☉ Hego Uribe
Iritzia / Gora Hego Uribeko gazteria / Ernai
Martxoaren 28an, igandez, Hego Uribeko Ernaiko gazteok Artanda mendian batu ginen independentziaren alde eginez.

Martxoaren 28an, igandez, Hego Uribeko Ernaiko gazteok Artanda mendian batu ginen independentziaren alde eginez eta inoren zain ez gaudela aldarrikatzen.
Aurten, Ernairen udaberriko ekimena eskualde eta herrietara ekarri behar izan dugu pandemiaren ondorioz, bestela topagune edo gazte martxa nazionalaren montaje eta prestaketetan egongo ginateke buru-belarri jada.
Planak egokitu bai, baina bizi dugun pandemia egoerak ezin du gazte borroka eten. Erantzukizunez, baina kalean egoteko unea da dudarik gabe. Kapitalak, pandemiaren kolpeari aurre eginez, bere irabaziak mantentzeko planak abiatu ditu, langileon kontura betiere. Horren adierazle dira, azken asteetan gero eta gehiago ikusten ari garen lankaleratzeak. Aipagarria dudarik gabe ere, kaleratze hauen aurrean langileriak erakutsi duen borrokarako grina. Tubacex-eko langileen borroka, borroka luze baten lehen txinparta besterik ez da. Dudarik gabe, gazteoi, barrikadaren lehenengo lerroan egotea dagokigu, gure sektorea baita pandemiak utziko duen eta jada bazetorren krisi ekonomikoak gehien kolpatuko duen sektorea.
Ezin ditugu aipatu gabe utzi, eskualdeko zein Euskal Herriko osoko euskal preso politikoak. Haien egoera bereziko gogorra zen jada, eta pandemiak are gogorragoak bilakatu ditu hauen kartzelaldiak. Haiek barrutik, eta guk kanpotik eragiteko unea da. Haien borrokaz harro gaudelako, eta denak etxean izan arte ez dugulako amore emango.
Azkenik, gaur Artanda mendian egonik, duela 84 urte mendi hauetan demokraziaren eta aberriaren alde bizia emandako gudari eta milizianoak ekarri nahi ditugu gogora. Militarki garaitu gintuztelako, baina herri hau suntsitzea lortu ez zutelako. Ezker Abertzaleak, herria bizirik mantentzen jakin zuelako, etsaiari agin zorrotzez erantzuten jakin genuelako, eta gaur ere, hemen jarraitzen dugulako, Euskal Herria aske, independiente, sozialista eta feminista batean alde borrokan.
Gora Euskal Herria askatuta eta gora Hego Uribeko gazteria!



Argazkiak: Hego Uribeko Ernai
☉ Hego Uribe
Gabonetako Loteriak aurten ez du saririk utzi Hego Uribe eskualdean

Abenduak 22 ditu gaur eta urtero bezala, Gabonetako Loteria izan da. Aurten, ordea, ez du sari nagusirik banatu Hego Uribe eskualdean.
Aurreko urteetan, baina, dirua utzi du zozketa handiak: duela lau urte, 2021ean 154 milioi euro utzi zituen Basaurin Gabonetako Loteriaren bigarren sariak; 2022an Galdakaon 11 milioi euro banatu zituen bosgarren sari batek; 2023an Gabonetako Loteriaren lehen sariaren dezimo bat banatu zuten Etxebarriko San Antonio auzoan eta 400.000 euro banatu zituzten; eta 2024an laugarren sari baten lau dezimo (80.000 euro) saldu zituzten Basaurin.
☉ Hego Uribe
Bizkaiko Trinkete Txapelketako finalak jokatuko dituzte Bidebideta eta Adiskide klubetako pilotariek

Bizkaiko Trinkete Txapelketako finalak jokatuko dira abenduaren 20an, larunbatez, Abadiñon, 10:00etatik aurrera.
Lau final jokatuko dira: emakumeak, kadeteak, gazteak eta nagusiak. Eta kategoria horietatik bitan Hego Uribe eskualdeko pilotariak arituko dira.
Emakumezkoetan, txapela Basauriko Bidebieta klubeko pilotari batek jantziko du bai ala bai; izan ere, partida Bidebietako bi pilotariren artekoa izango da: Amaia Zarrabeitia eta Eva Martinez.
Bestetik, nagusien 2. mailako kategorian Galdakaoko Adiskide klubeko Jon Gorostiagak jokatuko du finala, eta aurkari izango du Mungiako Danak Bat taldeko Eder Urresti.
☉ Hego Uribe
Hego Uribeko saltokietan polizia-zaintza indartuko dute Udaltzaingoek eta Ertzaintzak Gabonetan
Basauriko, Galdakaoko, Etxebarriko, Arrigorriagako eta Ugaoko saltokien zaintza indartuko dute Gabonetan

Aurreko urteetan bezala, Ertzaintzak eta Basauriko, Galdakaoko, Etxebarriko, Arrigorriagako eta Ugaoko Udaltzaingoek udalerri horietako saltokien zaintza indartuko dute Gabonetan.
Helburua da ebasketak eta lapurretak prebenitzea. Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “poliziaren presentzia areagotuko da leku jendetsuetan”.
Zaintzak “modu koordinatuan” egingo dituztela jakinarazi dute, “baliabideak optimizatzeko eta, horrela, segurtasuna areagotzeko Gabonetan”.
☉ Hego Uribe
ZOZKETA | Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalerako sarrera bikoitza irabazi gura duzu?

ZOZKETA EGINDA | Galdakaotik pasa eta gero, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala heldu da: Abenduaren 20an, Bilbon, Casillan, 17:00etatik aurrera.
Onintza Enbeita, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga, Aitor Bizkarra, Gorka Pagonabarraga eta Txaber Altube izango dira finalean arituko diren bertsolariak.
Geuria sarrera bikoitz bat zozketatzen ari da Instagram sare sozialean.
🥳 IRABAZLEA:
– @jokin.toto
☉ Hego Uribe
Gurpildun aulkiak edo taka-takak dohaintzan emateko kanpaina martxan jarri dute Hego Uriben
Herritar guztiei dei egin diete material horiek egoera onean emateko, mailegu solidarioetan berrerabiltzeko

Mugitzeko zailtasunak edo mendekotasuna duten pertsonei behar dituzten baliabideak errazteko helburuz Laguntza Teknikoen Bankuak (BAT) egiten duen material bilketarekin bat egin dute Arrigorriagako, Etxebarriko eta Ugaoko udalek, Galdakako Erabide Emakume Elkarteak eta Domus VI adinekoen egoitzek (Aperribai eta Arrigorriaga).
Modu horretan, gurpildun aulkiak, ohe artikulatuak, etxeko garabiak, taka-takak, makuluak, mugimendu sentsoredun alarmak edo antzeko gailuak erabilerarik gabe dituzten herritarrei dohaintzan emateko deia egin dute, horien beharra dutenek berrerabil ditzaten.
Kanpaina honen helburua da herritarren zahartze-testuinguruan laguntza-baliabide horiek gero eta gehiago behar izateari erantzutea, herritar guztiei dei eginez produktu horiek egoera onean emateko, mailegu solidarioetan berrerabil ditzaten.
Dohaintza egiteko, 944 409 116 telefono zenbakira deitu edo bat@bultzatu.org helbide elektronikora idatzi behar dute herritarrek. Ondoren, materiala entregatzeko edo jasotzeko modurik egokiena zein den zehaztuko dute.
“Puntu bat hurbil badago, non entregatu behar den adieraziko da, bestela, edo produktua handia bada, etxez etxeko bilketa antolatuko da kanpaina amaitzean”, diote antolatzaileek.







