Sareak

☉ Hego Uribe

Hego Uribe eskualdeko lau udalerrik Kirolur erronkan parte hartuko dute

Arrigorriagak, Basaurik, Etxebarrik eta Usansolok osatuko dituzte euren taldeak, eta Wellk app-ren bidez, herritarrek oinez, korrika edo bizikletan ahalik eta kilometro gehien egin beharko dituzte

|

Erronka urtean zehar hiru alditan burutuko da: udaberrian, udan eta udazkenean // Geuria

Bizkaiko Foru Aldundiak Kirolur erronka jarri du abian, lurraldeko udalerrien arteko kirol-liga.

Erronkaren helburua da udalerri bakoitzak talde birtual bat osatzea Wellk mugikorrentzako aplikazioan (Aritz Guinea galdakoztarra app-aren garapeneko arduraduna da) eta udalerri bakoitzean izena emango duten erabiltzaileen artean ahalik eta kilometro gehien egitea oinez, korrika edo bizikletan.

Dagoeneko Bizkaiko 39 udalerrik eman dute izena kirol-erronkan, tartean, Hego Uribeko lauk: Arrigorriagak, Basaurik, Etxebarrik eta Usansolok. Hala ere, oraindik Udalerri gehiagok izena emateko epea zabalik dagoela gogorarazi du Leixuri Agirrezabala kirol diputatuak.

Erronka urtean zehar hiru alditan burutuko da: lehena, apirilaren 15etik maiatzaren 17ra; bigarrena, ekainaren 15etik uztailaren 15era; eta hirugarrena, irailaren 23tik urriaren 23ra.

Udaberriko, udako eta udazkeneko aldi horietan erregistratutako kilometro bakoitza puntu bihurtuko da, egindako jarduera motaren araberako balorazio doituarekin.

Udalerriak inskribatu ondoren parte-hartzaileak izango dira inskribatu eta Wellk app-a deskargatu beharko dutenak, haien kilometro aktiboak zenbatu eta udalerrirako puntuak batu ahal izateko.

Datozen egunetan Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zerbitzua udalerri bakoitzarekin harremanetan jarriko da banakako bilera bat hitzartzeko. Bilera horretan zehatz-mehatz azalduko dute ekimenaren funtzionamendua eta sarien sistema, zalantzak argituko dituzte eta era egokian hedatzeko beharrezkoak diren komunikazio-materialak emango dituzte.

☉ Hego Uribe

Etxebarriko eta Ugaoko udalek Ertzaintzaren esku utziko dute atxilotuen jatorria publikatzea

Etxebarrin eta Ugaon ez daukate ziegarik eta diligentziak Ertzaintzak egiten ditu bi udalerrietan

|

Ugaoko Udaltzaingoaren autoa // Geuria, artxiboa

Ertzaintzak delitugileen jatorria jakinarazteko erabakiak polemika piztu du gizartean.

Iazko urrian erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atxilotuen jatorriaren berri ematea.

Irizpide hori, ordea, ez dute udal guztiek beteko: batzuek informazio hori publikatuko dute eta beste batzuek ez.

Esate baterako, Hego Uribe eskualdean, Basauriko Udalak esan du jatorria emango duela eta Galdakaok eta Arrigorriagak, aldiz, kontrako erabakia hartu dute: ez publikatzea.

Etxebarri eta Ugaoko udalei dagokienez, adierazi dute Ertzaintzaren esku utziko dutela atxilotuen jatorria publikatzea edo ez.

Ez Etxebarrin ez Ugaon ez dago ziegarik eta diligentziak Ertzaintzak egiten ditu bi kasuetan.

“Etxebarrin ez dugu inoiz horren berririk eman. Batez ere guk ez dugulako jendea atxilotzen. Hori egin behar denean Ertzaintza deitu eta eurek egiten dute. Beraz, gure datuak Ertzaintzaren datuen barruan egongo liratezke”, adierazi dio Iker Lopez alkateak GEURIAri.

Ugaon “atxiloketa gutxi” daudela eta zuzenean Ertzaintzara deitzen dutela zehaztu dute. “Orain arte ez da Udaltzaingotik daturik eman. Eta printzipioz ez da ezer aldatuko, egoera berdin mantenduko da Udaltzaingoari dagokionez behintzat. Ertzaintzaren esku uzten dira datuak eta hauek erabakiko dute argitaratu ala ez”, argitu dute Ugaoko udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Trenbidera jausitako zuhaitz batek 30 minutuko atzerapenak eragin ditu Hego Uribeko Renfeko C3 linean

Ezbeharrak atzerapenak sortu ditu distantzia luzeko trenetako joan-etorrietan eta baita C3 lineako aldirietan, oro har

|

Bidaiariak Arrigorriagako tren geltokiko nasan // Geuria

Haizearen ondorioz, zuhaitz bat trenbidera erori da Ugao eta Laudio artean gaur arratsaldean.

Ondorioz, gutxienez 30 minutuko atzerapenak eragin ditu tren zerbitzuan: bai distantzia luzeko joan-etorrietan eta baita Hego Uribe eskualdetik igaro den C3 linean.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hezur muina ematea ikusarazteko mezua Andaluzian zabaldu dute Ugaoko eta Basauriko txirrindulariek

Arkaitz eta Beñat Santamaria ugaotarrek eta Jose Manuel Rodrigo basauriarrak Leyenda de Tartessos lasterketa gogorrean hartu dute parte, Huelvan

|

Beñat eta Arkaitz Santamaria La Leyenda de Tartessos amaitu ostean, lasterketako antolatzailearekin // Argazkia: La Leyenda de Tartessos

Arkaitz eta Beñat Santamaria anai ugaotarrak, Jose Manuel Rodrigo basauriarrak eta Joseba Urrutikoetxea arrigorriagak pedalkadak ematen jarraitzen dute hezur muina ematearen garrantziaz ohartarazteko.

‘Eman hezur-muina, eman bizitza’ lemarekin txirrindulari taldea sortu dute eskualdeko lau herritar horiek, eta iazko urrian Almeriako Titan Desert proban parte hartu ostean, duela egun gutxi Leyenda de Tartessos lasterketa egin dute Santamaria anaiek eta Rodrigo basauriarrak
Rafa Yurrebaso galdakoztarrak ere egin zuen lasterketa—.

“Proba oso gogorra izan da, gainera, Andaluzian izan diren ekaitzek are gogorrago egin dute”, diote. Hala ere, pozik daude hezur muina ematearen garrantzia ikusarazi dutelako beste behin ere.

Taldearentzat urteko lehen proba izan da Tartessosekoa, baina ez da bakarra izango: hurrengo erronka Leongo Itzulia BTT izango da, maiatzean. Bertan, laurek hartuko dute parte.

Jose Manuel Rodrigo basauriarra eta Rafa Yurrebaso galdakoztarra, lasterketa amaitu ostean // Argazkia: La Leyenda de Tartessos
Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Arratiako Korua Usansolotik eta Galdakaotik igaroko da Santa Ageda bezperan

Usansolon goizean izango da Arratiako Korua eta Galdakaon arratsaldean. Ordutegi zehatza jaso dugu albistean

|

Garazi Navas usansolotarra Arratiako Koruko zuzendaria da // Geuria

Santa Ageda bezpera izango da bihar, otsailak 4. Eta tradizioa jarraituta, Hego Uribe eskualdean hainbat eta hainbat talde kalera aterako dira koplak abestera.

Era berean, Arratiako Koruaren bisita ere izango dugu eskualdean: Usansolon eta Galdakaon geldialdiak egingo ditu.

Goizeko 08:25ean hasiko du kalejira Koruak Zeanurin eta Arantzazutik, Igorretik, Dimatik, Lemoatik eta Bediatik igaro ostean, Usansolon egingo du geldialdia 10:15ean [2024an Usansolon harrapatu zuen GEURIAk Korua].

Ondoren, Zornotzara joango dira eta handik Bilbora. Bizkaiko hiriburuan 11:30etik 20:00ak arte egongo da Arratiako Korua leku batetik bestera.

Eta, etxerako bidean, 20:40ean eguneko azken geldialdia egingo dute Galdakaon. Iaz Iturrondo plazan ikusi ahal izan genituen [ikusi bideoa].

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Metroaren 5. Lineako tunel osoaren % 20 hondeatu du dagoeneko ETSk

Sarratu eta Usansoloko ospitalaren arteko iIbilbide osoko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro hondeatu ditu Eusko Jaurlaritzak

|

Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Metroaren 5. Lineako obrak bisitatu dituzte // Argazkia: Irekia

Metroaren 5. Lineako obrek aurrera darraite. Sarratu eta Galdakao-Usansolo ospitalea lotuko ditu eta guztira 6,3 kilometroko ibilbidea izango du geltoki hauekin: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea.

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa ari da obrak egiten, eta adierazi dutenez, lineako tunel osoaren % 20 hondeatu dute dagoeneko: “Ibilbideko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro guztira”, diote.

Iazko apirilean aurreikusi zutenez, tunelak 2028ko azarorako bukatuko dituzte, eta erabiltzaileek 2029ra arte edo 2030era arte ezin izango dute metroa erabili (Galdakaoraino).

Gaur egun, ETS Ibaizabal ibaiaren azpian ari da hondeaketa-lanak egiten Usansolon, ospitalearen eta herriaren arteko bidearen erdian.

“Gainera, haren ondoan ari da eraikitzen etorkizuneko geltokirako bi sarbideetatik bat. Puntu horretan ahokadura hondeatu da eraso-arrapalaren hasierako kotaraino. Ondorengo hondeaketa-lanak marruskatzeko makinarekin egingo dira. Beste sarbidea ospitalean bertan egongo da”, esan dute.

Sarratu-Aperribai tartea

Sarratu-Aperribai arteko tartean (1.540 metroko ibilbidea) ere esku hartzen ari da ETS, eta hiru puntutan ari dira lanak egiten: Larrazabalen, Sarratun eta Aperribain.

“Larrazabal inguruan errepide berria martxan jarri da eta Larrazabal kale zaharreko egiturak eraisteko lanak hasi dira”, diote.

Gainera, gas linea desbideratu dute Larrazabalen: “Gasa kentzeari esker, merkantzien linearen behin-behineko trenbidea desbideratzen hasi ahal izan da, eta, lehen fasean, gaur egun Arcelor-Mittal lantegiari zerbitzua ematen dion trenbidearekin lotuko da. Horrez gain, merkantzien sarea Arcelor-Mittal lantegiarekin lotuko den etorkizuneko trenbidean ari dira lanak egiten. Lantegi hori Basconia lantegi zaharraren inguruan dago. Aurtengo maiatzean irekitzea aurreikusten den lantegirako trenbideko sarbide berria eraikitzeko lanak ere egiten ari dira”, esan dute.

Bestetik, Sarratu inguruan hasi dituzte Matxitxakoko zubia eraisteko lanak, bertan geltoki berria eraiki ahal izateko. Lan horiek bi urtez luzatuko dira eta Basauriko Udalak inguruko trafikoa berrantolatu behar izan du.

Eta, Aperribain auzorako beste sarbide bat jarri dute martxan: “Horrek obrarako sarbideak independizatzea eta bertan bizi direnei eragindako eragozpenak murriztea ahalbidetuko du”, diote.

Aperribai-Galdakao tartea

Aperribai-Galdakao tartean (2,8 kilometro luze) Bengoetxeko eta Galdakaoko geltokiak eraiki behar ditu ETSk. Eta bitartean, larrialdiko aireztapen-galeriak egin dituzte Olabarrietan eta Abusun.

“Olabarrietan, 126 metro luzeran, hondeaketa- eta euste-lanak erabat amaituta daude. Halaber, fronte horretatik lineako tunelaren 2.800 metroetatik 287 metroko hondeaketan eta euste-lanetan aurrera egin da”, esan dute.

Abusuko galeriari dagokionez, 325 metroko hondeaketa- eta euste-lanak egin dituzte, hau da, galeria osatzen duten 355 metro guztien % 92 inguru.

“Azkenik, Bengoetxeko geltokian osorik kendu da landare-lurrezko geruza. Orain arte, 46.460 metro kubiko hondeatu dira, hau da, % 57ko aurrerapena. Ostalaritza-guneari dagokion euste-pantaila ere egin da, beste aurrerapen batzuen artean”, diote.

Sailburuaren eta Ahaldun Nagusiaren bisita

Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak gaur goizean bisitatu dituzte Metroaren 5. Lineako obrak.

“Lurraldea kohesionatzen duen proiektua da, eta bere eragin-eremuan bizi edo lan egiten duten pertsona guztiak metro-sisteman sartzen ditu, 7,5 minutuz behingo maiztasunarekin. Tamaina horretako proiektuei kosta egiten zaie erritmoa hartzea, baina egiten dutenean, duela minutu batzuk egiaztatu ahal izan dugun bezala, obren aurrerapena geldiezina da”, adierazi du Garcia Chueca sailburuak.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, bere aldetik, hau nabarmendu du: “Dakizuen bezala, proiektuaren erdia finantzatzen duen Aldundi honek (guztira 407 milioi euro) metroa luzatzea lehentasuna zela esan zuen bere garaian, trenean oinarritutako mugikortasun jasangarriagoa gura dugulako, pertsonak batuko dituen eta haientzat aukera berriak sortuko dituen mugikortasuna, hain zuzen ere. Duela 30 urte Metroak Bizkaia aldatu zuen. Orain, 5. linea berriak metroak irabazten jarraitzen du, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Eta eskualde hauen konektibitatea nabarmen hobetuta egingo du, ospitalearen ingurutik metroaren maiztasunak izango dituztelako. Hau da, 200.000 bizkaitar inguruk mugitzeko aukera gehiago izango dituzte, ibilbideak hobeto konektatuta egongo direlako”.

Osorik irakurri