☉ Etxebarri
Programa | Kukullagako jaiak 2025
Irailaren 12tik 14ra bitartean izango dira Kukullagako jaiak. Egitaraua osorik jaso dugu albistean!

Irailaren 12tik 14ra bitartean izango dira Kukullagako jaiak, Etxebarrin. Haurrentzako jarduerak, gastronomia lehiaketak, musika eta beste hainbat ekintza antolatu ditu Kukullagakoak Elkarte Soziokulturalak Etxebarriko Udalaren laguntzarekin.
Egitaraua | Kukullagako jaiak 2025
Irailak 12, ostirala
18:30 Auzoan poteoa animazioarekin kiroldegiko tabernatik
20:00 Txupinazoa San Antonio etorbideko aparkalekutik
21:00 Herri afaroa San Antonio etorbidean
23:00 Dantzaldia San Antonio etorbideko aparkalekuan
00:45 Rool DJ
Irailak 13, larunbata
09:30 Indaba eta tortilla lehiaketen hasiera
11:15 Ginkana familiarra Eskenatoki plazatik
12:05 Haurrentzako puzgarriak eta jolasak Eskenatoki plazan
14:30 Indaba eta tortillak aurkeztea
18:00 Haurrentzako animazioa kiroldegian
19:30 Borroka ikuskizuna: Euskal Wrestling
19:30 Edaria eta hirugiharra Coto tabernan eta La Plaza tabernan
21:30 Kontzertua San Antonio etorbideko aparkalekuan: Calentando la Banda
23:30 Dantzaldia San Antonio etorbideko aparkalekuan: Melecia
00:30 Bingo herrikoia San Antonio etorbideko aparkalekuan
Irailak 14, igandea
09:30 Paella eta sangria lehiaketen hasiera
11:45 Hegazti harraparien erakusketa atzeko plazan
13:30 Apar jaia San Antonio etorbidean
14:30 Paella eta sangria aurkeztea
17:30 Igel lehiaketa San Antonio etorbideko aparkalekuan
18:30 Haurrentzako Euskal Jaia San Antonio etorbideko aparkalekuan
20:30 Sari banaketa San Antonio etorbideko aparkalekuan
21:30 Jaien amaiera eta su artifizialak
☉ Etxebarri
Goma gaineko Bizkaiko txapelketa jokatuko da Etxebarrin azaroaren 29an

Bizkaiko Goma gaineko Sokatira txapelketa jokatuko da azaroaren 29an Etxebarrin.
Frontoian izango da 18:30ean eta gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak lehiatuko dira.
Abadiño, Gaztedi, Goiherri eta Forua taldeak dira lehiatuko direnak, 8×8 mistoa 580 kiloko kategorian.
Herri Kirol Federazioak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.
☉ Etxebarri
San Esteban etorbideko obrak faseka egingo dituzte Etxebarrin eta aldi baterako murrizketak iragarri ditu Udalak
Lehen fasean etorbideko zenbaki bikoitien aparkalekuak desgaitu dituzte eta bigarren fase batean zenbaki bakoitietan egingo dituzte obrak

Etxebarriko San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea guztiz eraldatzeko eta herritarrentzat irisgarriagoak, seguruagoak eta atseginagoak bihurtzeko lanetan murgilduta dabil Udala.
Birmoldaketa horri esker aparkaleku-sistema berrantolatuko dute —bateriatik lineara—, aparkaleku berriak jarriko dituzte, espaloiak zabalduko dituzte eta eliza ondoko autobus geltokiaren funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetuko dute.
Obrak udan hasi zituen Ansareo enpresak eta dagoeneko Barrondo kalean egin behar zituzten lanak amaitu dituzte. Eta, behin lan horiek bukatuta, San Esteban etorbidean esku hartzen hasi dira aste honetan.
Lan berri hauek faseka burutuko dituzte. Hasteko, San Esteban etorbideko zenbaki bikoitietan jardungo dute eta, hortaz, bertako aparkalekuak desgaitu dituzte eta edukiontziak lekualdatu dituzte. Ondoren, zenbaki bakoitietan esku hartuko dute.
“Obrak egiten diren bitartean aldi baterako murrizketak egingo zaizkio oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioari, esku-hartzearen fase bakoitzari egokituta. Hala ere, etxebizitza, garaje eta saltokietarako behin-behineko sarbidea bermatuko da”, zehaztu dute udal ordezkariek: “Udalak herritarren laguntza eskatzen du, baita kaltetutako eremuetan kontu handiz ibiltzeko ere”.
Etxebarriko Udalak guztira 564.000 euro bideratuko ditu eraldaketa integral honetara. Aurreikuspenen arabera, urte berriko lehen hiruhilekorako amaituko dituzte lanak.
☉ Etxebarri
Garagardotegi Eguna antolatuko du lehen aldiz San Antonioko Jai Batzordeak

San Antonioko Jai Batzordeak lehenengo Garagardotegi Eguna antolatuko du azaroaren 29an, larunbatez.
Kuadrillen arteko poteoa eta bazkaria izango dira egun horretan, eta Jai Batzordetik aurreratu dutenez, bazkaria Basauriko Txakoli Iñaki Garagardotegian izango da.
“Adi! Etorri Garagardotegi Egunera zure kuadrillako jantziarekin!”, animatu dituzte herritarrak Jai Batzordeko ordezkariek.
☉ Etxebarri
Etxebarrik zortzi pertsona kontratatuko ditu sei hilabetez lan egiteko
Profil desberdinetako lanpostuak beteko dituzte eta hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko interesdunek Lanbiden eman behar dute izena azaroaren 18a baino lehen

Langabezian dauden zortzi pertsona kontratatuko ditu Etxebarriko Udalak sei hilabetez lan egiteko % 75eko lanaldian.
Zehazki profil hauek dira kontratatuko dituztenak: bi agente zibiko Udaltzaingoarekin elkarlanean bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko; bi administrari-laguntzaile; bi komunikazio-dinamizatzaile; datu-baseetako analista bat; eta biltegiko laguntzaile bat.
Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, Lanbideren webgunean lanpostu bakoitzerako adierazten den eskaintzan izena eman behar dute interesdunek. Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 18ra arte.
“Lanpostuak sortzeaz gain, enplegua sustatzeko tokiko ekintza horien helburua partehartzaileen inklusioa, prestakuntza eta egonkortasuna bultzatzea da”, diote udal ordezkariek.
Etxebarriko Udalak 89.500 euro bideratuko ditu 2025-2026 Enplegu Planera, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak sustatutako dirulaguntzari esker.
☉ Etxebarri
Mendi irteera antolatu du Arpelak Etxebarrin, Alberto Lago ipuin kontalariarekin

Arpela Euskaltzaleen Elkarteak mendi irteera antolatu du azaroaren 9an.
Santa Marina ospitale zaharra, Iturritxualdeko lubakiak eta askaldia eta Leon askaldia bisitatzeko aukera izango dute herritarrek.
Sei kilometroko ibilbidea izango da eta Alberto Lago ipuin kontalariak parte hartuko du.
Interesa dutenek izena eman behar dute; QR kodea udal webgunean dago.






