☉ Basauri
BIDEOA / Aratzen bertso ederrak Alemaniatik Euskal Herrira
Aratz Beranoagirre basauriarra Alemianian bizi da gaur egun, baina Euskal Herriarekin (eta bere kulturarekin) duen lotura agerikoa da. Beti bertso eskoletan eta kultur ekintzetan eragile, oraingoan ere hitzaren tresna erabili du Aurrera Basauri! ekimenean parte hartzeko. Bertso sorta grabatu eta gurera bidali du, gertukoengatik gertuago egoteko. Hona hemen entzun eta irakurgai.
–
Gure historian barrena
begiratuta atzera
zenbat arazori aurre
egin diegun batera
Abortatu zuten haiek
edo Bandaseko greba
markatu dute gaur dugun
herriaren izaera
Koronabirusari goazen
nor garen erakustera
borrokarako presta nak
indar guztiak atera
Lehen egin dugun bezala
egingo dugu aurrera
Lehen egin dugun bezala
egingo dugu aurrera
–
Ezin izango dugunez
kalera luzean irten
gure gizartean dabiz
gauza bitxiak gertatzen
Aspaldiko jokuekin
gabiltza bueltan jolasten
bizilagun soila zena
agian lagun bihurtzen
Balkoiak eta lehioak
kantuz eta musikaz lehertzen
ari gara herritarron
arteko sareak ehuntzen
Gabiltza beltza den hori
kolore biziz margotzen
Gabiltza beltza den hori
kolore biziz margotzen
–
Aterik ez dagoenez
pentsamenduetarako
nork ez du ametsik egin
etorkizunera salto
Nahiz egoera gatxa den
positibo izan beharko
tartea hartu behar da
irribarre baterako
Zorionez gaitz guztiak
ez direnez betirako
zailena eginda dago
animoak danentzako
Geroz eta gutxiago falta da
sanfaustoetarako
Geroz eta gutxiago falta da
sanfaustoetarako
☉ Basauri
BIDEOA | Tentsio uneak Basaurin Ertzaintzaren eta etxegabetzea geldiarazteko batu diren herritarren artean

Basauriko bi bizilagunen etxegabetzea geldiarazteko elkarretaratzea deitu du gaur goizean Batu Elkarlaguntza Sareak Urbi kaleko 82.zenbakian. Etxegabetzea, berez, 10:30ean burutzekoa zen.
Sindikatuko kideek lehen orduan adierazitakoaren arabera, etxegabetzea geldiarazteko saiakera egin dute epaitegietan, baina ezin izan dute euren helburua lortu, eta segidizio judiziala bertaratu denean tentsio uneak bizi izan dira bertaratutakoen eta Ertzaintzaren artean.
Etxe barruan 20 pertsona zeuden zain, eta kontzentrazioan parte hartzen zuten herritarrak hurbiltzen saiatu dira, baina Ertzaintzak bultzaka eta borraz eragotzi du.
☉ Basauri
BIDEOA | Etxegabetzea geldiarazteko epaitegietan lanean ari direla jakinarazi dute Basauriko Batu Sindikatutik

Basauriko bi bizilagunen etxegabetzea geldiarazteko elkarretaratzea deitu du gaur goizean Batu Elkarlaguntza Sareak. Etxegabetzea, berez, 10:30ean izango da.
Pablo Oliveros Batuko kidearekin berba egin du GEURIAk, eta epaitegietan etxegabetzea geldiarazteko lanean ari direla nabarmendu du Batuko kideak.
Arazo honen jatorria bost urte atzera kokatu behar da, Batu sindikatuaren arabera: “Bi herritar hauek ezagun baten bitartez heldu ziren etxebizitza horretara. Ahoz-ahoko kontratu bat egin zuten alokairua ordaintzeko, baina ohartu ziren handik bost hilabetera ezagun horrek ez zuela berririk ematen eta desagertu zela. Iruzur egin ziela konturatu ziren”.
“Etxebizitza horren jabea nor zen jakin barik, bertan jarraitu zuten eta duela bi urte inguru epaitegietatik notifikazioa jaso zuten, jabetza hori Cerberusena zela esanez eta prozesu judiziala martxan jarriko zela eurak kaleratzeko”, azaldu zuen Peio Molinuevo, Batuko kideak.
Epaiketa “euren burua defendatu ezinik” egin zela salatu dute Batuko ordezkariek, “ez baitzuten epaiketa horren berririk jaso”.
Batu, bitartekari
Batu Elkarlaguntza Sareak elkarrizketak izan ditu Solvia SL hiziezinen agentziko ordezkariekin: “Ezin izan dugu Cerberuseko ordezkariekin berba egin. Cerberusek kontratatu duen bitartekari-lanerako Solviako kideekin elkartu gara”.
“Eta gure eskakizunak mahaigaineratu dizkiegu: alde batetik, etxegabetzea bertan behera gelditzea, eta bestetik, bi herritar hauek alokairua ordaintzeko prest zeudela esatea”, dio Molinuevok, eta gaineratu du: “Baina, eurekin negoziatzea oso zaila da”.
Baturen helburua alokairu soziala da, eta proposamen hori helarazi diete hiziezinen agentziko kideei: “Hala ere, bi herritar hauek alokairu soziala ez den alokairu bat ordaintzeko prest daude. Hau da, gaur egungo errealitatera egokituago egon daitekeen alokairua ordaintzeko. Baina, euren erantzuna beti ezezkoa izan da, eta euren helburua da etxegabetzea gertatzea, eta horretarako behar den biolentzia erabiliko dutela”, salatu du Molinuevok.
Zentzu horretan, “erresistentzia” egiteko deialdia luzatuko dute Batuko kideek: azaroaren 13an, 08:30ean, Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakian.
“Ez dugu onartuko gure eskualdean, gure herrietan eta gure auzoetan etxegabetzerik, eta are gutxiago, horrelako putre-funts espekulatzaileekin ari garenean”, adierazi du Molinuevok.
☉ Basauri
Jainaga: “Israeli egindako altzairu salmentetan Sidenorrek irregulartasunik egin ez duela egiaztatu dugu”
Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak bere errugabetasuna defendatu du Espainiako Auzitegi Nagusian, eta adierazi du, “salmenta horiek egiteko unean ez zegoela mugarik Israelekiko merkataritza-harremanetan”

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako presidenteak eta zuzendaritzako beste bi kidek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur eguerdian, Israelgo IMI Systems (Israeli Military Industries) enpresari altzairua legez kanpo saltzea leporatuta.
Jainagak berak adierazi du Sidenorrek “ez duela inolako irregulartasunik egin” Israeli altzairua saltzean.
“Alde batetik, Sidenorrek fabrikatutako eta Israelera esportatutako altzairua ez dago administrazioaren kontrol berezia behar duten produktuen artean; horrela frogatu ahal izan dugu, ez bakarrik eskaini ditugun frogengatik, baita Espainiako Polizia Nazionalak epaileari bidali dion txostenagatik ere”, esan du Jainagak.
Bestetik, salmenta horiek egiteko unean Israelekiko merkataritza-harremanetan “mugarik ez zegoela” esan du Jainagak: “Are gehiago, entregak uztailean gelditu ziren, Sidenorrek berariaz hala erabakita, Espainiako gobernuak enbargoa agindu baino ia hiru hilabete lehenago”.
Azkenik, Sidenorreko presidenteak adierazi du ez zutela jakinarazpenik jaso Espainiako edo Europako agintarien aldetik, “herrialde horretarako altzairu-salmenten salbuespenezko mugei buruz”.
“Horrek guztiak babesten du, inolako zalantzarik gabe, Sidenorren jarduna beti egon dela legezkotasunik zorrotzenaren mende”, esan du Jainagak.
☉ Basauri
Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak gaur deklaratuko du Espainiako Auzitegi Nazionalean
Jainagari eta zuzendaritzako beste bi kideri kontrabando delitua egotzi diete, baita gizateriaren aurkako krimenetan konplize izatea ere

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako presindetea eta zuzendaritzako beste bi kide Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dituzte gaur.
Israelgo IMI Systems (Israeli Military Industries) enpresari altzairua legez kanpo saltzea leporatzen diete.
Alde batetik, kontrabando delitua egotzi diete, eta bestetik, gizateriaren aurkako krimenetan konplize izatea.
Francisco de Jorge Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak zabaldu zuen ikerketa, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.
Eta, epaileak egindako ebazpen judizialaren arabera, Sidenorrek bazekien IMI enpresak armamentua fabrikatzen duela eta salmenta “Gobernuari jakinarazi gabe eta dagokion erregistroan inskribatu gabe” egin zela.
☉ Basauri
Basozelaiko Ipuin Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago azaroan zehar, Basaurin
Parte hartzeko epea zabalik dago azaroaren 30era arte. Ipuinak gehienez 300 hitzekoak izango dira eta euskaraz zein gazteleraz izan daitezke

Beat taldeak eta Gaztelu ikastetxeko guraso elkarteak, Elkarren eta Basauriko Udalaren laguntzarekin, martxan jarri dute beste urte batez Basozelaiko Ipuin Lehiaketa.
Aurtengoa zortzigarren edizioa da eta bi kategoria bereizi dituzte: 10 eta 17 urte bitartekoa, eta 18 urtetik gorakoa.
Ipuinak gehienez 300 hitzekoak izango dira eta hurrengo esaldia izan beharko du: “Suaren aurrean pentsatu nuen…”. Euskaraz zein gazteleraz bidali daitezke ipuinak.
Lehiaketa zabalik dago azaroaren 30era arte. Parte hartuko dutenek ipuina beattaldea@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko dute, eta mezuan adina eta telefono zenbaki bat ere jarri beharko dute.









