Sareak

Zutabeak

Iritzia | Puntu Morea erasotzea eraso bat baino gehiago da

|

Puntu Morean izandako erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten jaietan // Geuria

Mugimendu Feministak hamarkadak daramatza indarkeria matxistaren kontrako borrokan, lehen identifikatzen ez genituen eta normalizatuta genituen hainbat egoera gaur egun izendatu ditzakegu eta argi dugu bidegabeak direla. Auzo-elkarteek, jai-batzordeek, gizarte-mugimenduek eta herrian presente dauden eragile guztiek berdintasuna erantzukizuntzat hartu beharko luketela aldarrikatu dugu urteetan zehar. Izan ere, guztion ardura da sortzen ditugun espazio eta jai eremuak emakumeentzako eta genero disidenteentzako gune seguru eta gozagarriak direla bermatzea.

Protokoloen eta erasoen kudeaketaren ardura kolektibizatu beharraz hitz egiten dugu askotan. Bide horretan, instituzioak behin baino gehiagotan seinalatu izan ditugu. Ardurak hartzeko eskatu diegu, eraso matxisten kontrako protokoloak eduki eta udal baliabideak indarkeria matxistaren kontrako borrokan inbertitu ditzaten. Zentzu horretan Mugimendu Feministak autogestioz eta militantziaz jai-guneetan martxan jarritako protokolo eta puntu moreak instituzioen gain hartzea aurrerapauso modura ikusten dugu.

Larunbat gauean Arrigorriagako jaietan gertatutakoak kezka eta haserrea sortu dizkigu. Kontzertuak bukatu bitartean gizon talde batek Puntu Morea erasotu zuen, bertan zeuden bi emakumeak iraindu eta botilak jaurti zizkieten. Puntu Morearen kontrako erasoa jaien kontrako eraso bat da. Emakume eta genero disidenteok erasorik gabeko jaiez gozatu ahal izatearen kontrako erasoa. Mugimendu feministak beste eragileekin elkarlanean urteetan egindako militantziaren lorpenen kontrako erasoa.

Batez ere orain inoiz baino gehiago, Puntu Moreak eta erasoen prebentzioan egiten den lanaren beharrezkotasuna ezin dugu zalantzan jarri. Erasoak egoten jarraitzen duten bitartean, jai-guneak emakume eta genero disidenteentzako espazio seguru ez diren bitartean eta txosnaguneak lehenago ixten gabiltzan bitartean (erasoak bata bestearen atzetik ematen direlako). Horregatik, jai eremuetako gizonengan jartzen dugu fokoa: har dezatela ardura erasotu ez gaitzaten. Ez soilik indibidualki, baizik eta sor ditzatela baldintzak haien inguruko (eta oro har, jai-guneko) gizonek erasotu ez dezaten.

Erasoen eta erasotzaileen inpunitatearen aurkako jarrera izatea denon ardura da. Argi izan dezatela eraso orok erantzuna izango duela eta ez direla jai eremuetan ongi etorriak.

Jai herrikoi eta feministen aldeko hautua egiten dugu eta erasoen ondorengo kudeaketatik haratago, espazioak feministatzeko beharrean berresten gara. Protokolo feministez gain, oholtza, txanda eta antolaketa forma feministen alde egiten dugu. Izan ere, indarkeria matxistaren aurka egiteko ezinbestekoa da patriarkatuaren irakurketa estruktural bat egitea, eta autodefentsa hortik pentsatzea. Planteamendu hauek gizonak gu erasotzeko zilegitasuna eta boterea duten gizarte talde gisa ulertzeko tresnak ematen dizkigute. Eta, aldi berean, erasotzaileen inpunitatearen aurkako borrokak nahiz autodefentsa feminista artikulatzeko.

Autodefentsa feminista antolatu dezagun! Aurrean izango gaituzte.

Gora borroka feminista!

Urruma Arrigorriagako Asanblada Feminista, Emahots Ugaoko Talde Feminista, Momoak Galdakaoko Talde Feminista eta Kiskali Basauriko Gazte Talde Feminista

Zutabeak

Iritzia / Miseriaren aurrean etxebizitza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala

|

Etxebizitzaren arazoa langileriarentzat gure soldaten arpilatzea den bitartean, enpresari eta errentistentzat negozioa handitzeko bidea da. Gehiengoarentzat pobretzearen iturri dena, gutxiengoarentzat aberastasunaren zutabe garrantzitsua da.

Politikariek etxebizitzaren arazoaren inguruan sortu den kezka soziala eta kale-mobilizazioak higiezinen negozioa indartzeko eta diru publikoz finantzatzeko erabiltzen dituzte. Neurriak hartzen ari direla dioten alderdi politikoak etxebizitzaren arazoak ematen duen negozio-aukeraz baliatzen ari dira enpresaburuen eta jabeen aldeko neurriak hartu eta ‘neurri sozial’ gisa aurkezteko. Horrela, haserre soziala leundu eta negozioaren aurka indartu daitekeen antolakuntza independentea neutralizatzen dute.

Norabide honetan, Galdakaoko Udalak ere azken asteetan neurri ezberdinak onartu ditu. Neurriak, etxebizitzaren merkatua lasaitzeko helburua dutela dioten arren, negozioa bultzatzeko neurri argiak dira, errentistei alfonbra gorria jarri eta langileriarentzat egoera magia bitartez hobetuko delakoaren promesa faltsuak baino ez.

Neurri horien artean errentistei diru laguntzak ematea aurki genezake. 3.500 euroko dirulaguntza emango zaie etxea alokairura bideratzeko konponketak egiteko eta beste 3.000 euroko dirulaguntza irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko. Etxebizitza sarbidea errazteko laguntza bat izatetik urruti, etxebizitzaren negozioa finantzatzeko neurri bat da. Eskaintza-eskasiaren arazoa konpontzeko neurri bezala saldu nahi diguten hau, eraikuntza eta espekulazio-ziklo berri bat bultzatu nahi duten politikarien eta enpresaburuen beste tranpa bat da, gutxien behar duenari diru gehiago metatzeko aukerak zabalduz.

Ateratako neurrien artean ere, gune tentsionatuetarako hartutako neurriak egongo lirateke (Aperribai eta Jugu auzoei soilik eragiten dietenak). Batetik, alokairu berriei prezioa mugatzea eta bestetik, alokairuaren kontratua luzatzeko eskubidea 8 urtera arte aldatzea. Neurri hauekin alokairuaren prezioak ez dira jaisten, muga bat soilik jartzen diote igoerari, prezioak astiroago igoarazten ditu soilik. Neurri hauen eraginkortasuna limitatua da, are gehiago Galdakaon alokairuaren prezioa
2022ko datuen arabera azken 5 urteetan ehuneko 11ko igoera adierazi zuenean eta tendentzia gorakorra izaten jarraitu duenean. Tentsionatutako eremuaren izendapenak esparru juridiko eta administratibo bat sortzeko baldintzak baino ez ditu jartzen, eta, horri esker, udalek eraikuntza-plan berriak jarri ahal izango dituzte martxan, berriz ere, etxebizitzaren auziarekin negozioa egiten ari direla agerian geratzen delarik.

Neurriak publiko egitean udalak adierazi duen bezala beraien helburua “etxebizitzaren merkatua lasaitzen joatea” da, hau da, bizi dugun ezinegon sozial eta kaleetako mobilizazioen lasaitzea besterik ez. Etxebizitzaren arazoaren konponbidea ez da higiezinen negozioa finantzatzen duten politikarien eskutik etorriko, etxebizitzak merkantzia izaten jarraitzen duen artean, batzuentzat irabaziak metatzeko eta negozioa egiteko erraminta den artean, auziak ez du aterabiderik izango. Soluzioa soilik etor daiteke, kalitatezko, doako eta unibertsala izango den etxebizitza-sistema baten ezartze batetatik. Izan ere, baliabideak badaude pertsona orok etxebizitza bat izan dezan, prozesu horretan enpresaririk edota etxejaberik aberastu gabe. Miseriaren normalizazioaren aurrean doako etxebizitza kalitatezkoa eta unibertsala aldarrikatu behar dugu!

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Gerra inperialistaren eta estatuen militarizazioaren aurka kaleak har ditzagun maiatzaren 1ean!

|

Maiatzaren lehena, langileriaren kontzientzia kolektiboan gorriz markatutako eguna, borroka eguna alegia. Iraganeko sinbologian gelditu zen egun bat izatetik urrun, klaseen arteko borroka berpizteko eta gorputz iraultzailea eraikitzen jarraitzeko eguna da.

Gaur egun burgesiaren ofentsiba, forma beliko eta politikoa hartzen ari da. Bloke atlantistaren gainbehera ekonomikoaren testuinguruan Europaren autonomia estrategikoaren defentsaren bandera daramate agintariek, baina zer esan nahi dute horrekin?

Autonomia estrategikoa, baina norentzat? Langileriarentzat ez, noski. Autonomia estrategikoarekin berrarmatzeaz, hausteritate politikez eta aberastasunaren kontzentrazioaz ari dira, hau da, burgesiarentzat irabazien iturrien berkonfigurazioa eta langileriarentzat hildakoak eta pobrezia orokortua.

Izan ere, gaurdanik, industria militarraren zabalpena ematen ari da, sektore honetan abanguardia diren enpresa milioidunen irabazien gorakada nabarmenekin batera. Honek erakusten digu herrialde ezberdinak OTANen mandatuetara egokitzeko planak jarraitzen eta BPGa (Barne Poduktu Gordinaren) %2ra heltzeko baldintzak sortzen ari direla.

Baina, kapitalisten gerra honetan zer dugu irabazteko langileok? Ezer ez. Kontrara, izugarriak izango dira testuinguru belizista honek ezarriko dizkigun kostu ekonomiko eta politikoak. Alde batetik, hausteritate politikak aplikatuko dituzte defentsan egiten ari diren eta egingo duten inbertsioa berreskuratzeko, ezinbestean prestazio sozialetan murrizketa ikusgarriak ekarriko dituenak. Bestetik, herrialdeen arteko tentsio militarren areagotze posiblea eta estatuen militarizazioarekin giro autoritarioaren sakontzea.

Hortaz, inperialisten arteko gerra honetan langileok egiteko bakarra daukagu, antolakunde, kolektibo eta norbanakoen arteko batasun iraultzailea sustatu, eta kaleak konsigna argiekin hartzea. Guzti hau, sozialdemokrazia kanpo utzita egin behar dugu, bere alderdi insituzionaletatik eta adierazpenetatik kanpo alegia. Gerrari eta pobretzeari aure egingo dion erreferente iraultzaile bat gorpuzteko baldintzak sortu behar ditugu, nazioarteko perspektiba izango duena eta jendarte komunista baten eraikuntza helburu bezala izango duena. Izan ere, hau baita daukagun berme bakarra burgesiaren ofentsibari aurre egiteko eta gerra inperialistekin betiko bukatzeko bermeak izateko.

Kaleak hartzeko momentua da, gerra inperialisten kontrakotasuna gorpuztu dezagun!

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Gastu militarraren igoeraren aurrean, herriak baditu bere armak

|

Shattered lives, War on Gaza 2023-2025 (#43) // Argazkia: Rawan Murad (Wikimedia)

Hasi da 2024ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kanpaina, eta honela, Bizkaiko Foru Aldundiak langile-klasearen baliabide-erauzketa gauzatuko du beste urte batez. Kapitalaren adar burokratiko eta errepresiboa finantzatzera ohituta gaudenez, konformatu egiten gara osasun eta hezkuntza sistema gero eta ahulagoekin, jakinda dekadentzia hori entitate berberen interesak asetzearen ondorioa dela.

Pentsiodunak bezalako gizarte-taldeen beharrei erantzuteko baliabideak ukatzen diren arren, badirudi haien intereseko arloetan gastuak nabarmen handitzeko baliabideak badaudela, hala nola, armamentu-industria edo gaizki deituriko “segurtasun-indarretan”. Hau da instituzioen benetako aurpegia, genoziden eta zapalkuntza-sistemari eutsi nahi diotenen arteko harreman ekonomikoa, beti ere, indarkeriaren monopolioaren bidez.

Horregatik, kudeaketa eredu honen aurka gaude, baliabide horiek herriaren ahaleginaren fruitu direlako, eta baliabide horiek bideratzen direlako, hain zuzen, baliabideok erauztea ahalbidetzen duen ordena mantentzera. Baita interes pribatuen onurarako ere, nahiz eta horretarako zerbitzu publikoak degradatu edo zuzenean beste herri batzuk hil behar diren.

Gure etsaia ez da errusiarra edo israeldarra, gobernatzen gaituzten eliteak baizik. Herriak gara gure gaitasunak hobetu behar ditugunak, autokudeaketa, elkarrekiko laguntza eta autodefentsa bultzatuz. Hain zuzen, gure autonomia areagotuko duten eta gure benetako premiak asetuko dituzten egitura sozial eta ekonomikoak eraiki behar ditugu. Gure segurtasuna gure beharrak asetuta izatearen araberako abaita; kalitatezko elikagaiak, etxebizitza duina, komunikabide propioak eta abar eskuratzearen araberakoa. Beste era batera esanda, gure segurtasunerako, indarkeria sistemikoa erabiltzen duen gizarte kapitalista, kolonialista eta patriarkala deuseztatu behar dugu.

Seguruago sentitzeko bidean, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarean ziur gaude geure armetan inbertitu behar dugula. Horietako bat desobedientzia zibila da. Horregatik, gastu militarrari Eragozpen Fiskala egiteko kanpainarekin bat egitera animatzen zaitugu. Urte batzuk daramatzagu kanpaina honekin bat egiten, gure zergen zati bat kolektibo sozialetara desbideratzen. Herri indartsu bat eraikitzeko, garrantzitsua baita haien gerrak eta ordena finantzatzeari uko egin, eta baliabideak guri interesatzen zaigun lekuetan kokatzea.

“Gerrarik ez herrien artean, bakerik ez klaseen artean”

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Euskal Herriak behar duen hezkuntza aldarrikatzeko, M20an ikasleak kalera!

|

Ikama ikasle antolakundeak deituta, Hego Euskal Herriko ikasleak kalera aterako dira martxoaren 20an, Euskal Herrirako hezkuntza propio baten beharra aldarrikatuz.

Abenduan ezagutzera eman genuen Ikamaren proiektu politiko berria, Euskal Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioa hain zuzen, eta, orain, papereko aldarriak kaleko oihu bihurtzeko eguna hurbiltzen ari gara.

Bi hilabete hauetan “Behar dugun hezkuntzarako, Independentzia” dinamikaren baitan lanean aritu gara, ikasleria borroka independentistara hurbiltzeko asmotan.

Izan ere, gaur gaurkoz Euskal Herriko hezkuntza sistemak espainiar eta frantziar estatuek inposatuak direla eta haien interesak betetzen dituztela salatu dugu.

Ikamatik diogunez, Euskal Herriaren beharrei erantzungo dien hezkuntza lortu eta hezkuntza proiektu askatzailea eraikitzeko modua Euskal Hezkuntza Sistema Propioa erdiestea da, eta horretarako botere egitura nahikoa eskuratzeko Euskal Herriak independentzia behar du.

Hala ere, hezkuntza propio baten eta independentziaren alde egitea aldarri hutsetik haratago doala argi utzi nahi dugu; Euskal Herriak behar duen hezkuntza borrokatzeko mobilizatuko gara “Hezkuntza bat Euskal Herrirako” aldarripean.

Zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikorik gabeko hezkuntza bat izatea ezinbestekoa da, ikasketa prozesua baldintza duinetan egitea eskubide bat delako.

Aukera berdintasuna bermatzeko hezkuntza publikoa, doakoa eta ez-segregatzailea izan behar da eta baldintza material duinak eta kalitatezko zerbitzuak bermatu behar ditu.

Eta horretarako, ikaslea erdigunea izateko, ikasleen partaidetza aktiboa eta kontzientzia kritikoa sustatzea ezinbestekoa izango da.

Gainera, faxismoaren gorakadaren testuinguruan, borroka antifaxistak lehen lerroa hartu behar du, eta hori sistema kapitalista zisheteropatriarkala apurtzeko anbizioarekin lortzen da: euskal hezkuntza antikapitalista, feminista eta euskalduna izango da, sistemaren erreprodukzioa eten egingo duena.

Martxoaren 20an greba eguna izango dute ikasleek, eta Galdakaoko ikasleei ere Bilboko mobilizaziora joateko deia egiten diegu, 12:00tan Jesusen Bihotzetik hasiko dena.

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Azpikontratazioari ez!

|

Basauriko San Isidro plazan jarritako pankarta // Hego Uribeko Laneko Autodefentsa Sarea

Azpikontratazioa gero eta gehiago hedatzen ari den fenomeno orokorra da. Hainbat zerbitzu azpikontratatzen dira Basaurin, Galdakaon eta Hego Uribeko gainerako herrietan ere, hala nola, eraikinen garbiketa, bideen garbiketa, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua, kiroldegietako jarduerak eta baita osasun-arloko batzuk ere. Honekin batera, kontuan hartzekoa da praktika honek nola eragiten dien zerbitzu publikoen funtzionamenduari, langileei eta erabiltzaileei.

Instituzio publikoek, esaterako udalek, aldundiek edo Osakidetzak, hainbat sektoretako enpresa pribatuetara jotzen dute baliabideen optimizazio handiagoa eta eraginkortasunaren hobekuntza argudiatuz. Baina errealitatea oso bestelakoa da.

Izan ere, azpikontratatutako langileen egoeran murgiltzen garenean, lan – prekarietatea aurkitzeaz gain, prekarietate horrek zerbitzuaren kalitateari zuzenean eragiten diola ikus dezakegu.

Azpikontratatutako langileen borrokaren adibideak ugariak dira. Batetik, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileen mobilizazioak 2020 eta 2023 artean; edo anbulantzia-zerbitzuarenak 2020 eta 2024 artean. Bestetik, kiroldegietako langileek grebara jo zuten iaz eta Basauriko eraikinen garbiketa-zerbitzuak borrokan dihardu momentu honetan.

Azpimarratzekoa da instituzio publikoek azpikontratazioen jarraipena egiteko betebeharra dutela, zerbitzuaren funtzionamendu egokia eta langileen lan- baldintzak bermatzeko. Baina ez dute egiten. Kontratatutako enpresari bakarrik egozten diote errua, beraien zuzeneko erantzukizuna hartu gabe. Horrela, politikari profesionalek eta enpresariek lan prekarietateari bidea errazten diote inpunitate osoz.

Kontratatutako enpresa horiek beren irabaziak handitzen saiatzen dira beti, lan- baldintzak okertuz: plantilla murriztuz eta langileei gehiegizko zamak jarriz, lanak egiteko behar den tresneria ukatuz, baita langileen osotasun fisikoa arriskuan jarriz ere. Ohikoak dira, era berean, nomina ez ordaintzea, edo ordaintzeko atzerapen jarraituak, hitzarmena ez aplikatzea, ibilgailuak ez mantentzea, lanpostu berean soldata-eskala desberdina izatea, etab. Baita lan- ezegonkortasuna ere, azpikontratatutako langile askok aldi baterako kontratuak edo aldizkako kontratu finkoak baitituzte; beste batzuk zigortuak edo kaleratuak izan dira antolaketa- edo sindikatu-arrazoiengatik. Hainbat instituzioei zerbitzuak ematen dizkieten sektore desberdinetako langileak eta, hala ere, azpikontratazioaren ondorio berberak jasaten dituztenak.

Hau guztia esanda, argi dago ezin dugula kasu bakoitza era indibidual batean hartu, baizik eta modu bateratu batean egin behar zaiola aurre. Azpikontratatutako langileen egoera prekarioak zuzenean eragiten dio ematen duten zerbitzuaren kalitateari. Guztion erantzukizuna da (langile eta erabiltzaileena) lan-baldintzen hobekuntzak defendatzea, aurrera eramaten diren borrokak babestea eta langile klasearen bizi-baldintzak argi eta garbi mehatxatzen duten azpikontraten hedapenari aurre egitea.

Horregatik, Hego Uribeko Laneko Autodefentsa Saretik, dei egiten diogu klase antolakuntza eta elkartasunari, guztiontzako kalitatezko lan-baldintza berdinen alde.

Osorik irakurri