☉ Zeberio
Gorbeiara irteera antolatu dute Zeberiotik, Independentzia Eguna ospatzeko
Independetzia Eguna ospatzeko Independentistak Sareak Deiadar mendietara ibilaldiak antolatu ditu martxoaren 17an, larunbatez.

Independetzia Eguna ospatzeko Independentistak Sareak Deiadar mendietara (Sollube, Oiz, Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza) ibilaldiak antolatu ditu martxoaren 17an, larunbatez. Ildo berean, Zeberiotik Gorbeia mendira irteera antolatu dute. Herriko plazatik 09:15ean izango da irteera, 10:00etan Pagomakurren izango da hitzordua eta 12:00etan Gorbeiako tontorrean ekitalditxoa izango da.
Independentzia Eguna Larrabetzun
Martxoaren 18an, igandez, Independentzia Eguna ospatuko dute Larrabetzun, Independentistak Sareak eta Larrabetzuko herritar independentisten batzordeak bultzatuta. 11:00etatik aurrera egun osoko egitaraua prestatu dute: txistulariak eta trikitilariak (11:00), Euskal Estatua irudikatzeko mahai ezberdinak (12:00-14:30), ekitaldi instituzioanala (13:30), bazkari herrikoia (15:00), kultur emanaldia (17:30), ekitaldi nagusia (18:00), eta Inuntzo eta Belokirekin erromeria (18:30) izango dira.
☉ Zeberio
Zeberioko Ermitabarriko Taberna Zaharrean “konponketa sakonak” egingo dituzte
Gorbeialde Elkarteak 100.000 euro bideratuko ditu eraikineko teilatua konpondu eta hainbat elementu eraberritzeko. Europako ‘Next Generation’ funtsak erabailiko dituzte lanetarako

Ermitabarriko Taberna Zaharrean “lan sakonak” hasiko dituzte datozen hilabeteetan. Obrak Gorbeialde elkarteak burutuko ditu Europako ‘Next Generation’ funtsen bidez eta 100.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute.
Gorbeialde elkarteak lizitazioa aurkeztu zuen joan den irailean, eta enpresek urriaren 16ra arte aurkeztu ditzakete proposamenak. Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu moduan, lan hauetan egin behar den jarduketa nagusia teilatu osoaren konponketa bera da, baina ez hori bakarrik: “Isolamendu lanak egin behar dira bertan, gaur egungo leiho guztiak kendu eta berriak ipini behar dira. Den-dena berriztu behar da, hitz gutxitan esanda”. Argiteria ere eraberritu beharreko beste kontu bat da.
Proiektu honen helburua turismo-erabilerako higiezinen birgaitze jasangarrian energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak edo obrak finantzatzea da, klima-aldaketari aurre egiteko neurri gisa. Jarduera honen helburua da turismo-sektorearen ingurumen-inpaktua murriztea, energia-eraginkortasuna hobetuz eta turismo-eraikinetan praktika jasangarriagoak burutuz.
Eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren memoriaren arabera, eraikinak hainbat akats ditu eraginkortasun energetikoaren esparruan, konpondu beharreko hurrengo akatsekin: Ur-iragazketak, ur-elementuen haustura eta degradazioa, estaldura eta zikinkeria dago estalkian; ez dago iragazketarik kanpoko zurgintzan; eta energia-gabeziak topatu dituzte argiztapen-instalazioan.
“Lan potoloak badira ere, ahalik eta denbora gutxien itxiko dute taberna, bereziki leihoak aldatuko dituzten tartean”, azaldu du Gotik. “Gainontzeko lanak egiten dituztenean zabalik egongo da taberna”. Lanak abenduan hasiko dituzte, ondo bidean.
☉ Zeberio
2026ko aurrekontu parte-hartzaileen lehen informazio-bilera antolatu dute Zeberion
Hitzordua urriaren 9an ipini du Zeberioko Udalak, 18:30ean, Plazako Hogarrean

Zeberioko Udalak 2026ko aurrekontu parte-hartzaileen lehen informazio-bilera antolatu du datorren urriaren 9an, osteguna, plazako Hogarrean, 18:30ean.
Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte Udaletik.
☉ Zeberio
Argazkiak | Suhiltzaileak liztor asiarren habi bat kentzen ibili dira Zeberioko Entelladorena auzoan
Habia oso leku estu batean kokatuta egon da eta intsektizidak erabili behar izan dituzte suhiltzaileek

Atzo goizean Zeberioko Entelladorena auzoko bizilagunen abisu bat jaso dute Bizkaiko suhiltzaileek. Etxe bateko teilatupean liztor asiarren habi bat topatu dute eta hori kentzeko eskaera egin diete.
Minutu gutxitan hurbildu da Basauriko suhiltzaile parkeko eskala kamioi bat, suhiltzaile birekin. Kamioitik jaitsi eta jantzi beharreko arropak ipini ostean, ibilgailuaren eskala prestatu eta teilatu-hegalera hurbildu dira: “Habia leku oso estu batean kokatuta dago”, azaldu diote GEURIAri. “Bertara heltzeko pertigak erabili ohi dituzte basozainek”.
Irailetik abendura liztor asiarrak ikustea zaila izan ohi da, hilabete horietan bere bizitza zikloko letargia fasea izan ohi delako. Urtarrila aldera, habiak egiten hasten dira ziklo berri bati hasiera emanez.
Gaur, ostera, intsektizida boteak erabili dituzte, liztorrak hil eta aurrerago, habia kendu ahal izateko. Irudi batzuk jaso ditugu bertan.
☉ Zeberio
Literatura solasaldiak antolatu dituzte bigarren urtez Zeberioko udal liburutegian
Bigarren edizioko lehen saioa irailaren 28an antolatu dute, 18:30ean

Zeberioko udal Liburutegiak literatura solasaldiak hartuko ditu irailaren 28tik hasita, 18:30ean. Saioak hiru astean behin antolatu dituzte.
Lehen edizioa joan den otsailaren 23an izan zen. “Saio hauetan, partaide guztion artean testu edo liburu bat adostu eta horixe etxean irakurri behar du bakoitzak”, azaldu zion GEURIAri Mikel Revuelta ekimenaren antolatzaile zeberioztarrak.
Otsailaren 23ko saioan bost pertsona elkartu ziren Hogarrean eta asmoa talde hori “egonkortzea” zela azaldu zuen Revueltak “eta, posible den heinean handitzea”. Lehenengo edizio hartako hasierako hitzorduetan testu edo liburu txikiak irakurri zituzten eta saioek aurrera egin ahala liburu mamitsuagoak landu zituzten Hogarrean”.
☉ Zeberio
Kirol jardueretan izena emateko epea zabaldu dute Zeberion
Klaseak astearte eta ostegunetan antolatu dituzte eskolako gimnasioan, urriaren 2tik aurrera

Irailaren 29a izango da Zeberioko heziketa fisikoan, muskulazioan eta mantentze-lanetan izena emateko azken eguna.
Klaseak astearte eta ostegunetan antolatu dituzte eskolako gimnasioan, urriaren 2tik aurrera eta izena emateko 946 481 079 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek.
Zeberioko Udaletik iragarri dute edukiera mugatua izango dela eta taldea betetzekotan, zozketa egingo dutela irailaren 29an bertan.
Ordutegiak | Zeberioko kirol jarduerak
17:00 – 17:55 Mantentze-gimnasia
18:00 – 18:55 Heziketa fisikoa
19:00 – 19:55 Muskulazioa
20:00 – 20:55 Mantentze-gimnasia