Sareak

☉ Zaratamo

Gurutze Zubikarai, Gaztek-Abi elkartea: «Pasio Bizian idazkietako fideltasun historikoa modu erakargarrian erakustea da zailena»

Aste Santua gainean dela, Gaztek-Abi elkarteak ekin die Arkotxako Pasio Bizia prestatzeko azken lanei. Prozesioaren 55. edizioa aldaketa eta ezusteko askorekin heldu zaie: elizaren obren hasiera eta zuzendaritza berriaren aukeraketa

|

Gurutze Zubikarai eta Aitor Sainz, Gaztek-Abi elkarteko kideak // Geuria

Aste Santua gainean dela, Gaztek-Abi elkarteak ekin die Arkotxako Pasio Bizia prestatzeko azken lanei. Prozesioaren 55. edizioa aldaketa eta ezusteko askorekin heldu zaie: elizaren obren hasiera eta zuzendaritza berriaren aukeraketa. Gurutze Zubikarai (Ondarroa, 1977) zuzendariarekin eta Aitor Sainz (Zaratamo, 1981) antolatzailearekin hitz egin dugu aurtengo nondik-norakoen inguruan gehiago jakiteko. Baina aurrerapen moduan, hor doa: fideltasun historikoa helburu, berritasun txikiren bat espero da.

Gaztek-Abi elkarteko zuzendaritza taldea aldatu egin duzue. Nola hartu zenuten erabakia?

Aitor Sainz (A.S.): Aurreko presidenteak, Josean Chicak, ez jarraitzea erabaki zuen, eta Gurutze aurkeztu zen burutzara. Zuzendaritza-batzordea batu ginen orduan, eta bozketa egin ondoren eman genion erreleboa.
Gurutze Zubikarai (G.Z.): Nik jarraipena eman ahal izateko aurkeztu nuen nire burua. Pandemia heldu zenerako, Aste Santuan, bi urtez egon ginen ezer egin gabe, eta gogotsu geunden Pasio Biziari berriro heltzeko. Nire umeak garai hartan hasi ziren errepresentazioan parte hartzen, eta geldialdia eta gero, inoiz baino irrika gehiagoz zeuden berriro ekiteko.

A.S.: Orokorrean, aldaketa gutxiko taldea gara. Josean Chica, adibidez, 17 urte inguru egon da karguan, eta bera baino lehen, presidente bakarra izan dugu: Flavio Bujanda. Gurutze hirugarrena da jarraipen lerroan.

Zaila egin zaizue pandemia aurreko erritmoa berreskuratzea?

A.S.: Egoera pandemia baino urtebete lehenago okertu zitzaigun, jendearen konpromiso falta zela-eta bertan behera utzi behar izan baikenuen errepresentazioa. Parte hartzaileek entseguetara etortzeari utzi zioten, eta gauzak hain gutxi landuta bazeuden eta gaizki eginda, ez irtetea hobea izango zela erabaki genuen. Bestalde, atentzioa emateko modua ere bazela ikusi genuen, ea hortik aurrera konpromiso gehiago lortu genezakeen. Baina urtea igaro ondoren, dena ondo bidean zegoela, pandemia heldu zitzaigun, eta bi urtez egon ginen geldi.

Aurten, nola zabiltzate parte hartzaile eta konpromiso aldetik? G.Z.: Ondo. Gainera, jende gazte eta ume asko hurbildu dira. Haiek dira gogo gehien daukatenak.
A.S.: Auzo txikia garen heinean, beti nahi izaten dugu jende asko hurbiltzea. Azken momentuan, beti heltzen zaigu auzotarren bat, erromatarren papererako norbait behar dugun edo errepresentazioan herritarrena egiteko lekurik geratzen zaigun galdezka. Baina gustatuko litzaiguke hasieratik izatea konpromiso hori, horrela, entseguak aldez aurretik ondo prestatzeko.

Noiz hasi dituzue prestaketa lanak?

G.Z.: Azaroan eszenaka hasten ditugu entseguak, eta, normalean, hileko larunbat batean egiten ditugu. Horrela, urtarrilera arte.
A.S.: Otsailean, larunbatero egiten ditugu, orduan hasten baikara eszena guztiak batera egiten. Pare bat orduko entseguak izaten dira, baina badago paper txikiak dituen jendea, ordu erdiz etorriz gero nahikoa duena.

Pandemiaren ostean, beraz, badirudi erritmoa hartu duzuela. Baina duela gutxi, 2019an bezala, ezustekoa izan duzue: Udalak eliza berritzeko obrak iragarri zituen.

G.Z.: Bai. Larritasun handia sentitu genuen urtarrilean berria eman zigutenean. Obrak apirilerako bukatuta egongo zirela esan ziguten, baina ez genekien horrela izango zen. Ezinegona sortu zitzaigun: ea non egingo genituen entseguak, lokalean gordeta genituen materialak non utzi, eliza zabalik egongo zen Aste Santuko egunetarako. Baina hasierako larritasuna baino ez zen izan, epeak bete egin direlako, eta jarduketak ez digulako inongo arazorik sortu.
A.S.: Aste batez egon da lokala itxita, eta bitartean, elektrizitateari lotutako lan batzuk egin dituzte, baina gurean ezer zulatu gabe edo obra handiegirik egin gabe.
G.Z.: Alkatearekin hitz egin eta jarraian eskaini zigun bilera bat. Haien esku zegoen guztia egingo zutela esan zigun. Eta azkenean, ez dugu problemarik izan. Normal-normal egin dugu lan.

Pasio Bizian aldaketarik egingo duzue aurten

A.S.: Bai, zerbait, bai. Baina aldaketa txikiak izango dira. Pasa den urtean, Nekaldiaren ibilbidea guztiz aldatu genuen (50 urte baino gehiagoren ondoren, lehen aldiz), konturatu ginelako ez zetorrela bat benetako estazioekin. Horregatik, historiarekiko fidelagoa den errepresentazioa egiteko asmoz, aldaketa egitea planteatu genuen. Aurten, ibilbide hori mantenduko dugu, eta gainera, eszena batzuetako egitura aldatuko dugu, helburu berarekin.
G.Z.: Jantzi batzuk ere aldatuko ditugu Azken Afarian. Garai hartan janzten zituzten oihalen antz handiagoa izan dezaten, neutroagoak diren koloreak erabiliko ditugu.

Fideltasun historikoa mantentzea da, beraz, zuen helburu nagusia?

G.Z.: Hori, eta gauzak dinamikoagoak egitea. Pasio Bizian, idazkietako fideltasun historikoa modu erakargarrian erakustea da zailena, eta hori da, hain zuzen, lortu nahi duguna. Taldeko beteranoenek egiten dituzten paperak buruz dakizkite, eta errepikatu baino ez dituzte egin behar. Baina aldaketak sartzeak denbora darama, eta zaila izan ohi da.

Nola dakizue, historiaren ikuspuntutik, ondo egindako lana dela?

A.S.: Ikasten joan behar dugu horretarako. Erromatarrentzat eta juduentzat guztiak zeukan esanahi jakin bat, sinbologia oso konkretua: jantziek, jendeak aldean eramaten zituen objektuek. Garai hartan zegoen kulturen nahasteari buruz ahalik eta gehien ikastea da gakoa; presio-eltze horretan, erromatarrek eta juduek zeukaten harremanari buruz gehiago jakitea.

Zuentzat denbora-pasa baino askoz gehiago da.

A.S.: Dudarik gabe. Nire kasuan, obsesioa bihurtu da, ia-ia. Israelen egon naiz, bideoak ikusten ditut gaiaren inguruan, irakurri egiten dut… 3 urte nituenetik hartu dut parte prozesioan, nire osaba zuzendaria zelako, eta ordudanik, ez dut jakin izan lokal honetatik eta Aste Santutik kanpo bizitzen.

Historiarekiko errepresentazio fidela egitea bada zuen oinarrietako bat, eta horren inguruan beti hobetzen joatea, erlijioa baino gehiago ere bada.

G.Z.: Gaztek-Abi elkarte kulturala da. Inori ez zaio galdetzen erlijiosoa den, sinesmenik duen, edo zerk bultzatzen duen parte hartzera. Etorri nahi duten guztientzako gaude hemen.
A.S.: Batzuek erlijioagatik egingo dute, beste batzuek auzoak duen tradizioagatik eta askok errepresentazioa egitea gustuko dutelako. Eskatzen dugun bakarra konpromisoa da, eta guk egiten dugun bezala, ekitaldia pasioz bizitzea. Uste dut hori dela besteengandik bereizten gaituena, gure identitatea.

Luis Alberto Castellanos izango da aurten Jesusen paperean egongo dena; aurreko urtean zu izan zinen, Aitor. Zein lan egingo duzue aurten?

A.S.: Pasa den urtean ni izan nintzen, baina azken orduko kontua izan zen: Jesusen papera zuen lagunak mediku-arazo bat izan zuen. Hala ere, egia da zailtasunak daudela paper horretarako jendea aurkitzeko, Jesusena egiteko gizonak adin tarte batekoak izan behar baitira.
G.Z.: Ni, aurten, antolaketan egongo naiz. Aurrekoetan, egin ahal izan ditudan paper guztietan egon naiz, eta denetarik probatu dudanez, Aste Santu honetan, beste lan bat izango dut. Gainera, emakumeen paperak gizonenak baino gutxiago dira, eta normalean, kudeaketa lanetan asko egon ohi gara.

☉ Zaratamo

Zaratamoko Elexalde auzoan kutxazain bat jartzeko aukera aztertuko dute Berosi proiektuaren bidez

1,15 milioi euroko aurrekontua du Berosik 300 eta 500 biztanle arteko udalerrietan kutxazainak ipini, mantendu eta kudeatzeko

|

Kutxazain bat // Eduardo Soares, Unsplash

Gaur egun, Bizkaiko hainbat udalerritan ez dago kutxazain automatikorik eta Eusko Jaurlaritzak irtenbidea eman nahi dio arazo honi Berosi izeneko proiektuaren bidez.

Berosi 2030erako Landa Garapenerako Estrategiaren barruan kokatu beharreko proiektua da. 1,15 milioi euroko aurrekontua du Berosik 300 eta 500 biztanle arteko udalerrietan kutxazainak ipini, mantendu eta kudeatzeko, betiere hurbilen dagoen kutxazaina zortzi kilometro baino gehiagora badago.

Ereño, Gizaburuaga, Mendata edo Ea bezalako udalerri txikiek ez dute kutxazain automatikorik eta bertako herrtitarrek inguruetako herrietara jo behar dute. Hego Uribe eskualdean, eskualde osatzen duten zazpi udalerrietan kutxazainak dago, baina Zaratamoko Elexalde auzoan ez, ordea.

“Udalerria elkarren artean distantzia oso handiak dituzten auzoen artean banatuta dago”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Elexaldeko herrigunearen inguruan bizi garenok Arrigorriagaraino edo Basauriraino joan behar dugu kutxazain automatikoa erabiltzeko”. Arkotxa auzoan kutxazain bat dago gaur egun eta Elexalderi dagokionez, bertan jarri beharko dela aurreratu du Ugarrizak “Eusko Jaurlaritzaren lizitazioan inor aurkezten bada eta entitate horrek Elexalden ipini nahi izatekotan”.

Alberto Ugarriza: “Elexaldeko herrigunearen inguruan bizi garenok Arrigorriagaraino edo Basauriraino joan behar dugu kutxazain automatikoa erabiltzeko”

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren arabera, Berosi proiektuaren arabera Euskadiko 22.000 pertsona baino gehiagok bazterkeria finantziarioa pairatzeari utziko diote. Ekimenaren arabera honako hauek dira, Zaratamoz gainera, bertan parte hartzeko ezaugarriak betetzen dituzten udalerriak: Ajangiz, Amoroto, Arantzazu, Arratzu, Arrieta, Artea, Artzentales, Ea, Elantxobe, Errigoiti, Forua, Fruiz, Garai, Gatika, Kortezubi, Mendata, Mendexa, Meñaka, Murueta, Muxika eta Ziortza-Bolibar.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Bideoa | Uxue Oleagordia: «Herriko erromeriak aukera aparta dira ikasitakoa praktikan jartzeko»

Dantza ikastaro batek dantza talde bat sortzera eraman du herritar talde bat. Eskola zaharretan egiten dituzte entseguak eta udako egun bero batean izan gara beraiekaz

|

Uxue, dantzariez inguratuta // Geuria

Dantza ikastaro batetik jaio zen ‘Zaratamoko Dantzariak’ izeneko dantzari taldearen proiektua. Berez, izen hori behin behinekoa bada ere, proiektua sendotzeko eta ikastaroa dantza talde bilakatzeko prozesua martxan dago. Hori dela eta, Uxue Oleagordia (Basauri, 2003) dantza ikastaroko irakaslearekin elkartu gara. Herriko hainbat ekitalditan parte hartu ostean eta dantza ikastaroak izandako harrera ona ikusita, talde berria sortuko dute aurten.

Entseguak ostiralero egiten dituzte Elexaldeko eskola zaharretan eta ateak zabalik dituzte euskal kulturaz janzteko interesa duen edonorentzat. Momentura arte egindako lana @zaratamokodantzariak izeneko Instagram kontuan sareratu dute.

Noiz eta zer dela eta sortu egiten da Zaratamoko Dantzariak taldea? Duela urte eta erdi Untzurbe Elkarteak planteatutako proiektua da honako hau. 2024ko otsailetik ekainera bitartean dantza ikastaroa egin genuen eta harrera oso ona izan zuen. Beraz, proiektuarekin jarraitzea erabaki genuen eta jarduera berriro ekarri genuen irailean, ikasturte osoko ikastaroa egiteko. Berriro ere, dantza ikastaroak emaitza oso onak izan zituen eta gure asmoa ikastaro hartatik dantza talde berri baten proiektuari ekitea izan da.

Zein da zuen erronka nagusia talde modura? Bizirautea eta Zaratamoko antzinako dantzak berreskuratzea, gure kultura zazpi haizetara zabaltzeko.

Trebatutako dantzaria zara, Uxue. Nola heldu zitzaizun Zaratamon dantza eskolak emateko aukera? Alboko herrietan dantza ikastaroak antolatzeko lan eskaintza izan nuen. Euskal kulturgintzaren inguruan ikastaro bat eskaintzeko pertsona bat behar zuten. Zuzenean jarri ziren harremanetan nirekin eta nik baiezkoa eman nien. Azken batean, lau urtekin hasi nintzen euskal dantzetan, eta hori da nire betidaniko pasioa. Beraz, herritarrek erromerietan parte hartzen animatzeko ikastaro bat prestatu nuen. Horixe landu genuen otsailetik ekainera bitarteko ikastaro labur hartan. Ekainean erakustaldi bat prestatu genuen Zaratamon, eta jendea animatuta zegoela eta gero eta jende gehiagok parte hartu nahi zuela ikusita prestatu genuen ikasturte osoko ikastaro osotuago hura.

Nolako ekintzak landu dituzue azken ikastaroan? Ekintza asko landu ditugu: Bostak eta Lauren taldearekin elkarlan polita egin genuen: kontzertu bat eskaini zuten herrian eta hiruzpalau abestitan parte hartu genuen. Inauterietan, Zaratamoko eskola gurekin harremanetan jarri zen eta elkarren artean erromeria antolatu genuen Elexaldeko plazan. Euskaraldiako herriko batzordekideak harremanetan ipini ziren gurekin ere aurtengo ariketa dela eta, Elexaldeko plazan beste erromeria bat antolatzeko. Ekainean, Arkotxako jaiak direla eta, auzoan dantzatzeko gonbidapena luzatu ziguten. Azken batean, dantza ikastaroan herriko auzo askotako eta inguruetako herrietako dantzariak daude eta horien artean Arkotxako bizilagunak daude. Jaietan erakustaldia egiteko proposatu zuten eta hala egin genuen. Ekainaren amaieran kurtso bukaerako erakustaldia egin genuen Elexaldeko plazan.

Agerraldi guztiak Zaratamon egin dituzue. Herritik kanpo dantzatzeko asmorik duzue? Erromeriak egiten dituzten herriko plazetan dantzatzea oso ondo legoke. Horietan parte hartzeko taldetxoa sortzen badugu, animatu eta Basauri, Arrigorriaga edo Galdakaoko dantzaldietan parte hartzeko ez genuke arazorik izango. Ikasitakoa praktikan jartzeko aukera paregabea da herriko erromerietan dantzatzea.

Zuen instagrameko kontuan emakumeak ageri dira dantzan bakarrik. Emakumeei zuzendutako ikastaroa da zuena? Ez. Mutilak egon badaude gure taldean, ikastaroaren hasieratik gainera. Baina gauza bat gertatzen zaie: ez dira ausartzen emanaldietan parte-hartzera. Gurekin ez dira jantzita etortzen erakustaldietara, baina plazan egoten dira. Dantza pare batean parte hartzen dute, baina arropa arruntekin jantzita betiere. Herrian egiten dena herriarentzat egiten dugu. Hau da, herriko edonork hartu dezake parte gure erakustaldietan. Hasieran erromerietan borobilean egiten diren dantza horiek egiten ditugu eta poliki-poliki arkudantza edo makil txikiak bezalako dantzak gehitzen joan gara. Mutilek entseguetan parte hartzen dute baina plazara irtetea beste kontu bat da.

“Herrian egiten dena herriarentzat egiten dugu. Hau da, herriko edonork hartu dezake parte gure erakustaldietan”

Zein da horren arrazoia, beldur eszenikoagatik agian? Ez dakigu. Nik uste dut gutxi direlako. Gainera, arropa jakin batzuk janztea ez omen dute gustuko, agian beren buruak ez dituztelako euskal jantziekin identifikatzen. Hasieran euskal dantzetako jantzi barik egiten genuen dantza eta gero jendea euskal jantzi horiek prestatzen eta plazaratzen joan da. Gaur denok janzten ditugu euskal jantziak. Hala ere, euskal jantziak ipintzera animatzen ez badira ere, modu batean edo bestean dantza egitera animatu egiten dira mutilak.

Zenbatero dituzue entseguak eta nori zuzendutakoak dira? Entseguak ostiralero antolatzen ditugu: 17:00etatik 19:00ak arte egoten gara eskola zaharretan, eta tarte horretan talde bi daude: 17:00etatik 18:00ak artekoa eta 18:00etatik 19:00ak artekoa. Mundu guztiari zuzendutako saioak dira eta ikasturtean zehar inork proba egin gura badu erraztasunak ipiniko dizkiogu. Umeen taldea sortzea gure zereginen artean dago oraindik. Haurrek izena ematen badute ez da arazorik egongo txikien talde bat sortzeko, nola ez!

Adin tarte berezirik dago gaur egungo taldean? Nik esango nuke talde bi bereizi daitezkela adinari erreparatzen badiogu: 23-27 urte bitarteko gazteena eta “amena”, 40–50 urte ingurukoena. Hala ere, badira ere gorputza mugitzeko prest duten amamen adina duten dantzariak ere.

Nolakoa da Udalarekin duzuen harremana? Ikastaroa Untzurbe elkartetik sortu dutenez guk elkartearekin dugu harremana. Hala ere, herrian egindako ekimenekin zein lokala lagatzeko orduan Udalaren laguntza izan dugu lehen momentutik.

Eskualdeari begira eta bertako herrietan dauden dantza taldeak ikusita, zelan ikusten duzue folklorearen osasuna Hego Uriben? Dantza talde nahikotxo ditugu gure eskualdean eta hainbat ekintza antolatzen dituzte. Hego Uriben, izan ere gutxienez jarduera bat antolatzen dute hilero. Dantza talde horiekin harremanetan ipintzea benetan erraza da. Guk, esaterako, ez ditugu txistularirik, eta musikariak behar ditugunean Arrigorriagako dantza taldekoak hurbildu ohi dira. Hego Uribeko dantza taldeekin harremana izatea benetan garrantzitsua da eta egia esateako, erraztasun handiak ipintzen dituzte beren partetik.

“Euskal dantzek gauza ugari erakutsi ahal dizkie umeei eta oso garrantzitsua da euskal kulturarekiko lotura hori mantentzea”

Ni bi dantza taldetan ibili izan naiz eta beste hainbatekin harreman zuzena izan dut, eta eskatu izan didatenean laguntzeko prest agertu naiz beti. Hala ere, konpondu beharreko zenbait kontu badaude ere: dantza talde batzuei askotan laguntza ekonomikoa falta zaie, eta diruz ez bada, Zaratamoko Udalak egiten duen bezala, Udalek erraztasun gehiago eman beharko lizkieke taldeei, lokalak utziz, esaterako. Bestalde, ume eta gazteen arazoa ere hor dago: guraso askok, umeak nagusitzen direnean kirol jakin batzuetara bideratzen dituzte, euskal dantzak alde batera utziz. Euskal dantzek gauza ugari erakutsi ahal dizkie umeei eta oso garrantzitsua da euskal kulturarekiko lotura hori mantentzea: balioak, talde lana…denetarik ikas daiteke bertan.

 

Behin taldea sortuta, non gustatuko litzaizueke dantzatzea? Herriko hainbat ekimenetan parte hartu nahi dugu, eta ateak zabalik izango ditugu jaietan, ospakizunetan, auzoetako jai txikietan edo Upoko San Segismundo baselizan urtero egiten den festan ere. Herritik kanpora begira, taldean planteatuko genuke eta dantzariak prest egon ezkero bertara joango ginateke. Azken batean, oso aberasgarria da taldea elkartzeko herritik kanpo egiten diren ekitaldietan parte hartzea, beste taldeetako dantzariekin harreman berriak sortuz.

Bizkaiko edo Euskadiko Dantzari Egunetan parte hartuz, esaterako? Oso egun politak izan ohi dira dantzarientzat. Egun horietan bizitzen diren esperientziak zoragarriak izan ohi dira. Batek, daki: agian egunen batean bertan parte hartzeko aukera izan ahalko genuke!

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Mugikortasunaren Diagnostikoaren emaitzak aurkeztuko ditu Zaratamoko Udalak Arkotxan

Urriaren 20an plazaratuko dituzte joan den ekainaren 10etik 24ra egindako Mugikortasun Diagnostikoaren emaitzak, Arkotxako elizan

|

Bizkaibus bat, Elexalden // Geuria

Zaratamoko Udalak ekainean egindako Mugikortasun Diagnostikoaren emaitzak plazaratuko ditu urriaren 20an, Arkotxako elizan. Ekainaren 10etik 24ra Mugikortasun Diagnostikoa egin zuen Zaratamoko Udalak, RAZ Advanced Solutions eta Hiritik At bulego teknikoekin batera, ondoren Bizkaiko Foru Aldundia burutzen ari den azterketa orokorrari udalerriaren behar partikularrak gehitu ahal izateko.

Diagnostiko horretan herritarren mugikortasun ohitura, behar, nahi eta proposamenak jaso dituzte Bizkaiko Foru Aldundia egiten ari den azterketa horri begira, udalerriaren behar partikularrak eskema orokor horren barruan txertatu ahal izateko. “Azterketa honek mugitzeko modu guztien inguruan eta mugikortasunarekin loturiko espazio publikoaren inguruko lanketa ere egin du, baina nagusiki garraio publikoaren berrantolaketa posible bati begira dago enfokatuta, horregatik garraio publikoaren erabilera, gabezia, aukera eta bestelako alorrak aztertu dira sakonen”, azaldu zuten udal ordezkariek joan den ekainaren amaieran.

Proposamen horien artean Elexalde eta Arkotxa Bi-3701 errepidetik lotuko lukeen Bizkaibus linearena ageri da. Auzo bien arteko komunikazio falta “arazo handia” bezala definitu zuten udal ordezkariek eta 2024ko irailean Sonia Perez Ezquerra Garraioak, mugikortasuna eta turismoa sustatzeko saileko foru diputatuarekin bildu zen Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatea, “Zaratamoko garraio publikoaren arazoak aztertzeko”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamon lantegia duen Pekos enpresako langileek greba egingo dute lan-hitzarmen berria aldarrikatzeko

ELA sindikatuaren arabera, PekosGroupeko enpresak “onura handiak” izan ditu azken urteetan “baina horiek, ordea, ez dira neurri berean islatu langileen soldatetan”. Gaurtik hasita urriaren 8ra bitartean egingo dute greba

|

Pekos Fabricacion enpresako lantegia // ELA Sindikatua

Pekos Fabricacion enpresako Zaratamo eta Arteako langileek greba hasiko dute gaurtik urriaren 8ra arte. “Grebaren helburua da irabazi handiak dituen enpresa batean soldata igoera nabarmenak ekarriko dituen hitzarmena adostea”, azaldu dute ELA sindikatutik.

Pekos Fabricacion balbulak sortzen dituen PekosGroup taldeko enpresa da. Bizkaian lantoki bi ditu: Zaratamon eta Artean. Guztira 80 pertsonek egiten dute lan bertan eta ELAren arabera “onura handiak” izan ditu azken urteetan: “Onura horiek, ordea, ez dira neurri berean islatu langileen soldatetan”.

Horiek horrrela, urte hasieran negoziazioak hasi zituen enpresako zuzendaritzarekin aurreneko enpresa hitzarmena adosteko: “Hitzarmen horrek soldata igoera garrantzitsuak eta lanaldi murrizketekin, eskubide sozialen hobekuntzekin, baimenen eta lizentzien hobekuntzekin eta prekarietatearen aurkako neurriekin lotutako beste hobekuntza batzuk jasoko lituzke”, zehaztu dute sindikatutik.

Aurten hainbat bilera egin dituzte sindikatuko ordezkariek enpresa zuzendaritzarekin eta azken hauek “soldaten hobekuntza eskasa” negoziatu izan duela azaldu dute ELAtik. “Ondorioz, ELAk greba deitu du urriaren 6, 7 eta 8rako, plantillaren lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak ekarriko dituen hitzarmen bat adosteko”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoetan aste bi daramatzate edateko urik gabe

Zaratamo eta Usansoloko Udalek Ur hornidura sistema berria ipiniko dute Lekuetik Urdinbide eta Gutioloraino. Aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da eta eman beharreko hurrengo urratsa Udaletako ordezkariek proiektu horri forma ematea da

|

Iciar, Partzuergoak eman dion zortzi litroko ur botilla baten ondoan // Geuria

Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoetako bizilagunak joan den irailaren 19tik daude edateko urik gabe. “Txorrotako ura ezin da erabili. Ez edateko ezta sukaldatzeko”, horrela dio Iciarren etxetik metro batzura kokatuta dauden postontzietan ipini duen kartel batek.

“Aste bi daramatzagu ur edangarririk gabe Gutiolon”, azaldu du Iciarrek. Arazoak dirauen bitartean, Ur Partzuergoko kamioi batek zortzi litroko botila edo txanbil bi eramaten dizkie bi auzoetako bizilagunei, eguneroko beharrizanei aurre egin ahal izateko.

Txorrotako ura ezin dugu edan edo sukaldatzeko zein fruta garbitzeko erabili”, gehitu du Gutioloko auzotarrak. Uraren kalitatearen zergatia aztertu arte iraungo du ez edatearen debekuak. Hala azaldu dute Zaratamoko Udaletik.

Arazoa ez da berria, auzotarren eta udal ordezkarien arabera: “Orain arte, arazoak egon direnean Udalera deitu dugu eta Udala Ur Partzuergoarekin harremanetan ipini ohi izan da. Irtenbiderik aurkitu izan ez denez, Gutioloko auzotar batek Bizkaiko Foru Aldundira deitu eta egun berean Foru Aldundiko zein Osasun saileko ordezkariak agertu ziren auzoan. Ordutik botiletan ekarritako ur hau edaten ari gara”, dio Gutiolokoak zortzi litroko botila bat erakutsiz.

“Irtenbiderik aurkitu izan ez denez, Gutioloko auzotar batek Bizkaiko Foru Aldundira deitu eta egun berean Foru Aldundiko eta Osasun saileko ordezkariak agertu ziren auzoan”

Aurreko urteetan, behin baino gehiagotan, ura uherra iristsi izan da etxeko txorrotara baina Partzuergoko ordezkariek “ezer gutxi” egin dutela dio Iciarrek. Udalak GEURIAri azaldu lez, lau urte daramatza arazo honen konponbidearen bila. Izan ere, Otzagarain airean dagoen ur biltegi bat dago, eta bertatik irteten da Gutiolo eta Urdinbide auzoak eta baita Arteta hornitzen dituen ur sistema.

Udalak Gutiolo eta Urdinbiden ipini dituen informazio-kartelak // Geuria

“Lau urte daramatzagu gur egungo ur hornidura sistema aldatzeko prozesuan”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”.

Zaratamoko Udala: “Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”

Azken bilera joan den irailaren 23an deitu zuen Osasun sailak. Bertan Zaratamoko eta Usansoloko udal ordezkariek eta Bizkaiko Ur Partzuergoko arduradunek hartu zuten parte. “Duela hiru urte konpromiso batzuk hartu zituen Zaratamoko Udalak kontu honetan Galdakaoko udal ordezkariekin batera, ur horniduraren sistemari azpiegitura berri bat egiteko helburuarekin”, azaldu du Zaratamoko alkateak.

Usansolotik Zaratamora

“Ur Partzuergoak hiru proposamen egin zituen 2022ko bilera hartan eta Zaratamo zein Galdakaoko Udaletako ordezkariek horietako bat aukeratu genuen. Orain exekuzio proiektu hura diseinatzen egon dira eta Ur Partzuergoko ordezkariek joan den maiatzean aurkeztu zuten. Baina, jakina denez, proiektu honetan Usansolo dago Galdakao beharrean”, argitu du Ugarrizak.

Martxan ipini beharreko proiektu berri honek gaur egungo sistema prekarioa gainditu beharko lukeela adierazi du Zaratamoko alkateak: “Proiektu berri honen ondorioz, uraren hornidura sarea Ur partzuergoarena izango litzateke % 100ean eta ibilbidea honakoa litzateke: Usansoloko Lekue partetik Artetara joango litzateke ura eta bertatik Zaratamoko Otzagaraira helduko litzateke hodi baten eta ur-ponpa sistema baten bidez. Bertan biltegi berria ipiniko lukete eta biltegi horretatik iritsiko litzateke ura Urdinbide eta Gutiolo auzoetara”.

“Proiektu berri honen ondorioz, uraren hornidura sarea Ur partzuergoarena izango litzateke % 100ean”

Ur hornidura sistema berriaren aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da (1.343.751 euro, zehazki, BEZa barne). “Eman beharreko hurrengo urratsa hauxe da: Usansolo eta Zaratamoko ordezkariok proiektu horri forma ematea. Obra handia baino luzeera handiko kontua da. Azken batean, hodia errepide ondotik ipintzea da asmoa biltegietara heltzeko, eta bertatik herriko auzoetara”.

 

Osorik irakurri