Sareak

☉ Galdakao

Galdakaoko Musika Eskola ondoko plazan estalki gardena jartzeko lanak hasi ditu Udalak

Zimentazio eta kanalizazio lanak hasi dituzte eta maiatzerako bukatuko dutela aurreikusi dute udal ordezkariek

|

Lanak apirilean hasi dituzte eta hilabete batean bukatuko dituztela aurreikusi dute udal arduradunek // Galdakaoko Udala

Galdakaoko Musika Eskolaren aurreko plazak itxura berria izango du laster. Izan ere, zentroaren aurreko gune horretan estalkia jartzeko lanak hasi ditu Udalak.

Estalkia “fina” izango dela diote udal ordezkariek: “Altzairuzko eta egurrezko egitura duten lau hexagonok osatuko dute eta gainalde gardena izango du, argia igaro dadin”.

Gune berritu horretan aulkiak, lorontziak eta argia gehituko dituzte ondoren.

“Urtetan auzokideek eta musika eskolako erabiltzaileek egindako eskaerak aintzat hartuta, estalkia jarriko da aurki”, diote udal arduradunek.

Hain zuzen ere, lanak apirilean hasi eta maiatzean bukatuko direla aurreikusi dute Udaletik.

“Zimentazio eta kanalizazio lanak hasi dira dagoeneko, eta, aterpeen piezak lantegian bertan muntatuko direnez, arin joango dira lanak. Aste Santuko jaiegunen ondoren, maiatzean amaituta egongo direla espero da”, diote.

☉ Galdakao

Euskara indartzeko 64 neurriko plana onartu du aho batez Galdakaoko Udalak

Euskara indarberritzeko Aroa marko estrategiko berria onartu du aho batez Galdakaoko udalbatzak, 2037. urtera arte

|

Euskararen aldeko ekimen bat Galdakaon // Galdakaoko Udala

Euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko Aroa marko estrategiko berria onartu zuen atzo aho batez Galdakaoko udalbatzak.

Plana hurrengo hamar urteetarako izango da (2037ra artekoa), baina Udalaren bideorria, hasteko 2028ra bitartekoa izango da.

Bost jomuga nagusi izango ditu estrategiak: euskara ikasteko erraztasunak handitzea; eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortzea; ingurune digitalean euskarak leku gehiago izatea; euskaraz lan egiteko aukerak ugaritzea; eta euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzeko aukerak ugaritzea.

Lerro nagusi horien barruan, Galdakaon 64 ekintza garatzea proposatzen du planak.

Marko estrategikoaren helburu nagusia da euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea, “gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko”, esan zuen Izaskun Barbarias Euskara arloko zinegotziak: “Hau da, Galdakaon euskara indarberritzea eta euskaldunok ahalduntzea”.

“Gizarteak azken hamar urteetan izan dituen aldaketei erantzun eta erakunde eta herritarrekin lankidetzan, euskara indarberritzen jarraitzeko oinarriak finkatzen ditu”, adierazi zuen.

Parte-hartzailea

Marko estrategikoa adosteko prozesu parte hartzailea egin du Udalak politikariekin, teknikariekin eta herritarrekin.

Iazko otsailean eta martxoan diagnostikoa egin zuen Udalak, eta azaroa eta abendua bitartean herritarrek ekarpenak egiteko epealdia zabaldu zuen.

“Metodologia parte hartzaile eta berritzaile hau gizarte eragileekin, mugimendu sozialekin eta Udaleko unitate teknikoekin elkarlanean burutu da. Horrela, herriko eragile guztiek euskararen ikuspegia presente izan dute, modu positiboan eraginez”, esan zuen Barbariasek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko batzokia erasotu dutela salatu du EAJk

“Eraso bandalikoa” gaur goizaldean jazo dela salatu du Galdakaoko EAJk: “Igeltsua bota dute sarrerara, ekintza koldar bezain onartezin batean”

|

Galdakaoko EAJtik "gaitzespen irmoa" adierazi dute // Argazkia: Galdakaoko EAJ

Galdakaoko batzokia gaur goizaldean erasotu dutela salatu du EAJk sare sozialetan.

“Gaur goizaldean Galdakaoko batzokiak eraso bandalikoa jasan du. Igeltsua bota dute sarrerara, ekintza koldar bezain onartezin batean”, diote.

Galdakaoko EAJtik “gaitzespen irmoa” adierazi dute, eta gaineratu dute “indarkeriak ez duela inoiz lekurik izango” gure gizartean: “Galdakao aske baten alde lan egiten jarraituko dugu, errespetuan eta bizikidetzan oinarritzen den Galdakao baten alde”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Maria Casillas galdakoztarrak Bizkaiko errekor absolutua egin du berriro 50 metroko bizkar-igeriketan

“Errekorra berriro berreskuratzea sekulako poza izan da niretzat”, adierazi dio GEURIAri Mariak. Izan ere, 2022ko abenduan errekorra ezarri zuen, baina iazko azaroan kendu zioten

|

2022ko abenduan hautsi zuen Bizkaiko errekorra, iazko azaroan kendu zioten eta bost hilabeteren ostean berriro hobetu du Bizkaiko marka // Utzitakoa

Maria Casillas Chueca galdakoztarrak Bizkaiko errekor absolutua hautsi du berriro 50 metroko bizkar-igeriketan.

Galdakaoko igerilariak 29″39-ko denbora egin zuen atzo Santurtzi Trofeoan.

Aurreko errekor-marka iazko azaroan egin zuen Getxo Igeriketa Taldeko Delia Rodriguezek (29″45), eta bost hilabete ostean, marka hori hobetu du galdakoztarrak.

“Ez daukat hitzik azaltzeko zelan sentitzen naizen errekorra berriro hautsi ostean”, adierazi dio GEURIAri igerilari galdakoztarrak.

Hain zuzen ere, 2022ko abenduan Bizkaiko errekor absolutua egin zuen 50 metroko bizkar-igeriketan, 29″49 segunduko denbora eginez.

“Errekorra berriro berreskuratzea sekulako poza izan da niretzat. Errekorrak hausteko daude, eta 27 urterekin errekorra berriro egitea helburu handia da nire ibilbidean”, dio Mariak.

Iazko uztailean Munduko eta Europako errekorrak hautsi zituen Casillasek errelebotan, Master kategorian, Lara Vicandirekin, Ane Ibarrondorekin eta Naia Ibarrondorekin batera.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Keira Martin, Maider Larrea eta Eider Gonzalez Bengoetxeko ikasleek Gurot lehiaketako finala jokatuko dute Bilboko San Mamesen

Apirilaren 4an izango da finala eta bertan Bizkaiko talderik onenek hartuko dute parte. Bestetik, Galdakaoko bigarren sailkatua Eguzkiloreak taldea izan da; Bengoetxeko ikasleak horiek ere

|

Galdakaoko tokiko lehiaketako irabazleetako bi // Galdakaoko Udala

Gurot euskal kultura eta kultura unibertsala euskaraz eta online lantzeko tribial jokoaren banakako sari banaketa egin ostean, taldekako lehiaketa martxan izan da otsailaren 17tik martxoaren 22ra bitartean.

Galdakaon parte hartu duten talde guztien artean, Power of Batxi izan da onena, 521.850 punturekin. Bengoetxe ikastetxeko Keira Martinek, Maider Larreak eta Eider Gonzalezek osatzen dute hirukote irabazlea.

Hirukoteak Bizkaiko finala jokatuko du apirilaren 4an, ostiralez, Bilboko San Mames futbol zelaiko aretoan, lurraldeko beste talde onenekin batera.

Talde irabazleak Salou eta Port Aventurara bidaia, alojamendua eta parkerako sarrerak irabaziko ditu. Bigarren sailkatuko denak Madril eta bertako Warner parkerako sarrerak irabaziko ditu; hirugarrenak Toledoko Puy du Fou ikuskizunerako sarrerak eta alojamendua irabaziko ditu; eta laugarrenak Athletic Club Museorako sarrerak jasoko ditu.

Bestetik, Galdakaoko taldekako tokiko lehiaketan bigarren sailkatu da Eguzkiloreak, Izaro Luque, June Garcia eta Aitana Arenas ikasleek osatuta. Hauek ere Bengoetxeko ikasleak dira eta 115.200 puntu lortu dituzte.

Sari bezala, Power of Batxi eta Eguzkiloreak taldeko kideek Zeid Fest jaialdirako sarrerak irabazi dituzte. Sei irabazleek laguntzaile banarekin joateko aukera izango dute Barakaldoko BECen apirilaren 5ean, larunbata, izango den festibalera.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakao-Erletxe eta Larrabetzu arteko bidegorria prest egongo da 2026ko amaierarako

3,4 kilometroko bidegorria eraikitzeko lanak martxoan hasi dituzte. Gainera, “laster” Erletxe eta Boroa arteko bizikleta-pista eraikitzeari ekingo dio Aldundiak

|

Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak

Duela bi aste inauguratu zuten Bolueta eta La Baskonia arteko bidegorria, eta Bizkaiko Foru Aldundiak jarraitzen du bizikleta-pistak eraikitzen.

Iazko apirilean GEURIAn publikatu bezala, Galdakao-Erletxe eta Larrabetzu artean bidegorria eraikiko du Aldiundiak. Eta dagoeneko lanak hasi dituzte.

Martxoa hasieran ekin zieten lanei eta aurreikuspenen arabera, 2026ko amaierarako zabalduko dute bidegorria.

Guztira, 3,4 kilometro inguru izango ditu eta, “espazio ireki, parke, lorategi edo basoetatik igaroko da”, adierazi zuen martxoa hasieran Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak.

Txirrindularientzako eta oinezkoentzako ibilbideak izango ditu: lau metro txirrindularientzat egokituta eta bi metro oinezkoentzat, eta trafiko motordunetik “erabat isolatuta” egongo dela ziurtatu du Alzagak.

Aldundiak 11,7 milioi euro bideratuko ditu obra horretara eta Europako funtsek kofinantzatuko dute.

Erletxe-Larrabetzu bizikleta-pista Bizkaiko Bizikleta Bideen L2 linearen parte da, Erletxe eta Erandio lotuko dituena. Zehazki, Lezama, Zamudio, Derio, Sondika, Asua eta Lutxana-Erandio lotuko ditu (Txorierri).

L2 linea hori 19,6 kilometro luze da eta bertatik bigarren mailako hiru adar aterako dira: Mungialdeara (L2 linea), Eskuinaldea-Uribe Kostara (L3 linea) eta Nerbioi-Ibaizabal-Arratia-Durangaldeara (L1 linea).

Erletxe-Boroa

Beste alde batetik, Nerbioi-Ibaizabal-Arratia-Durangaldea linearen barruan, Erletxe eta Boroa arteko bidegorria eraikitzeko lanak “laster” hasiko dituztela jakinarazi du Alzagak.

Bidegorri zati hori Kortederra auzoan zehar igaroko da eta guztira 4,5 kilometro izango ditu, “txirrindulariek eta oinezkoek partekatutako noranzko biko bidezidor batean”.

Erletxe-Boroako bizikleta-pista egiteko 20 hilabete beharko dira, eta 16 milioi euroko aurrekontua bideratuko du Aldundiak.

Bizkaiko Bizikleta Bideen L1 lineak (Bilbo-Zaldibar) 42,7 kilometro luze izango ditu eta bertatik bigarren mailako beste bost adar aterako dira (139 kilometrora arte): Urduñara (Arrigorriagatik, Ugaotik, Arrankudiagatik, Araldotik eta Laudiotik), Arabara (Usansolotik, Bediatik, Lemoatik, Igorretik, Arantzazutik, Arteatik, Areatzatik eta Zeanuritik), Mañariara (Durangotik eta Izurtzatik), Elorriora (Matienatik, Abadiñotik eta Atxondotik) eta Gipuzkoara (Zaldibartik eta Ermuatik).

“Erletxe-Larrabetzu eta Erletxe-Boroa bizikleta-pistek ibilbide alternatiboak sortuko dituzte, motordunen aldean, udalerrien arteko distantzia labur-ertaineko ibilbideetarako. Dena den, asmoa ez da soilik kirol-aisialdiko alternatiba bat izatea, baizik eta benetako alternatiba bat udalerri horien arteko edozein motatako joan-etorrietarako. Horrela, hiri-mugikortasun jasangarria sustatuko da, Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean oinarritutako bizikleta bidezko mugikortasun-estrategiaren barruan”, diote foru arduradunek.

Osorik irakurri