Sareak

☉ Zeberio

Udal inkesta baten arabera, zeberioztarrek Bizkaibuseko autobus zerbitzua hobetzea gura dute

Zeberioko Udalak iazko urrian abiaraziko galdetegi baten arabera, inkestatuen % 87k erantzun du gaur egungo autobus zerbitzuak ez dituela herritarren gutxieneko beharrak betetzen

|

Bizkaibuseko autobus bat, Ermitabarrin, Arteara bidean // Geuria

Zeberiok “transport desert” izateari utzi nahi dio. Transport Desert-ak garraio-basamortuak dira, garraio publikoko zerbitzu desegokiek tokiko komunitateentzako aukerak murrizten dituzten horiek, hain zuzen ere.

Duela urte batzuetatik hona, Europako Batzordeak aktiboki sustatu du hiri-mugikortasuneko plangintza jasangarriaren kontzeptua eta, ildo horretatik,  zenbait proiektu finantzatu ditu.

Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko otsailaren 8ko 2/2014 Legeko 31. artikuluan honakoa xedatzen da: “Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, mugikortasun jasangarriagoa sustatuko dute, eta, horretarako, sustatuko dituzte oinezkoen eta txirrindularien mugikortasun aktiboa, garraio publikoa eta efizienteagoak diren eta gutxiago kutsatzen duten garraio moduak, aintzakotzat hartuta aurrezpen-irizpideak, energia-efizientziako irizpideak eta produktuaren, ondasunaren edo zerbitzuaren kostu eta balio-bizitzako irizpideak, eta, horrekin batera, garraioaren deskarbonizazioa bultzatzen duten energia alternatiboen erabilera ere sustatuko dute”.

Hego Uribeko egoerara erreparatuz, gaur egun, Bi-3524 errepideak konektatzen du Zeberio alboko herriekin. Mendebaldetik Ugaorekin eta ekialdetik, Artearekin. Errepide horietatik igarotzen den trafikoaren artean, herritarrek auto pribatuz, taxiz eta Bizkaibuseko A3928 lineako autobus zerbitzuaren bidez garraiatzeko aukera dute soilik.

Bi-3524 errepidetik igarotzen den trafikoaren artean, herritarrek auto pribatuz, taxiz eta Bizkaibuseko A3928 lineako autobus zerbitzuaren bidez garraiatzeko aukera dute soilik

Eskualdeko kasu honi erreparatuz eta Bizkaibuseko hurrengo lizitazio-prozesua hastear dagoela, Zeberioko Udalak herritarrek bizi duten egoera plazaratu nahi dio autobus enpresari. Izan ere, Udalaren iritziz, abagunea dago herritarren beharrizanak eta hobekuntza proposamenak aipatutako lizitazio prozesuan txertatzeko.

Auto elektrikoak kargatzeko gunea, Zeberion // Geuria

Nola goaz lanera?

Zeberion 618 auto daude DGTko Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko datuen arabera. Ibigailu guztien % 62,80a norberaren erabilerarako dira eta DGTko ikerketen arabera kotxe pribatuarekiko menpekotasuna “erabatekoa” da.

Beste hitz batzuetan esanda, herrian 600 autotik gora egoteak gutxi gora behera, gidabaimena izateko adinean dagoen bizilagun bakoitzak auto bat duela esan nahi du.

DGTko ikerketen arabera kotxe pribatuarekiko menpekotasuna “erabatekoa” da

Alboko herrietara taxiz joateko aukera eskaintzen du Udalak astearte eta ostegunetan. Zerbitzu honek euro bat eta lau euro arteko prezio sinbolikoa dauka eta gidabaimenik edo kotxerik ez duten adinekoeni, elbarriei edo auzo sakabanatuetan bizi diren auzotarreni zuzenduta dago.

Bi-3524 errepideak Zubialde auzoa gurutzatzen du // Geuria

Eustateko 2022ko datuen arabera, zeberioztarren % 72,85ak Lurralde Historiko bereko beste udalerri batean lan egiten du, hau da, egunero-egunero bidaiatu behar du ohiko bizitokitik lantokira. Gauza bera ikasleen kasuan, bigarren hezkuntzara iristean ezinbestean mugitu behar baitira herritik; Ugao, Igorre edo Laudiora, besteak beste.

Herritarren berbak

Herritarren iritziak jasotzeko, Zeberioko Udalak galdetegi bat abiarazi zuen iazko urrian. Bertan hainbat galdera luzatu zizkien herritarrei: “Zein auzotan bizi zara? Erabiltzen al duzu Bizkaibus Zerbitzua? Uste duzu sarriago erabil zenezakeela hobera eginez gero? Bizkaibus egungo zerbitzuak herriaren gutxieneko beharrak betetzen dituela uste duzu?…”.

Galdetegiak 21 auzotako bizilagunen iritziak jaso ditu eta % 56ak autobus zerbitzua erabiltzen duela adierazi du (% 24ak batzutan edo oso gutxi eta % 20 bai). Zerbitzua hobetuz gero gehiago erabiliko lukeen galderari dagokionez, inkestatuen % 81ak baietz erantzun du (% 17k ez daki, % 2 ez du erantzun eta % 0 ezetz).

Inkestatuen % 56ak autobus zerbitzua erabiltzen du eta zerbitzua hobetuz gero % 81ak gehiago erabiliko lukeela erantzun du

Bizkaibusen egungo zerbitzuak herriaren gutxieneko beharrak betetzen dituen galdetzean, % 87k ezetz erantzun du eta gaur egungo zerbitzuaren arazo nagusia maiztasuna dela adierazi dute inkestako parte-hartzaileen % 36ak, “gehienez ere orduro autobusak egotea noranzko bietan”, nabarmendu dute Udaletik.

Areatza eta bertako mendiak // Geuria

Gidabaimena ez duten gazteen artean (12 eta 17 urte bitarteko gazteak) aisialdia Ugaon eta Igorren ematen dute, bigarren mailako ikasketak hasita bertan sortzen baitituzte beren inguru berriak: “Egungo ordutegiei erreparatuta, ezinezkoa da apenas 10 minutura dauden bi herrietara garraio publikoz mugitzea; batetik, apenas dagoelako zerbitzurik (bereziki Arratiara) eta, bestetik, azken autobusa 20.30etan delako. Komenigarria litzake zerbitzua 22.00-23.00 aldera bukatzea, bereziki ostiral, asteburu edo jaiegunetan”, azaldu dute Zeberioko Udaletik.

Ondorio modura, galdetegiak honako emaitzak plazaratu ditu:

  • Herritarrek maiztasun handiagoa nahi dute: gutxienez orduko behin
  • Oinarrizko zerbitzuetan fokua ipintzea
  • Autobusetan segurtasuna hobetzea
  • Kalitatezko zerbitzu publikoarekiko konpromisoa
  • Kutsadura murriztea

☉ Zeberio

Gaztela eta Leongo mendietara egingo dute irteera Zeberioko Austarri Mendi Taldekoek

Irteeran izena emateko azken eguna hilaren 17a da. Aurrez aurre edo telematikoki egin daiteke

|

Peñako mendiak // https://desdelasierradelademanda.blogspot.com

Austarri Mendi Taldeak irteera berria programatu du Gaztela eta Leoneko mendietara. Oraingo honetan Cadagua (411mt), Canto Muriel (896mt), Cantonad (820mt) eta Lezana (366mt) tontorretatik igaroko dira egun bakarreko irteeran, irailaren 21ean.

“Mendi-ibiliak maite dituztenentzako gune interesgarri baten parte dira. Mendi horietara igotzeko, pagadi-basoez gozatzeko eta Kadagua ibaiaren sorrera bisitatzeko ibilbide zirkularrak egiten dituzte. Tontorren gailurretik Peña Mayor eta Mena Harana bezalako tokiak ikus daitezke. Ibilbideak mendi-mazelak inguratzen ditu, bide arabiarretik igarotzen da eta Cantonad eta Canto Muriel tontorretara igotzen da”, azaldu dute.

Autobusa 08:00etan abiatuko da irailaren 21ean Zeberioko plazatik. Mendizaleek egin beharreko ibilbidea 14 kilometrokoa izango da. Izena emateko azken eguna hilaren 17a da. Aurrez aurre egin daiteke Hogarrean (barikuetan, Hogarrean, 20:00etatik 21:00ak arte) edo telematikoki: austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatziz. Telefonoz egiteko aukera dago ere. Horretarako, interesdunek  665 735 054 edo 656 415 595 telefono zenbakiekin ipini behar dira harremanetan.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Telefono mugikorrari etekina ateratzeko tailerra prestatu dute adinekoentzat, Zeberion

Tailerra Hogarrean prestatu dute, irailaren 16an eta 18an, 17:00etatik 19:00ak bitartean

|

Erabiltzaile bat, telefonoarekin // Georgia de Lotz, Unsplash

Zeberioko Udalak, Kutxabankeko ‘Herriz Herri’ programaren bidez, telefono mobila erabiltzeko egun biko tailerra prestatu du irailaren 16an eta 18an, Hogarrean, 17:00etatik 19:00ak bitartean.

Tailerrak operazio praktikoak egiten irakatsiko dizkie adinekoei: Whatsappa erabiltzea, BIZUMak egitea, Osakidetzako aplikazioa modu egokian erabiltzea… Ikastaroa doakoa da eta 946 481 079 telefonoaren bidez eman daiteke izena.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Urtea amaitu baino lehen prest egongo da Zeberioko Ermitabarri auzoko pilotalekua

Udalak 70.000 euro bideratu ditu proiektu honetara. Espero dute pilotalekua 2025a amaitu baino lehen erabilgarri egotea

|

Ermitabarriko pilotalekuaren fatxada, gaur egun // Geuria

Uda igarota, Zeberioko Udalak Ermitabarriko frontoiko lanei ekingo die “urtea amaitu baino lehen pilotalekua prest egoteko, ondo bidean”. Horiek izan dira Ekain Goti Zeberioko alkatearen berbak. “Enpresa bati esleitu diogu proiektua eta asmoa datorren hilabetean lan egiten hastea da”.

“Ermitabarriko pilotalekuko harmailetako atzeko partea sarratu behar dugu, eguraldi txarra egiten duenean bertatik hotza, euria eta haizea sartzen delako”, azaldu zioten udal ordezkariek GEURIAri joan den urtarrilean.

Porlanezko harmailen gainean aulkiak eta hotza isolatzeko panel batzuk ipini gura dituztela zehaztu dute Udaletik. Gainera, pilotalekuko hormak margotu, sabaiko panel batzuk bere lekuan ipini, markagailuak ezarri eta frontoiko segurtasun elementu batzuk ipintzeko asmoa dagoela gehitu du Zeberioko alkateak. Udalak 70.000 euro bideratu ditu (BEZ barik) proiektu hau 2025a amaitu baino lehen burutu ahal izateko. “Asmoa eraikina bera eguneratzea da, laburbilduz”.

Frontoia, gaur egun // Geuria

Ermitabarriko frontoia eguraldi txarra egiten duen egunetan erabilezin zegoela nabaritu zuten joan den urtean udal ordezkariek eta euria egiten duen egunetan ura erretenetik iragazten da. Ondorioz, frontoiko zoruan putzuak egiten dira.

Lanek hilabeteko lanak izango izango dituztela aurreikusi dute Udaletik: “Ez da egitura osoaren lan handi bat izango, konponketa txikiak egitea baizik: aulkiak ipintzea, markagailu berria ekarri eta instalatzea… ziurrenik aldi berean lan egin ahalko dute gremioek, epeak arinduz”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioztarrek 105 urte bete berri dituen Presaldeko Bizenta zoriondu dute hilabete hasieran

Irailaren 1ean bete zituen 105 urte Bizentak eta gaur egun udalerriko pertsona zaharrena da

|

Bizenta, senide eta Udal ordezkariekin // Zeberioko Udala

Bizenta Ipiña Hierro-Olabarria auzotarrak 105 urte bete ditu joan den irailaren 1ean. Gaur egun Zeberioko biztanle zaharrena da Areiltzako Presalde auzoan jaiotako bizilaguna.

Zeberioko udal ordezkariak, berria jakin bezain pronto, Bizentarengana hurbildu ziren zorionak ematera: “Bizenta Ipiña andereari: Zeberioko Udaletik ohore handia da guretzat, Areiltzako Presalden jaiotako Bizenta Ipiña Hierro-Olabarriari, bere jaiotzaren 105. urteurrenean agur bat, musu bat eta lore hauek eskaintzera etortea. Udalaren izenean eta Zeberioko biztanleen ordezkari moduan, zure senide maiteenen artean zera opatu gura deutsugu: osasuna, alaitasuna eta egun gehiagotan zure bizitza luzeaz disfrutatzea. Zorionak Bizenta!”, izan dira zoriondu zuten udal ordezkarien berbak.

Zorionak, Bizenta!

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberion ere Palestinan jasaten ari diren genozidioa salatzeko burrunba egingo dute

Zeberion ekimenean parte hartzeko deialdia egin dute udaletxeko plazan. Deialdia irailaren 5ean izango da, 19:00etan

|

Gazako kartel bat // Emad el Byed, Unsplash

‘Genozidioa stop!’ lelopean burrunbak antolatu ditu Gernika-Palestina Herri Ekimenak, Gazako genozidioa salatzeko.

Deialdiak irailaren 5ean egingo dituzte 19:00etan, herrietako udaletxeen aurrean. Zeberion ekimenean parte hartzeko deialdia egin dute udaletxeko plazan.

Horrela dio Gernika-Palestina ekimenak bere webgunean: “Gernikako bonbardaketaren herria gara, eta lehen eskutik ezagutzen ditugu suntsipenaren ondorioak. Gernika berririk ez oihukatzeko beharra dugu, beraz, euskal herritarrok. Ezin dugu holakorik
onartu”.

“Sarraski horren aurrean ezin dugu isilik egon, ezin besoak gurutzaturik geratu. Beste ezeren gainetik, gaur eta hemen premiazkoa da ondorio latzak izaten ari den eskalada belikoa gelditzea, bakea, justizia eta itxaropenezko etorkizuna eskaintzea”.

Osorik irakurri