Sareak

☉ Ugao

Jon Basagurenen Ugaoko kontzerturako sarrerak apirilaren 19an jarriko dira salgai

|

Jon Basaguren // Utzitakoa

Ugaoko Ganbarako Kontzertuak zikloan izango dugu Jon Basaguren, apirilaren 25ean (domeka), 18:30etan, Izaki Gardenak taldeko abestiak formatu akustikoan jotzen. Kontzertuko sarrerek 5 euroko prezioa izango dute eta apirilaren 19tik 21era erosi ahal izango dira. 19an eta 21ean (astelehen eta asteazkenean) 16:30etatik 18:30etara erosi ahal izango dira eta 20an (asteartean) 11:30etatik 13:30ak arte, Ugaoko Jane Jauregiko beheko solairuan.

Jon Basagurenen kontzertuaren kartela // Sarea Sound System

 

Izaki Gardenakeko Jon Basaguren izango da Ugaoko Ganbarako Kontzertuen hurrengo protagonista

☉ Ugao

‘Katana’ bakarrizketa eta ‘Azkena eta bagoaz’ euskarazko obra eskainiko dituzte Ugaoko ‘Ostiralero antzerkiarekin bat’ zikloan

Iaz bezala, lau antzezlan eskainiko dituzte lau egunetan zehar, 20:00etan, Jane jauregian: bi euskaraz eta beste bi, erdaraz

|

'Azkena eta bagoaz' // Trapu Zaharra

Azaroaren 7tik 28ra antolatu du Ugaoko Udaleko kultura sailak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean aurtengo ‘Ostiralero antzerkiaren bat’ helduentzako antzerki-zikloa, aurten ‘Egitarau umoretsua’n lelopean.

Iaz bezala, lau antzezlan eskainiko dituzte lau egunetan zehar, 20:00etan, Jane jauregian: bi euskaraz eta beste bi, erdaraz. Euskarazko proposamenak Ana Goitiaren ‘Katana’ bakarrizketa eta Trapu Zaharra konpainiaren ‘Azkena eta bagoaz’ antzezlanak dira.

Katanan, marketina, matxismoa edo gordofobia bezalako gaiei buruzko bakarrizketa egingo du Goitiak, betiere ironia eta barrea oinarri hartuta: “Ana handia da, galanta. Bizitzan gertatzen zaion guztia ere handia da eta kontatzeko modua ere halako dauka. Normalean kontatzen ez ditugun kontuetan jarriko du arreta bakarrizketa honetan… egungo musika eta marketin, Sold Out-aren moda, guraso eta umeak kontzertuetan egotearen moda, matxismoa, lodifobia eta egunerokotasuneko gaiak…”.

‘Azkena eta bagoaz’ antzezlanak bestelako proposamena taularatuko du, Espe Lopezen gidaritzapean: Onenean ez dagoen kale-antzerkiko aktore batek aretoko antzerkiarekin probatzea erabaki du. Bere helburua lortzeko, antzerki klasikoko aktore batekin elkartuko da, eta obra berri bat muntatuko du: Bost ordu Mariorik gabe. Dirua biltzeko, berriro zapalduko ditu aurreko konpainiarekin jorratutako plazak. Mikel Laskurain eta Lierni Fresnedo aktoreak igoko dira oholtzara.

Urtero bezala, sarrera doakoa izango da.

Ana Goitia // Utzitakoa

Egitaraua | Ostiralero antzerkiaren bat 2025

Azaroak 7, ostirala
‘Todo sobre mi abuela’. TTipia, gaztelaniaz

Azaroak 14, ostirala
‘Katana’. Ana Goitia, euskaraz

Azaroak 21, ostirala
‘Las presentadoras’. Pituisters, gazteleraz

Azaroak 28
‘Azkena eta bagoaz’, Trapu Zaharra, euskaraz

Osorik irakurri

☉ Ugao

Venancio Martinez “perretxikozale nagusia” izendatuko dute Ugaoko Jardunaldi Mikologikoetan

|

Azaroaren 1ean eta 2an Ugaoko XX. Jardunaldi Mikologikoak antolatu dituzte Udalak eta Ugaoko Historia eta Ingurumena ezagutzeko Zentroak.

Urtero lez, ekintza nagusi bi antolatu dituzte udazkenean hain tipikoa den hitzordu honetan: alde batetik goizeko mendi irteera egingo dute azaroaren lehen egunean eta arrastian jasotakoa sailkatu eta aukeraketa egingo dute.

Irteeran izena eman gura duten interesdunek Jane jauregira jo beharko dute edo 946 480 704 telefono zenbakira deitu. Izen emateak helbide elektronikoz egiteko aukera izango dute ere kultura.ugao@ortzadar.es helbidera e-posta idatziz.

Beste alde batetik, hurrengo egunean, azaroaren 2an, omenaldi berezia egingo diote Perretxikozale Nagusiari, 11:00etatik 14:00ak arte. Arrastian urteroko perretxikoen erakusketa antolatu dute.

Egitaraua | Ugaoko Jardunaldi mikologikoak 2025

Azaroak 1, larunbata
08:00 Mendi irteera, perretxiko bila (izena ematea beharrezkoa da)
Arratsaldean: mendian jasotakoaren sailkapena eta aukeraketa

Azaroak 2, igandea
11:00 Perretxikozale Nagusiari omenaldia
Eguerdian: Perretxikoen erakusketa

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Udalak bi peoi eta administrari laguntzailea kontratatuko ditu sei hilabetez

|

etxebarri obrak langileak 2015
Azaroaren 5ean bukatzen da deialdian izena emateko epea // Geuria

2025eko toki ekintzetarako dirulaguntza deialdiaren baitan Ugaoko Udalak hiru kontratazio egingo ditu. Hiru lanpostuak lanaldi osokoak izango dira, eta abenduan hastea aurreikusten dute, gehienez ere sei hilabeteko iraupenarekin.

Ugaoren kasuan, bi peoi (4 hilabete eta erdiz) eta administrari laguntzaile bat (6 hilabetez) hasiko dira lanean, eta hautaketa prozesua Lanbidek emandako hautagai zerrendaren artean egingo dute, baldintza jakin batzuk betez: langabezian egotea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea edota Ugao-Miraballesen erroldatuta egotea, gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin. Lan-esperientzia, lanpostuarekin lotutako prestakuntza eta egoera soziolaborala zein familiarra ere kontuan hartuko dira.

Parte hartzeko Lanbideren webgunean izena eman beharko dute herritarrek, azaroaren 5a arte:  Zerbitzu anitzeko peoia eta  Administrari laguntzailea.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Jardueraz betetako Gau Beltz “beldurgarria” antolatu dute Ugaon

Makilaje beldurgarria, karraju beldurgarria, photocalla, mozorro lehiaketa… askotariko jarduerataz gozatu ahalko dute etxeko txiki eta gazteek

|

Neska bat, umeei aurpegiak apaintzen // Geuria

Urriaren 31n Gau Beltza ospatuko dute Hego Uribe eskualdeko hainbat herritan (Basauri, Arrigorriaga, Etxebarri…) eta Ugao horien artean ageri da.

Izan ere, Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera zenbait jarduera prestatu ditu arrastitik gaualdera bitartean, Herriaren enparantzan eta inguruetan: makilaje beldurgarria, karraju beldurgarria, photocalla, mozorro lehiaketa…

Eguraldi txarra eginez gero, Herriaren enparantzako jarduerak Jane jauregira lekualdatuko lituzketela iragarri dute udal ordezkariek.

Egitaraua | Ugaoko Gau Beltza 2025

Urriak 31, ostirala

17:00 Makilaje beldurgarria, udaletxeko arkupeak
17:00 Karraju beldurgarria, Historia Ezagutzeko Zentroa
17:30 Photocall, Herriaren enparantza
17:45 Mozorro lehiaketa, Herriaren enparantza
18:30 Diskofesta, Herriaren enparantza

Osorik irakurri

☉ Ugao

Zuriñe Suarez Moja: «Emakumeak arduratu dira beti baserriko lanez, kontrakoa ikusarazi den arren»

Ugaotarrari omenaldia egin diote GastroUgao azokako lehen edizioan, eta Landa Eremuko Emakumearen Egunaren atarian (urriak 15), igorren duen gaztandategian izan gara

|

Zuriñe, Askibileko gaztandategian, ahuntzez inguratuta // Geuria

Urriaren 15a Landa-Eremuko emakumeen eguna da, eta aitzakia horrekin elkartu gara Zuriñe Suarez Mojarekin (Ugao, 1976). Aurten Gastrougao Azokako lehen edizioa izan da eta ekitaldi horren harira omendu dute ugaotarra.

Baserri giroan hezi bazen ere, amak etxean bizitako lan gogorra ikusi eta gero baserri bizitzatik urruntzen saiatu zen, baina bidean Andoni ezagutu zuen, landa eremua maite duen basauriarra. Ezkondu eta elkarrekin hainbat proiektutan lan egin ostean Askibil izeneko gaztandegia zabaldu zuten Igorren. Bere bizitzaz, lan esperientziaz, ahuntzez eta nola ez, gaztaz mintzatu gara Suarezekin, Igorreko gaztandegiko ahuntz kuxkuxeroen artean.

Hilabete honetan omenaldia jaso duzu Gastrougao Azokan. Zer esan nahi du honek guztiak zuretzat, Zuriñe? Ilusio izugarria egin dit aintzatespen honek. Beti sentitu izan dut nire herriaren babes handia, baina errekonozimendu hori jaso dudala jakiteak… ez dut hitzik! Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiot Udalari, lehen GastroUgao honetan egindako aintzatespen honengatik eta egin diren merkatuetan parte hartzeko aukera eman didan aldi guztiengatik. Eskerrak eman nahi dizkiegu, halaber, tokiko produktuekin sentsibilizatuta dauden eta horiek eskuratzen dituzten, baloratzen dituzten eta jendeari helarazteko borrokatzen diren denda horiei guztiei, hainbeste urtez gure atzetik ibili diren eta jarraitzen gaituzten guztiei.

Askibil gaztandegia, Igorren // Geuria

Gero eta gehiago dira baserri esparruko negozioak zuzentzen dituzten emakumeak, hala nola baserriak edo gaztandegiak, tradizioz gizonek egiten duten lana, edo gutxienez hori izan da esan digutena. Nola ikusten duzu gaur egungo panorama sektore horretako emakumeari dagokionez? Kontrakoa esango nizuke. Ahotsik izan ez duten emakume asko eta asko entzutea besterik ez dago: nik uste dut baserriko lanak beraiek egin dituztela betidanik; gizonak, berriz, kanpora joaten ziren lanera. Eta gizonak beti ikusarazi dituzten arren, emakumeek egiten zituzten benetan etxeko, baratzeko eta animaliekin egin beharreko lanak.

Hiru urte nituela, ama alargundu zen (‘kableko neska’ izan zen aitarekin ezkondu arte), eta baserria eta bi seme-alaba hezteko gai izan zen. Amari musutxo bat bidaltzeko aprobetxatzen dut, niretzat inspirazioa izan baita, bera aitaginarrebarekin batera baldintzarik gabeko laguntza eman didatelako. Ahalegin izugarria egin zuen amak. Hori dela eta, nire ideia ez zen landatik, abereengandik… baserri bizitzatik bizitzea; administrari ikasketak egin nituen.

Baina, azkenean, inork ez daki zer gertatuko den etorkizunean, eta Andoni ezagutu nuen. Andonik baserri bizitza maite du eta hara nora, berarekin ezkondu nintzen azkenean! Elkarren artean lan-proiektu bat hasi genuen eta orduan, ahuntzak, esne-ahuntzak eta jezte-ahuntzak aukeratu genituen, eta horrela, 1996an, lehen 12 txibatxoak ekarri genituen Murtziatik amaren baserrira. Inguruko askok esaten ziguten gure ideia hura zoramena zela eta ez genuela ondo amaituko. Hala ere, jendearen laguntza ere izan genuen, gure proiektua aurrera ateratzen lagundu ziguten lagunak, alegia.

Zuriñe, gaztandategiko lagun iletsuekin // Geuria

Esan beharrekoa da zaila eta neketsua izan zela. Ezer ezatik hasi ginen, eta oztopo ugari izan ditugu bidean, baina burugogor bi garenez, bizimodu hau izatea lortu dugu azkenik. Bestalde, emakumeek egunetik egunera ez duten hain zail mundu hau. Egia da lan asko dagoela egiteko, errealitatea ikusarazteko. ‘Landa XXI Euskadi’ko landa-eremuko emakumeen elkarteko zuzendaritza-batzordeko kidea naiz gaur egun, eta emakumeek eskubidez izan beharko lituzketen kontuak babesten eta defendatzen saiatzen gara. Esan bezala, oraindik lan asko dago egiteko eta borrokatzeko, baina hor dihardugu.

Baserri batean jaio arren zure lan-etorkizuna ez zenuen abeltzaintzan ikusten. Gauzak espero zenuen bezala atera ez arren… pozik zaude? Bizitzak behar duzun lekura eramaten zaitu, eta ez naiz ezertaz damutzen, guztiz kontrakoa. Bizitza hau sakrifikatuegia da, baina urteekin lortutakoa ikusten duzu, eta poztasun handia ematen du horrek. Ezerezetik abiatzeak lan asko ematen du, eta guztia lan gogorrarekin lortu dugu; beraz, harropuzkeria eman arren, pozik nago nire baserriarekin eta nire produktuekin. Oso pozik nago kontsumitzaileek nire produktuak gustoko dituztelako, eta penintsula osoko abeltzainek errespetatzen nautelako. Zer gehiago eska dezaket?

Ahuntz bat, eguzkitan // Geuria

1999an, Andonirekin batera, ‘Askibil’ gaztandegia zuzentzen hasi zinen, Igorren. Nola sortu zen proiektua? Negozioaren bideragarritasuna bilatuz bururatu zitzaigun ideia. Esnea saltzen soilik ez ziren kontuak ateratzen. Ganadutik bizitzeko gazta saltzea eraginkorragoa izango zela ikusi genuen, eta horixe egin genuen.

Zuen esnea ahuntz murtziar-granadarren arraza batetik dator. Ahuntz horien jatorrizko klimak ez du zerikusirik Euskal Herrikoarekin. Zergatik arraza hau eta ez bertako arraza bat? Jatorrizko arraza ez da berez esne-arraza bat, haragi-arraza bat baizik. Esne-azienda nahi genuen guk, eta eskura izan genituen arrazak Saanen, Alpina eta Granadako murtziarrak ziren. Azken arraza honek bereziki maitemindu gintuen, eta klima berokoa bada ere, ondo moldatu da Euskal Herriko klimara. Gainera, arrak bakarrik ekarri genituen; eme guztiak etxean jaioak dira, bizkaitarrak. Dena esan behar da eta aitortu beharrekoa da hasierak ere zoro samarrak izan zirela: nola maneiatu, elikatu, zer gustatzen zaien, zer zainketa behar diren… Dena ikasketa bat da eta esango dizut mundu hau etengabeko ikaskuntza prozesu bat dela. Etengabe birziklatu behar gara abeltzaintzan.

Andoni eta Zuriñe, Askibilen // Geuria

Antzina esnea saltzen zenuen Gamizen. Zergatik ahuntzena eta ez ardi edo behiena? Ugaotik Gamizera eraman genituen lehen 12 ahuntzekin hasi ginen. Bertan ukuilu bat alokatu genuen, ahal genuen neurrian handitzen joateko ideiarekin. Aurrerago, 1998an, baserri bat alokatu genuen Markinan. Han, Igorren ukuilurako pabiloia eta gaztandegia eraikitzen genituen bitartean, esnea saltzen genuen.

1999an Igorreko Loiate auzora lekualdatu ginen. Ahuntzak, ardiak edo behiak hautatzeko erabakiari dagokionez, erantzuna ahuntzak gustatzen zitzaizkigulako da. Nik, ez nuen ez ardirik ez behirik nahi. Euskal Herrian egiten den ohiko erabakitik urruntzen zen apustua iruditu zitzaigun eta ideia atsegin genuen. Esan eta egin!

Askibilek zer gazta mota eskaintzen dio kontsumitzaileari eta nolako bilakaera izan du urteetan zehar? Gaur egun, Askibilek gazta freskoa egiten du. Txuriak esne gordinez ondutako gazta, hau Auntzai Ondua da, gazta laktikoa, ruloa, Auntzai Leuna. Hiru horiek dira Euskal gazten gamakoak. Labeldun gaztetatik kanpokoak, esne berarekin eginak, Camenbert, Samurra motako gazta bat egiten dugu, iaz Loiate izenarekin birbataiatu genuena, gure etxaldea dagoen auzoa, jogurt naturalak ere egiten ditugu. Eta familiarekin bat egiten duen azkena ‘El Azulito’ izan da, gazta urdin bat, Bilbori keinu bat eginez bere izena jarri geniona: salgai jarri genuen urtean hiriko mikrobusaren urteurrenarekin eta merkatu berriarekin bat egin zuelako.

Gaztandegiko ahuntzak // Geuria

Esneki guztiak gure ahuntzen esnearekin bakarrik egiten ditugu; ez dugu bestelako esnerik erosten eta eskuz eta modu naturalean egiten dugu. Gure berme-zigilua da, abeltzainarengandik kontsumitzailearengana, hurbileko lokala, kimikarik gabea, tratamendurik gabea, badakigu zer saltzen dugun, eta horrela jendeak badaki zer erosten duen. Negozioaren garapena oso oparoa izan da.

Nire gazta ondua saltzen hasi nintzenean, egiten hasi ginen lehen gazta izan zen, eta jendeak jakin-minez eta mesfidantzaz probatzen zuen. Zorionez, hemen, ardia zen gehien estilatzen zena, publikoak ohiturak aldatu zituen eta beste esneki mota batzuetara zabaldu zen. Eta gure lurraldean, txikia izan arren, aberastasun handiko esnekiak egiten dituzten etxalde asko ditugu.

Murtzia eta Granadako ahuntzak kuxkuxeroak dira // Geuria

Gaur egun Euskal Gaztak proiektuaren parte zarete. Zer esan nahi du honek? Guretzat ardura garrantzitsua zen Hazi Fundazioa Eusko Labelaren familiari lehenagoko errezeta berreskuratuen gaztak eranstea eta horren parte izatea, 1999tik aurrera ahuntzain eta gazta egileak izanik. Ez genuen birritan pentsatu: horretan hasi ginen, bertako partaide izateko. Beheko mailatik sortzen diren produktuak ikusarazteko modu bat da, kalitatezkoak edo, orain esaten den bezala, egileenak direla adierazteko.

Askibil duela 25 urte hasi zen. Nolakoak izan dira ia hiru hamarkada hauek eta zer etorkizun iragartzen diozu? Bidea gogorra izan da, oso gogorra. Jende gutxik sinesten zuen gure proiektuan, eta ezer gabe hastea, lursail edo etxalde bat izatearekin alderatuta, zailagoa da. Edo, ganadua, zurea egin arte, aklimatatu egin behar da, ondo aukeratzen jakin behar da… eta hori lan izugarria da. Produktu desberdin batekin merkatua zabaltzea asko kostatzen da.

“Jendeak ezagutzen eta bilatzen dituen produktuak izanik, jarduera horretatik erretiroa hartzeko aukera izatea besterik ez dut eskatzen”

Garai hori igarota, eta jendeak ezagutzen eta bilatzen dituen produktuak izanik, jarduera horretatik erretiroa hartzeko aukera izatea besterik ez dut eskatzen. Eta belaunaldien arteko erreleboa egotea, aurrera ateratzeko bizitza behar izan duten proiektu horiek gal ez daitezen. Badakigu abeltzaintzan denetarik gerta daitekeela eta arrisku handia dagoela, baina dena behar bezala joango dela pentsatu behar dugu.

Ahuntz kuxkuxero bat, GEURIAko kazetariaren zorroa miatzen // Geuria

Osorik irakurri