Sareak

☉ Ugao

6,3 milioi euroko aurrekontua onartu dute Ugaon, iazkoa baino % 7,1 handiagoa

Udalak 500.000 euro baino gehiago bideratu ditu inbertsioetara eta diru partida handiena udal gimnasioa handitzeko bideratu dute

|

El jaro kiroldegia // Geuria

Ugaoko Udalak argi berdea eman dio 2026ko aurrekontuari, EAJren aldeko eta EH Bildu alderdiaren aurkako botoekin. 2026koa, Ekaitz Mentxaka alkateak abenduko osoko bilkuran azaldu bezala, iazkoa baino % 7,1 handiagoa da eta 500.000 euro baino gehiago bideratu dituzte inbertsioetara.

Datorren urteko aurrekontuaren 1.197.000 euro bideak garbitzeko, lorezaintzarako, eraikin publikoak garbitzeko, hiri-hondakin solidoak biltzeko eta hainbat konponketa egiteko erabiliko dira, “funtsezko zerbitzuen aldeko apustu sendoa eginez”. Horrelaxe azaldu du Mentxakak.

Gizarte-arloan, 409.000 eurorainoko partida desberdinak egokitu dira etxez etxeko laguntza zerbitzurako, gizarte-larrialdietarako laguntzetara, ‘Zainduz’ programa edo adingabeentzako eta familientzako arretara…

Kirol klubei eta kultura elkarteei emandako dirulaguntzak % 13,19 igo dira: Berdintasun Sailak % 19ko igoera darama eta kirolean ere apostua nabaria da, 640.000 euroko dirulaguntzak eta inbertsioak kontuan hartu gabe. Kultura eta euskarak (702.000 euro) eta enpleguak (43.000 euro prestakuntza eta tailerretarako) garrantzi handi izaten jarraituko dute”, gehitu du Ugaoko alkateak.

Inbertsioak, zifretan

Zehazki 509.470 euroko inbertsioak iragarri ditu Ugaoko alkateak, honako hauek:

– 108.900 euro Udal gimnasioa handitzeko (60.500 €) eta makinak erosteko (48.400 €)
– 85.910 euro Gernika Enparantzako txandakako aparkalekuaren zoladura eta iragazgaiztea hobetzeko
– 60.000 euro komun publikoa ezartzeko
– 46.470 euro Erretiratuen etxeko sukaldea eraberritzeko
– 40.000 euro Futbol-zelaiko berrikuntzak egiteko
– 36.300 euro landa-bideak hobetzeko
– 29.400 euro herritarrentzako kutxazaina eta txanda-kudeatzailea ezartzeko HAZen
– 20.000 euro segurtasun-kamerak ipintzeko
– 17.700 euro Udalaren aplikaziorako herritarrek urteko 365 egunetan Udalarekin kudeaketak egiteko
– 16.940 euro zebrabideak argiztatzeko
– 15.000 euro haur parkeetako zabu berriak ezartzeko
– 3.850 euro Liburutegian liburuak itzultzeko kanpoko postontzia ipintzeko

☉ Ugao

Ugaoko EH Bilduk Udal aurrekontuari ezezko botoa eman eta edukia zein formak kritikatu ditu

“Ugaoko Udalaren jarrera aldebakarrekoa da. Ondorioz, aurrekontu konformista eta anbizio gutxikoa eta Ugaoko hainbat proiektu atzean uzten duenari ezetz esatera eraman gaitu”

|

Ugaoko etxebizitzak // Geuria

Ugaoko Udalak 2026ko aurrekontua onartu du, EAJren aldeko eta EH Bilduren aurkako botoekin.

Joan den abenduaren 23an antolatutako ezohiko osoko bilkuran, Ugao EH Bilduk 2026ko aurrekontuen proposamenaren aurkako botoa eman zuen. Alberto Agirregoikoa EH Bilduko zinegotziak eman zuen erabakiaren berri: “Eh Bildutik uste dugu urteko azken osoko bilkura bezperan arratsaldeko azken orduan deitzea, aurrekontuen negoziazioa martxan izanik, arduragabekeria politiko izugarria dela”, izan ziren zinegotziaren berbak.

“Aurreko urteetako aurrekariak ezagututa, gobernu taldeari eskatu genion 2026 urterako aurrekontu proiektua ahalik eta azkarren bidaltzeko, negoziazioa behar bezala kudeatzeko eta horrelako garrantzia duen gauza bati behar besteko tartea emateko… Ez dugu proiektu honen berri izan joan den abenduaren 2ra arte”, gehitu zuen Agirregoikoak eta Udalak negoziatzeko asmoa izatekotan, “EH Bildu bertan egongo dela” gogorarazi zuen.

“Baina hamaika aldiz aipatu ostean, osoko bilkura hau abenduaren 30ean egiteko aukera mahai gainean zegoela, eta hori egiteko arazorik ez zegoela, azken orduko aldaketa hau guztiz ulergaitza da, harreman instituzional zintzo bat erabat hautsiz”.

EH Bilduko zinegotziaren arabera Ugaoko Udalaren jarrera “aldebakarrekoa” definitu zuen, “negoziazio serio batek eskatzen duen errespetutik aldenduz. Horrek guztiak aurrekontu konformista, anbizio gutxikoa eta Ugaoko hainbat proiktu atzean uzten duenari ezetz esatera eraman gaitu”.

84.000 euroko zuzenketak

2026ko aurrekontuan “etxebizitzak diru partida espezifikorik ez izana” kritikatu dute oposiziotik ez eta Jane jauregia familiei zuzendu ez izana, besteak beste, eta EH Bildu Ugaoren zuzenketak gogorarazi dituzte, 84.000 euroko estimazioarekin:

Hezkuntza
– Irisgarritasun neurriak: Eskolan ikusmen urritasuna duten pertsonentzako irisgarritasuna bermatzeko
neurriak hartzea
– Moldaketak psikogelan: Bi mailako zurezko jauzi plataforma, babes koltxoneta eta horma-barren eta sabaiko eskaileren kokapena aldatzea

Etxebizitza eta gazte-emantzipazioa
Helburua da Ugaoko gazteen emantzipazio prozesuan laguntzea 2026.urtean, horretarako diru laguntza jaso ahal izateko baldintzak arautuz

Hirigintza
Trafikoa moteltzeko eta arautzeko neurriak:
– Trafikoa moteltzeko berlinak: Zolloko tunelaren inguruan eta Bide Zahar kale amaieran, San Bartolomera heldu baino lehen
– Radar pedagogikoak Torre de Ugao kalean

Merkataritza
Tokiko merkataritza bultzatzeko kontzientziazio kanpaina abiaraztea

Familia eta haurrak
Jane jauregiko ganbara gela atontzea 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat

Kultura
Entsegu lokalaren soinu ekipoaren berritzea eta beharrezkoak diren konponketak egitea

Segurtasuna
Ugaoko puntu beltzen seinaleztapena, eta puntu bakoitzean beharrezkoa den konponbidea aurrera eramatea dagokion argiztapen egokiarekin batera

Horiez gain, 2027ko aurrekontuan txertatzeko neurriak aipatu dituzte EH Bildutik: eskolan atezainaren figura sortzea eta Gernika enparantzako frontoia eraberritzeko obra honen exekuziorako bidean
datozen pausoak ematen jarraitzea.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Gabonetan hondakinak biltzeko zerbitzua indartuko dute Ugaon

“Bilketa zerbitzu orokorrari dagokionez (Udaleko), kartoia (papera/kartoia) eta hiri-hondakin solidoak (HHS) abenduaren 24an, 26an eta 31n eta urtarrilaren 2an eta 7an bilduko dituzte”, iragarri dute udal ordezkariek

|

Udaleko enpresako kamioi bat, Ugaon // Geuria

Ugaoko Udalak Gabonetako oporretan hondakinak biltzeko zerbitzua indartuko du abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra bitartean.

“Bilketa zerbitzu orokorrari dagokionez (Udaleko), kartoia (papera/kartoia) eta hiri-hondakin solidoak (HHS) abenduaren 24an, 26an eta 31n eta urtarrilaren 2an eta 7an bilduko dituzte”, iragarri dute udal ordezkariek.

Tamaina handikoen bilketari dagokionez (Koopera), jaiegunetarako aurreikusitako datak aldatu egingo dira. Abenduaren 25eko zerbitzua (Gabonak) abenduaren 26ra mugituko da, eta urtarrilaren 1eko zerbitzua (Urtebarri eguna) urtarrilaren 2an egingo da.

“Herritar guztien laguntza eskertzen dugu eta data hauetan ere udalerria garbi mantentzearen garrantzia gogorarazten dugu”, laburbildu dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Antzinako Gabonen inguruko hitzaldia eskainiko du Felix Mugurutza historialariak Ugaon

Hitzaldian, galdu diren errito eta praktika zaharrak zein gaur egun ere bizirik dirauten tradizioak azalduko ditu historialari eta etnografoak

|

Olentzero, Zeberion // Geuria

‘Nolakoak ziren gure Gabonak?’. Galdera horri eutsiz hitzaldia eskainiko du Felix Mugurutza historialariak Ugaoko Jane jauregian, datorren abenduaren 17an.

Euskal Herrian eta bereziki gure eskualdean bizi izandako ohitura tradizionalen garapenaren inguruan inguruan oinarrituko da Mugurutza Udalak, AEK-k eta Foru Aldundiak ‘Praktikatu eta Bizi’ programan antolatutako saioan.

Hitzaldian, galdu diren errito eta praktika zaharrak zein gaur egun ere bizirik dirauten tradizioak azalduko ditu Felixek, “gure kultur ondarearen ikuspegi zabal eta dokumentatuan oinarrituta”.

Hitzaldia doakoa izango da eta 10:30etik 11:30era bitarteko iraupena izango du. Interesdunek 663 040 035 telefono zenbakiaren bidez eman dezakete izena.

Esatariari buruz…

Felix Mugurutza historialaria, etnografoa eta Euskal Herriko mitoetan eta kondairetan aditua da. Ezaguna da EITBko programetan agertu delako eta Aunia bezalako kultur elkarteekin lankidetzan aritu delako. Tradizioak, folklorea eta landa-munduaren, historiaren eta haraindikoaren arteko lotura aztertzen ditu, eta, sarritan, antzinako baserrietan eta euskal antzinako ohituretan zentratzen da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Sarea Abesbatzak Gabonetako kontzertua eskainiko du hilaren 19an

Bilboko Ganberako koro eta orkestarekin batera eskainiko dituzte Gabonetako kontzertuak. Urtero lez, doakoak izango dira

|

Sarea Abesbatzakoak, joan den martxoan Jute fabrikako emakumeei egindako omenaldian // Geuria

San Bartolome elizak Gabonetako kontzertuak hartuko ditu beste urte batez, abenduaren 12an eta 19an. Aurten, Bilboko Ganberako koro eta orkestaren eta Ugaoko Sarea Abesbatzek eskainiko dituzte doako kontzertuak.

Hilaren 12an Bilboko Ganberako koro eta orkestak eskainiko du emanaldia, 19:30ean.

Abenduaren 19an Ugaoko Sarea Abesbatzaren txanda izango da. Kontzertu hau 19:30ean antolatu dute ere. GEURIAk Sarea Abesbatzako Itziar Ayesta Isasirekin (Ugao, 1982) egin zuen berba 2022ko urtarrilean, gizartea Koronabirusak sortutako zulo beltzetik astiro-astiro irteten hasi zen garaian. Hementxe irakur dezakezu elkarrizketa osoa.

Ugaoko Sarea Abesbatzak herrian antolatutako hamaika ekimenetan hartzen du parte urtero. Aurten, Jute fabrikako emakume langileei egindako omenaldian ikusi genituen kantatzen, Udiarragako elizan.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaok ‘Agur 2025’ izeneko jaiarekin agurtuko du urtea, lehen aldiz

Jaia abenduaren 31n antolatu dute 11:00etatik 14:00ak arte, Herriaren enparantzan, askotariko jarduerekin

|

Txanpai botila bat // Myriam Zilles, Unsplash

Aurten ekimen berezia prestatu du Ugaoko Udalak 2025ari amaiera emateko: ‘Agur 2025’ jaia.

“Lehen aldiz, Ugaoko Udalak herriko familiei zuzendutako programa berezi bat antolatu du urteari amaiera borobila emateko”, azaldu dute Udaletik. Jaia abenduaren 31n antolatu dute 11:00etatik 14:00ak arte, Herriaren enparantzan.

Gominolen eta gusanitoen banaketa, aurpegi margoketa, puxikak askatzea, DJak zuzenean txikienentzat zein helduentzat…  “eta kanpai-hots “oso bereziak” egingo dituzte ere Ugaoko haurrek Gabon zahar gaua aurreratuta, giro seguru, familiar eta alaitsuan bizi ahal izateko”.

Jaian parte hartuko dutenek jai-giroko konplementu bat eramateko gonbidapena luzatu die Udalak, “alaitasunez betetako gabon giroa sortzeko”: “Gabonetan ere Ugao herri bizia izatea nahi dugu, publiko guztientzat pentsatutako jarduerekin”, azaldu du Ekaitz Mentxaka herriko alkateak. Ekimen hau jarraipena izateko asmoarekin sortu dutela azaldu du Mentxakak, “eta plaza familiaz beteta ikusteko nahiarekin, urtearen amaiera elkarrekin gozatuz”.

Egitaraua | Agur 2025 Jaia

Abenduak 31, asteazkena
Herriaren enparantza

11:00 Gusanito eta gominola banaketa
11:00 Aurpegi-margoketa
11:00 DJ umeen saioa
12:00 Kanpai-hotsak
12:01 Puxika-askatzea
12:01 DJ helduen saioa

Osorik irakurri