☉ Galdakao
Bideoa / Sorkuntza, transmisioa, amatasuna eta euskara Sormeneko ardatz nagusiak izango dira aurten Galdakaon
Sormene azaroaren 10etik 13ra antolatu dute aurten Galdakanon eta gaur bertan aurkezpena egin dute Torrezabal Kultur Etxean. Prentsaurrekoan Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Euskara zinegotzia, Sormeneren talde aholkulari-eragileko Gaizka Chamizo aktorea eta Ane Legarreta orkesta zuzendaria, Gotzon Barandiaran Sormeneren zuzendari artistikoa eta Irene Zarrabeitia Marie de Jongh antzerki konpainiako komunikazio arduraduna
Sormene azaroaren 10etik 13ra antolatu dute aurten Galdakaon eta gaur bertan aurkezpena egin dute Torrezabal Kultur Etxean. Prentsaurrekoan Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Euskara zinegotzia, Sormeneren talde aholkulari-eragileko Gaizka Chamizo aktorea eta Ane Legarreta orkesta zuzendaria, Gotzon Barandiaran Sormeneren zuzendari artistikoa eta Irene Zarrabeitia Marie de Jongh antzerki konpainiako komunikazio arduraduna.
Euskal sortzaileentzako plaza hau Galdakaoko zein Euskal Herriko sortzaileentzako hasi berrientzat zein eskarmentua dutenentzat prestatu duten “kultur adierazpide guztientzako plaza” bezala definitu du Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Euskara zinegotziak.
Amatasuna, berritasuna
Urteroko sorkuntza, transmisioa eta euskarari amatasun kontzeptua gehitu diote aurten Sormenekoek eta Gotzon Barandiaranek gehitu du azken denboraldian asko nabarmendu den gaia dela: “Sormenaz gain, transmisioa eta euskara gure lan ildoak eta ardatzak dira eta kontzeptu hauei amatasuna gehitu diogu oraingo honetan, azken urteetan asko plazaratu direlako amatasuna, sorkuntza eta euskara aldarrikatzen dituzten kultura proposamenak”.
“Torrezabalen azaroaren 10etik 13ra ikusiko dugun autoreen lana harago eraman beharrekoa da”, gehitu du Espillak. “Horrela, euskal kultura eta euskara bultzatzen duten edozein egitasmok Sormeneren ateak zabalik izango ditu. Oraingo edizio honetan Geuretik Sortuak eta Euskaraldiarekin elkarlana egin dugu”.

Gotzon Barandiaran, Sormeneko kartela erakusten // Geuria
Egitaraua / Sormene 2022
Azaroak 10, osteguna
Goizean ilustrazio tailerra Eider Eibarren eskutik
19:00 Euskaraz Sortu emanaldia
Azaroak 11, ostirala
Goizean, dantza-tailerra Oier Araolazaren eskutik
20:00 AMAraun dantza eta bertso ikuskizuna, Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagak aurkeztuta
Azaroak 12, larunbata
17:30 Marie de Jongj konpainiaren ‘Amour’, familia guztientzako
22:00 Neomak taldearen disko-aurkezpena.
Azaroak 13, igandea
19:00 ‘Trapu Zikinak’ antzerki lana, Lore More konpainiaren eskutik
☉ Galdakao
Galdakaorako bizikleta-pista eraikitzeko hitzarmena sinatuko dute Udalak eta Aldundiak
Bengoetxe-Erletxeta bidegorria eraikitzeko proiektua eta Bengoetxe-Urbi zatiaren plangintza idaztea jasotzen ditu hitzarmenak

Galdakaorako bizikleta-pista eraikitzeko hitzarmena sinatuko dute Udalak eta Aldundiak. Akordioa gaur goizean egindako Gobernu Kontseiluan berretsi da.
Hain zuzen ere, Bengoetxe-Erletxeta bidegorria trazatu eta eraikitzeko proiektuak eta Bengoetxe-Urbi bidegorriaren plangintza idaztea jasoko ditu hitzarmenak.
“Etorkizuneko Ibaizabalgo bizikleta-pista titulartasun desberdinetako bideguneetatik garatuko da; hau da, foru eta toki mailako ibilbideak tartekatuko dira”, adierazi dute foru arduradunek.
Aldundia arduratuko da jarduketak egiteaz eta Galdakaoko Udalak dagokion zatia ordainduko du, hau da, 185.130 euro. Zehazki, Guturribaitik Bekeara arteko zatia ordainduko du Udalak, Urgoiti-El Gallo eta Bengoetxe-Urbi inguruetara.
Epeei dagokienez, Bengoetxe-Erletxeta bidegorriaren plangintza idatzita dago dagoeneko, eta bidegorriaren trazadura- eta eraikuntza-proiektuak 2026ko maiatzerako idaztea aurreikusten da.
Bengoetxe-Urbi tartearen plangintzari dagokionez, datorren urteko ekainerako prest egongo dela aurreikusi dute foru ordezkariek.
☉ Galdakao
Ane Legarreta galdakoztarrak +Musicas saria irabazi du grabaketa klasikorik onenari ESAS sarearekin
‘Dance of chance’ lanarekin irabazi dute saria. Sari banaketa urriaren 6an izan zen Madrilen. Legarretarekin berba egin dugu GEURIAn

ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sareak +Musicas saria irabazi du grabaketa klasikorik onenari, ‘Dance of chance’ lanarekin. Musikan emakumeen talentua sustatzen dute +Musicas sariek.
Sari banaketa urriaren 6an izan zen Madrilen, Sofia Erregina Museoan, eta bertan izan zen Ane Legarreta musika zuzendari galdakoztarra eta ESAS sarearen parte ere diren Natalia Sanchez flautista eta Haizea Huegun konpositorea.
“Oso pozik gaude saria jaso izanaz. Hitzaldian adierazi genuen ESAS sarean elkarlanean sinesten dugula eta disziplina artistiko desberdinak eta musika estilo desberdinak elkarlanean jartzea dela gure helburuetariko bat, emakume artistak bateratze horrek urrunago eramango gaituelako”, esan dio GEURIAri Legarretak.
Legarreta, Sanchez eta Huegun, hirurak, igo ziren eskerrak ematera eszenatokira, baina galdakoztarrak hartu zuen hitza jendaurrean: “Saritua izan den grabaketak musika klasikoa eta musika elektronikoa uztartzen ditu, elkarrekin egindako lanean sendo sinesten dugulako, ez bakarrik musika diziplina ezberdinen artean, baita arte diziplina ezberdinen artean ere”, esan zuen Legarretak.
“ESAS 2021ean sortu genuen, musika klasikoaren esparruan noizean behin bakarrik sentitu garelako bai eszenatokian bai eszenatokiaren atzean”, gaineratu zuen galdakoztarrak.
Grabaketa klasikorik onenaren saria irabazteko beste hautagaiak ziren Laura Andres pianista eta Maria Parra Trio hirukotea. Eta saria Isabel Dobarro piano-jotzaileak eta Juan Antonio Simarro konpositoreak eman zieten.
MasMusicas entitate independente bat da 2018tik musika estilo desberdinetako emakume artistak saritzen dituena. “Guretzat sorpresa izan zen musika klasikoa kategoria ere egotea sarietan, normalean industria musikaleko beste sektore bat delako. Orduan Bad Gyal edo Mala Rodriguez bezalako artistak egon ziren gala berdinean egotea eta parte hartzea oso hunkigarria izan zen!”, esan digu Legarretak.
“Zuzeneko musika egon zen, Rita Payes ere saritu zuten eta berarekin egoteko tartetxoa ere izan genuen”, kontatu dio Legarretak GEURIAri.
☉ Galdakao
Dinamita fabrikarekin lotutako eraikinak eta Andra Mari eliza barrutik ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte Galdakaon
Ondarearen Europako Jardunaldien baitan Galdakaoko bi espazio berezi horiek bisitatzeko aukera izango dute herritarrek urriko larunbat eta igandetan

Bizkaiko ondare arkitektonikoa ezagutzeko Europako Jardunaldiak antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar. Galdakaon, Dinamita fabrikarekin lotutako eraikin multzoa eta Andra Mari eliza barrutik ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.
Jesus Muñiz historialari galdakoztarrak adierazi duenez, “Andra Mari eliza bitxi arkitektoniko bat da, XIII. eta XVI. mendeko estiloak batzen dituena, Euskal Herrian oso ohikoa ez dena”
Bestetik, Dinamita fabrikarekin lotutako etxebizitza eta ekipamendu multzoa nabarmendu du Muñizek, “ezohikoa delako eraikin gehienak mantendu izana; hori ez da sarritan gertatzen”. Kasu honetan, publikoarentzat normalean itxita egoten diren instalazioak bisitatu ahal izango dituzte herritarrek, hala nola, fabrikako sarrera edo bulegoak.
Edurne Espilla Kultura arloko zinegotziaren arabera, jardunaldien helburua da “eguneroko bizitzaren parte diren, baina sarritan beren historia ezagutzen ez dugun espazio horiek fokuan jartzea”. Horregatik, “ondarea ezagutu, babestu eta transmititzearen garrantzia” azpimarratu du Espillak, “iraganaren memoria gordetzeko ez ezik, gure ingurunearekiko lotura sendotzeko tresna gisa ere bai”.
“Zuhatzun, Arkotxan, Plazakoetxen eta Tximelarren fabrikako langileentzat eraiki ziren etxebizitzak, eskola, ekonomatoa, kapera eta eraikin desberdinak: jende asko aitite eta amamak bisitatzera joaten da Viktor Anaia kaleko erresidentzietara, baina eraikin horien atzean dagoen historia jakin gabe”, esan du Espillak.
Bisita gidatuetan parte hartu nahi duenak izena eman behar du 944 010 598 telefono zenbakian, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, edo mgarrido@galdakao.eus helbidera idatzita.
Egitaraua | Ondarearen Europako Jardunaldiak 2025
Urriak 4, larunbata
12:00-13:00 Andra Marira bisita gidatua. Euskaraz
Urriak 12, igandea
17:30-18:30 Andra Marira bisita gidatua. Euskaraz
Urriak 16, osteguna
18:30-20:00 Dinamitara bisita gidatua. Euskaraz
Urriak 18, larunbata
12:00-13:00 Andra Marira bisita gidatua. Euskaraz
Urriak 26, igandea
17:30etik 18:30era Andra Marira bisita gidatua. Euskaraz
☉ Galdakao
Galdakaoko EAJk uste du “larria eta kezkagarria” dela EH Bilduk segurtasun indarrei buruzko mozioa atzera bota izana
Iraileko osoko bilkuran Galdakaoko EAJk “elkarbizitzaren alde eta Ertzaintza eta Udaltzaingoen defentsan” mozioa aurkeztu zuen, baina udalbatzak atzera bota zuen

Ikasturte berriko lehen osoko bilkuran Galdakaoko EAJk mozioa aurkeztu zuen, “elkarbizitzaren alde eta Ertzaintza eta Udaltzaingoen defentsan”.
Udalbatzak atzera bota zuen mozioa, EAJren eta PSEren aldeko zortzi botoekin, EH Bilduren kontrako bederatzi botoekin eta UHren eta Auzoaken lau abstentzioekin.
Horren aurrean, Galdakaoko EAJk uste du “oso larria eta kezkagarria” dela EH Bilduk mozioaren aurka bozkatu izana: “Mozio honek erasoak gaitzestea, euskal polizien lana aitortzea eta bizikidetza demokratikoa berrestea baino ez zuen planteatzen”, adierazi dute jeltzaleek prentsa-ohar bidez.
“EAJ Galdakaok salatu nahi du EH Bildu berriro ere erretratatu egin dela, indar demokratiko guztien ahobatezko babesa jaso behar zuen adierazpen baten aurka agertuz. UH eta Auzoak taldeen abstentzioen konplizitatearekin, EH Bilduk bertan behera utzi du segurtasuna, errespetua eta bizikidetza bezalako oinarrizko balioak defendatzen zituen ekimena”, salatu dute jeltzaleek.
EH Bilduren arabera, “uda hasieran izan ziren gertakari batzuei etekin politikoa atera nahian aurkeztu du mozioa hainbat herritan EAJk, Galdakaon ez baita halako gertakaririk izan, ez udan zehar ezta Santa Kurtz jaietan ere”, adierazi zuten ezker koaliziotik osoko bilkura izan aurretik.
Eta Galdakaoko EH Bildutik adierazi zuten, “uda honetan gertatutako gertaera guztiak adierazpen askatasunaren eta espazio publikoaren errespetuaren muga onargarriak gainditu” dituztela: “Ez gatoz bat jarduteko modu horiekin, eta uste dugu modu egokian baztertu behar direla, bai axolagabekeria eta bai gehiegizko jardun interesatua saihestuz”, esan zuten.
Era berean, gertakari horien “instrumentalizazio politikoa” gaitzetsi zuen Galdakaoko EH Bilduk: “Logika bat inposatu nahi da, non indar polizialekiko edo horiek zuzentzen dituztenekiko ezinegon edo zalantza adierazpen oro eraso onartezintzat interpretatzen den automatikoki, eta hori printzipio demokratikoen aurkakoa da”.
“Polizia-kidegoen jarduera kritikatzea, haien funtzionamendu-eredua zalantzan jartzea edo abusu-gertakariak salatzea ez da bizikidetzaren aurkako erasoa. Bizikidetzaren aurka egiten duena kritikarako aukera ezabatzea da, erakundeak kritikaren aurrean blindatzea eta erakundeen gaitzespenaren balioa hutsaltzea”, adierazi zuten Galdakaoko EH Bildutik.
Halaber, polizia-eredua “sakon berrikusteko” hausnarketa eta herri prozesua abiatzeko eskatuko dio Galdakaoko EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, “gardentasuna, kontrol demokratikoa, proportzionaltasuna eta zerbitzu publikoa bermatzeko”.
Eta, erakundeekiko errespetuaren edo adierazpen-askatasunaren bidezko erabileraren mugak gainditzen dituen jarduera oro gaitzesten dituztela; izaera horretako gertaera puntualak “kritika politiko eta sozial legitimoa eta herritarren protesta kriminalizatzeko” erabiltzea erabat baztertzen dutela; eta, kritikarako eskubidea, “baita polizia-indarrekiko ere” berresten dutela adierazi zuten irailaren 25eko osoko bilkuran.
☉ Galdakao
Galdabusak neguko ordutegia martxan jarri du maiatzera bitartean
Aldaketa batez ere asteburuei begira izango da: zerbitzua larunbat eguerdian amaituko da eta igandetan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik egongo

Urriaren sarrerarekin batera, Galdabusak neguko ordutegia jarri du martxan, maiatzaren 31ra bitartean. Egokitzapenak batez ere asteburuetan izango du eragina. Izan ere, aldaketen artean, zerbitzua herriko denda txikiak zabalik dauden ordutegira egokituko dute eta larunbat eguerdian amaituko da; udako ordutegian larunbat arratsaldeetan eta igandetan ere martxan izan da Galdabusa.
Lehenengo lineari dagokionez, Aperribaitik 14:20an abiatuko da azken zerbitzua larunbatetan, eta 14:40an udaletxetik. Eta, bigarren linean, 14:00etan abiatuko da larunbatetako azken autobusa udaletxetik eta 14:20an Elexaldetik.
Larunbat goizetan, aldiz, lehenago hasiko da zerbitzua eta bidaia bat gehiago egingo du autobusak: Zuhatzutik lehen autobusa 08:40an abiatuko da larunbatetan, eta Elexaldetik 09:00etan.
Igandetan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik egongo, salbuespenak salbuespen. “Azaroaren 1ean, adibidez, Elexalderako zerbitzua egongo da, hilerrirako joan-etorriak erraztu eta autoaren erabilera gutxitzeko helburuz”, diote udal ordezkariek.
Astean zehar zerbitzuak izango duen aldaketa bakarra honakoa izango da: 08:10ean Zuhatzutik Elexaldera abiatzen den autobusa ez da Bekea eta Olabarritik pasako: “Goizeko ordu horietan trafiko handia izaten da N-634 errepidean eta asko zailtzen du ibilbidea garaiz egitea. Edozein kasutan, aurreko zerbitzua eta ondorengoa (eta gainontzeko guztiak) izango dituzte Bekea eta Olabarriko auzokideek”, diote.