☉ Galdakao
Leire Erkoreka: “Anbulatorioan eskaini ezin daitezkeen zerbitzuak gazteen testuinguruan eskaintzea oso onuragarria da”
Galdakao-Usansolo ospitalean osasun mentalari lotutako bi zerbitzu berri eskaintzen ari dira azken urteotan egon den kasuen gorakadari erantzuteko.

Osasun mentalarekin lotutako kasuen igoerak gogor jo du gure eskualdea; bereziki arduratzekoa da nerabeen kasuan. Hori dela-eta, Galdakao-Usansolo ospitalean bi zerbitzu berri eskainiko dira: Baretuz eta Gaindituz. Leire Erkoreka Gonzalez (Bilbo, 1981) da ospitaleko psikiatria zerbitzuko jarduneko burua. Bere ustetan, gaixotasun mentalekiko estigma gizartean erroturik dago, hoberantz goazen arren.
Zer zerbitzu berri eskainiko dira Galdakaoko ospitalean?
Programa bi jarri ditugu martxan. Alde batetik, Baretuz programa dago, goizeko zortzietatik hamabiak arte egingo dena. Bertan artatuko diren nerabeen soslaia jokabide desorekarekin eta toxikoen kontsumoarekin lotuta egongo da. Bestetik, Gaindituz programa jarri dugu martxan Galdakaoko ospitalean: elikadura desoreka bat pairatzen duten nerabeei zuzendua dago, jantoki terapeutiko bat eskainiz. Bi ekintzetan parte hartuko duten nerabeak hamalau eta hamazazpi urte bitartekoak izango dira. Bertan, osasun mentalean espezializaturiko erizain bat egongo da eta berarekin talde dinamikak eramango dituzte aurrera gazteek. Gainera, psikiatra bat egongo da arreta pertsonalizatua eskaintzeko. Behar izanez gero, psikologo kliniko batek balorazio psikologikoak egingo ditu.
Zer ekarpen egiten dio horrek guztiak Galdakaori eta eskualdeari?
Horrelako zerbitzuak zabalduz inguruko jendearentzat eskuragarri jartzen ditugu. Hau garrantzitsua da oso, osasun zerbitzuak duen kalitatearen adierazle bat baita. Horrela, kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea lortzen dugu pazienteek haien eremu naturaletik aldendu beharrik izan gabe. Orain arte eguneko ospitaleak Bilbon zeuden kokatuta. Gerturatze honek denbora aurrezte bat dakar inguruko gazteentzat. Gainera, bi zerbitzu berri hauetan oso harreman estua izango dugu Galdakaoko, hau da, barrualdeko, ume eta nerabeen osasun mentaleko zentroarekin. Lan koordinatua egingo dugu haiekin populazio berdinari artatze psikiatrikoa bi unitate ezberdinetan eman ahal izateko.
Eguneko ospitaleen helburua ospitalizazioak ekiditea da. Gaixoei, familiei eta baita guri ere interesatzen zaigu, hauek ekidite aldera, anbulatorioan eskaini ezin daitezkeen zerbitzuak gazteen bizitzaren testuinguruan eskaini ahal izatea; hau da, haien familia eta lagunetatik gertu. Horrekin lotura zuzena du zabaldu berri diren bi programa berriek goiza bitan banatzeak; horrela, nerabeek eskolara joaten jarraitu dezakete, bere aurreko bizitzarekin harremana galdu ez dezaten. Hala ere, egia da eskola ordu batzuk galduko dituztela.
Zergatik da garrantzitsua horrelako zerbitzuak eskaintzea?
Duela urte batzuetatik hona, gure eskualdeko nerabeen osasun mentaleko zentroetan, pazienteen etengabeko igoera bat ikusi da. Koronabirusak eragindako pandemiaren ostean, igoera hau askoz ere nabariagoa izan da. Hortaz, osasun mentaleko beharrizanak nerabeen artean asko igo dira, eta datuek aurretik genuen sentsazioa baieztatu baino ez dute egiten. Basurtoko ospitalizazio unitatean, esaterako, %50 inguru igo dira ospitaleratzeak.
Galdakao-Usansolo ospitaleari dagokionez, 2020. urte osoan zehar 90 nerabe izan genituen ospitaleratuta larrialdietako zerbitzuetan. 2021eko uztailera arte, berriz, 120 gazte igaro ziren larrialdietako zerbitzuetatik osasun mentalarekin loturiko gaixotasunengatik. Kasu gehienek harremana zuten nork bere burua zauritzearekin edo beren buruaz beste egiteko jokabideekin.
Zer dago kasuen igoera honen atzean?
Badirudi covid-19aren ondoriozko isolamenduak eragina izan dezakeela. Izan ere, nerabezaroan ditugun erreferenteak gure lagunak dira. Pandemia dela-eta, erreferente horiek galdu egin dira; lehenik, 2020ko martxoan eta apirilean bizitako isolamendu drastikoagatik, eta bigarrenik, horren ostean bizi izan den pertsonen arteko nolabaiteko urruntzeagatik. Honek, erreferente batzuk galtzea eragin du, eta dirudienez, dauden beste erreferenteak, familiakoak edo hezkuntzakoak esaterako, ez dira nahikoak.
Ikusi da covid-19aren aurretik eskariaren igoera egon bazegoen arren, koronabirusarekin sendotu dela; eta berarekin batera, honi aurre egiteko beharra. Beraz, 2021eko ekainean Osasun Mentaleko Aholku Batzordeak erabaki zuen kasuen igoera honi erantzun bat jarri behar zitzaiola. Erantzun horien artean hemen eguneko ospitale hauek martxan jartzea dago.
Estigmatizazioa dagoela uste duzu?
Agian beste espezialitate batzuetako medikuei berdina gertatzen zaie, baina psikiatrian ohikoa da pazienteek justifikantea behar dutenean psikiatrarengana joan direla ez agertzeko eskatzea. Ez delako berdina norbaiti azaltzea femurra apurtuta duzula edo deprimituta zaudela. Gaixotasun psikiatrikoek oraindik lotsa eragiten dute pazienteengan, besteek esango dutenaren beldur dira. Hala ere, nire ustez, gazteak beldur eta estigma horiek apurtzen ari dira. Baina, oraindik asko dago egiteke.
Geroz eta kasu gehiago daude edo gizarte bezala horren inguruan gehiago hitz egiten dugu?
Ezin dut erantzun zehatz bat eman, eta esango nuke inork ez duela erantzun hori. Egia da, nolabait estigmatizazioari aurre egiten ari garela gizarte bezala, batez ere gazteen aldetik. Uste dut horrek laguntzen diola jendeari osasun mentaleko zerbitzu batera joateko hautua erraztasun handiagoz egiten, laguntza eskatzeko lotsa galdu baita. Hala ere, izan daiteke baita ere gizarteko aldaketek patologia handiagoak ekarri izana. Ez nago ziur zein den benetako arrazoia, agian bien konbinazio bat izango da.
Nolakoak gara Hego Uriben osasun mentalarekin loturiko gaien aurrean?
Nire sentsazio klinikoa da hemengo familiek gehiago eusten dutela. Beste leku batzuetan psikiatrarengana lehenago joateko ohitura dago; hemen, aldiz, familiaren eta inguruaren zaintzari eta sostenguari esker gehiago irauten dute pazienteek ospitalera etorri aurretik. Jarrera horrek, alde txarrak izan ditzakeen arren, nik esango nuke alde on gehiago dituela txarrak baino.
Eta nola egiten zaio aurre estigmatizazioari?
Nire ustez osasun mentalaren inguruan gehiago hitz egin beharko litzateke, eta gizartea hezi. Zentzu horretan, uste dut hezkuntzan gero eta gehiago hitz egiten dela emozioen inguruan eta hauen kudeaketaren inguruan. Ez dakit hezkuntza-kurrikulumaren barruan dagoen, baina ikus daiteke eskoletan jorratzen den zerbait dela. Lehen ez ziren horrelako gaiak jorratzen, eta aurrera pauso argia dago hor. Txikitatik lantzea garrantzitsua da oso, estigmak barneratuta ditugun zerbait direlako. Gaixotasun mentalekiko lotsa, txikitatik konturatu gabe hartzen den zerbait da eta uste dut hauen inguruan eskoletan hitz egiteak asko lagundu dezakeela.
Horri gehitu behar zaio hedabideetan osasun mentalaren inguruan gero eta normaltasun handiagoz hitz egiten dela. Baina erabiltzen den hizkuntzak badu bere mamia estigmatizazioari dagokionez. Esaterako, pertsona famatu batek publikoki gaixotasun mental bat duela esaten duenean, “aitortu” hitza erabiltzen da. Hau osasun mentalarekin lotura duten patologiekin gertatzen da soilik, norbaitek hanka bat apurtzen duenean ez baita “aitortu” bezalako terminologiarik erabiltzen. Imajinatzen dut gaia naturalizatuz joan ahala hizkuntza hau alde batera utziko dela.
Osasun mentalaren sarea gainezka dagoela salatu da behin baino gehiagotan. Honek eragina du pazienteen tratamenduan?
Gainezka dagoen edozein zerbitzutan gertatzen den moduan, kalitateak behera egiten du. Ditugun baliabideekin ahalik eta zerbitzurik hoberena eskaintzen saiatzen gara. Hala ere, esango nuke hau ez dela soilik osasun mentalaren sarean gertatzen; azkenean koronabirusak eragina izan du espezialitate guztietan. Duela urte eta erditik hona zenbait hilabetez zentroak kolapsaturik izan ditugu, hortaz, covid-19arekin loturarik ez duten patologiak ahal dugun moduan artatzen ari gara. Hala ere, nik ez nuke esango zerbitzua txarra denik, beti gaude gainezka. Lege proposamen berriek psikologo eta psikiatren ratioa handitzea dute helburu, baina arazo batekin egin dute topo: momentu honetan ez dago psikologo kliniko edo psikiatrarik lanean ari ez denik. Proposamena ona da baina ez dago profesionalik postu berri horietarako.
Osasun mentalean lan egiten dugunok baina, eguneroko ezinegon asko gure gizartean psikiatrizatu egiten diren sentsazioa daukagu. Hortaz, uste dut filtro hobe bat jarri beharko litzatekeela, egunean eguneko ezinegonak testuinguru naturalean konponduz eta osasun mentalaren sarea benetako gaixotasun mentalak dituztenentzat utziz.
Psikologoarengana joateko orduan jende askok osasun pribatuaren aldeko hautua egiten du itxaron beharreko denboragatik. Horrek ez du gizartearen zati bat kanpoan uzten?
Gai horri dagokionez nik bi gauza ikusten ditut. Alde batetik, seguru asko osasun publikoaren sarean psikologo gutxi daude, eta psikiatrok ere eskertuko genuke kopurua handituko balitz, patologia batzuen deribaziorako nahitaezkoak baitira. Bestetik, berriz eguneroko arazoen psikiatrizazioa edo psikologizazioa daukagu. Planteatu beharko genieke geure buruei ea psikologo pribatu batengana joateko hautua egiten duen pertsona orok benetan tratamendu psikologiko baten beharra duen Osakidetzaren eskutik. Eguneroko arazoen inguruan hitz egin nahi duen edonork ez dakit zerbitzu hori Osakidetzaren eskutik jaso behar duen.
Seguru asko bi gauzen arteko erdibide bat bilatu beharko litzateke inor kanpoan gera ez dadin. Baina, egia da Osakidetzan psikologo bezala lan egiteko psikologo klinikoa izan behar duzula eta formakuntza horrekin jende gutxi dagoela.
Gaixotasun mentalei garaiz zaintzarik ez emateak kronifikazioa ekar dezake?
Patologiaren araberako zerbait da hori. Badakigu, esaterako, lehenengo agerraldi psikotiko baten ondoren zenbat eta gehiago itxaron psikiatrarengana joateko, pronostikoa orduan eta larriagoa izango dela. Hau da, sintoma jakin batzuekin denbora luzez egoteak pronostikoa okertzen du.
Kaleko jendeak informazio gehiago edukiko balu, familientzat errazagoa izango litzateke lehenengo sintomak detektatzea. Ezagutza orokortu batek lagunduko liguke jokaera aldaketa ezberdinen aurrean erne egoten. Askotan ez dira sintomak identifikatzen; jakin badakigu ezohiko zerbait gertatzen zaiela, baina ez dugu gaixotasun mental batekin lotzen. Hasierako momentu horretan hartuz gero, patologia asko lehen mailako arretan trata daitezke.
Zeintzuk dira gazteen osasun mentalean eragiten duten faktoreak?
Gero eta pisu handiagoa du toxikoen kontsumoak. Izan ere, garuna garatzen ari da 21 urte bete arte, eta edozein toxikok eragin negatiboa izan dezake garapen horretan. Hemengo gazteak arin hasten dira toxikoak kontsumitzen, izan alkohola izan kalamua. Azken honek patologia psikotikoen agerpenarekin lotura zuzena duela ikusi izan da. Izan ere, toxiko hauek kontsumitzean oso malgua den organo bati behar ez dituen estimuluak ematen gabiltza.
Hala ere, toxikoen kontsumo honen atzean beste arrazoi batzuk egon daitezke. Horregatik, askotan patologia dualen inguruan mintzo gara horrelako kasuen aurrean gaudenean. Izan ere, hainbat kasutan sintomatologia depresiboa, edozein motatako arazoak edo gaitasun sozial eza egon daitezke. Beste batzuetan, bestalde, mimetizatzea da kontsumo horren helburua, inguruan erreferente direnekin bat egiteko; gure gizartean kalamua bezalako drogen erabilera oso zabaldurik baitago.
Inoiz gaixotasun mentalik pairatu ez duen norbaiti nola azalduko zenioke zer den bat izatea?
Hasteko, hamaika gaixotasun mental daudenez hamaika era daude hauek pairatzeko. Depresioa, esaterako, neurriz kanpoko tristura da, askotan arrazoi jakinik gabe. Honek, askotan, egunerokotasuna era normal batean bizitzea eragozten du. Psikosiak, bestetik, errealitatetik at egotea eragiten du; hau da, inguruan ez dauden gauzak entzun, ikusi eta interpretatzen ditu psikosia pairatzen duenak. Nahasmendu bipolarrei dagokienez, animo aldaketa oso bortitzak eragiten dituzte.
Gaixotasun guztiak orokortze aldera, esango nuke bat pairatzen duenak bere burua ez duela ondo identifikatzen. Hau da, pairatu aurretik hautematen zuenaren zerbait ezberdina nabaritzen duela, aurretik zuen portaerarekin alderatuta ezberdina den beste bat du.
Eguneko ospitaleko zerbitzu berri hauek eskualdean arazo hauek murriztea ekar lezakete?
Nik baietz esango nuke. Ez dakit kronifikatzeak ekiditeko balioko duen, baina bai erantzun intentsibo eta arinago bat emateko. Eguneko ospitaleari dagokionez, gure ideia egonaldiak oso luzeak ez izatea da, hiru hilabetekoak asko jota. Horrek txandakatzea areagotuko du, ahal bezain jende gehienari artatze intentsiboa eskaini ahal izateko.
☉ Galdakao
Perejilek Folklore Taldea eratu dute Galdakaon eta gaur kalejira egingo dute herrian zehar
Taberna ibiltari antzeko bat egingo dute. Euskarazko abesti ezagunak abestuko dituzte, baita gaztelerazko batzuk ere

Perejilek Folklore Taldea sortu dute Galdakaon eta gaur kalejira egingo dute herriko tabernetatik.
Kalejira 17:30ean hasiko dute On Kafen, eta arratsaldea (hiru orduz) emango dute kantuan eta jai giroan.
Gildatxo, Muguru, Baserri, Alai, Sorgiñe, Ganguren, Zurrut, Ganbara eta Herriko Benta tabernetatik ere igaroko dira.
“Euskaldunen abestiak ditugu errepertorioan: Lau teilatu, Oihanian, Baratze bat… Badugu gaztelaniaz den baten bat edo Euskal Herritik kanpo sortua izan arren, bertakoek maitekiro hartu dutena”, esan diote GEURIAri.
☉ Galdakao
Bideoa | Olentzerorekin, Mari Domingirekin eta Galtzagorriekin topo egin dugu Galdakaon!

Olentzero, Mari Domingi eta Galtzagorriekin topo egin dugu gaur Galdakaon!! Entzun GEURIAko ikus-entzuleei helarazi dieten mezua!
☉ Galdakao
Gazteei arreta psikologikoa eta afektibo sexuala eskainiko die Udalak Whatsapp bidez
Profesional kualifikatuek artatuko dituzte gazteak. “Zerbitzu berri hau aholkularitza, arreta eta laguntza psikologikoa eskaintzen duen espazio segurua izango da”, diote udal ordezkariek

Batera proiektuaren barruan gazteentzako zerbitzu berria martxan jarri du Galdakaoko Udalak: arreta psikologikorako eta afektibo sexualerako Whatsapp bidezko zerbitzua, hain zuzen.
Zerbitzua 12 urtetik gorako Galdakaoko gazteei dago zuzenduta eta helburu nagusia da laguntza emozionala eskaintzea.
Horretarako profesional kualifikatuek artatuko dituzte gazteak, “arreta konfidentziala eta kalitatezkoa eskainiko diena”, diote udal ordezkariek.
“Entzute erreala eta pertsonala bermatuko da horrela, adimen artifizialeko aplikazioek ematen dituzten erantzun automatikoetatik urrun. Beraz, harremanen eta emozioen inguruan dituzten kezkei ohikoa eta gertukoa zaien baliabidearen bitartez erantzungo zaie gazteei, baina modu profesional eta seguru batean. Gazteengandik hurbil egotea eta behar duten akonpainamendua egitea da helburua”, diote.
“Espazio segurua”
Profesional espezializatuek gazteei osasun psikologikoarekin eta harreman pertsonalekin lotuta dituzten kezka eta zailtasunetan entzun, ulertu eta euren bideetan lagunduko diete.
“Zerbitzu berri hau aholkularitza, arreta eta laguntza psikologikoa eskaintzen duen espazio segurua izango da”, diote.
Besteak beste, norbere buruaren zainketa eta autoestimua, estresaren eta bakardadearen kudeaketa, bikote harreman gatazkatsuetatik ateratzeko edo horiek konpontzeko laguntza, kontsumo eta adikzio egoerak lantzea, edota indarkeriak detektatzea dira landuko dituzten gaiak.
“Eta hori dena, arreta hurbil, konfidentzial eta pertsona bakoitzaren errealitate eta beharretara egokitutik abiatuta”, diote.
Zerbitzu hau erabili nahi duten gazteek informazioa eskatu dezakete 747 480 472 telefono zenbakira deituta, batera@galdakao.eus helbidera idatzita, edo aurrez aurre Torrezabal Kultur Etxean.
☉ Galdakao
Miren Arzalluz galdakoztarrak Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina jasoko du

Espainiako Kultura Ministerioak atzo iragarri zuen nortzuek jasoko duten 2025eko Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina.
Eta, saria jasoko duten kulturaren munduko 35 izenen artean da Miren Arzalluz Loroño galdakoztarra.
Ernest Urtasun Kultura ministroak proposatuta Arzalluz sarituko dute eta arrazoi hauek eman dituzte: “Bere ibilbideak ikerketa, kontserbazioa, dibulgazioa eta lidergoa uztartzen ditu, ekosistema kulturalari ikuspegi berriak emanez, tradizioa, berrikuntza eta proiekzio globala lotuz, eta artearen, modaren eta gizartearen arteko lotura indartuz”.
Artearen historialaria eta modan espezializatutako kultur kudeatzailea da Arzalluz eta iazko azaroan Bilboko Guggenheim museoko zuzendari izendatu zuten.
Aurretik, ordea, ibilbide luzea izan du: Cristobal Balenciaga Fundazioan hasi zuen bere ibilbidea; 2018an, Palais Galliera – Parisko Modaren Museoaren zuzendaritza hartu zuen, eta erakunde horren buru izan zen kudeatzaile ez-frantziar bakarrenetako bat izan zen.
Hainbat errekonozimendu jaso ditu, hala nola, Frantziako Arteen eta Letren Ordenako Zaldun saria, Felicidad Duce saria eta Cooper Hewitt Smithsonian Design Museum-eko National Design Awards sarietako epaimahaikide izan da.
Arzalluzez gain, Agustin Ibarrola artista basauriarrak ere jaso zuen Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina, 1993an. GEURIAk Ibarrolarekin luze eta zabal berba egin zuen 2015ean egindako elkarrizketan bere bizitzaren errepasoa eginez.
☉ Galdakao
Bideoa | Aurten urteurrena bete duten zazpi elkarte aitortu ditu Galdakaoko Udalak
Aurten urteurren borobilak egin dituzte Ganguren Mendi Taldeak, Andra Mari Dantza Taldeak, Adiskide Pilota Elkarteak, Guzur Aretxa Kultur Elkarteak, Los Tonos Humanos Abesbatzak, Rigor Mortis Elkarteak eta Da Capo Musika Bandak. Denei oroigarria eman die Udalak

Ganguren Mendi Taldea, Andra Mari Dantza Taldea, Adiskide Pilota Elkartea, Guzur Aretxa Kultur Elkartea, Los Tonos Humanos Abesbatza, Rigor Mortis Rol eta Simulazio Elkartea eta Da Capo Musika Banda omendu ditu Galdakaoko Udalak.
Aurten urteurren borobilak egin dituzte: Gangurenek 80 urte, Andra Marik 70, Adiskidek 50, Guzur Aretxak eta Los Tonos Humanosek 40 urte, Rigor Mortisek 30 eta Da Capok 10.
Eta herriko zazpi elkarte horiei aitortza egiteko ekitaldia antolatu zuen atzo Udalak Torrezabalen.
“Elkarte horien konpromisoa, dedikazioa eta ekarpen soziala eta kulturala balioan jarri nahi izan ditugu”, esan zuen Eguzkiñe Gezuraga Udaleko Giza Baliabideetako zinegotziak. Berak gidatu zuen ekitaldia.

Ezkerretik eskumara: Xabier Zabalo (Guzur Aretxa), Belen Madariaga (Los Tonos Humanos Abesbatza), Edu Olea (Ganguren Mendi Taldea), Iñigo Hernando alkatea, Amaia Souto (Da Capo), Alazne Solinis (Rigor Mortis), Gaizka Uriarte (Adiskide) eta Unai Zabala (Andra Mari) // Geuria
Udalak oroigarria eman zien zazpi elkarteetako ordezkariei: Eider Eibar herriko ilustratzaileak eta Asier Martin bertsolari galdakoztarrak elkarte bakoitzarentzat marrazki eta bertso pertsonalizatuekin egindako koadroak, hain zuzen.
Edu Oleak (Ganguren), Unai Zabalak (Andra Mari), Gaizka Uriartek (Adiskide), Xabier Zabalok (Guzur Aretxa), Belen Madariagak (Los Tonos Humanos Abesbatza), Alazne Solinisek (Rigor Mortis) eta Amaia Soutok (Da Capo) jaos zuten oroigarria.
Iñigo Hernando alkateak elkarte bakoitzari bere urteurreneko zenbakia duen margolana eman zion opari gisa, Asier Martin bertsolariak elkarte bakoitzerako prestatu dituen bertsoak abestu zituen bitartean. Ekitaldiaren amaieran, gainera, alkateak ere bertsoa bota zuen elkarteei eskerrak emateko.







