Sareak

☉ Hego Uribe

Mugimendu Feminista: “Greba deitzen dugu emakumeak zapaltzen gaituztelako toki askotan”

Greba feminista deitu dute nazioartean martxoaren 8an, baita Hego Uribe eskualdean ere. Basaurin eta Galdakaon manifestazioak izango dira.

|

basauri m8 greba feminista 2018 biki pozo eta iraia biteri elkarrizketa
Biki Pozo Gonzalez eta Iraia Biteri Ugarriza Marieneako asanblada batean // Maider Ibañez Espinosa

Greba feminista deitu dute nazioartean martxoaren 8an, baita Hego Uribe eskualdean ere. Basaurin eta Galdakaon manifestazioak izango dira

Emakumeok* Planto lemapean, nazioarteko greba egingo da martxoaren 8an, eta herriz herri antolatutako ekintzekin osatuko dituzte deialdi nagusiak. Lau esparrutan jarriko dute fokua aurtengo greban: zaintza greba, lan greba, kontsumo greba eta ikasle greba. Egun osoko greba izango da batzuentzat eta beste batzuentzat bi lanuzte iragarri dituzte, bata goizean (11:00etatik 15:00etara) eta bestea arratsaldean (18:00etatik 22:00etara). Grebari babesa erakusteko tresna gisa, besoko morea jantzi eta amantalak balkoi edo leihoetan zintzilikatzeko eskatu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Egun horretan ez kontsumitzeko deia ere egin dute, “bereziki enpresa eta saltoki handietan”.

Biki Pozo Gonzalez (Donostia, 1980) eta Iraia Biteri Ugarriza (Basauri, 1977) Basauriko Mugimendu Feministako kideak dira eta martxoaren 8ko greba feministaren inguruan aritu dira Geurian.

Bihar martxoaren 8a. Zer egingo da Hego Uribe eskualdean egun horren harira?
Bilbon zerbait antolatu dute eta guk ere zerbait egin nahi izan dugu eskualdean. Zentzu horretan, manifestazioa egingo da Basaurin 11:30ean eta Galdakaon 12:00etan. Basauriko ibilbidea izango da: Eskarabilera estatua, Begoñako Andra Mari (estatua), anbulatorioa, Lanbide, Benta, La Plaza merkatua, Astoak, Gizarte Segurantzaren bulegoa, udaletxea eta Marienea. Begoñako Andra Mari oinezkoentzako kalean dagoen estatua puntu hori bihurtu nahi dugu gure. Dagoeneko, azaroaren 25eko ekitaldi sinbolikoa bertan egin genuen, eta emakumeoi eragiten digun zerbait gertatzen denean, bertan elkartzea erabaki dugu. Kalean gure presentzia bermatu nahi dugu.

M8ko egitarauak prestatzeko eskualdean asanblada irekiak deitu dituzue.
Basauriren kasuan, hiru asanblada ireki egin dira otsailean eta, egia esanda, nahiko arrakastatsuak izan dira hirurak. Lehenengoan (otsailaren 1ean) eskualdeko 50 emakume inguru batu ginen, eta beste hainbeste bigarrengoan (otsailaren 15ean). Batez ere, jendea testuinguruan kokatzea izan da asanbladen helburua. Zehazki, M8ko Greba Feminista zertan datzan eta eskualde bezala zer ekintza egin zitezkeen mahai inguruan jarri. Euskal Herri mailako planteamendua izan da indarra duten herrietan eta hirietan zerbait egitea 12:00etan.

Zein erantzun jaso duzue asanbladetan?
Asanblada deitu genuenean pentsatu genuen Basauriko herritarrak baino ez zirela etorriko, baina eskualdeko ordezkapena ere egon zen: Etxebarri, Ugao, Galdakao, Aperribai, Usansolo edota Orduñatik, Orozkotik eta Laudiotik ere etorri ziren. Arrakasta handia izan dute asanbladek. Betidanik harremana izan dugun talde eta elkarteak deitu genituen asanbladetara etor zitezen, baita Marieneatik egunero pasatzen diren norbanakoak ere. Aipatzekoa da Marieneatik erabiltzaile asko pasatzen dela, ez bakarrik Basaurikoak baizik eta baita ingurukoak ere. Eskualdean indar handia dago eta ekitaldi potenteak bultzatuko ditugu emakumeok Hego Uriben, Euskal Herrian zein Estatuan.

Alegia, indarrak batzea funtsezkoa dela.
Garrantzitsua da emakumeon artean indarrak batzea. Mobilizazio nagusienak Euskal Herriko hiriburuetan izango dira eta denak izango gara hara begira, baina inportantea ere bada zure auzo, herri, eskualdean mugitzea.

Eskualdeko beste herrietan ere manifestazioak deitu dituzte?
Eskualdeko beste herri batzuek, Basaurin bezala, asanblada irekiak antolatu dituzte -esaterako, Galdakaon-, eta bertako elkarteek edo norbanakoek erabaki dute herri bakoitzean beste ekitaldi batzuk antolatu edo Basaurira etorri goizeko manifestaziora. Galdakaon, adibidez, manifestazioa ere egingo dute 12:00etatik aurrera udaletxeko plazatik abiatuta.

Aurreko urteetan Bilbora manifestaziora joan ordez, eskualdeko herri bakoitzean egin izan dituzte ekitaldi sinbolikoak. Era berean, Ugaokoek esan ziguten kotxe karabana egingo zutela martxoaren 8a baino lehen, mobilizazioen aurrekari moduan eta zarata egiteko, eta hala egin dute.

Pare bat egunetan mahai informatiboak jarri ditugu Basaurin eta badakigu eskualdean ere ipini dituztela, adibidez, Galdakaon. Greba Feminista zertan datzan azaltzeko jarri ditugu mahai informatiboak. Batez ere, azaltzeko zergatik emakumeak bakarrik deituta gauden greba egitera.

Iaz martxoaren 8an Basaurin antolatu zuten kontzentrazioa // Geuria

Grebak lau zutabe ditu: lan, zaintza, kontsumo eta ikasle greba. Zein da esparru bakoitzaren aldarrikapena?
Ikasleek euren aldetik asanblada propioak dituzte eskoletan zein unibertsitateetan, eta orokorrean emakumea, gaztea eta eurek daukaten etorkizun ilun horren harira mobilizatuko dira. Kontsumorako grebari dagokionez, kontsumo masifikatua izango da ardatza: zer motatako kontsumoa egiten dugun, zer kontsumitzen dugun, kontsumitzen dugunaren produkzioren atzetik zein zapalkuntza eta esplotazio lan dauden, batez ere emakumeen lana dena. Emakume langileen grebak argi dago zer aldarrikatzen duen: adibide batzuk ematearren, oraindik ere gizonezko baten lanpostu berean egonda %35 gutxiago kobratzen dugu emakumeok zenbait kasutan, edo lan egiterako orduan produkzioarekin edo zaintzarekin zerikusia duten lanak egokitzen zaizkigu.

Emakume errefuxiatuekin eta emakume etorkinekin egiten ari den basakeria ere salatu nahi dugu. Mila arrazoi daude greba feminista hau egiteko, eta asko oso larriak dira.

Mobilizatu ezin diren emakumeak ere atxiki daitezke grebara.
Hala da. Paroa egin ezin duten emakumeak (esaterako, zaintza-lanak egiten dituzten emakumeak edo lan prekarioetan daudenak) ere atxiki daitezke manifestazio deialdira, egun osoan zehar besoko more bat jantziz. Greba egingo dugunok ere hura jantziko dugu euren alde solidaritatea adieraziz. Era berean, balkoietan edo leihoetan amantalak eskegitzeko deia egiten dugu, etxeko lana ere lana dela adierazteko. Izan ere, oraindik ere batzuek ez dute hori lan bezala kontsideratzen. Txapak ere egingo ditugu.

Gizonek zer egin dezakete mobilizazioarekin bat egiteko?
Euskal Herriko Mugimendu Feministak dokumentu txiki bat argitaratu du greba feministan gizonek zer egin dezaketen zehaztuz. Batik bat greba emakumeena izango da. Dena dela, badaude moduak gizonek ekarpenak egiteko eta greba arrakastatsua izateko. Esate baterako, aita bazara, seme-alabak zaindu; laguna bazara, zure burua eskaini emakume baten seme-alabak zaintzeko; lanean erantzukizunak badituzu, ez jarri oztoporik greba egiteko eta ez jarri zigorrik grebalariei; ikaskidea bazara, erakutsi babesa deialdiari; edota irakaslea bazara, ez irakurri zerrenda.

Ildo horretan, Bilboko asanbladara ikasleak etorri ziren eta esan zuten pira kolektiboa egingo dutela martxoaren 8an, eta noski, mutilek ere parte hartu nahi dutela. Neskei protagonismorik kendu gabe, badakite greba norena den eta zein xede dituen.

“Mundua geldituko dugu mundua mugitzeko” dio lemak.
Hala da. Emakumeon aldetik sistema kapitalista guztia geldiarazi egingo dugu greba feministaren bitartez. Emakumeok jasaten dugun zapalkuntzarik handiena da kapitalismoa eta horri aurre egitea dagokigu, emakumeon indar guztiekin. Emakume askok sentitzen dute bere burua justifikatzeko beharra momentu zehatz batzuetan eta hori patriarkatuaren beste eragin bat da. Greba honekin azaleratu nahi duguna da emakumeak zapalduak garela esparru askotan, zokoratu egiten gaituztela hainbat lan prekariotan edota hil egiten gaituztela.

Zapalkuntza horren aurrean, zer egin?
Emakume bezala egoera prekarioak salatzen jarraituko dugu. Nik neuk leku pribilegiatu batetik hitz egiten dut: zuria naiz, lanpostu duina eta soldata duina ditut… Nik uste dut gizonek ere hasi behar dutela ikusten euren burua arazoaren parte bezala. Berdintasunerantz egiteko erantzukizuna ez da bakarrik emakumeona, gizonek ere esku hartu behar dute. Hala ere, emakumeon aldeko borrokan sarea gero eta handiagoa da.

Mugimendu feministak indar handia du eta momentu oso polit batean dago. Zilegitasuna daukagu, errealitatetik hitz egiten dugulako eta ez hipotesietatik.

Eta zilegitasun horretan Marienea dago.
Baina Marienea sortu aurreko egoera ere oso garrantzitsua izan zen, baita Basaurin ere. Gaur egun Marienea emakumeon elkargunea da, eskualdeko emakumeon bilgunea. Irekia eta guztiz irisgarria da. Azken finean, emakumeon etxea da, gure etxea. Gurea da, denona da, emakume guztiek sentitu beharko lukete berea, halaxe delako eta halaxe sentitzen dugulako bertan gaudenok.

Eta grebaren ostean, zer?
Lehendabiziko greba feminista hau hazi bat izango da. Ea zein erantzun duen eta zein inpaktu izan duen gizartean eta Hego Uribe eskualdean. Argi geneukan ez genuela Martxoak 8a Basaurira mugatu nahi eta horregatik zabaldu genuen deia eskualdean, jakinda eskualdeko herri batzuetan ere gauzak antolatzen dituztela egun horren harira. Esate baterako, Etxebarriko neska gazte batzuk Marieneara etorri ziren asanblada batera eta esan ziguten Basaurira etorriko zirela mobilizazioetara.

☉ Hego Uribe

ZOZKETA / ‘Ezinbestekoak’ diren bi saskien zozketa, Errigora eta GEURIAren eskutik

Zozketa Geuriaren Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta parte-hartzaileek hiru pauso erraz bete beharko dituzte, komunitatea sortzeko eta Agerreko euskara pizteko.

|

Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egiten da / Geuria

Martxoaren 10etik 26ra luzatuko da Errigora auzolan-ariketa erraldoi honetan Agerreko —alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko— produktuen eskaintza. Horien balioaren % 25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.

Euskara hauspotzen duten eragileentzako ekarpena indarrak batuz egiten da ‘Eskutik eskura’ kanpainari esker, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaltzeko.

Zozketa Instagram sare sozialaren bidez egingo da eta honakoak dira zozketan parte hartzeko pausoak:

😍 @geuria.eus jarraitu
❤️ Like eman
💬 Zein lagunekin egingo zenuke otordutxo eder bat? 😉 Etiketatu.
🔴 Gorria edo 💚 Berdea? Elkarbanatu zure story-etan nahiago duzun saskiaren argazkia eta @geuria.eus aipatu. Horrrela jakingo dugu zein saski duzun gustukoen.

Zozketan parte hartzeko epea zabalik dago urriaren 31ra arte (12:00). Datozen egunetan egingo dugu zozketa eta irabazleak postean bertan etiketatuko ditugu. 48 orduren buruan irabazleren bat ez bada GEURIArekin harremanetan jarri, txandapasa egingo dugu eta zerrendako hurrengoari paso emango diogu.

Irabazleetako bat bazara, nola jarri GEURIArekin harremanetan? Instagram bidez mezu bat bidalita, info@geuria.eus helbide elektronikora idatzita edo 944 406 692 telefono zenbakira deituta.

Errigorak produktuak salgai ditu errigora.eus atari digitalaren bidez. Eskaera egin eta banaketa hurrengo asteetan izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzte erosleek. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. Hego Uribe eskualdeko hainbat puntutan ere eros daitezke kutxak. (+) ikurra duten guneetan, internet bidez erosi eta bertan jaso daiteke erosketa.

ARRIGORRIAGA
Arrigorriagako AEK

BASAURI
+Bolintxu AEK

GALDAKAO
+Eguzkibegi Ikastola

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa | Berbalagun egitasmoa martxan da Basaurin eta Galdakaon, nobedade askorekin

|

Martxan da Basaurin eta Galdakaon Berbalagun egitasmoa. Aurtengoa hamabosgarren edizioa da Basaurin eta hogaita batgarrena Galdakaon.

Programaren helburua da euskaldun berriei ikasitakoa praktikara eramateko zubi lana egitea eta euskaraz bizi nahi duten euskaldun osoei euren ingurua euskalduntzen laguntzea.

Hasierako asmoa zen taberna batean euskaraz berba egiteko taldeak sortzea, baina urtetik urtera hedatu egin da ekimena eta interes talde desberdinak eratu dituzte bai Basaurin bai Galdakaon. Hala nola, mendi taldea, jostun taldea, euskal dantza taldea, txalaparta taldea, bizkaiera lantzeko taldea, Gurasolagun taldeak, musean aritzeko taldeak edota irakurketa taldea.

Eta, aurten, nobedade gehiago izango ditu egitasmoak: “Basaurin kakorratz taldea sortu da eta aurten gure erronka izango da gurasoberriak edo haur txikiak dituzten gurasoak elkartzea parke edo plaza batean euren artean harreman euskaldunak sortzeko; horri Parkelagun deitu diogu”, dio Ioritz Lopez de Alda Basauriko Berbalagun dinamizatzaileak.

Hego Uribeko Berbalagun egitasmoko arduradunak eta Basauriko eta Galdakaoko udal ordezkariak // Geuria

Txakurlagun taldeak ere eratu nahi dituzte Basaurin, baita Galdakaon ere. “Ikasturte honetako erronka da Txakurlagun taldeak sortzea; izan ere, eskualde honetan hainbat txakur daude eta jabeak askotan entzuten ditugu eurei euskaraz egiten”, esan du Asier Martin Galdakaoko Berbalagun arduradunak.

Eskualdeko ondarea ezagutzen

Eskualdeari begira ere talde berri bat martxan jarriko du Berbalagun egitasmoak: Euskal Herriko ondare kulturala ezagutzeko taldea, hain zuzen.

“Basauriko eta Galdakaoko kultur ondarea ezagutzea da asmoa. Hilean behin batuko gara, eta hasteko, azaroaren 8an Galdakaon izango dugu hitzordua. Elexalde auzoan elkartuko gara, Guzur Aretxaren ondoan, eta ibilalditxoa egingo dugu”, dio Martinek.

Abenduan Basauriko ondare kulturala ezagutuko dute: “Oraindik data zehazteke dago —abenduaren 13an edo 14an izan daiteke—, baita zein ibilbide egingo dugun ere”, adierazi du Lopez de Aldak.

“Eskualdeko ondare kulturala ezagutu nahi dugu, baina baita Bizkaikoa eta Euskal Herrikoa ere. Hirugarren hitzordurako Bermeora irteera antolatu nahi dugu. Aurrerago emango dugu informazio gehiago”, diote.

Izena ematea: doan!

Berbalagun taldeak martxan dauden arren, izena emateko epea ikasturte osoan zehar zabalik dagoela gogorarazi dute Berbalaguneko dinamizatzaileek.

Izena ematea doakoa dela azpimarratu dute, eta eskatzen den gauza bakarra euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko kapaz izatea dela.

Taldeetan eta ekintzetan izena emateko 607 146 855 telefonora deitu edo galdakao_berba@aek.eus (Galdakao) edo hegouribe@aek.eus (Basauri) helbide elektronikoetara idatz dezakete interesdunek.

Basauriko eta Galdakaoko Udalek, Udal euskaltegiek, AEK-k eta, Basauriko Hizkuntz Eskolak babesten dute Hego Uribeko Berbalagun programa.

Agenda | Hego Uribeko Berbalagun

2025 Urria-Abendua

Urriak 26, igandea | Basauri-Galdakao
Mendi irteera: Belatxikieta
09:00 Basauriko udaletxe pareko autobus geltokia

Urriak 30, osteguna | Basauri
Mintzodromoa
10:00 Solobarria plaza

Azaroak 4, asteartea | Galdakao
Berbalagun aurkezpen jaia
18:30 Ganguren taberna

Azaroak 8, larunbata | Galdakao
Ondare taldearen lehen txangoa: Elexalde
10:00 Elexaldeko Guzur Aretxa plaza

Azaroak 13, osteguna | Basauri
Berbalagun aurkezpen jaia
18:30 Bonboi taberna

Abenduak 4, osteguna | Galdakao
Mintzodromoa
10:30 Kurtzeko frontoia

Abenduak 12, ostirala | Basauri-Galdakao
Baskot Gaua
19:00 Bananas tabernatik

Abenduak 13 edo 14 | Basauri
Ondare taldearen bigarren txangoa: Elexalde

Abenduak 19, ostirala | Galdakao
Gurasolagun taldearen lehen hitzordua
17:15 Galdakaoko AEK Euskaltegian

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Palestinaren alde elkarretaratzeak deitu dituzte gaur Hego Uriben, lanuzte orokorrarekin bat eginez

Mobilizazio guztiak 19:30ean egingo dituzte. Arrigorriagan, Ugaon, Galdakaon, Etxebarrin eta Usansolon udaletxeen aurrean burrunbak antolatu dituzte

|

Gaur, urriak 15, Palestinaren aldeko elkarretaratzeak deitu dituzte Gernika-Palestina herri ekimenetik Hego Uribe eskualdeko hainbat udalerritan, lanuzte orokorrarekin bat eginez.

“Israeli zilegitasuna kentzea eta mendebaldeko estatuen interesen kontra egitea da gure ekarpenik onena palestinarrek indar-harreman hobea izan dezaten erabakiak hartu ahal izateko”, azaldu dute Palestinarekin Elkartasunatik. “Horregatik atera ginen hamarnaka milaka pertsona Iruñean joan den urriaren 4ean palestinar erresistentzia babestu eta sionismoa suntsitu behar dela aldarrikatzeko eta horregatik aterako gara urriaren 15ean palestinarren aldarri historikoekin”.

Gaurko mobilizazioen helburua, Palestinarekin Elkartasunatik azaldu lez, Eusko Jaurlaritzari, Nafar Gobernuari, Espainiako zein Frantziako Gobernuei eta CAF bezalako enpresa konplizeei presio egitea da, “Israelekin harreman oro eteteko”.

Mobilizazio guztiak 19:30ean egingo dituzte. Arrigorriagan, Basaurin, Ugaon, Galdakaon, Etxebarrin eta Usansolon burrunbak antolatu dituzte.

Elkarretaratzeak: Hego Uribe eskualdea

Basauri
Bentako plazan

Galdakao
Udaletxeko plazan

Arrigorriaga
Udaletxeko plazan

Ugao
Herriaren plazan

Etxebarri
Etxebarriko plazan

Usansolo
Izar Gorri plazan

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

GEURIAk bat egingo du Palestinaren aldeko lanuzteekin

|

Lanuzteek iraun bitartean horiei buruzko informazioa emango dugu soilik webgunean // Geuria

GEURIAk bat egingo du Hego Euskal Herriko sindikatuek Palestinaren alde deitutako lanuztearekin, eta horiek iraun bitartean horiei buruzko informazioa emango du soilik webgunean.

Era berean, arratsaldean Gernika-Palestina herri ekimenak deitutako mobilizazioen jarraipena egingo dugu bai webgunean bai sare sozialetan.

Lanuztearen erreferentziazko ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da, eta 15:00ak arte luzatuko da ordu horretan amaitzen diren jardunaldietan. Arratsaldean 19:00etatik 22:00etara bitartean deitu dituzte lanuzteak.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreek bat egin dute Donostian Gazako genozidioa salatzeko egingo den manifestazioarekin

Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordeek manifestazioa deitu dute irailaren 24an, asteazkenez, Donostian

|

Itziar Atienza aktore galdakoztarrak atzo irakurri zuen adierazpena // Argazkia: EiTB

Zinemaren eta kulturaren munduak bat egin du Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordeek Gazako genozidioa salatzeko Donostian irailaren 24an egingo duten manifestazioarekin.

Eta deialdi horrekin bat egin dute Itziar Atienza galdakoztarrak eta Itziar Ituño basauriarrak.

Hain zuzen ere, Atienzak irakurri zuen atzo adierazpena Donostiako Victoria Eugenia Antzokiaren aurrean, Antonio De la Torre aktorearekin batera.

“Hitz egiten ari garen bitartean, haur errugabeak hiltzen ari dira Gazan”, adierazi dute.

‘The Voice of Hind Rajab’ filma

Manifestazioa irailaren 24an, asteazkenez, izango da Donostian 18:30etik aurrera.

Aurretik, ‘The Voice of Hind Rajab’ filma proiektatuko dute Zinemaldian.

Kaouther Ben Haniaren filmak Israelgo Armadaren eraso batean bere familia osoa, ama izan ezik, galtzen duen sei urteko neskato baten istorioa kontatzen du.

“Bere laguntza-oihuek ezin dute salbatu, eta erreskatatu nahi duten anbulantzia-taldeko kideak ere hiltzen dituzte”, aurreratu dute Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordetik, eta gaineratu dute: “Ez da istorio isolatua, palestinarren egunerokoa da: suntsitutako familiak, suntsitutako ospitaleak eta 70.000 pertsona baino gehiago erailak”.

Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordearen barruan honako kolektiboak daude: Artistas con Palestina, Campaña Final Comercio de Armas con Israel, Donostia Palestina, EAB Euskal Aktoreen Batasuna, EPE-thaia, Gernika Palestina Herri Ekimena, Gure Haurrak Ere Badira; Kulturatik, creadorks culturales con Palestina; Rescop eta Trabajadors del Cine x Palestina.

Osorik irakurri