Sareak

☉ Galdakao

Aperribain, Abusun eta Urretan bi lursail eta lokal bat erosiko ditu Galdakaoko Udalak, herritarren beharrei erantzuteko

Guztira, 564.000 euro inbertituko ditu Udalak Aperribaiko eta Abusuko lurzoruak eta Urretako lokala erosteko

|

Aperribaiko bosgarren igogailua eraiki ahal izateko lurzorua erosiko du, besteak beste, Galdakaoko Udalak // Geuria

Aperribain, Abusun eta Urretan bi lursail eta lokal bat erosiko ditu Galdakaoko Udalak, “herritarrentzako zerbitzuetara bideratzeko”. Guztira, 564.000 euro inbertituko ditu Udalak.

Zehazki, Aperribain 4.500 metro kuadroko lurzorua erosiko du Udalak, “irisgarritasuna hobetzeko plangintzarekin jarraituz Aperribaiko bosgarren igogailua eraiki ahal izateko”, diote udal ordezkariek. Salerosketa honetan 14.100 euro inbertituko dituzte.

Bestetik, Abusun 107.535 metro kuadroko lursaila erosiko du Udalak, Isasizarra basoaren eremuan. “Erabilerari dagokionez, kultur ondarea babestea, udal instalazioak handitzea eta auzokideek urte luzetan eskatu duten Bekeako biribilgunea egin ahal izateko beharrezko den lurra eskuratzea da helburua”, diote udal ordezkariek. Lursail hori 169.839 euroan erosiko du Udalak.

Azkenik, “etorkizuneko beharrei aurrea hartzeko” 525,90 metro kuadroko lokala erosiko du Udalak Urretan. “Besteak beste, kontuan hartuta Metroa eraikitzeko lanek zerbitzu publikoan eragina izango dutela eta zerbitzu batzuk lekualdatzeko premia sortuko dutela. Beste erabilera posibleetako bat izan daiteke, adibidez, ekintzailetzara bideratzea”, diote. Lokala 380.000 euroren truke eskuratuko dute.

Udal gobernua osatzen duten EH Bilduren, Usansolo Herriaren eta Auzoaken aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren abstentzioarekin onartu zuten azaroko osoko bilkuran hiru salerosketa horiek egitea.

☉ Galdakao

Errege Magoek kamioiz egingo dute kabalgata Galdakaon, Bengoetxetik Kurtzeko plazara

Errege Magoen kabalgata inklusiboa izango da Galdakaon: lehen zatian gozokirik bota gabe eta musika eta argiak intentsitate txikiagoan jarriko dituzte

|

Kabalgata 18:00etan hasiko da Bengoetxen eta 19:00etan pregoia irakurriko dute udaletxeko plazan // Argazkia: Argizai Eskaut Taldea

Urtarrilaren 5ean Errege Magoak iritsiko dira Hego Uribe eskualdera. Galdakaon 18:00etan hasiko dute kabalgata Bengoetxeko elizaren ondoan eta Kurtzeko plazan bukatuko dute.

Eta, aurten, iaz bezala, kamioi batean egingo dute kalejira Errege Magoek eta Gabone Izarrak.

Ibilbidearen lehen zatia egokitua eta inklusiboa izango da: gozokirik ez dute botako eta musika eta argiak intentsitate txikiagoan jarriko dituzte El Arco tabernaren pareraino, sentikortasun sentsoriala duten pertsonen parte hartzea errazteko helburuarekin. Hortik aurrera, kabalgatak musikarekin, argiekin eta gozokien banaketarekin jarraituko du Kurtzeko plazara iritsi arte.

Kabalgataren amaieran txokolatada egongo da Kurtzeko plazan, Argizaiko gurasoek prestatua.

Kamioia, aukerarik onena

Iaz Errege Magoak eta Gabone Izarra kamioiz egin zuten ibilbidea eta horrek hautsak harrotu zituen herritarren artean.

Hori dela eta, Argizai Eskaut Taldeak alternatibak bilatu zituen iaz: “Martxoan, araudia betetzeko baldintza horiek bermatzen zituzten hainbat proposamen bidali genizkion Udalari, baina ez genuen erantzunik jaso ekainera arte eta ondoren irailera arte”, adierazi zuten abenduaren 23an Instagram publikatu zuten komunikatuan.

“Azaroan, bideraezintzat jo genituen beste proposamen batzuk helarazi zizkiguten, eta azkenik, abenduan jakinarazi ziguten onartutako aukera bakarra kabalgata kabriolet autoetan egitea zela: bana Errege Mago bakoitzarentzat eta beste bat Gabonerentzat”, esan dute.

Ildo horretan, ibilgailuak bilatzeari ekin zioten, baina ezinezkoa izan zuten kabriolet autorik topatzea.

“Egora horren aurrean, abendua erdialdean bilera izan genuen udaletxean alkatearekin eta ekitaldian inplikatutako gainerako udal-taldeekin. Bilera horretan, kabalgata aurrera eramateko bi aukera baino ez zizkiguten planteatu: oinez egitea edo kamioi batean egitea. Aukera horietako bat ere ez dator bat Galdakaorentzat nahi dugun kabalgatarekin, ezta historikoki egin izan denarekin ere. Hala ere, uste dugu hemendik aurrera Udalarekin benetako eta elkarlanean oinarritutako lan bati ekin nahi badiogu, eta etorkizunean lehenengo kagalgata berreskuratu nahi badugu, urrats hau ematea beharrezkoa dela”, diote.

Gauzak horrela, “eta hausnarketa sakon baten ondoren”, kabalgata kamioian egitea onartu du Argizai Eskaut Taldeak, “erabaki honen datozen urteetan elkarlanean, koordinatuta eta behar besteko aurrerapenarekin lan egiteko abiapuntu izan dadin”, diote.

“Badakigu albiste honek etsipena sor dezakeela -eta guk ere sentitzen dugu-, baina azpimarratu nahi dugu gure esku zegoen guztia egin dugula kabalgata ezagutzen dugun moduan mantentzeko”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Korrika eta giro apartarekin agurtu dute urtea Galdakaon San Silvestre lasterketan

|

Kirola eta festa uztartu dituzte Galdakaon gaur arratsaldean. Ehunka korrikalarik hartu dute parte herriko kaleetan barrena jokatu den lasterketan, eta eguraldiak lagun, ikusle ugari hurbildu dira parte-hartzaileei babesa ematera.

Giro aparta Galdakaon urtea ondo baino hobeto bukatzeko!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Biharko San Silvestre lasterketak aldaketak eragingo ditu Galdakaoko trafikoan

Mozketa eta aldaketa nagusiak 15:00etatik 20:00etara bitartean egingo dituzte, baina goizetik izango dute eragina bai autobus geltikoetan eta bai trafikoan ere

|

2023ko San Silbestre lasterketa // Geuria

Urtea korrikan agurtzeko ohiturari eutsiko diote galdakoztarrek asteazken honetan, abenduak 31, San Silvestre lasterketarekin. Urteroko hitzordu honek, baina, eragina izango du herriguneko zirkulazioan, eta Udalak hainbat neurri hartu ditu ibilgailuen joan-etorria eta aparkalekuak arautzeko.

Mozketa eta aldaketa nagusiak 15:00etatik 20:00etara bitartean egingo dituzte, baina goizetik izango dute eragina bai autobus geltikoetan eta bai trafikoan ere.

Autobus geltokiak eta trafikoa

Autobus erabiltzaileek kontuan izan behar dute Juan Bautista Uriarte, Lapurdi eta Altzadiko biribilguneko geltokiak kendu egingo dituztela arratsaldez (15:00-20:00). Ordezko geltokiak honako gune hauetan egongo dira: Gernika kalea, 5. zenbakian, Maximo Moreno parkean eta Pintxazo biribilgunean.

Ibilgailu pribatuei dagokienez, goizeko 08:00etatik aurrera debekatuta egongo da aparkatzea Lapurdi, Juan Bautista Uriarte eta Zamakoa kaleetan. Gainera, 15:00etatik aurrera ezingo da autoarekin sartu Juan Bautista Uriartera eta Zamakoara.

Garajeak eta norabide aldaketak

Lasterketak irauten duen bitartean, Juan Bautista Uriarteko eta Ganekogortako garajeetarako sarbidea mugatuta egongo da. Horrez gain, Euskadi kaleak norabidea aldatuko du behin-behinean, eta Errekalde bidera bizilagunek eta baimendutakoek soilik sartu ahal izango dute 15:30etik aurrera.

Udaletik eta antolakuntzatik gomendioak jarraitzeko eta seinaleak errespetatzeko deia egin diete herritarrei, urteko azken lasterketa segurtasunez jokatu dadin.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Momoak talde feministak bere ibilbidea amaitutzat eman du, 20 urteren ostean

Oharrean bertan zehazten dutenez, erabakia “proiektuaren eraginkortasunari buruzko hausnarketa sakon baten ostean” hartu dute, egungo testuingurura egokitzeko estrategia aldaketa baten beharra ikusita

|

Momoak taldearen bilera, iaz // Geuria

Galdakaoko Momoak talde feministak atzo jakinarazi zuen bere ibilbidearen amaiera sare sozialetan jarritako mezu baten bidez, bi hamarkadaz Galdakaoko herri mugimenduan parte hartu ondoren.

Oharrean bertan zehazten dutenez, erabakia “proiektuaren eraginkortasunari buruzko hausnarketa sakon baten ostean” hartu dute, egungo testuingurura egokitzeko estrategia aldaketa baten beharra ikusita.

Ibilbidearen balorazioa eta amaieraren arrazoiak

Taldeak 2004an hasi zuen bere bidea herrian, eta urte hauetan guztietan “denbora, indar eta baliabide asko” bideratu dituzte borroka feministara.

Argi utzi nahi izan dute bi hamarkada luzeren ondoren borroka feminista birpentsatzeko beharra ikusi dutela: “Ikusi dugu proiektua ez dela garai batean izan zen bezain eraginkorra”.

Hogei urteko epean, Momoak taldea Galdakaoko erreferente nagusietako bat izan da feminismoaren alorrean, eta hainbat ekintzetan parte hartu edo antolatu dituzte: Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak jaietan eta eremu publikoetan, M8 eta A25 daten inguruko mobilizazioen antolakuntza herrian, edo sare feminista baten eraikuntza herriko emakume eta identitate disidenteen artean.

Testuinguru politikoa eta etorkizuna

Proiektua amaitu arren, taldeak adierazi du feminismotik eragiten jarraitzeko asmoa dutela, bereziki “oldarraldi erreakzionarioaren eta ideia faxisten gorakadaren” aurrean.

Momoaken zutabeetako bat “zisheteropatriarkatu kapitalistaren aurkako borroka” dela berretsi dute, eta “klase, jatorri edo identitateagatiko zapalkuntzarik gabeko herri baten aldeko” lana aldarrikatu dute.

Bide batez, taldekideek esker ona adierazi diete bi hamarkada hauetan parte hartu duten kide guztiei eta herritarrek emandako babesari. Halaber, dei zuzena egin diete herritarrei antolatzen jarraitzeko, feminismoa “bizitza ulertzeko tresna” gisa defendatuz.

Agurrerako deia

Oharraren amaieran, “mina eta ezinegona politizatzeko” eta aldaketarako gogoa antolatzeko beharra azpimarratu dute. Nahiz eta egitura gisa desagertu, mezu argia utzi dute Galdakaoko etorkizuneko mugimendu feministarentzat: “antolakuntza kolektiboa da bide bakarra zapalkuntza mota guztiei aurre egiteko”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Harrera beroa egiten diete Mari Domingiri eta Olentzerori Galdakaon

|

Olentzero eta Maridomingi, gaur, Galdakaon // Geuria

Urte osoan basoan lasai-lasai egon ostean, badirudi Olentzerok eta Mari Domingik lortu dutela GPSa ondo konfiguratzea eta hori horrela Galdakaoko kaleak hartu dituzte, ume (eta ez hain umeen) gozagarri.

GEURIA bertan egon da, eguraldi kaskarrari aurre eginez, eta argazki galeria ederra osatu dugu!

Osorik irakurri