Gutunak
Gidariak izorratu ala gidariak errespetatu?
“Basauriko oinezkoak errepidera botatzen dira autoak datozen begiratu gabe”. Honelakoak entzun behar dizkiot askotan Leioako lagun bati. “Basauriarrok konfiantza osoa dugu gure auto-gidariengan”, irribarrez eta ironia puntu batekin erantzun behar diot. Zer esango diot ba, basauriar harroa naiz ni.
Konfiantza izan ala ez, errepidean ibiltzea, egia esan, ez da lan zaila. Gidariok badakizkigu herrietan gidatzeko arauak, eta errespetu handiz ibiliko bagina, ez litzateke arazorik egongo. Arazoa dator
errespetua galtzen eta errepidea bakoitzarena egiten dugunean. Orduan datoz komeriak: istripuak, isunak eta haserreak. Basauri atseginagoa eta guztiona egiteko erronkan, Udalak ekimen berria jarri du martxan, eta azaroaren 24tik aurrera hiri-inguruneetako gehienezko abiadura 30 kilometro ordukoa da. Lagunarteko solasaldietan eta sare sozialetan kristoren polemika sortu da, agintariek basauriarrak izorratu nahi dituztelakoan. Egia esan, Udalak gu izorratzea besterik ez duela egiten pentsatzea da basauriar askoren kirol gogokoena. Bada, nik herritarren parte-hartzearen alde egin nahi dutela da antzematen dudana, eta, ez al da nahi duguna? Herri parte-hartzaile batean bizitzea?
Atzera pausoa baino aurrera pauso bi direla esango nuke, izan ere, istripuak gutxitzea lortuko dugu, beraz, herri seguruago batean biziko gara. Gainera, zarata nabarmen gutxituko dela aurreikusi dute, guztiz beharrezkoa, behintzat, kale zaratatsuetan bizi garenontzat. Hau guztia gutxi balitz, osasunaren alde egiten du ekimen berri honek; bada, gas-isurketak gutxituko dira, aire kalitatea hobetuz eta kutsadura murriztuz. Diru-bilketa areagotzeko ekimena dela uste dutenek, beren burua bakarrik errespetatzen dutelako izango da. Hiru hilabete izango ditugu basauriarrok ekimenera egokitzeko eta, gainera, Udaltzaingoa izango dugu guri laguntzeko prest, informazioa eskaintzen eta isunik jarri gabe. Izorratzea al da hori?
Orain, gure buruari galdetzea besterik ez zaigu falta. Zein motatako herrian bizi nahi dugu? Oinezkoa naizen moduan, errepidea konfiantzaz gurutzatu nahi dut; gidaria naizen moduan, trafiko lasaia eta mugikortasun hobea lortzen saiatuko naiz; eta basauriarra naizen moduan, herri atsegin eta hobe batean bizi nahi dut.
miranda lambert weight lossAcademy Awards Red Carpet Hair Tips From Pravana Celebrity Stylist Sacha Quarles
Gutunak
Gutuna / Memoria eta amorru bolleroa

Apirilak 26 dituen honetan kalera aterako gara, ahotsa altxatuko dugu, eta elkarri begiratuko diogu harrotasunez, konplizitatez eta baita atzera begira ere.
Marieneako Talde Bolleroa gara: hiru urte daramatzagu Basaurin proiektu hau eraikitzen, borrokan eta aldarrikapenean elkarrekin, emakume bollera eta feministen talde gisa.
Lesbianen Ikusgarritasunaren Egunean oroimen ariketa bat egin nahi dugu.
Gure aurretik izan diren bollera guztiei zor diegu: inoren eta ezeren itzala izan nahi izan ez zuten horiei, lesbiana zarela esatea are zailagoa, arriskutsuagoa, edo zuzenean ezinezkoa zen garaian bidea ireki zuten horiei.
Eskerrik asko guztiagatik: marjinatik kanpo desiratzen irakasteagatik, zuen gorputzak zapalkuntzaren eta gorrotoaren aurrean jartzeagatik eta isiltasun hutsa baino ez zegoen tokietan erreferenteak izateagatik.
Era berean, uste dugu gaurkoa salaketarako eguna ere badela. Ezin dugu beste alde batera begiratu gure kolektiboak bizi duena ikusita. Eraso LGTBIQ+fobikoak ugaritzen ari dira. Gure aurkako gorrotoaren diskurtsoa eskuin muturraren eta haren jarraitzaileen ahotan dabil.
Gure disidentziak ez dituzte jasaten. Horregatik, erasotzen gaituzte, erasotzen gaituzte, iraindu, baita hil ere. Baina ez dugu atzera egingo. Ez gara isilduko. Ez gara ezkutatuko. Hemen gaude, eta hemen jarraituko dugu.
Bollera izatea erresistentzia da. Bikoitza da zapalkuntza: emakume izateagatik eta heteronormatiboak ez izateagatik. Esaneko nahi gaituzte. Isil, geldi, ikusezin.
Baina gu zaratatsuak gara, lotsagabeak eta ikusgarriak. Orain inoiz baino gehiago.
Eta hemendik oihukatuko dugu, gure amorru eta sororitate guztiarekin:emakume transak emakumeak dira.Salatuko dugu eta ahotsa altxatuko dugu: Auzitegi Gorenaren aurrean, epaile matxista ororen aurrean, Osasun Zerbitzuetako Genero Unitate baztertzaileen aurrean eta, batez ere, aurrez aurre jartzen zaizkigun fatxa guztien aurrean.
Gu feminismo erradikal bat eraikitzen ari gara: zaintzetatik, elkartasunetik, kolektibotasunetik.Gure feminismoa erradikala da, intersekzionala, eta erabat transinklusiboa.
Gaur, beti bezala, honela diogu: beste emakume bat desiratzea ez da ekintza intimo bat.Ekintza politiko bat da.
Eta hemen gaude: ikusgarri, bollera eta borrokan jarraitzeko gogo biziz.
Gora borroka bolleroa!
Gora erresistentzia transa!
Gora borroka transfeminista!
(Jarraitu gaitzazue gure instagrameko kontuan: @marieneakobollerentaldea)
☉ Galdakao
Gutuna / Superrik gabeko hamabostaldia martxoan

Elikadura betidanik arduratu gaituen auzia izan da: gizakia gizaki denetik elikagaiak lortzea bizirauteko ezinbesteko baldintza izan da. Lehenengo ehizaren eta bilketaren bitartez, ondoren nekazaritza eta abeltzaintzaren bitartez. Zibilizazio handienetatik, herrixka txikienera arte behar adina elikagai lortzea jarduera ekonomiko, kultural eta politiko ororen oinarrian egon da. Zenbat buruhauste, zenbat komeri, egunero tripa beteta oheratu ahal izateko!
Baina gure burua elikatzea ez da biziraupen kontu soila, ez da animalia bezala burutzen dugun jarduera biologiko hutsa. Aski ezaguna den esaldiak dioen bezala “jaten duguna gara”. Eta “izate” hori, guk behintzat, gosete eta biziraupenaren amildegietatik harago kokatzen dugu. Guk ez dugulako biziraun nahi, guk duintasunez bizi nahi dugu, bizitzea merezi duen bizitza bat nahi dugu. Elikagaiak soberan ekoizten diren mundu batean gosea ezin da izan historiaren motore. Hainbeste borroka, altxamendu eta matxinadetan errepikatu den “Ogia eta lana!” aldarria gurea egiten dugu, baina jaun-andreok, mundu hontako jaun eta jabe zaretenok, ogi koskor batekin ez gara konformatuko.
Horrela, elikaduraren auziaren bitartez bizitza duin baten alde borrokatzeko gakoak diren esparruak zeharkatzen ditugu. Eta zeharkatze horretan, egungo sistemak bizi duen krisi zibilizatorioaren sintomak agerian geratzen dira. Gure gorputzen osasunetik hasita, eta inguratzen gaituzten ekosistemen osasunera arte, egungo elikagaien ekoizpen eredu industrialak kutsatu eta gaixotu egiten gaitu. Baita baliabide naturalak agortu eta xahutu ere. Dena saldu eta erosi egiten den sistema kapitalista honetan, elikagaiak merkantzia soila dira, eta hortaz, urrun gaude kalitatezko elikadura oinarrizko eskubidea izatetik. Elikagaien ekoizpen eta banaketaren kate osoan zehar jabetza gero eta gehiago korporazio handietan kontzentratzen da, herrien burujabetza murriztuz eta nekazarien lan baldintzak prekarizatuz. Eta sintoma hauek guztiak Europan agerikoak badira, zer esanik ez eredu agroindustrialak Hegoalde Globalean eragiten duenaz… sintoma guzti horiek biderkatzen ditu, are gaixoago eta miserableago utziz bertako lur eta gorputzak.
Eredu agroindustrial eta kapitalista horrek baditu katebegi eta zutabe ugari eta horietan begi-bistakoena supermerkatuak dira. Horietan ageri-agerikoak dira aipatu sistemaren sintomak: jabetzaren kontzentrazioa eta monopolioa; prezioekin espekulazioa; lan baldintza kaxkarrak eta esplotazioa; eredu agroindustrial eta petrokimikoaren bultzatzea; herri eta auzoetako denda txikien desagerpena… Bai, badakigu, inozoak ere ez gara: badakigu oraindik supermerkatuekiko dependentzia saihestezina zaigula, eta bizitzan beharrezkoak ditugun hamaika produktu supermerkatuetan erostera behartuta gaudela. Baina horrek ez gaitu etsitzen, elkarlaguntzaren eta kolektibizazioaren bitartez posible delako alternatiba bat eraikitzen hastea. Txikia eta xumea izango da hasiera batean, baina denon indarrekin haziz joango da. Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak urteak daramatza bide xume hori eraikitzen eta apustu horren fruituak agerikoak dira. Horregatik konbentzimendu osoz aldarrikatzen dugu elkarlaguntzaren bideak duen emankortasuna.
Eta horregatik guztiagatik, orain arte barne mailan burutu dugun dinamika aurten herri mailara zabaldu nahi dugu: Supermerkaturik gabeko hamabostaldia. Martxoaren 17tik 30era bitartean ekimen eta dinamika ugari antolatuko ditugu: hitzaldiak, dokumentalak, musika, gure herri biltegiaren zabaltzea.. Egun batzuetan baino ez bada, demostratuko dugu posible dela supermerkaturik gabe bizitzea. Eta ez bakarrik bizitzea, hobeto bizitzea ere! Ekoizleei zuzenean erosiz eta bitartekariak murriztuz, gertuko produktuak lortuz, kalitatezkoak eta prezio herrikoietan, izaera eraldatzailea duten ekoizpen proiektuekin lan eginez, ekoizpen agroekologikoa dutenak… Elkarlaguntza, kolektibizazioa eta zaintzaren printzipioei jarraiki posible delako alternatiba bat eraikitzea, elkarren artean saretuz eta komunitatea eraikiz.
Animatu eta parte hartu!
Gutunak
Gutuna / 10 urte espetxe politikak Xabier Lopez Peña erail zuenetik

2013ko martxoaren 30a memorian hiltzaturik dugun data da. Izan ere, frantziar estatuko atzaparretan preso zelarik joan zitzaigun Xabier Lopez Peña.
Giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika anker baten ondorioz hil zen Xabier, eta 10 urte ondoren, Kepa Del Hoyo herrikidearekin gertatu bezala (2017) inork ez du heriotz hauen ardura politikorik hartu bere gain.
Ezin ahaztu sakabanaketak, bakartzeak, zigorren luzatzeak, bizi baldintza negargarriek, osasun asistentzia desegokiak eta abar luze batek ezaugarritzen duela hamarkadetan zehar mendeku gosez aplikatutako espetxe politika.
Euskal preso politikoei aplikatzen zaien espetxe-politikak, salbuespenezko izaera eta mendekuzko orientazioa izateagatik, zigorgabetasun-esparru onartezina osatzen du. Zigor luzeek eta espetxealdiaren baldintza oso gogorrek nabarmen areagotzen dute haien gaixotasunak larriagotzeko aukera, jarraipen mediko eta tratamendu egokirik ez dagoelako.
Xabier hil ondorengo egunak amorruz eta minez gogoratzen ditugu. Senitartekoek jasotako tratua ankerra izan zen, ospitaleratzea egun askotara arte ez ezagutuz, Xabierri bisita egitea eta bere bizitzako azken egunetan txosten medikoak eskuratzea ukatuz eta bisita egitera joan zitzaizkionean haren heriotzaren berri emanez.
Hala ere, indar eta duintasun handiz oroitzen dugun garaia da, Euskal Herri osoan zehar hedatutako elkartasun uholdeagatik: tartean Basauri, Galdakao eta Ziburuko manifestazioak, Urduñan Gazte Danbada ospatzen ari zela antolaturiko deialdia, gorpuaren harrera aireportuan, eta nola ez, Aperribaiko frontoiko ekitaldi erraldoi hura. 10 urteren ondoren bidean darraigu.
Herri honetan gertatutakoa ahaztu ez dadin eta berriro gerta ez dadin.
Garaipenera arte, Xabier.
☉ Basauri
Basauriko Urbi Institutuko ikasleek elkartrukea egingo dute maiatzean Portugaleko ikasleekin

Basauriko Urbi Institutuak bide luzea egin du Europako proiektuen garapenean. Badira zazpi urte Italian, Grezian, Belgikan eta Lituanian Urbiko ikasleak eta irakasleak bertako ikastetxeetara joaten hasi zirela, lankidetza, kalitatea, inklusioa eta ekitatea, bikaintasuna, sormena eta berrikuntza sustatzeko. Mugikortasun horiek Erasmus+ programari eta eTwinning plataformari esker egin ahal izan dira. 2021-22 ikasturte honetan lanean jarraitu dugu, eta lortutako emaitzak askotarikoak eta oso emankorrak izan dira, Urbi Institutuak duen Erasmus 2020-27 Egiaztapenari esker.
+Participatory Democracy, +Active Citizenship Erasmus+ proiektuaren barruan, atzerriko bi ikastetxerekin bi mugikortasun plan garatu ditugu; Portugaleko Vila Nova de Famalicão Camilo Castelo Branco institutuarekin eta Lituaniako Šiauliai hiriko Juliaus Janonio Gimnazija ikastetxearekin, alegia. Irailean Estrasburgora joan ginen, eta urrian Lituaniara.
Irakasleen mugikortasunari dagokionez, Danimarkako Frederikshavn Handelskole institutua bisitatu zuten lau irakaslek otsailean. Apirilean bi irakasle Txekiar Errepublikako Pilsen hiriko Luďka Pika Gymnázium-era joan ziren. Bi bisiten helburua “behaketa bidezko ikaskuntza” edo “job shadowing” delakoa izan da, hau da, beste irakasle batzuek ematen dituzten eskolak zuzenean behatzea. Aurrez aurre bertako hezkuntza nolakoa den, zer teknika erabiltzen diren edo ikasleek nola ikasten duten ikustea da helburua. Era berean, ikasleek lantzen dituzten gaiak eta egiten dituzten jarduerak aztertzea ere. Horrekin guztiarekin, gure mugetatik haratago ikustea, balio berriak ikastea eta gure eskoletan zer aldatu edo zer hobetu ondorioztatzea lortzen da.
Urbi Institutuan apirilaren 26tik 29ra egingo den beste jarduera berritzaile bat Hizkuntza Klasikoen Irakaskuntzako Metodologia Aktiboko Lehen Ikastaroa izango da. Rogelio Toledo Berlinen bizi den irakasle mexikar adituak emango du ikastaroa, Urbiko ikasle eta irakasleei zein Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleei zuzenduta. Bestalde, maiatzaren 9tik 13ra, Urbiko ikasleek bosgarren eta azken elkartrukea egingo dute Portugalgo Camilo Castelo Branco Vila Nova de Famalicão Institutuan.
Urbiko Nazioartekotze Batzordeak kudeatzen dituen eta Europar Batasuneko Erasmus Programak onartu eta finantzatzen dituen jarduera horiek guztiak eTwinning proiektuek indartzen dituzte. eTwinning +Participatory Democracy +Active Citizenship proiektua, Lituaniako eta Portugalgo bazkideekin batera, eta indoMIT@S proiektua, txekiarrekin eta asturiarrekin batera.
IndoMIT@S proiektuan, ikasleek greziar zein erromatar mitologia klasikoan, asturiarrean, euskal mitologian eta txekiarrean agertzen diren emakumezko pertsonaiak aztertu dituzte, eta haien ezaugarri komunak eta bereizgarriak nabarmendu dituzte. Ondoren, nazioarteko lankidetza-taldeetan hamar antimit@ sortu dituzte, kanon estetiko tradizionalak hausten dituztenak. Pilseneko ikasle txekiarrek Urbi Institutuko bi irakasleren bisita jaso dute, eta horiek proiektua bertatik bertara ezarri eta bultzatu dute. Zalantzarik gabe, Europako proiektu horiek guztiak dira Urbi Institutuak inguruko beste ikastetxeekin alderatuta dituen ezaugarri bereizgarrietako bat.
Gutunak
Iritzia / Hego Uribeko gazteok zartada! Bat egitetik, hamaika izatera
Zartada Gazte Ekimena antolatu dute martxoaren 18tik 20ra bitartean. Euskal Herriko Gazte Mugimenduetako kideak elkartuko dira, tartean Hego Uribekoak.

Sistema heteropatriarkala inoiz baino bortitzagoa da; krisi batetik bestera hezi eta hasi den belaunaldia gara eta gure gurasoak baino okerrago biziko den lehena izango garela diote. Prekarietatea eguneroko ogi dugu, ezegonkortasunak gure bizitzako esparru danak (hezkuntza, enplegua harremanak …) busti ditu eta honek gure osasunean eragina izan du; ansietateak eta depresio kasuek nabarmen egin dute gora, Hego Euskal Herriko 15 eta 29 urte arteko gazteon heriotza kanpo faktoreen artean suzidioa 2na da. Bitartean joera neoliberalak indartzen dabiltza; gero eta gizarte indibidualista, berekoiagoa eraikiz. Itxaropenik gabeko belaunaldia gara, ez dugu etorkizunik ezta erabakimenik. Eta gutxi balitz, gure egoeraren erantzule egin nahi gaituzte, etengabe kriminalizatuz.
Baina hau ez da bakarrik aldatuko, gazteok egoeraz nazkatuta ZARTADA egitera gatoz! Euskal herriak zaintza sistema publiko komunitario bat behar duelako bizitzak erdigunean kokatuko dituena. Euskal Herri euskalduna eta antifaxista eraikitzeko. Merkatuaren logiketatik at kokatuko den hezkuntza nahi dugulako. Planetak eredu jasangarriagoak behar dituelako. Gazte boterea eta antolakuntza aurrera egiteko tresna dugu, sistema heteropatriarkal kapitalistarekin talkan kolektiboki alternatibak eraikitzeko.
Eta horregatik egingo dugu Zartada martxoaren 18, 19 eta 20an. Euskal Herriko gazte mugimenduetako kideak Gasteizen elkartuko gara. Kaleak hartu, egoera desnormalizatu eta hamaika aldarri plazaratzeko. Ikasturte hasieratik gabiltza Hego Uribeko gazteok ere Euskal Herriko gazte mugimenduekin elkarlanean hausnarketak ematen eta asteburua prestatzen, egitaraua laster egingo da publiko.
# 1 egitetik 11 izatera goaz #. Gazteok batuz eta elkarrekin hausnartuz mobilizatuko gara; sistemari arrakalak sortu eta beste eredu bat posible dela ikustarazi nahi dugu, egun bizi dugun testuinguruari gazte ikuspegitik erantzun bateratu bat emateko asmoz. Ez dugulako gure gurasoak baino okerrago biziko den belaunaldia izan nahi. Dena aldatzera goaz
Hego Uribeko gazteak ZARTADA gara! Sistema heteropatriarkal kapitalistari ZARTADA!
Leire Delgado, Garbiñe Sagarduy eta Xabitxu Gutierrez
Hego Uribeko Gazte Mugimenduko kideak