Kirola
Iritzia / Arrigorriagako arkakusoa
Leo Messik Bartzelonatik alde egin nahi du. Hurrengo egun eta asteetan mundu mailako albistea izango denak bere oihartzuna izan du Arrigorriagan ere, bitxikeria batek hauspotuta: 2015an Ernesto Valverdek, orduko Athleticeko entrenatzaileak, Messi Arrigorriagakoa izatea nahiko zuela esan zuen. Erdipurdiko coach-ek saltzen dutenaren kontrara, ordea, jakin badakigu nahi izatearekin ez dela nahikoa zure ametsak bere horretan bete daitezen, Instagramerako soilik balio duela horrek, baina ateraldiak aukera ematen digu izarren izenaz, izanaz eta ezinaz hausnartzeko, astronomiaz ezer gutxi jakin arren.
Izateko, izar guztiek izena behar dute. Arrigorriagatarra behar lukeen jokalariaren kasuan “arkakusoa” ezizenaz ezagutu izan dugu bere kirol ibilbide guztian zehar. Metafora ederra halako animalia txikia, ia ikusezina, itxuraz ezdeusa, urteen poderioz hainbeste gozarazi digun erraldoi bilakatu izana. Kalean hasi zuen bere kirol ibilbidea Messik. Madalenetako futbito txapelketan parte hartu zuen edo ez batek daki, baina Argala plaza betetzen zuen txapelketa harekin gertatu denak ondo baino hobeto islatzen du futbolak izan duen bilakaera: Kaleetatik eta plazetatik atera dugu, eta belar artifizialera eraman. Ez naiz azken aldian medioetan hain usu ematen diren kanpainen antzera prekarizazioa erromantizatzen hasiko, non, adibiderako, esango dizuten zaborretik jatea friganismoa dela, eta ez pobrezia gordina: Azken hamarkadetan hobekuntza erraldoia eman da futbol zelaietan, eta horrek onura nabariak ekarri ditu. Hala ere, egia da kaleko futbola oinetan baino, buru barruan hezurmamitzen dela, eta irudimena hauspotzen duela: Dena sortu behar da hutsetik hasita, joko zelaia bera, erabakiz atea bi jertserekin edo zuhaitz, zutabe edo dena delakoekin egingo den, eta antolaketa ere eskatzen du, taldeak egiteko, arauak finkatzeko etab. Jokoak berak eskaintzen ditu futbol zelai baten barruan baino arrisku eta abagune gehiago, ingurunea uneoro zeharo aldakorra den heinean, eta horrek jokalariei halako bizkortasun eta erabakimen berezia eskatzen die.

Dmitry Tomashek / Unsplash
Zenbateko garrantzia izan zuen kaleak Messirentzat? Handia. Baina bere kirol ibilbidea markatu zuena beste kontu bat izan zen, baliabideekin eta medikuntzarekin zerikusia duena. Ezagun da hazteko behar zuen tratamendua Bartzelonak ordaindu ziola, eta horrek, munduko harrobi onenetako batean egotearekin batera, (ez da komeni ahaztea), bidea zeharo erraztu ziola. Talentuak ongarri egokia behar du loratzeko, baita onenen kasuan ere, Montefuerte edo Santo Cristorako aldapa etzanagoa izan dadin. Ongarria baliabide materialetan, eta baita giza baliabideetan ere. Arlo honetan ere gauzek onera egiten dute, teorian eta praktikan, baina funtsean ez da azken hamarkadetan indarrean dirauen pentsamoldea aldatu, ez behintzat gure inguru hurbilean: Jokalarien kirol ibilbidean berebiziko garrantzia duten adinetan ez ditugu beti behar beste baliabide bideratzen. Entrenatzaile eta talde gehienok ere “gorantz” egitea izaten dugu helburu, tontorrean egonda hobeto ikusiko gaituztelakoan. Eta noski, handik goitik, kataloxa jarrita ere ez dugu jakiten arkakusoak non dauden, arkakuso bakoitzaren nortasuna zein den, eta dituen behar eta nahiak zeintzuk diren.
Kirolari moduan, Bartzelonako 10ak, baditu herrikidea izateaz harro sentiaraziko zizkiguten hainbat balio, sobera ezagunak direnak, baina goi mailako futbola kirola izateaz aparte, edo horren gainetik, zehazkiago esatearren, kapitalaren logika ankerrari men egiten dion negozioa ere bada. Eta horretan ere argentinarra eredua da, kasu honetan txarrerako. Ogasunarekin izandako arazoak ikustea besterik ez dago, eta horrek bere izarraren distira zein gutxi apaldu duen zale zein gizarteari begira. Gure herrikidea balitz, kenduko genizkioke bere omenez jarritako kale, kiroldegi edo dena delako guztiak egindako iruzurragatik? Kasurako, ze erantzun jaso zuen jarraitzaile zuri gorrien aldetik jakiteak San Mames berriaren obren zati bat esklabutza baldintzetan lan eginda burutu zela? Kepak alde egiteak baino gehiago edo gutxiago sumindu gintuen? Ba hori. Halakoak gertatzen direnean bainaka hasten gara, eta amamak esaten zuen moduan: “Bainak… ortuan”.
Messi arrigorriagatarra litzatekeen errealitate paralelo horretan agian ez ginateke pandemia baten erdian egongo, eta gaitz erdi, baina bai bata zein bestea ezinezkoa diren lez, hobe elkar zaindu eta medikuntzan, irakaskuntzan edo kale garbiketan ditugun arkakuso horietaz harro egon eta baliabidez hornitzen baditugu.
☉ Basauri
Javi Conde klubeko hiru atletak Australiako Munduko Virtus Atletismo Txapelketan parte hartuko dute
Ibai Magdaleno, Angela de Miguel eta Mikel Garcia atletak Brisbanen jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartuko dute urriaren 8tik 15era bitartean

Javi Conde klub paralinpiko basauriarreko Ibai Magdaleno, Angela De Miguel eta Mikel Garcia atletak Australian daude Munduko Virtus Atletismo Txapelketa jokatzeko.
Urriaren 8tik 15era bitartean izango da txapelketa Brisbanen, eta Basauriko klubeko Sergio Lopez presidentea eurekin joango da entrenatzaile bezala.
Magdalenok 5.000 eta 10.000 metroko probetan hartuko du parte; De Miguelek 3.000 eta 5.000 metroko probetan; eta Garcia 400 eta 800 metrotan.
Txapelketak 20 herrialde baino gehiagoko 300 atleta baino gehiago bilduko ditu, eta Brisban hiriak Virtus Atletismo Lehiaketa hartuko duen hirugarren aldia izango da.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Gure Magalean Mendi Taldeak irteera egingo du Garrastatxuko inguruetara
Izena emateko epea urriaren 9ra bitartean zabaldu dute mendi taldekoek

Urriaren 12an ibilbidea egingo dute Gure Magalean Mendi Taldekoek Garrastatxuko inguruetatik (Araba). Izena emateko epea urriaren 9ra bitartean zabaldu dute mendi taldekoek.
Garrastatxu, behin ikusiz gero ahantzi inoiz ez. Gorbeiako Parke Naturalaren barruan, Andere Maria Errukiñeren baseliza bertan nagusi, inguru alde eder-ederrean, ikuspegia ere halakoxea.
Amurriotik hamabost minutura, beribilez, Baranbion, eta handik hara ibilteko bideak nahi beste. Baseliza ondoan larrain zelai bat, aire zabalean mahaiak, jarlekuak, sutokiak… eta asteburu-jaiegunetan taberna zabalik: Garrastatxuko txosna.
Garrastatxutik ibilbide ugari irteten dira Gorbeiara.
Izen emateak Gure Magalean Guraso Elkartearen webgunean edo info@guremagalean.eus helbide elektronikora idatziz egin daitezke.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Padurako mendizaleek egun osoko irteera egingo dute Gorbeialdera
Arrigorriagako mendizaleak Muruako harrobiak, Gorbeiako gurutzea, Arraba, Itzina, Atxulo, Pagomakurre eta Bikotzganetik igaroko dira

Padura Mendi Taldeak Gorbeialdera antolatu du hurrengo egun osoko mendi-irteera. Hitzordua urriaren 26an izango da eta izen emateak urriaren 22ra bitartean zabaldu dituzte.
Arrigorriagako mendizaleak Muruako harrobiak, Gorbeiako gurutzea, Arraba, Itzina, Atxulo, Pagomakurre eta Bikotzganetik igaroko dira.
Irteera 07:30ean egingo dute Arrigorriagako osasun zentrotik abiatuko den autobus batean. Itzulera 17:00etan aurreikusi dute, “berandu lez”.
Hitzordua urriaren 26an izango da eta izen emateak urriaren 22ra bitartean zabaldu dituzte
Gorbeia mendia da Gorbeiako zerumuga definitzen duen gaina. Gailurretik, 1.481 metroko altueran, bista panoramikoak ikusgarriak dira eta bidean animaliak ikusteko aukera ematen du Gorbeia parke naturalak.
Han, Gorbeiako Gurutzea aurkituko duzu, euskal mendizaletasunaren erreferentzia puntua eta Euskadiren ikurra. 17 metro pasatxoko eraikina da eta Eiffel dorrea gogorarazten duen egitura da.

Itzinako biotopoa // gorbeiaeuskadi.com
Itzinako biotopoa
Beste mendi enblematikoetako bat, bere balio historikoagatik eta aniztasun naturalagatik, Itzinako mendigunea da. Katilu forma du, eta barrualdea labirinto harrigarri bat da, euskal mitologiako leize eta elezaharrez zipriztindua.
Itzinako mendigunea, airetik ikusita, ingurutik altxatzen den goi-lautada harritsu ikusgarria da, 1.000 metrorainoko altuera duten hormen gailur batez inguratua, barrualde hustua babestuz. Duela 110 milioi urte inguru itsaso bero eta ez oso sakonetan hazi ziren koralezko arrezifeak dira mendigunea osatzen duten kareharrien jatorria. Haitzak iragaztean pitzatzen dituzten euriak dira lurpeko kobazulo erraldoien erantzule; bertan, lurrazpian, estalaktita eta estalagmita ugari daude.
Barrualdean, harri-labirinto itzel bat leku malkartsuenetan hazten diren pagoekin nahasten da. Pago horiek baso txikiak osatzen dituzte, eta salamandrak, igel gorriak, muxar grisak eta azeriak babesten dituzte. Haitzetan harkaitz-sugandilak, sai zuriak, belatzak, belatxingak eta kobazulo eta zuloetan saguzarrak bizi dira.
Itzina babestutako ekosistema naturala da, eta katalogatutako 175 goroldio- eta hepatika-espezie biltzen ditu
Itzina babestutako ekosistema naturala da, eta katalogatutako 175 goroldio- eta hepatika-espezie biltzen ditu. Ikaztegien eta artzainen txabolen hondarrak, historiaurreko aztarnategien ondoan, dira gizakiaren lanaren lekuko. Elurtegi baten hondakinak ere badaude bertan; aurreko mendearen erdialdera arte Orozko izotzez hornitzen zen bertatik. Izotza, elikagaiak kontserbatzeko erabiltzen zuten.
Itzinan Supelegor leize ikusgarria dago, Mari euskal mitologiako jainkosaren bizilekuetako bat. Kondairen arabera, Marik ekaitzak leherrarazten ditu suzko suge itxura duen bere senar Sugaarrekin lur azpian elkartzen denean.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Garrikoko Aitzol Portugalek eta Itxaso Hernandezek urrezko domina irabazi dute Iruñeako Nazioarteko Openean
Emaitza hauen ondorioz, Arrigorriagako Garriko Taekwondo Taldeak hirugarren postua eskuratu du taldekako sailkapen nagusian

Joan den asteburuan Iruñeako Nazioarteko Opena antolatu zuten Nafarroan eta bertan Arrigorriagako 16 kirolarik hartu zuten parte.
Borroka modalitatean Arrigorriagako klubeko Aitzol Portugalek irabazi zuen urrezko domina. Gainera, brontzezko hiru domina eskuratu zituzten klubeko Markel Garciak, Iago Garciak eta Paule Sagredok.
Teknikan urrezko domina eskuratu zuen Itxaso Hernandez borrokalariak; Iñigo Pereirak zilarrezko domina ba lortu zuen eta beste bat Ariane Martinezek, Itxaso Hernandezek eta Irati Veladak osatutako hirukoteak; Brontzezko dominak ere irabazi zituzten Ariane Martinezek, Elaia Garciak eta Iñigo Pereirak eta Elaia Garciak osatutako bikoteak.

Teknika modalitateko kirolariak // Garriko Taekwondo Taldea
“Emaitza hauen ondorioz, Garriko Taekwondo Taldea hirugarren postuan geratu zen taldekako sailkapen nagusian”, azaldu dute Arrigorriagako klubetik.
☉ Basauri
Ekain Fernandez Artunduaga klubeko atletak Munduko Trail Txapelketa jokatuko du

Munduko Mendi eta Trail Running Txapelketan parte hartuko du Ekain Fernandez Basauriko Artunduaga Atletismo Taldeko atletak.
Txapelketa irailaren 25etik 28ra bitartean izango da Canfrancen, Pirinioetan. Aurtengoa hirugarren edizioa da, aurrekoan 2022an Chiang Main (Tailandia) eta 2023an Stubain (Austria) jokatu ostean.
Fernandezek 20 urtez azpiko Trail lasterketan hartuko du parte Espainiako selekzioarekin irailaren 28an, igandez.
Zirkuitua 7,5 kilometrokoa izango da eta 400 metroko desnibel positiboa du. Casita Blanca (1325 metro) eta Cargates (1574 metro) mendietatik igaroko da lasterketa.