Sareak

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko langabezia tasak 45 urtetik gorako emakumeei eragiten die bereziki

Hego Uribeko langabezia datuek hainbat irakurketa uzten dituzte, eta horien artean bi nabarmendu daitezke; zerbitzuen sektoreak industriaren aldean hartu duen pisua, eta 45 urtetik gorako emakumeengan langabeziak gogor astintzen duela

|

Hego Uribe eskualdeko langabezia-tasaren bilakaera 2015eko urtarriletik 2024ko abendura bitartean // Geuria

2023an GEURIAri emandako elkarrizketa batean, Xabier Aierdi Urraza soziologo zeberioztarrak zera zioen Hego Uribeko eskualdeaz eta bere lan esparruaz: “Eskualdeko industria berria zaintza da gaur egun, feminizazioaren ondorioz”.

Immigrazioa zen elkarrizketa horren gai nagusia, baina titular horretan Hego Uriben eta baita Bizkaiko beste hainbat eskualdetan eman den fenomeno baten berri ematen digu, hamarkadak joan eta hamarkadak etorri gero eta nabariagoa dena: industriaren eta metalurgiaren garrantziaren apaltzea, zerbitzuen mesedetan.

Zentzu horretan, Hego Uribeko herrien egoera bere horretan alderatzeak ez dauka zentzu handirik, Basauriren eta Zaratamoren errealitatea, kasurako, oso ezberdina delako. Hala ere, eta bata eskualdeko herririk handiena den heinean, industria eta fabrika nagusiak biltzen dituena, gainera, bertan edo Galdakaon gertatzen denak eragin zuzena izango du inguruko herrietako langabezia tasan.

Egia da baita, orain dela mende erdiko errealitatearekin alderatuta, mugikortasuna askoz handiagoa dela egun, azpiegituren eta garrai publikoaren hobetzearen ondorioz, eta horren ondorioz etxetik urrunago lan egitea ohikoa bilakatu da langile askorentzat.

Langabezia datuen azterketa

Eskualdeko langabezia-tasak aldakorrak izan dira azken urteetan, eta udalerri bakoitzak bere berezitasunak ditu. Hala ere, badago azpimarragarria den datu bat, herri handi guztietan errepikatzen dena: sektoreka aztertuz gero, zerbitzuen sektorean ematen da langabezia tasa altuena.

Ez hori bakarrik, 45 urtetik gorako emakumeen taldeak langabezia horren ehuneko esanguratsu bat pilatzen du. Basauriren kasuan, 2.384 langabeetatik, 1.619 zerbitzu sektorekoak dira, eta horien artean 787 45 urtetik gorako emakumeak.

Deigarriak dira baita Galdakaoren datuak, non 1.239 langabetuetatik 928 zerbitzuen sektorekoak dira, eta 417, aurrekoetan bezala, emakumea eta 45 urtetik gorakoa.

Arrigorriagan, kasurako, 620 langabetu zituen 2024ko bukaeran, horietatik 195 aipaturiko talde horretakoak, emakumenak eta 45 urtetik gorakoak.
Etxebarrin, 524 langabe, zerbitzuen sektorean 364, eta 45 urtetik gorako emakumeak 203. Ugaon, 203 langabe, zerbitzuen sektorean 143, 45 urtetik gorako emakumeak 66.

Bukatzeko, herri txikienetan ere datuak antzekoak dira, antzeko portzentaiekin: Zeberion 40 langabe, 23 zerbitzuen sektorean, 45 urtetik gorako emakumeak 14. Zaratamon, 85 langabe, 53 zerbitzuen sektorean, 45 urtetik gorako emakumeak 24.

Industria eta Zerbitzuen sektorea

Historikoki, Hego Uribe eskualdea industria-sektorearekin estu lotuta egon da, batez ere metalurgia eta manufaktura arloetan. Hala ere, desindustrializazio prozesuek eta globalizazioak sektore horien gainbehera ekarri dute, eta horrek eragin zuzena izan du enpleguan. Ondorioz, zerbitzuen sektoreak garrantzi handiagoa hartu du, merkataritza, ostalaritza eta bestelako zerbitzu profesionaletan oinarrituz.

Demografia eta enplegua

Eskualdeko biztanleriaren adin-piramideak ere eragina du enpleguaren bilakaeran. Adibidez, 2021ean Eustatek emandako datuen arabera, Hego Uribeko zazpi herrietan 20 urtetik beherakoek populazioaren % 17 baino ez dute osatzen, 20 eta 59 urte bitartekoek % 61, eta 60 urtetik gorakoek % 32.

Biztanleriaren zahartzeak lan-merkatuan parte hartzen duten pertsonen kopurua murriztu dezake, eta horrek eragina izan dezake langabezia-tasan. Herri txikienetan kezka handia izaten da populazioaren zahartzearena, ez bakarrik langabeziari begira, baizik eta herriaren beraren etorkizunari erreparatuz gero ere.

Erronkak eta aukerak

Hego Uribe eskualdeak hainbat erronka ditu etorkizunari begira. Lehenik eta behin, beharrezkoa da enplegu-politika aktiboak garatzea, langabeziari aurre egiteko eta lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten taldeei laguntzeko. Bigarrenik, prestakuntza eta hezkuntza programak indartu behar dira, batez ere gazteen artean, lan-merkatuaren eskakizun berrietara egokitzeko. Azkenik, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzea funtsezkoa izango da eskualdeko ekonomia dibertsifikatzeko eta enplegu-aukerak sortzeko.

Laburbilduz, Hego Uribe eskualdeak aldaketa sozioekonomiko garrantzitsuak bizi izan ditu azken hamarkadetan, eta horrek eragina izan du langabezia-tasetan. Hala ere, eskualdeak baditu baliabideak eta potentziala etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta enpleguaren arloan hobekuntzak lortzeko.

Zentzu horretan, funtsezkoa izango da jakitea eskualdearentzat berebiziko garrantzia duten azpiegiturekin zer gertatuko den, Mercabilbaon, kasurako, eta horiek alde egitekotan euren ordez jartzen denak enplegua sortu eta egonkortzeko aukera ematen duen.

☉ Hego Uribe

ZOZKETA / ‘Ezinbestekoak’ diren bi saskien zozketa, Errigora eta GEURIAren eskutik

Zozketa Geuriaren Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta parte-hartzaileek hiru pauso erraz bete beharko dituzte, komunitatea sortzeko eta Agerreko euskara pizteko.

|

Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egiten da / Geuria

Martxoaren 10etik 26ra luzatuko da Errigora auzolan-ariketa erraldoi honetan Agerreko —alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko— produktuen eskaintza. Horien balioaren % 25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Euskara hauspotzen duten eragileentzako ekarpena indarrak batuz egiten da ‘Eskutik eskura’ kanpainari esker, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaltzeko.

Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:

😍 @geuria.eus jarraitu
❤️ Like eman
💬 Zein lagunekin egingo zenuke otordutxo eder bat? 😉 Etiketatu.
🔴 Gorria edo 💚 Berdea? Elkarbanatu zure story-etan nahiago duzun saskiaren argazkia eta @geuria.eus aipatu. Horrrela jakingo dugu zein saski duzun gustukoen.

Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago urriaren 31ra arte (12:00). Datozen egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleak postean bertan etiketatuko ditugu. 48 orduren buruan irabazleren bat ez bada GEURIArekin harremanetan jarri, txandapasa egingo dugu eta zerrendako hurrengoari paso emango diogu.

Irabazleetako bat bazara, nola jarri GEURIArekin harremanetan? Instagram bidez mezu bat bidalita, info@geuria.eus helbide elektronikora idatzita edo 944 406 692 telefono zenbakira deituta.

Errigorak produktuak salgai ditu errigora.eus atari digitalaren bidez. Eskaera egin eta banaketa hurrengo asteetan izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzte erosleek. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. (+) ikurra duten guneetan, internet bidez erosi eta bertan jaso daiteke erosketa.

ARRIGORRIAGA
Arrigorriagako AEK

BASAURI
+Bolintxu AEK

GALDAKAO
+Eguzkibegi Ikastola

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa | Berbalagun egitasmoa martxan da Basaurin eta Galdakaon, nobedade askorekin

|

Martxan da Basaurin eta Galdakaon Berbalagun egitasmoa. Aurtengoa hamabosgarren edizioa da Basaurin eta hogaita batgarrena Galdakaon.

Programaren helburua da euskaldun berriei ikasitakoa praktikara eramateko zubi lana egitea eta euskaraz bizi nahi duten euskaldun osoei euren ingurua euskalduntzen laguntzea.

Hasierako asmoa zen taberna batean euskaraz berba egiteko taldeak sortzea, baina urtetik urtera hedatu egin da ekimena eta interes talde desberdinak eratu dituzte bai Basaurin bai Galdakaon. Hala nola, mendi taldea, jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera lantzeko taldea, Gurasolagun taldeak, musean aritzeko taldeak edota irakurketa taldea.

Eta, aurten, nobedade gehiago izango ditu egitasmoak: “Basaurin kakorratz taldea sortu da eta aurten gure erronka izango da gurasoberriak edo haur txikiak dituzten gurasoak elkartzea parke edo plaza batean euren artean harreman euskaldunak sortzeko; horri Parkelagun deitu diogu”, dio Ioritz Lopez de Alda Basauriko Berbalagun dinamizatzaileak.

Hego Uribeko Berbalagun egitasmoko arduradunak eta Basauriko eta Galdakaoko udal ordezkariak // Geuria

Txakurlagun taldeak ere eratu nahi dituzte Basaurin, baita Galdakaon ere. “Ikasturte honetako erronka da Txakurlagun taldeak sortzea; izan ere, eskualde honetan hainbat txakur daude eta jabeak askotan entzuten ditugu eurei euskaraz egiten”, esan du Asier Martin Galdakaoko Berbalagun arduradunak.

Eskualdeko ondarea ezagutzen

Eskualdeari begira ere talde berri bat martxan jarriko du Berbalagun egitasmoak: Euskal Herriko ondare kulturala ezagutzeko taldea, hain zuzen.

“Basauriko eta Galdakaoko kultur ondarea ezagutzea da asmoa. Hilean behin batuko gara, eta hasteko, azaroaren 8an Galdakaon izango dugu hitzordua. Elexalde auzoan elkartuko gara, Guzur Aretxaren ondoan, eta ibilalditxoa egingo dugu”, dio Martinek.

Abenduan Basauriko ondare kulturala ezagutuko dute: “Oraindik data zehazteke dago —abenduaren 13an edo 14an izan daiteke—, baita zein ibilbide egingo dugun ere”, adierazi du Lopez de Aldak.

“Eskualdeko ondare kulturala ezagutu nahi dugu, baina baita Bizkaikoa eta Euskal Herrikoa ere. Hirugarren hitzordurako Bermeora irteera antolatu nahi dugu. Aurrerago emango dugu informazio gehiago”, diote.

Izena ematea: doan!

Berbalagun taldeak martxan dauden arren, izena emateko epea ikasturte osoan zehar zabalik dagoela gogorarazi dute Berbalaguneko dinamizatzaileek.

Izena ematea doakoa dela azpimarratu dute, eta eskatzen den gauza bakarra euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko kapaz izatea dela.

Taldeetan eta ekintzetan izena emateko 607 146 855 telefonora deitu edo galdakao_berba@aek.eus (Galdakao) edo hegouribe@aek.eus (Basauri) helbide elektronikoetara idatz dezakete interesdunek.

Basauriko eta Galdakaoko Udalek, Udal euskaltegiek, AEK-k eta, Basauriko Hizkuntz Eskolak babesten dute Hego Uribeko Berbalagun programa.

Agenda | Hego Uribeko Berbalagun

2025 Urria-Abendua

Urriak 26, igandea | Basauri-Galdakao
Mendi irteera: Belatxikieta
09:00 Basauriko udaletxe pareko autobus geltokia

Urriak 30, osteguna | Basauri
Mintzodromoa
10:00 Solobarria plaza

Azaroak 4, asteartea | Galdakao
Berbalagun aurkezpen jaia
18:30 Ganguren taberna

Azaroak 8, larunbata | Galdakao
Ondare taldearen lehen txangoa: Elexalde
10:00 Elexaldeko Guzur Aretxa plaza

Azaroak 13, osteguna | Basauri
Berbalagun aurkezpen jaia
18:30 Bonboi taberna

Abenduak 4, osteguna | Galdakao
Mintzodromoa
10:30 Kurtzeko frontoia

Abenduak 12, ostirala | Basauri-Galdakao
Baskot Gaua
19:00 Bananas tabernatik

Abenduak 13 edo 14 | Basauri
Ondare taldearen bigarren txangoa: Elexalde

Abenduak 19, ostirala | Galdakao
Gurasolagun taldearen lehen hitzordua
17:15 Galdakaoko AEK Euskaltegian

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Palestinaren alde elkarretaratzeak deitu dituzte gaur Hego Uriben, lanuzte orokorrarekin bat eginez

Mobilizazio guztiak 19:30ean egingo dituzte. Arrigorriagan, Ugaon, Galdakaon, Etxebarrin eta Usansolon udaletxeen aurrean burrunbak antolatu dituzte

|

Gaur, urriak 15, Palestinaren aldeko elkarretaratzeak deitu dituzte Gernika-Palestina herri ekimenetik Hego Uribe eskualdeko hainbat udalerritan, lanuzte orokorrarekin bat eginez.

“Israeli zilegitasuna kentzea eta mendebaldeko estatuen interesen kontra egitea da gure ekarpenik onena palestinarrek indar-harreman hobea izan dezaten erabakiak hartu ahal izateko”, azaldu dute Palestinarekin Elkartasunatik. “Horregatik atera ginen hamarnaka milaka pertsona Iruñean joan den urriaren 4ean palestinar erresistentzia babestu eta sionismoa suntsitu behar dela aldarrikatzeko eta horregatik aterako gara urriaren 15ean palestinarren aldarri historikoekin”.

Gaurko mobilizazioen helburua, Palestinarekin Elkartasunatik azaldu lez, Eusko Jaurlaritzari, Nafar Gobernuari, Espainiako zein Frantziako Gobernuei eta CAF bezalako enpresa konplizeei presio egitea da, “Israelekin harreman oro eteteko”.

Mobilizazio guztiak 19:30ean egingo dituzte. Arrigorriagan, Basaurin, Ugaon, Galdakaon, Etxebarrin eta Usansolon burrunbak antolatu dituzte.

Elkarretaratzeak: Hego Uribe eskualdea

Basauri
Bentako plazan

Galdakao
Udaletxeko plazan

Arrigorriaga
Udaletxeko plazan

Ugao
Herriaren plazan

Etxebarri
Etxebarriko plazan

Usansolo
Izar Gorri plazan

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

GEURIAk bat egingo du Palestinaren aldeko lanuzteekin

|

Lanuzteek iraun bitartean horiei buruzko informazioa emango dugu soilik webgunean // Geuria

GEURIAk bat egingo du Hego Euskal Herriko sindikatuek Palestinaren alde deitutako lanuztearekin, eta horiek iraun bitartean horiei buruzko informazioa emango du soilik webgunean.

Era berean, arratsaldean Gernika-Palestina herri ekimenak deitutako mobilizazioen jarraipena egingo dugu bai webgunean bai sare sozialetan.

Lanuztearen erreferentziazko ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da, eta 15:00ak arte luzatuko da ordu horretan amaitzen diren jardunaldietan. Arratsaldean 19:00etatik 22:00etara bitartean deitu dituzte lanuzteak.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreek bat egin dute Donostian Gazako genozidioa salatzeko egingo den manifestazioarekin

Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordeek manifestazioa deitu dute irailaren 24an, asteazkenez, Donostian

|

Itziar Atienza aktore galdakoztarrak atzo irakurri zuen adierazpena // Argazkia: EiTB

Zinemaren eta kulturaren munduak bat egin du Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordeek Gazako genozidioa salatzeko Donostian irailaren 24an egingo duten manifestazioarekin.

Eta deialdi horrekin bat egin dute Itziar Atienza galdakoztarrak eta Itziar Ituño basauriarrak.

Hain zuzen ere, Atienzak irakurri zuen atzo adierazpena Donostiako Victoria Eugenia Antzokiaren aurrean, Antonio De la Torre aktorearekin batera.

“Hitz egiten ari garen bitartean, haur errugabeak hiltzen ari dira Gazan”, adierazi dute.

‘The Voice of Hind Rajab’ filma

Manifestazioa irailaren 24an, asteazkenez, izango da Donostian 18:30etik aurrera.

Aurretik, ‘The Voice of Hind Rajab’ filma proiektatuko dute Zinemaldian.

Kaouther Ben Haniaren filmak Israelgo Armadaren eraso batean bere familia osoa, ama izan ezik, galtzen duen sei urteko neskato baten istorioa kontatzen du.

“Bere laguntza-oihuek ezin dute salbatu, eta erreskatatu nahi duten anbulantzia-taldeko kideak ere hiltzen dituzte”, aurreratu dute Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordetik, eta gaineratu dute: “Ez da istorio isolatua, palestinarren egunerokoa da: suntsitutako familiak, suntsitutako ospitaleak eta 70.000 pertsona baino gehiago erailak”.

Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordearen barruan honako kolektiboak daude: Artistas con Palestina, Campaña Final Comercio de Armas con Israel, Donostia Palestina, EAB Euskal Aktoreen Batasuna, EPE-thaia, Gernika Palestina Herri Ekimena, Gure Haurrak Ere Badira; Kulturatik, creadorks culturales con Palestina; Rescop eta Trabajadors del Cine x Palestina.

Osorik irakurri