☉ Galdakao
Txomin Egileor kalea guztiz berritzeko obrak ekainaren 30ean hasiko dituzte, Galdakaon
Norabide bakarrekoa izango da ibilgailuentzat: Plazakoetxetik Zuhatzura. Era berean, bidegorria jarriko dute eta aisialdi naturaleko gune berri bat sortuko dute

Txomin Egileor kalea guztiz berrituko du Galdakaoko Udalak. Iazko ekainean Zuhatzu ingurua berritzeko planaren barruan aurkeztu zuen Udalak Txomin Egileor kaleko berrantolaketaren proiektua, eta otsailean obrak egiteko lizitazio prozesua abiarazi zuen.
Norabide bakarrekoa izango da kalea ibilgailuentzat, Plazakoetxetik Zuhatzura bitartean, eta hortaz, Zuhatzutik Plazakoetxeraino doan erreia erabat kenduko dute, “espazioaren banaketa eraginkorragoa izan dadin”, diote udal ordezkariek.
Herrira sartzeko erreia kentzearekin batera, bidegorria jarriko dute Plazakoetxetik Hermano Victor kaleraino, “adinekoen egoitzaren pareraino”, diote, eta gaineratu dute: “Berritutako tarte osoa zeharkatuko du bidegorriak eta garraio iraunkorragoen erabilera sustatuko da”.
Era berean, arrapala berri bat eraikiko dute Txomin Egileorretik Ibaizabal ibaiaren ertzeraino sartu ahal izateko, “ingurune natural horretan aisialdirako espazioa zabalduz”.
Bestetik, argiteria publikoko sistema jasangarriagoa, eraginkorragoa eta eguneratua ere instalatuko dute, gauean ikuspena hobetuko duena. Eta, kalean airetik doazen kableak lurperatuko dituzte, “horrela segurtasuna hobetuz eta paisaia ordenatuagoa eta atseginagoa lortuz”, diote.
“Zuhatzutik Plazakoetxeraino doan erreia kenduz, errepide ondoko espaloiak zabaldu ahal izango dira, oinezkoak errazago igaro daitezen. Zabalik mantenduko den erreiari dagokionez, asfaltoa berrituko da eta bi zebrabide berri jarriko dira sakaguneekin, horietako bat 20. zenbakiaren aurrean eta bestea 30. zenbakiaren aurrean. Elementu horiek segurtasuna handituko dute, ibilgailuen abiadura murriztuz, baita irisgarritasuna ere, espaloiaren altuera berean joango baitira”, diote udal arduradunek.
Fase bakar batean
Obrak ekainaren 30ean, astelehenez, hasiko dituzte eta Udalak 1,8 milioi euro bideratuko ditu. Lanak egiteko kontratua Campezo Obras y Servicios S.A enpresa bizkaitarrari esleitu dio Udalak.
Obren zenbateko osoa eta jarduketa mota kontuan hartuta, proiektua fase bakarrean egitea pentsatu dute udal ordezkariek.
Biribilgune berria
Udal ordezkarien arabera, ekainaren 30etik aurrera behin betiko itxura hartzen hasiko da kalea norabideei dagokienez.
“Beraz, obrek irauten duten bitartean, Galdakaoko hirigunera ibilgailuetan sartzeko, Txomin Egileorreko bizilagunek BI-625 errepidera jo beharko dute Basaurirako noranzkoan, eta handik N-634 errepidera sartu Galdakaoko noranzkoan, Irubideko biribilgunea hartuz”, diote.
Galdabusak ere ibilbide hori egingo du. “Galdabusak bere ibilbidea pixka bat luzatuko du, baina ez da geralekurik kendu behar izango”, zehaztu dute.
Berregokitze lanak amaitu ondoren, auzotarrak Zuhatzu eta N-634 errepideko biribilgune berria lotuko dituen zubitik sartu ahal izango dira Galdakaoko erdigunera. “Hala ere, trafikoaren gaineko eragina ezin izango da konpondu zubi horren obra amaitu arte”, diote.
Udala proiektuak koordinatzeko eta kaltetuei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko lanean ari da, eta hobekuntza guztiek epe luzera izango duten eragin positiboa gogorarazi du.
☉ Galdakao
Argazkiak | Moda pasarela bilakatu da gaur Galdakao, Santakurtze jaietan

Gaur moda desfilea egon da Galdakaoko jaietan. Fashion Day eguna antolatu du bigarren urtez Gazte Berpiztuk eta hainbat kuadrillak hartu dute parte. Jantzirik eta aurkezpenik onena Antzeko kuadrillak egin du, bigarren sailkatu da Dekantzekoz eta hirugarren Trikiriki. Laugarren Antropayak izan da eta bosgarren Piperrak. Hona hemen desfileko irudirik onenak!
☉ Galdakao
Bi gazte atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik
Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarra erabilita sartu ziren bart 19 eta 21 urteko bi gazte. Epailearen esku jarriko ditu Ertzaintzak

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.
Gertaerak bart gauerdian jazo dira: pertsona batek SOS Deiakera deitu du Olabarrietan dagoen eta une horretan hutsik zegoen aita-amaginarreben etxean indarrez sartu direla esanez, instalatuta zuten zaintza-kamera deskonektatu egin dutela konturatu baitira.
Orduan, patruila bat bertaratu eta argi bat piztuta ikusi zuten eta etxebizitzaren goiko aldean bi gazteak aurkitu dituzte.
Bi gazteak epailearen esku utziko dituzte dagozkion eginbideak amaitu ostean.
☉ Galdakao
Bideoa | Antzeko, Bertan Kaldo eta Dekantzekoz, Galdakaoko jaietako Playback lehiaketako onenak!

Playback lehiaketa mundiala da Galdakaoko jaietan eta atzo zuzenean bizi genuen! Txapeldun Antzeko izan zen: Mamma Miaren ‘Ai ama!’ bertsio euskalduna egin zuen kuadrillak. Euren amei omenaldi zoragarria egin zieten.
Bigarren Bertan Kaldo izan zen, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
GEURIAn lehenengo hiru postuetan sailkatutako ordezkariak elkarrizketatu zituen: Mirene eta Izaskun (Antzeko), June eta Ane (Bertan Kaldo), eta Ane eta Janire (Dekantzekoz). Aupa zuek!
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakaoko jaietako Playback lehiaketa 140 argazkitan!

Playback lehiaketa arrakastatsua da Galdakaoko jaietan. Eta aurten ere ez du hutsik egin, beste urte batez Zizpak antolatuta. Irabazle Antzeko izan da, euren Ai Ama! (Mamma Mia!) bertsioari esker, amei omenaldia eginez. Bigarren Bertan Kaldo izan da, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
☉ Galdakao
Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute Valentziako uholdeetan egindako lanengatik
Gaur Vienako udaletxean, Austrian, Innovation in Politics Awards sarien irabazleak emango dituzte jakitera, eta otsailean Zero Project sariak banatuko dituzte Vienan ere

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute, iazko urritik Valentziako uholdeek kaltetutako eremuetan egindako lanengatik.
Alde batetik, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan dituzte bi proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi humanitarioa.
Nave 51 izeneko proiektuan, Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk, “xahuketa minimizatuz eta jasotako laguntza guztia ahalik eta gehien aprobetxatuz, milaka boluntario eta militarri esker”, dio Ainhoa Crespo GBGEko ordezkariak.
Eta Garbitegi humanitarioa delakoan uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten, “balio praktiko eta emozional handiko doako zerbitzua eskainiz”, dio Crespok.
Innovation in Politics Awards sarien banaketa gaur, irailak 17, izango da Vienako udaletxean, Austrian.
Otsailean: Zero Project sariak
Beste alde batetik, GBGE finalista izendatu dute Zero Project sarietan, “Krisi-egoeretan desgaitasunaren aurrean inklusioa” kategorian.

GBGE elkarteko boluntarioak Valentziako hondamendian // GBGE
Ekintza humanitarioetan, larrialdietan eta hondamendietan inklusio-irtenbideak aitortzen ditu sariketa horrek, eta sari banaketa otsailean izango da Vienan ere; kasu horretan, Nazio Batuen egoitzan.
“Izendapen hauek nazioarteko aitorpena dira Valentziako Dana-ren ondoren izandako elkartasun uholdeari. Nabarmentzekoa da beste modu batean ere erantzun daitekeela hondamendiei: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik ere asko dagoelako berreskuratzera iristeko, baina pozik ere bai, pertsona askoren lan ikaragarriari egindako aitortza delako”, adierazi du Crespok.