Sareak

☉ Usansolo

Elexalde Institutuko Usansoloko zortzi ikasle autobus zerbitzurik gabe geratu direla salatu dute

Institututik lau kilometro baino gutxiagora bizi diren Usansoloko zortzi ikasle geratu dira autobus zerbitzurik gabe. Irizpide hori Eusko Jaurlaritzarena da

|

Oinez joateko erabili behar duten biderik zuzenena, errepidea, segurua ez dela esan dute eta horregatik Bekeatik joan behar dute // Utzitakoa

Elexaldeko DBHko 4. mailako zortzi ikasle, Usansolokoak, institutura joateko autobus zerbitzurik gabe geratu direla salatu dute.

“Ez dagoenez eserleku nahikoa denontzat autobusean, institututik 4 kilometro baino gutxiagora bizi garen Usansoloko zortzi ikasle garraio zerbitzurik gabe geratu gara”, adierazi dute sare sozialetan.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren arabera, ikastetxea bizilekutik lau kilometrora edo gehiagora duten ikasleek erabil dezakete autobus zerbitzua.

Oinez joateko erabili behar duten biderik zuzenena segurua ez dela esan dute: “Gorosibaikoentzat errepide bazterra da biderik zuzenena institutura joateko, baina ez da segurua ez dagoelako espaloirik eta ibilgailu, kamioi eta autobus asko igariotzen direlako. Orduan, Bekeatik joan behar dugu”, diote. Eta ibilbide hori lau kilometro baino gehiagokoa dela adierazi dute.

Usansoloko ikasleekiko elkartasuna adierazteko, ikasle talde batek oinez egin du bidea Elexaldeko Instituturaino: 08:10ean atera dira oinez tren geltokiaren ondotik eta 09:10ean heldu dira.

☉ Usansolo

Pala egokitua eta emakumezkoen finala hartuko du Usansolok abenduaren 21ean

Naia Zugaza eta Jone Bidasolo bikoteak Enara Anitua eta Irati Saez bikotearen aurka jokatuko du finala

|

Abnduaren 21ean, arratsaldez, izango dira partidak // Geuria

Pala protagonista izango da abenduaren 21ean, igandez, Usansolon. Alde batetik, pala egokituko partida bat jokatuko da, eta bestetik, emakumezkoen palako finala.

Emakumezkoen finalari dagokionez, Naia Zugaza eta Jone Bidasolo bikoteak Enara Anitua eta Irati Saez bikotearen aurka jokatuko du.

Partidak 17:30ean hasiko dira, Usansoloko frontoian. Zozketak eta opariak egongo direla adierazi dute.

 

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Galdakao-Usansolo ospitalea handitzeko lanak 2029an hasiko ditu Eusko Jaurlaritzak

Kanpo-kontsultetarako eraikin berria izango da. Guztira, 136,8 milioi euro inbertituko dituzte 2032ra bitartean, baina lanak ez dira ordurako bukatuta egongo

|

136,8 milioi euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak 2032ra bitartean // Irekia

Galdakao-Usansoloko ospitalea handituko du Osakidetzak. Iazko otsailean GEURIAn aurreratu bezala, kanpo-kontsultetarako eraikin berria eraikiko dute ospitale-barrutiaren iparraldean, heliportuaren eta Larrialdi zerbitzuen ondoan.

Atzo, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuenez, lanak 2029an hasiko dituzte. Guztira, 136,8 milioi euro inbertituko dituzte 2032ra bitartean, baina Osasun Saileko ordezkariek adierazi dutenez, lanak ez dira bukatuta egongo 2032rako.

2024ko otsailean zabaldutako proiektuaren arabera, erakin berriak 58.000 metro karratuko azalera izango du eta bederatzi solairu izango ditu: lau solairu lurrazalean eta bost lurrazpian (aparkalekuak).

Eraikina hiru eremu handitan bereiziko da. Lehena asistentzia-erabilerarako eremua izango da eta bertan kokatuko dituzte kanpo-kontsultak, erradiologia anbulatorioa eta farmazia anbulatorioa. Bigarren eremuan, zuzendaritza- eta administrazio-eremuak eta irakaskuntza-gelak egongo dira, eta, hirugarren eremuan, 1.129 aparkaleku eraikiko dituzte bost solairutan.

Eraikin berria heliportua eta Larrialdi zerbitzuen artean eraikiko dute // Irekia

Kanpo-kontsultetarako eraikin berriaz gain, Galdakao-Usansolo ospitaleko ospitalizazio-solairuak eraberritzen ari da Osakidetza. Kasu honetan lanak dagoeneko hasi dituzte eta 2028ra arte luzatuko dira.

Aparkaleku gehiago

Galdakao-Usansolo ospitaleko egungo aparkatze-arazoari erantzuna emateko asmoz, kanpo-kontsultetarako eraikin berrian 1.129 aparkaleku eraikiko dituzte.

Baina, ez dira bakarrak izango. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak azaroan iragarri bezala, aparkaleku berriak birgaituko dituzte ospitalearen atzeko aldean.

Ospitalearen inguruko titulartasun publikoko partzeletan eraikiko dituzte aparkaleku berriak, eta partzeletako bat Osakidetzaren jabetzakoa da.

Lanak 2026an hastea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak, “2028an plaza gehiago izateko helburuarekin”, eta inbertsioa 1,6 milioi eurokoa izango da.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Ander Deuna kalea noranzko bakarrekoa izango da Usansolon

Errei bakarrekoa bihurtuko du Udalak Ander Deuna kalea. Era berean, lineako eta bateriako aparkaleku berriak sortuko dituzte herrian

|

Ander Deuna kalea noranzko bakarrekoa eta errei bakarrekoa izango da // Google

Trafikoa, aparkalekuak eta oinezkoentzako pasabideak berrantolatuko ditu Usansoloko Udalak.

Helburua da hiri-mugikortasuna eta oinezkoen eta gidarien arteko elkarbizitza hobetzea.

Eta, asmo horrekin, jarduera nagusia izango da Ander Deuna kalea noranzko bakarrekoa eta errei bakarrekoa bihurtzea.

“Neurri horri esker bigarren ilaran aparkatzea saihestuko da eta trafikoaren arintasuna hobetuko da”, diote udal ordezkariek.

Gainera, berrantolaketa horrekin pilaketak murriztuko direla eta segurtasuna handituko dela adierazi dute Usansoloko Udaletik.

“Etorkizunean, Ander Deuna kalean espaloiak handitzea aztertu ahal izango da, kale nagusi honi izaera atseginago, irisgarriago eta pertsonengan zentratuago bat emateko”, diote.

Aparkalekuen berrantolaketa

Herriko aparkalekuen berrantolaketa izango da Udalak gauzatuko duen beste jarduera bat.

Ildo horretan, aparkatzeko guneak behar bezala ezarri eta mugatuko ditu Udalak, “ibilgailuak leku desegokietan aparkatzea saihesteko eta oinezkoen zirkulazioa eta sarbide-guneak errespetatzea bermatzeko”, diote.

“Aparkalekuen antolaketa argi baten faltak eragin du ibilgailu asko gaizki aparkatzea, gune ez egokituak okupatuz, oinezkoen pasabideak inbadituz eta oinezkoen zirkulazioa oztopatuz. Egoera honek zailtasunak sortzen ditu bai ibilgailuen zirkulazioan bai oinezkoen mugikortasunean, eta gainera, pertsonen segurtasunerako arrisku bat ere badakar”, esan dute.

Besteak beste, Ander Deuna kalean —Txapelena Baserriaren parean eta Unkina plazaren ondoan— , lineako aparkaleku berriak sortuko dituzte.

Eta, Ander Deuna kaleko 8tik 12ra, Oletxe eta Iturritxu kaleen artean, bateriako aparkaleku berriak sortuko dituzte.

Lineako aparkaleku berriak ere egokituko dituzte Oletxe, Oio Baroja eta Taberna Zaharra kaleetan eta Lekubaso bidearen trenbide gaineko zubian.

Arreta bereziko guneak

Halaber, oinezkoen pasabidearen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko xedearekin, Laminarrieta kalean, eskoletarako bidean, esku hartuko du Usansoloko Udalak.

“Puntu hori arreta bereziko gune gisa seinaleztatuko da eta pasabidearen ikusgarritasuna eta egoera hobetuko dira, eskolara doazen ikasleen eta ibilbide hori erabiltzen duten gainerako oinezkoen segurtasuna indartuz”, diote.

Usansoloko Udalak aparkaleku eta zirkulazio arauak errespetatzearen garrantzia azpimarratuko du, “eta haien betetzea bermatzeko beharrezko neurriak hartuko dira, Ertzaintzaren eta datorren urtean martxan egotea espero den Udaltzaingoaren bitartez”, diote: “Horrela, espazio publikoaren erabileran errespetu eta erantzukizunaren kultura sendotu nahi da, hirigune seguruago, ordenatuago eta irisgarriago bat sortuz herriko bizilagun guztientzat”.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Merkataritza Elkartea sortu dute Usansolon: lehen 30 saltokiak atxiki dira

Usansoloko Udalak konpromisoa adierazi du eta datozen udal aurrekontuan partida espezifikoak aurreikusten ditu merkataritza sustatzeko

|

Cecobiren laguntzarekin eta Usansoloko Udalaren babesarekin sortu dute elkartea // Argazkia: Cecobi

Usansoloko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkartea sortu berri dute, Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioaren laguntzarekin eta Usansoloko Udalaren babesarekin.

Helburua da herriko jarduera ekonomikoa sendotzea eta tokiko merkatari eta ostalarien arteko elkarlana indartzea.

Diego Dominguez da Usansoloko Merkataritza Elkarteko presidentea (Kiram), eta bere esanetan, elkartzeak “indartsuago” egingo ditu herriko merkatariak.

“Erronkak partekatu nahi ditugu, gure kaleak biziz beteko dituzten eta Usansoloren ezaugarri den komunitate sentimendua indartuko duten proiektuak sortu”, esan du Dominguezek.

Momentuz 30 saltoki atxiki dira elkartera, eta aholkularitza teknikoa, tresnak eta babesa jasoko dituzte Cecobiren eskutik.

Usansoloko Udalak konpromisoa adierazi du eta datozen udal aurrekontuan partida espezifikoak aurreikusten ditu merkataritza sustatzeko, dinamizazio-kanpainak eta formakuntza-ekintzak bultzatzeko.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Programa | Usansoloko jaiak 2025, azaroa

|

Azaroko jaietan indaba eta tortilla txapelketak antolatu ditu Jai Batzordeak // Geuria

Usansoloko jaiak izango dira asteburu honetan. Azaroaren 28tik 30era bitartean hamaika jarduera antolatu ditu Usansoloko Jai Batzordeak. Hemen egitaraua:

Egitaraua | Usansoloko jaiak 2025, azaroa

Azaroak 28, ostirala
17:00 Jaien hasiera
17:00 Umeentzako tailerrak Ludotekan
17:00 3×3 Saskibaloi txapelketa Unkina kiroldegian
18:00 Gauargi taldea Unkina plazan
19:15 Txorizoak Unkina plazan, Izar Gorrie elkartearen eskutik
20:00 Pregoia Unkina plazan: Unkina Saskibaloi Beteranak
20:15 Photocalla frontoi txikian Lamintxuren eskutik. Mozorro gaua: Musika
20:30 Soka Batukada herritik zehar
20:45 Poteolinpiadak BMko plazan hasita Lamintxuren eskutik
22:30 Kontzertuak Unkina plazan: Mambo Express + Zeinke + Txapela Brava

Azaroak 29, larunbata
09:30 Diana Bizkaiko Gaiteroekin
10:00 Indaba eta tortilla txapelketen hasiera Unkina plazan
11:00 Artisau azoka Izar plazan
12:00 Gaiteroen kalejira erraldoiekin
14:00 Indaba eta tortilla txapelketen sari banaketa
15:00 Bazkari herrikoia
16:00 Bazkaloste musikatua Unsaoloko Orfeoiaren eta Euskara Taldearen eskutik
17:15 Umeentzako ikuskizuna Unkina plazan: Txulalai taldea
19:00 Aunitz Urtez musika taldea Izar plazan
21:15 Kontzertuak Unkina plazan: Jona Exposito + Los Zopilotes Txirriaos + Kene.mp3

Azaroak 30, igandea
09:30 Diana Bizkaiko Gaiteroekin
10:30 Artisau Azoka Unkina plazan
11:00 Arku tiroketa frontoi txikian
11:30 Emakumezkoen lehen mailako pala partidak Meatzetako frontoian
12:30 Oinarin Dantza Taldearen emanaldia Unkina kiroldegian
13:30 Pasabares gaiteroekin
17:30 Zirku tailerra Unkina plazan Gazteberriren eskutik
19:00 Jaien amaiera txokolatadarekin Unkina plazan

Osorik irakurri