☉ Basauri
Kareagako sutean kaltetu diren familientzat arropa bilketa hasi dute Basaurin
Emakumeak Aniztasunean elkarteak arropa bilketa jarri du martxan bere lokalean Kareaga Goikoako suteko kaltetuen artean banatzeko

Gaur aste bat bete da Kareagako sute larria gertatu zenetik. Gizon bat hil zen eta 33 bizilagun euren etxeetatik atera behar izan zituzten: kiskalitatko 5. ataritik eta 1. eta 7. zenbakietakoak (3. zenbakia hormatuta eta hustuta dago aspalditik).
Momentuz, etxetik aterarazitako bizilagunak ezingo dira euren etxeetara itzuli. Horregatik, Emakumeak Aniztasunean elkarteak arropa bilketa jarri du martxan bere lokalean asteartetan eta ostegunetan 09:30etik 13:30era.
☉ Basauri
Peio Etxeberria lau t’erdiko txapeldunak Basaurin jokatuko du Binakako Txapelketa
Rezustarekin jokatuko du Etxeberriak eta aurkari izango dituzte Zabala (t’erdiko txapeldunordea) eta Martija. Sarrerak dagoeneko salgai daude

Esku pilota profesionalaz berriro gozatzeko aukera izango da Basaurin: Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partidetako bat Artunduagako pilotalekuan jokatuko da, azaroaren 28an (20:45)
Peio Etxeberria lau t’erdiko txapeldunak jokatuko du Beñat Rezustarekin batera, eta aurkari izango dituzte Javi Zalaba (lau t’erdiko txapeldunordea) eta Julen Marija.
Bigarren mailako partida ere jokatuko da Artunduagan Peña II-Salaverri eta Zubizarreta III-Aranguren bikoteen artean.
Sarrerak salgai daude Artunduaga kiroldegiko sarreran 23,35 euroan. Era berean, entradasfronton.com webgunean ere eros daitezke 25 eurotik aurrera [momentu honetan ez dabil webgunea].
☉ Basauri
Haur kategoriako jokalari batek irain arrazistak jaso dituela salatu du Indartsu klubak
Indartsuko jokalariak ‘puto negro’ bezalako iraina jaso zuela esan diote klubeko ordezkariek GEURIAri

Haur kategoriako jokalari batek irain arrazistak jaso zituela salatu du Indartsu klubak. Gertaerak atzo, azaroak 16, jazo ziren Indautxuren aurka Bilbon jokatu zuen partidan.
Jokalariak ‘puto negro’ bezalako iraina jaso zuela esan diote klubeko ordezkariek GEURIAri. Partiduaren 62. minutuan izan zen hori.
Jokatzen jarraitu nahi zuen galdetu zion orduan Indartsuko entrenatzaileak bere jokalariari, eta honek baiezkoa eman zion. Erantzuna ezezkoa bazen, zelaitik irtengo zen taldea protesta bezala.
Partidaren aktan arbitroak zehaztu duenez, Arrazismoaren kontrako Protokoloa aktibatu zuen irainen berri izan ostean.
Zehazki, honakoa dio arbitroak idatzitako aktak: “62. minutuan, bi taldeetako jokalariak nigana hurbildu dira eta kexu dira aurkako taldeko jokalarien aldetik irain arrazistak entzun dituztelako. Egoera horren aurrean, eta nik ezer entzun ez dudanez, aulkietara jo dut eta egoera azaldu eta protokolo arrazista aktibatu dut, keinua eginez eta partida bertan behera utziko nuela ohartaraziz berriro ere antzeko zerbaiten berri ematen bazitzaidan”.
Indartsuko ordezkariek GEURIAri adierazi diotenez, irainak Indartsuko jokalariaren aurkakoak soilik izan ziren.
☉ Basauri
Basauriko gaurko etxegabetzea salatzeko kontzentrazioa deitu du Batuk

Bi bizilagun etxegabetu dituzte gaur goizean Basaurin. Batu Elkarlaguntza Sareko kideak azken momentura arte negoziatzen saiatu arren, Ertzaintzak gauzatu du 11:00ak aldera etxegabetzea.
Horren aurrean elkarretaratzea deitu du Batu gaur Basaurin, 20:30ean Bentako plazan.
“Etxegabetzea gelditzeko gertu egon gara, baina azkenean ez da gertatu. Hala ere, gaur argi adierazi dugu kapitalismoaren aurpegirik ankerrenari ere antolakuntzaz autodefentsaz erantzungo diogula”, esan dute sare sozialetan Batuko kideek.
☉ Basauri
Argazkiak | Basauriko bi bizilagunen etxegabetzea eta herritarren elkarretaratzea, argazkitan
Gaur eguerdian bi bizilagun etxegabetu dituzte Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakiko etxebizitza batetik. Higiezina Cerberus putre-funtsarena da eta Batu Elkarlaguntza Saretik adierazi dutenez, “negozioatzeari uko egin diote, alokairua oraintzeko prest baitzeuden bi bizilagunak”.
Etxegabetzea 10:30ean zen betetzekoa, baina dozenaka herritar batu dira “erresistentzia” egiteko 08:30etik aurrera. Goizean goizetik bertan izan da GEURIA, eta hauek egin ditugun argazkiak:
☉ Basauri
Bideoa | Basaurin etxegabetzea gauzatu ostean: “Beste etxebizitza bat hutsik, negozioa egiteko”
Bi bizilagun etxegabetu dituzte. Protestetan hainbat pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak

Agirre Lehendakaria kaleko 82. zenbakiko etxegabetzea gauzatu da gaur eguerdian. Bigarren solairuko etxebizitza batean bizi ziren bi pertsona kaleratu ditu Ertzaintzak.
Eurekin batera, Batu Elkarlaguntza Sareko 20 lagun zeuden etxebizitza barruan, eta Ertzaintzak banan-banan kaleratu ditu.
“Etxegabetzea gelditzeko gertu egon gara, baina azkenean ez da gertatu. Zalantzan egon dira epaitegiko bitartekariak eta polizia; hortaz, hurrengo batean lortuko dugu”, esan dio GEURIAri Luis Diaz Batu Elkarlaguntza Sindikatuko kideak.
Diazen arabera, “beste etxebizitza bat hutsik geratuko da, berarekin negozioa egiteko”, eta gogorarazi du etxegabetu dituzten bi herritarrak duela lau-bost urte iritsi zirela etxebizitza hartara, “kontratu faltsu baten bidez”.
“Ordutik, alokairu bat ordaindu nahi izan dute; egungo errealitatera egokitzen den alokairu bat ordaintzeko prest zeuden, baina Cerberusek ez du onartu”, adierazi du Diazek.
Hainbat identifikatu
Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu ditu, baina atxiloketarik egon ez dela adierazi diote Batuko ordezkariek GEURIAri.
“Jende asko elkartu gara gaur etxegabetzea geldiarazteko. Eta elkarretaratzea guztiz baketsua izan da”, dio Diazek.
Identifikazioen inguruan, isunak jasotzen badituzte, Batuk kanpaina bat abiaraziko duela adierazi du Diazek, “seinalatzen nortzuek jartzen dituzten isunak eta nortzuek jasotzen dituzten”.
















































