Sareak

☉ Ugao

Ugaoko II. Sukaldaritza eta Gastronomia Jardunaldiak goi mailako bost chef batuko ditu

Jardunaldia apirilaren 18an izango da. Sarreak Jane Jauregian egongo dira eskura bihar goizetik aurrera

|

Ekaitz Mentxaka, alkatea eta Jon Gil eta Urtzi Merino sukaldariak // Geuria

Ugao euskal gastronomiaren erreferente bihurtuko da bigarren urtez jarraian II. Sukaldaritza eta Gastronomia Jardunaldiei esker. Prestaketa lan luzeen ondoren, apirilaren 18an (ostegunean, 18:00etatik 21:00etara), entzute handiko hainbat sukaldari batuko dira hiribilduan beren errezeta onenak nola prestatzen dituzten erakusteko eta herritarrei probatzeko aukera emateko. Aurtengoa plater dastaketa motako ekitaldia izango da, 2022ko pintxoen formatua jarraitu beharrean; sukaldaritza jasangarriari emango dio protagonismoa; eta Euskal Herriko bost chef gazte ekarriko ditu lehen lerrora, Maite Eskarmendi EITBko aurkezleak lagunduta.

Horrela azaldu dute antolatzaileek gaur eguerdian eskaini duten prentsaurrekoan. Ekaitz Mentxaka alkateak, Jon Gil goi mailako sukaldari ugaotarrak eta kide duen Bideko jatetxeko chef-ak, Urtzi Merinok, bigarren edizioaren nondik norako guztiak eman dituzte, baita aurten egongo diren berritasunen xehetasunak ere. Azaroaren 16an egindako lehenengo jardunaldiaren ondoren, izan ere, erdietsitako arrakasta errepikatzeko gogoz egon dira denak.

Ekaitz Mentxakak azaldu duenez, Udaletik ez dute inongo dudarik izan Jon Gili ekimen honekin beste behin laguntzeko. Ugaotarra bezala, jardunaldia gazteak diren sukaldariei beren lekua emateko baliatuko dute aurten: “Gazteak sutegi artean nabarmentzen dira, eta ikusgarritasun gehiago eman behar zaie; berez badaukaten arren, esfortzu handiarekin irabazten ari baitira nabarmentasuna, norbere arrakasta su motelean prestatzen, eguneroko lanarekin”.

Horien artean daude bi aste barru Jane Jauregian ikusi ahal izango diren sukaldariak. Cristina Garcia Durangoko Crisla Sweet jatetxeko chef-a bigarren aldiz bertaratuko da; Javi Rivero, 2023ko Errebelazio Sukaldari Gaztea (Tolosako Ama jatetxea), lehen aldiz joango da; baita Julen Bergantiños (Islares, Bilbo), Aitor Etxenike (Kromatiko, Gasteiz) eta Gabriel Huaman (Waman, Deustu) ere.

Ugao, erreferente

Jon Gil sukaldaria arduratu da guztiak hiribilduan batzeaz, goi sukaldaritzari dagokionez, Ugaok “puntakoa” izaten jarrai dezan probintzia mailan. Gilek esan duen moduan, mota horretako ekitaldiak eta lehiaketak Bilbon, Donostian eta Gasteizen baino ez dira egiten, eta 4.100 biztanle inguru dituen herrian lorpen hori izateak asko balio duela azpimarratu du. “Jendea oroitu egingo da Ugaoz, etorri egingo da, eta, batez ere, herriko jendeak ikusi ahal izango du goi sukaldaritza eta hemen sartuta gauden jendea arruntak garela; ez, behintzat, uste bezain arraroak, nahiz eta egun osoan jatetxeetan sartuta gauden”.

Halaber, 2023an, fokua Euskal Herri osoko sukaldariengan jarri nahi diote; hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako chef-ez gain, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko jendearengan ere. Horretarako, euskal sukaldaritza tradizionalaren alde egiten duten Donostiako Jakitea elkartearekin lanean aritu direla zehaztu du Jon Gilek. Euskal sukaldaritzaren oinarria hiru lurralde horietan dagoenez, guztiak kontuan hartu behar direla gogoratu du sukaldariak: “Ezin gara inortaz ahaztu”.

Ez soilik hemen jaio direnez, baizik eta kanpotik etorri eta, gaur egun, gure sukaldaritzari ekarpenak egiten dizkiotenez ere: “Errumaniako jendea, Moldaviakoa, eta beste hainbat lekukoa ere badaukagu hemen, eta berdintasuna eta kulturen arteko nahasketa hori bultzatu nahi dugu”, esan du Gilek. “Atzerritik ona etorri dira asko sukaldaritzan lan egiteko, eta gastronomiari ematen diotenaz gain, lurralde osoari egiten diote ekarpena”. Horren adibide da duela 10 urte Euskal Herrira heldu eta ordudanik Peruko gastronomia Deustuko bere jatetxean lantzen duen Gabriel Huaman gonbidatua.

Dastaketak eta kausa sozialak

Bost chef-ek banan-banan hartuko dute hitza Jane Jauregian: eszenatokira igoko dira, beren burua aurkeztuko dute, zer egiten duten esan, eta goi sukaldaritza jasangarritasunarekin batera nola uztartzen duten azalduko dute. Chef bakoitzak, gero, 80 platertxo baino gehiago sukaldatuko ditu bertaratzen direnentzat. Bitartean, kameralari batek grabatu egingo du egiten ari direna, zuzenean, bi pantailetatik helarazteko gertatzen ari den guztia, hurbiltzen direnek xehetasunik gal ez dezaten.

Baina showcoocking-az gozatu eta platerak probatzeaz gain, apirileko ekitaldian, pasa den urtean bezala, beste sorpresa bat egongo dela gogoratu du Gilek: txakolin dastaketa. Hala nola Urtaran sagardoarekin (Amurrioko Bat Gara upategia), Dominio de Berzal Tinto 7 Varietales-ekin (Mañueta, Araba) eta fruta naturalekin sagardoa egiten duen Bizioko enpresarekin (Arratia-Nerbioi) batu dira antolatzaileak ugaotarrek zero kilometroko produktuak eta jasangarriak direnak dasta ditzaten.

Txakolinaz gain, bestalde, ura ere egongo da edateko. Izan ere, Auara enpresa sozialak botilak banatuko ditu (naturala eta gasa duen ura), hortik lortutako dirua Afrikan putzuak eraikitzera bideratzeko. Antzekoa egingo dute jardunalditik lortutako diruarekin: kausa sozialetara bideratuko dute, eskualdeko Gorabide adimen-desgaitasuna duten Bizkaiko familien elkartearentzako. Horrela, apirilaren 18an, elkarteko kide den familia batek eta presidenteak zuzenean jasoko dute dohaitza.

Izen-ematea

Ekitaldiaren prezioa 12 eurokoa izango da. Sarrerak Jane Jauregian egongo dira eskura bihar goizetik aurrera, eta gomendatzen da ahalik eta azkarren eskuratzea, plazak mugatuak baitira: 60. Ugaotarrek, nola ez, lehentasuna izango dute jardunaldian parte hartu nahi badute.

☉ Ugao

Ugaoko Jute fabrika ohian lan egindako emakumeen inguruko liburua salgai ipini dute Janen

Liburuak 5 euroko prezioa du eta astelehenetik ostiralera eskuratu daiteke 10:00etatik 14:00ak bitartean Jane jauregian

|

Juten lan egindako emakumeak, joan den martxoan egindako omenaldian // Geuria

‘Miraballesko Jute Ehungintza-Emakumeen rola fabrikaren historia’ liburua salgai ipini dute Ugaoko Jane jauregian. Liburuak 5 euroko prezioa du eta astelehenetik ostiralera eskuratu daiteke 10:00etatik 14:00ak bitartean Jane jauregian.

Ugaoko ondarea izandako fabrika eta bertan lan egin zuten emakumeen historia jaso eta zabaltzeko ‘Miraballesko Jute Ehungintza-Emakumeen rola fabrikaren historian’ liburua idatzi du Josu Hernando Perez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Belen Alcalde lankidearekin batera. Jute ehungintza fabrikaren historia “lurperatuta” zegoela dio Hernandok: “Lantegiaren historia guztiz desagertuta zegoen, eta Udalak horren ikerketa bat egiteko proposamenaren haritik erabaki genuen liburu hau idaztea”.

Liburuaren helburua erreminta dibulgatiboa izatea da: “Urtebeteko dokumentazio eta artxibo lan handia dago liburuaren atzean baina helburu nagusia jendeak Jute Ehungintza Fabrikaren berri izatea da”.

Liburuak atal nagusi bi ditu: lehena, fabrikaren lehen mende erdia azaltzen duena, artxiboko informazioarekin osatu dute. Lan zaila izan dela azaldu du liburuaren egileak, informazioa “desagertuta” zegoelako eta Foru Aldundiko artxiboetatik jaso dute. Bigarren atala sei emakume langile ohien adierazpenekin osatu dute: “Elkarrizketen bidez mendearen bigarren zatiko historia ezagutu ahal izan dugu”, gehitu du Josuk.

Asun, Maritere eta sara // Geuria

Omenaldia, Udiarragan

Asun eta Maritere Ortiz de Zarate ahizpek eta Sara Ferrerok ez dute inoiz ahaztuko Ugaoko Jute fabrikan lan egin zuten garaia. Joan den martxoaren 13an bertan lan egin zuten emakume guztiak omendu zituen Udiarragako amabirjinaren elizan eta lehen ilarako bankuan eserita zeuden Asun, Maritere eta Sara.

14 urterekin haria egiteko makina erraldoiekin egiten zuten lan Ugaoko lantegian. Baina, esan bezala, omenaldiaren egunean irribarretsu zeuden Udiarragako eleizan, urte horietako oroitzapenak elkarren artean kontatzen eta bertan proiektatu ziren antzinako argazkiak adi-adi begiratzen.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Kontzertuak, triki poteoa, eta hitzaldiak antolatu dituzte Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenean

Jarduera guztien artean DJ Pipi hirukotearen saioa antolatu dute azaroaren 1eko gauean

|

DJ Pipi // Geuria

10 urte bete dira Ugaoko Dorretxea Herriko Taberna berriztu eta ibilbide berria martxan ipini zutenetik. “Heldu da! Hemen da Dorretxea Herriko Tabernaren urteurrena! 10 urte pasa dira herriko taberna berriztu eta ibilbide berri hau martxan jarri genuenetik. Guzti hau ospatzeko asmoarekin, egitarau zabala prestatu dugu. Autegestioan oinarritutako proiektu hau, bizirik eta indartsu jarraitzeko, zuetako guztien laguntza ezinbestekoa da: ikusle, bisitari, kudeatzaile, bazkide, txandalari, laguntzaile, garbitzaile… Denon artean egiten dugu proiektua errealitate bihurtzea”, azaldu dute antolaketa taldetik.

Jurgi Ekizak hasiera eman zion ospakizun jarduerei joan den urriaren 2an ‘Argitzala’ lanaren aurkezpen kontzertuarekin, eta hurrengo ekitaldiak hilabete honetan programatu dituzte: hilaren 17an kontzertu bi antolatu dituzte: Dena eta Zeinke. Izan ere, Zeinke talde arratiarrak agur biraren kontzertua eskainiko du 21:30ean; 21ean ‘El Pradalismo: El ocaso de los JoBuBi’ liburuaren aurkezpena egingo dute Ahoztar Zelaieta idazle eta hizlariarekin, 19:00etan; urriaren 24an ’10 urte 11 ekimen’ azken hamarkadan egindako ekintzen erakusketaren inaugurazioa antolatu dute 18:00etan; Hilaren 31n luntx herrikoia egingo dute 20:30ean, eta 21:00etan Amaiur eta Garaziren kontzertu akustikoa.

Azaroaren 1ean triki poteoa antolatu dute herrian zehar 13:00etan. Gero, 15:00ak aldera herri bazkaria prestatu dute eta jarraian, bazkaloste musikatua. 18:00etan poteo musikatua eta tributu gaua antolatu dute 21:00etatik aurrera Txalainak (Hertzainak taldearen bertsioak) eta La Txirla Records (La Polla Records) taldeekin. Eguna amaitzeko DJ Pipiren musika saio berezia egingo dute.

Egitaraua | Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrena 2025

Urriak 2, osteguna
19:30 ‘Argitzalak’ diskoaren aurkezpena (Jurgi Ekiza)

Urriak 17, ostirala
21:30 Kontzertuak: Dena + Zeinke (agur bira)

Urriak 9, osteguna
19:00 Hitzaldia: Txiki & Otaegi 50. urteurrena: ‘Euskal Herria askatzearen loturak (Andoni Olariaga)’

Urriak 21, asteartea
19:00 ‘El Pradalismo: El ocaso de los JoBuBi’ (Ahoztar Zelaieta)

Urriak 24, ostirala
18:00 Erakusketa inaugurazioa: ’10 urte, 11 ekimen’

Urriak 31, ostirala
20:30 Luntx herrikoia
21:00 Kontzertu akustikoa: Amaiur eta Garazi

Azaroak 1, larunbata
13:00 Triki poteoa, herrian
15:00 Herri bazkaria + bazkaloste musikatua
18:00 Poteo musikatua
21:00 Tributu gaua: Txalainak + La Txirla Records + DJ Pipi

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Artearen Ibilbidea’ erakusketa urriaren 12ra bitartean egongo da ikusgai Ugaon

‘Istorioak’ izenburupean, hainbat artista, garai eta teknikatako 38 sorkuntza daude ikusgai Herriaren Enparantzan

|

Tristan eta Isolda (Heriotza), 1910 // Rogelio de Egusquiza

BBK Fundazioak ‘Artearen Ibilbidea’ izeneko erakusketa martxan jarri du gaurtik hasita urriaren 12ra bitartean.

“‘Istorioak’ izenburupean, hainbat artista, garai eta teknikatako 38 sorkuntza aurkezten dira guztira –pintura, collage, akuarela, eskultura, kartela, argazkia eta bideoa–, mendebaldeko arteari buruzko ibilbide homogeneo eta plurala eskaintzen dutenak”, azaldu dute Ugaoko Udaletik. “Lan horiek lotzen dituen haria da beraien egileak historian zehar hainbat izaera eta jatorritako iturri literarioetan inspiratu izana da”.

‘Artearen Ibilbidea’ 2020an jaio zen, museoaren zabalkunde eta hezkuntza-jarduera bere egoitzatik harago eramateko apustuaren barruan, kultura artistikoa hizpidera ekarri eta espazio publikoetan haren ondarearen aberastasuna ezagutaraztea xede. Horretarako, edizio bakoitzean, bildumako obrak fideltasun handiz erreproduzitzen dituzten panel batzuez osatutako gailu mugikor berri bati forma ematen zaio.

Ugaoko erakusketaren azken eguna urriaren 12an izango da. Hilaren 13tik 19ra Etxebarrira eramango dute eta 20tik 26ra, Basaurin egongo da ikusgai.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Oihane Artetxe ugaotarrak haurren babesaren inguruko hitzaldia eskainiko du Bilbon

Artetxek ‘Haurren babesa Euskadin: borondate politikoaren eta erantzukizun instituzionalaren kontua’ gaia landuko du, justizia, polizia, osasun sistema, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak aztertuz

|

Bidaureko kide bi // Utzitakoa

Azaroaren 8an ‘Euskadiko Indarkeria Bikarioa, Instituzionala eta haurren Sexu Abusuak Ikusarazteko jardunaldien’ bigarren edizioa antolatu dute Bilbon, La Bolsa eraikiniean, 10:30ean.

Bidaure elkarteak antolatutako jardunaldi hauetan hainbat hizlarik hartuko dute parte, eta horien artean Oihane Artetxe Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile ugaotarra dago. Artetxek ‘Haurren babesa Euskadin: borondate politikoaren eta erantzukizun instituzionalaren kontua’ gaia landuko du, justizia, polizia, osasun sistema, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak aztertuz.

Oihanerekin batera Amaiur Diez Friera gizarteratze teknikaria eta haurtzaroko abusu sexualen biziraulea, Ane Jauregizar indarkeria bikario eta sexu-abusuen biktima baten ama babeslea, Maria Jesus Carmona haurtzaroan eta nerabezaroan aditua den osasun-psikologoa eta Jennifer Osorio gizarte hezitzailea arituko dira.

“Genero arloko aurrerapen normatiboak izan arren, azken ikerketek erakusten dute oraindik ere badaudela indarkeria matxistaren aurkako babesa zailtzen duten praktika instituzionalak, bereziki haurtzaroari eragiten diotenean. Zoritxarrez, Euskadi ez da salbuespena. Horregatik, gonbidatu nahi zaitugu ikusgarritasun jardunaldi honetara. Bertan, lehen aldiz Bilbon biktimak eta arlo honetako profesionalak parte hartuko dute”, azaldu dute Bidauretik.

Elkarte berria da Bidaure eta lau urteko haurrei egindako abusuen ondorioz sortu zuten. Lehendakaria Oihane Artetxe bera da, eta bertan txikitan sexu abusuak edo biolentzia bikarioa jasan izan duten emakumeek eta ama babesleek hartzen dute parte.

Sarrera doakoa da baina izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, interesdunek esteka honetan topa daitekeen formularioa bete behar dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Jurgi Ekizak ‘Argitzala’ albuma aurkeztuko du Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenean

Kontzertua urriaren 2an antolatu dute, 19:30ean. Sarrera doakoa izango da

|

Jurgi Ekiza // Wikipedia

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenaren atarian, kontzertu berezia aurkeztu dute urriaren 2an.

Willis Drummondeko Jurgi Ekizak ‘Argitzala’ izeneko bigarren album aurkeztuko du egun horretan, 19:30ean, taldearen etenaldi mugagabea aprobetxatuz. “Album hori modu berezi batean aurkeztera dator: bakar bakarrik ezsenatokian, alde batetik kanta batzuk modu intimista eta gordin batean emanez baina bestetik, abesti batzuk modu apainduago batean proposatuz”.

Aukera berezia da orduan, disko berri hori zuzenean gozatu eta bizitzeko, baita artistaren ibilbidearen proiektu ezberdinetako kanten moldaketa bereziak primizian entzuteko. Sarrera doakoa da.

Osorik irakurri