ berbaldia eskaini zuen”, gogorarazi du Ferreirak.

Irteerara joan nahi duenak izena eman behar du 667 488 691 telefono zenbakira deituz edo galdakaogogora@gmail.com helbidera mezua bidaliz. Prezioa 10 eurokoa izango da.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Elene Uribarri: “‘Wafa’ abestiarekin bertsio honekin lehenengo lerroan jarri dugu palestinar erresistentziaren ausardia”

Desgaraian taldeak egindako ‘Wafa’ abestiaren bertsioan parte hartu du Elene Uribarri galdakoztarrak eta GEURIAk bidalitako galdera hauei erantzun die

|

Elene 'Wafa' abestiaren bertsioaren grabaketan eta bideoklipean // Youtube: Desgaraian

Elene Uribarri abeslari galdakoztarrak Wafa Idris militante palestinarrari buruzko ‘Wafa’ kantuaren bertsioan parte hartu du [hemen albistea!]. GEURIAk bidalitako galderei erantzun die Elenek:

Zelan sortu zen Desgaraian taldeak egindako ‘Wafa’ abestiaren bertsioan parte hartzeko ideia, Elene? Abesti honen bertsioan parte hartzeko Jon Gurrutxagak, Desgaraianeko abeslariak, nirekin kontaktatu zuen eta bere ideia azaldu zidan. Nik poz handiz baiezkoa eman nion eta handik gutxira hasi ginen proiektuan lanean.

Bertsioa grabatzeko prozesua nolakoa izan da? Proiektuan parte hartzeko baiezkoa eman eta denbora batera, abeslariek egun bat hartu genuen tonuak eta bakoitzak zein zatitan abestuko zuen erabakitzeko. Handik gutxira, kide baten etxean elkartu ginen pare bat egunez grabaketak aurrera eramateko eta bertan grabatu genituen gure ahotsak eta baita bideokliparen zati batzuk ere. Prosezu oso polita izan da niretzak, kolektibotasunean eramandako lan bat izan delako. Oso eskertuta sentitu naiz proiektuan parte hartu duten pertsona guztiengaitik eta egin den lan handi honengatik.

Zer esanahi du zuretzat Wafa Idris-en istorioak? Bere herriagatik sakrifikatutako Wafa Idris emakume militante politikoaren istorio hau oso istorio hunkigarria eta ausarta iruditzen zait. Bere erresistentzia eredu izan beharko zen guztiontzat. Abesti hau egitea ideia paregabea dela pentsatzen dut, honelako istorioei ahotsa emateko.

Palestinako egoera eta emakume militante baten figura ekartzen ditu gogora kantuak. Hala da. Palestinan gertatzen ari den sarraskia onartezina da. Kanta honek emakume militante baten erresistentzia aldarrikatzen du. Azken aldian, hainbat alderdi politikok bi Estatuen irtenbidea aldarrikatzen dute. Nik uste, kanta honekin alde batera uzten dugula aldarri instituzional hori, eta lehenengo lerroan jartzen dugula palestinar erresistentziaren ausardia.

Abestiaz aparte, nire bizitzan militantzia politikoak zentraltasun handi bat betetzen du. Horrela, ezinbestekoa ikusten dut gai honen aurrean antolatzea eta elkartasuna adieraztea modu kolektibo batean. Horregatik garrantzitsua ikusten dut Palestinarekin Elkartasuna plataformak urriren 4an Iruñean deitu duen manifestaziora batzea. Gora Palestinar Erresistentzia!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Polizia eredua sakon berrikusteko eskaria egingo dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari

EAJk mozioa aurkeztuko du gaur Galdakaoko osoko bilkuran, “elkarbizitzaren alde eta Ertzaintza eta Udaltzaingoen defentsan”

|

Galdakaoko udaletxea // Geuria

Ikasturte berriko lehen osoko bilkura egingo dute gaur, irailak 25, Galdakaon. Eta, besteak beste, EAJk mozio bat aurkeztuko du, “elkarbizitzaren alde eta Ertzaintza eta Udaltzaingoen defentsan”.

Galdakaoko EH Bilduk ohar bidez adierazi du EAJk hainbat herritan aurkeztuko duela mozio bera, “udalaz haragoko estrategia orokor baten barne”.

“Uda hasieran izan ziren gertakari batzuei etekin politikoa atera nahian egin du, Galdakaon ez baita halako gertakaririk izan, ez udan zehar ezta Santa Kurtz jaietan ere”, adierazi dute ezker koaliziotik.

EH Bilduren ustetan, uda honetan Euskal Herriko hainbat tokitan erakunde eta ordezkari publikoen aurka egon diren gertaera guztiak adierazpen askatasunaren eta espazio publikoaren errespetuaren muga onargarriak gainditu dituzte: “Ez gatoz bat jarduteko modu horiekin, eta uste dugu modu egokian baztertu behar direla, bai axolagabekeria eta bai gehiegizko jardun interesatua saihestuz”, diote.

Ildo horretan, gertakari horien “instrumentalizazio politikoa” gaitzetsi du Galdakaoko EH Bilduk: “Logika bat inposatu nahi da, non indar polizialekiko edo horiek zuzentzen dituztenekiko ezinegon edo zalantza adierazpen oro eraso onartezintzat interpretatzen den automatikoki, eta hori printzipio demokratikoen aurkakoa da”.

“Polizia-kidegoen jarduera kritikatzea, haien funtzionamendu-eredua zalantzan jartzea edo abusu-gertakariak salatzea ez da bizikidetzaren aurkako erasoa. Bizikidetzaren aurka egiten duena kritikarako aukera ezabatzea da, erakundeak kritikaren aurrean blindatzea eta erakundeen gaitzespenaren balioa hutsaltzea”, adierazi dute.

Halaber, Arkautiko Akademiako zuzendariak eta bere taldeak “barne-erresistentziekin talka egin ondoren” dimisioa eman zutela gogorarazi dute: “Horrek erakusten du sistemak egiturazko berrikuspena behar duela”.

Gauzak horrela, polizia-eredua “sakon berrikusteko” hausnarketa eta herri prozesua abiatzeko eskatuko dio Galdakaoko EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, “gardentasuna, kontrol demokratikoa, proportzionaltasuna eta zerbitzu publikoa bermatzeko”.

Era berean, erakundeekiko errespetuaren edo adierazpen-askatasunaren bidezko erabileraren mugak gainditzen dituen jarduera oro gaitzesten dituztela; izaera horretako gertaera puntualak “kritika politiko eta sozial legitimoa eta herritarren protesta kriminalizatzeko” erabiltzea erabat baztertzen dutela; eta, kritikarako eskubidea, “baita polizia-indarrekiko ere” berresten dutela adieraziko dute gaurko osoko bilkuran.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

‘Bidegorria Galdakaora orain!’ eskatzeko 40. Bizikleta Martxa izango da irailaren 27an

Irailekoa 40. Bizikleta Martxa da eta hilero bezala, Bilbo, Etxebarri, Basauri eta Galdakao zeharkatuko ditu

|

Irailaren 27an, larunbatez, izango da Bizikleta Martxa Bilbotik Galdakaora // Biziz Bizi

Biziz Bizi elkarteak ikasturteari aldarrikapenekin ekingo dio beste urte batez. Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria eraiki dezaten eskatzeko Bizikleta Martxa egingo dute irailaren 27an, larunbatez.

Irailekoa 40. Bizikleta Martxa da, eta hilero bezala, 11:00etan izango du hasiera Bilboko Kale Nagusitik (Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean).

Guztira 25 kilometroko ibilbidea izango da eta Bilbo, Etxebarri, Basauri eta Galdakao zeharkatuko ditu.

“Hilabete honetan mugikortasun jasangarriaz hitz egingo dizuete, baina urtean zehar ahaztu egingo dira. Guk urte osoan zehar horren alde borrokan jarraituko dugu, benetan sinesten dugulako”, adierazi dute Biziz Biziko ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Zozketa | Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urriaren 11n helduko da Galdakaora

|

/ Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Ekainean aurreratu bezala, Galdakaon jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo faseko saioetako bat. Urriaren 11n izango da Galdakaoko saioa, Torrezabal Kultur Etxean (17:00).

Araitz Katarain Mugarza (Mallabia), Asier Galarza Garai (Muxika), Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño), Enare Muniategi Etxabe (Gautegiz-Arteaga), Irune Basagoiti Agirre (Ermua) eta Paule Ixiar Loizaga Legarra (Sopela) arituko dira Galdakaoko saioan.

Geuriak bi sarrera bikoitz zozketatzen ari da Instagram sare sozialean.

Osorik irakurri