Sareak

☉ Zaratamo

Gure Herria: “Zaratamoko Outokumpun bizitzen ari diren pertsonen segurtasuna eta auzoaren bizi-kalitatea jokoan dago”

Gure Herria plataformaren arabera, nabeko horma edo zabaietatik objektuak eror daitezke eta minbizia eragin ditzaketen material arriskutsuak daude bertan

|

Zaborrak Outokumpun // Utzitakoa

Outokumpu enpresa kokatzen zen orubea zabortegia bilakatu dela salatu dute Arkotxako bizilagunek. Izan ere, herritarren arabera jendeak zaborrak botatzen ditu bertan behera utzitako nabean: “Nazkatuta gaude. Jende askok, kanpotik etorritako jendea barne, askotariko zaborrak botatzen ditu fabrikan”.

Hori gutxi ez, eta zera gaineratu dute: “40-50 pertsona hasi dira bertan bizitzen eta ez Outokumpuko eremuetan bakarrik, baita eskularruen fabrika zaharrean ere”, salatu du lantegiko orubetik metro gutxira bizi den herritar batek.

Arkotxako auzotarrak hilabeteak daramatzate egoera hau salatzen eta Gure Herria plataformak joan den martxoko osoko bilkuran mozioa aurkeztu zuen egoera ahalik eta lasterren konpondu ahal izateko: “Udalaren jarduketa eskatzen dugu, gaur egun zabortegi batean bihurtutako Arkotxa auzoari eragiten dion eremuaren abandonu- eta degradazio-egoera hasierako egoerara itzultzeko”, azaldu dute plataformatik.

“Udalaren teknikariaren txostenean honako hau ere adierazten da: “Lekura egindako bisitan, hondakinak, tresnak… utzi diren hainbat puntu antzeman dira, eta itxiturak falta dira, eta iparraldean kokatuta dauden eraikinetara sartzea baimenduta dago, pertsonak sartzen diren atea osatzen duten barretako batzuk moztu egin dituztelako; beste eraikinerako oinezkoentzako sarrera irekita dago beti, baina itxituraren zati bat ireki dute, eta eraikin horren kontrako sarreratik ibilgailuen sarbideko ateetako bat desagertu da”.

Auzotarrak, haserre

Jon Ibon Izagirre Gure Herria plataformako bozeramaileak azaldu du Outokumpun ardura nagusi bi daudela: “Alde batetik espazioa okupatu dutenen segurtasuna dago jokoan: nabeko horma edo zabaitik objektuak eror daitezke eta minbizia eragin ditzaketen material arriskutsuak daude bertan. Gainera, nabean gertatu daitekeenaz kezkatzen ari gara: herritarrok ez dakigu zer gertatzen ari den nabean eta zer topa daiteken hor. Beste alde batetik, Arkotxa auzoan degradazioa ematen ari da eta droga trapitxeoak modu nabarmenean azaleratu dira”.

“40-50 pertsona hasi dira bertan bizitzen eta ez Outokumpuko eremuetan bakarrik; baita eskularruen fabrika zaharrean ere”

“Joan den martxoko udalbatzan alkateak erantzun zigun Pradera Hnos-eko fabrika zaharra, gero Outokumpu bezala ezaguna Wandpy izeneko enpresa pribatu baten jabetza zela. Segurtasun-arazoak zirela eta, Udalak enpresari eskatu zion egin beharreko jarduketak egin zitzala arriskuak saihesteko. Egoera zuzentzeko jarduketarik egin ez denez eta beste irtenbiderik planteatu ez denez, Udalak, auzotarren plataformaren eskakizunei men eginez, hertsatzeko isunak jartzeko fasea jarri du abian. Isunetatik bildutako diruarekin Udalak, subsidiarioki, dagozkion jarduketak egingo ditu, hala nola enpresa estaltzea, etab”, gehitu dute Gure Herriatik.

Bozeramailearen arabera, gai hau Zaratamoko Udalaren eskumena ez bada ere, Udalak horren ardura izan beharko luke: “Beste hitz batzuetan: gai honen eskumena beste administrazio batena nada, Udala bezalako instituzio bat proaktiboa izan beharko da gai honekin”.

Arkotxako industriala

Pradera Hnos enpresak duela zortzi urte eten zuen jarduera Zaratamoko Arkotxa auzoan. Dinamitakoarekin batera Zaratamoko auzoko industria motoreak ziren.

Gure Herria plataformako zinegotziak egituraren egoera “gero eta txarrago” bilakatzen ari dela azaldu dio GEURIAri: “Duela gutxi arte, lurretako gaur egungo jabeei ez diete eskatu beren ardurei aurre egitea. Auzotarrok eman behar izan dugu urrats hori”. Gure Herriako bozeramaileak gehitu du leku horretan jendea bizitzen hasi dela.

Egiturak zabaia dauka eta Bilbotik gertu dagoen zonaldea denez, auzora jende “berria” ekarri duela diote bertako bizilagunek. “Zaratamoko Udala gai honetan inplikatzea beharrezkoa da”, gehitu du Jon Ibonek. “Oposizioan kokatuta dagoen herritarron plataformak presioa sartu du azken urteetako udalbatzetan, eta ematen du hori horrela egiten ez badugu ez dela inolako erabakirik hartzen”.

“Nabean eta nabetik gertu dauden beste industrietan gertatzen ari diren arazoak, droga trafikoa barne, eragina dauka bertako bizilagunengan”

“Outokumpuren gai honek min handia eragiten dio Arkotxa auzoari”, laburbildu du Izagirrek. “Azken batean, nabean eta nabetik gertu dauden beste industrietan gertatzen ari diren arazoak, droga trafikoa barne, eragina dauka bertako bizilagunengan. Honek guztiak pena handia ematen du, Arkotxa auzo oso atsegina delako: auzotarrek bertako jende guztia ezagutzen dute eta herri kutsu hori mantentzen duelako gaur egun”.

☉ Zaratamo

Arkotxako segurtasuna bermatzeko helburuei helduko die Zaratamoko Udalak irailean

Udako oporretatik bueltan, Zaratamoko Udalak joan den ekainean planteatutako lan lerroak martxan jarriko ditu auzoko bizikidetza arazoei irtenbidea eman ahal izateko

|

Arkotxako nabeak // Geuria

Zaratamoko Arkotxa auzoan azken hilabetean izan diren bizikidetza arazoak direla eta, Udalak azaldu du uda baino lehen iragarritako lau lan lerroak martxan ipiniko dituela.

“Alde batetik, elkarlana berrartuko dugu Ertzaintzarekin”, azaldu du Alberto Ugarriza herriko alkateak. “Udatik bueltan programa bat ipiniko dute martxan ekintza deliktiboak saihesteko. Programa hori beste herri batzuetan garatu dute, emaitza nahiko positiboekin”.

Bigarren lan lerroari dagokionez, Galdakaoko Gizarte Zerbitzuetako migrazio teknikariekin harremanetan jarri ziren Zaratamoko udal ordezkariak, eta hilabete honetan bi udalerrien arteko elkarlan bat abiaraziko zutela adostu zuten, kronograma baten jarraipenarekin, nabeetan bizi diren pertsonak integratzea xede.

Hirugarren lan lerroa hirigintzaren ingurukoa da, egoerari irtenbidea emateko: “Arkotxako nabe horien jabeei 2019tik lursailak mantentzeko eskaera egin zien Udalak. Enpresek ez dute jaramonik egin eta joan den uztailean salaketa ipini zuen Zaratamoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailetan”. Ingurumen sailak interbentzioa hasi du dagoeneko eta enpresari errekerimenduak egin dizkio: “Zaratamoko Udalak aurkeztutako txostenekin ingurumen delitu aukerak egon daitezke eta Ingurumen sailak esku hartzeko aukera izango luke”.

Pertsonak bizi diren nabeen inguruak, Arkotxan // Geuria

Sutea, abuztuan

Tartean, joan den abuztuaren 7an sute bat egon zen Arkotxako 4. zenbakian: “Bertan behera utzitako eta hustutako eraikin batean izan da sutea”, azaldu dute Bizkaia Suhiltzaileen ordezkariek joan den irailaren 2an Zaratamoko Udalera helaraziko txosten batean. “Barruan etxerik gabeko pertsonak bizi dira. Aurreko batean bertan izandakoak gara eta barrualdea oso egoera txarrean dago, benetan arriskutsuak diren azpiko maila baterako jauziekin. Benetan arriskutsua bertan diren pertsonentzat zein bertatik igaro daitekeen edonorentzat”. Txostenaren amaieran suhiltzaileek lursailen jabeek “dagozkion neurriak hartzea” eskatzen dute, balizko kalteak saihesteko.

Laugarren lan lerroa EAJk planteatu zuen. Helburua batzorde bat sortzea da, Arkotxako egoerari buruzko diagnostikoa eta irtenbideak planteatzeko. Batzordean alderdi politikoek zein udan zehar sortutako auzo elkarteak parte hartuko lukete.

Udako oporrak igarota, Zaratamoko Udaletik “urratsak ematen arin direla” azaldu dute. “Ez da gertaera berezirik gertatu datu objektiboei begira, baina auzoko segurtasun faltaren sentsazioa hor dago”. Segurtasun faltaren sentsazio horri buelta ematea zaila izango dela azpimarratu du Zaratamoko alkateak eta horretarako denbora beharko dela gehitu du: “Hartu ditugun ildo horietatik jarraituz gero lortuko dugu arazoa bideratzea”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak bertan parte-hartzeko deia egin die herritarrei

Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak

|

Zaldiak, Zaratamo eskolako inguruetan. Artxiboko irudia // Geuria

Ikasturtea hasteko oso gutxi falta da eta Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak gonbidapena luzatu die herritarrei bertan izena emateko.

“Aurten Besopean elkartean parte hartu nahi baduzu, zure laguntza gustura hartuko dugu. Guregana hurbildu zaitez!”, azaldu dute.

Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak. Joan den apirilean Iñaki Urkiza Zaratamo eskolako zuzendariarekin eta Besopean elkarteko Janire Martinezekin izan ginen, eskolak eta guraso eelkarteak antolatzen dituen ekintzen inguruan berba egiten. Hementxe irakurri dezakezu.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ikasturte berriko kirol jarduerak iragarri dituzte Zaratamon

Eskabideak egiteko epemuga irailaren 24a izango da eta jarduerak urriaren 4an hasiko dira

|

Yoga // Unsplash

Zaratamoko Udalak Moiordin, Arkotxa eta Elexalde auzoetan antolatu dituzten kirol jardueren eskaintzak iragarri berri ditu, ikasturte berriari begira.

Askotariko kirol ikastaroak abiaraziko dituzte aurten: Total Fitness, Pilates, Zumba, dantza latinoak, Yoga, entrenamendu funtzionala, eta aurten, berritasun modura: arte eszenikoak (zirkua).

Eskabideak egiteko epemuga irailaren 24a izango da. Aurrez aurre egiteko asmoa dutenek Arkotxa eta Elexalde auzoetako liburutegietara edo udal bulegoetara jo beharko dute. Online egiteko aukera ere luzatu dute esteka honen bidez.

Ikastaroak urriaren 4an hasiko dira. Edukiera mugatua izango da.

Pilatesa egiteko pilotak // Geuria

Ikastaroak, auzoka

Moiordinen
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 20:00-21:00, Txokoa
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 20:15-21:15, Txokoa

Arkotxan
Zumba | Asteazkenetan, 20:00-21:00, Kultur Etxea
Dantza latinoak | Ostiraletan, 18:00-19:00 (7-15 urte) eta 19:00-20:00 (16 urte+), Kultur Etxea
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 18:45-19:45, Kultur Etxea
Yoga | Astelehenetan, 20:15-20:45, Kultur Etxea
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 19:00-20:00, Kultur Etxea

Elexalden
Zumba | Asteazkenetan, 18:45-19:45, gimnasioa
Entrenamendu funtzionala | Astearte eta ostegunetan, 10:30-11:30 (60 urte+), gimnasioa
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 17:30-18:30, gimnasioa
Yoga | Astelehenetan, 18:30-20:00, gimnasioa
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 17:45-18:45, gimnasioa
Arte eszenikoak (zirkua) | Ostegunetan, 17:00-18:30, eskola zaharrak

Informazio gehiagorako deitu 946 710 052 telefono zenbakira.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Arkotxako medikuaren etxe zaharra eraitsiko du Zaratamoko Udalak hurrengo asteetan

Eraikina funtzio gabe gelditu zen kontsultak frontoi ondoko eraikinera lekualdatu zituztenean, 90. hamarkadan

|

Medikuaren etxea, gaur egun // Geuria

Erabilera faltagatik eta bertan behera utzita egoteagatik, Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoan, Kultur Etxearen ondoan kokatutako medikuaren etxea eraitsiko du datozen egunetan.

Eraikina funtzio gabe gelditu zen kontsultak frontoi ondoko eraikinera lekualdatu zituztenean, 90. hamarkadan. Medikuaren etxea eraikitzeko proiektua 1959an sortu zuten eta eraikitzea 1961eko apirilaren 15eko udalbatzan onartu zuten. Obra 295.000 pesetetan adjudikatu zuten eta lanak 1962ko urtarrilaren 10ean hasi zituzten.

Etxeak hiru finantzazio iturri zituen: Espainiako estatuaren plan probintzialarena (150.000 peseta), Bizkaiko Diputazioarena (10.000 peseta) eta Zaratamoko Udalarena (50.000 peseta). Eraikina eraistearen zenbatekoa 22.990 eurokoa izango da: aurrekontua, proiektua eta obra zuzendaritzaren kostua 4.114 eurokoa da eta eraistea bera 18.876 eurokoa.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamo, esku pilotaren gotorleku Bizkaian: Elezkanoren eta Urrutikoetxearen ondoren, zer?

Zein da Zaratamoko esku pilotaren etorkizuna, eta zein bere orain arteko arrakastaren sekretua?

|

1974ko,1975ko eta 2006ko Interpueblos txapelketa irabazi du Zaratamoko Upo Mendi taldeak // Geuria

“Esku pilotan aritu ez diren haur gutxi daude Zaratamon”. Danel Elezkanoren hitzak dira, joan den azaroaren 28an GEURIAri emandako elkarrizketan, eta ondo baino hobeto islatzen dute euskal kirol honek herrian betidanik izan duen errotzea.

Euskal Herriko txoko askotan futbola jaun eta jabe izan den bitartean, Zaratamon larruzko pilotak hartu du betidanik baloiaren tokia: Elizako kanpaiekin batera, frontoi paretaren kontra emandako pilotakaden hots errepikakorra izan da Elexaldeko auzotarren soinu banda belaunaldiz belaunaldi.

Adolfo Agirre Upo Mendi pilota eskolako entrenatzaile historikoak hiru hitzekin definitu zuen Zaratamo GEURIAn: “eskola, plaza eta frontoia”. Hiru elementuen arteko lotura agerikoa da, bere garaian eskola Elexaldeko plazaren alde batean baitzegoen, eta frontoia, aldiz, bestean. Mikel Urrutikoetxea bera ere ildo beretik aritu zitzaigun 2023ko elkarrizketa batean: “Eskola ere frontoitik hurbil geneukan eta jolastokiko tartea frontoian ematen genuen. Hor jaio zen nire zaletasuna. Zaletasuna piztu zitzaidan eta gaur egun arte iraun du”.

Pilotaren Galiar herrixkaren tankera hartu duen herri txiki honen nortasuna ulertzeko nahikoa litzateke datu bakarra nabarmentzea: joan den mendeko 60. eta 70. hamarkadan Zaratamokoa Bizkaiko frontoi estali bakarrenetarikoa zen, eta inguruko herrietako jende dexente hurbiltzen zen bertan esku pilotan edo palan aritzera.

Estalia bai, baina ez itxia; ohikoa zen pilotak frontoitik ihes egitea, inguruko ortuetan bukatzeko. Aukera baliatuta, Zaratamoko haurrek eta nerabeek azti jokatzen ikasi zuten, pilotariekin tratua eginez: pilotak batzen zituzten eskupeko baten truke.

Gerora, frontoia itxi eta harmaila eraiki zuten. Eskupekoak bukatu ziren, baina harmaila horietatik ikusi dute zaratamarrek euren pilotarien ospea handitzen, Urrutikoetxea-Elezkano bikoteak Hego Uribeko txoko ederra pilotazale guztien ahotan jarri duen arte.

Oraina eta geroa

Elezkano eta Urrutikoetxea ezagunenak diren arren, ez dira Zaratamoko pilotari profesional bakarrak izan. Esku pilotan Urkiza, Elorz eta Luke nabarmendu ziren bere garaian, eta palan Barandiaran, Zarraga, Morgado edo Kurto, besteak beste.

Talde mailan ere, ibilbide oparoa egina du Upo Mendik: Interpueblos txapelketa entzutetsuan protagonista izan da Zaratamo, 1974,1975 eta 2006ko txapelak irabazita. Bitxikeria moduan, Txemi Elorzen izena nabarmendu behar da: 1974ko eta… 2006ko txapelak irabazi zituen taldeen partaide izan da!

Zaratamoren izena Daneli eta Mikeli lotuta joan da ezinbestean azken hamarkada honetan. Behin Danelek erretiroa hartuta duela, eta Mikel hartzear dela, zein da Zaratamoko esku pilotaren etorkizuna?

Adolfo Agirreren elkarrizketara bueltatuz, atzoko eta gaurko kirolaren arteko alderaketa argia egiten zuen Upo Mendiko eskolako kirol arduradun ohiak: “Gaur egun ume askok gogotsu hasten dituzte esku-pilota klaseak, baina adinean aurrera egin ahala egoera zailtzen da. Baina denborak aurrera egin ahala ikasketetan murgiltzen dira, eta esku-pilota bigarren maila batean uzten dute. Gainera, gaur egun ez dut antzina ikusten nuen motibazio bera ikusten gazte gehienengan eta frontoian “mantentzea” zailagoa da”. 

Mikel Urrutikoetxearen ikuspegia, aldiz, baikorragoa litzateke:  “Afizio izugarria dago herrian eta pilota eskolak sendo aurrera jarraitzen du. Mutil ugari daude bertan eta, dagoeneko neskak ere ari direla esango nuke. Asko pozten naiz. Pilotarekiko zaletasunak bizirik jarraituko du herrian”.

Modu batean edo bestean, badirudi etorkizunean ere Elexalde auzoaren soinu banda frontoi paretaren kontra emandako pilotakaden hots errepikakorra izango dela, eta esaldi errepikatuena, honako hau: “erromatar hauek erotuta daude”.

Osorik irakurri