☉ Etxebarri
Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako ‘Aldaleku inklusiboak’ proiektuak irabazi du Etxebarriko ideia berritzaileen lehiaketa
‘Aldaleku inklusiboak’ proiektuak irabazi du Etxebarriko ETE eta ideia berritzaileen lehiaketa. Urriaren 1ean Madrilen aurkeztuko dute proiektua.

Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta ideia berritzaileen lehiaketa jarri du martxan beste urte batez Etxebarriko Udalak. Aurten lehiaketaren laugarren edizioa izan da eta hartara bi proposamen aurkeztu dira: ‘Aldaleku inklusiboak’ eta ‘Ikhazi’. Horien artean epaimahaiak ‘Aldaleku inklusiboak‘ ideia saritu du. Ideia honen helburua da dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako aldaleku inklusiboak fabrikatzea eta komerzializatzea.
“Oinarrizko beharrizan batetik sortu dugu ideia. Txokobide Elkartean zenbait tailer antolatzen ditugu eta ikusi genuen dibertsitate funtzionala duten pertsonek ez dutela aldaleku egokirik beren egitekoak egiteko. Denok ezagutzen ditugu haurrentzako aldalekuak, baina dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako ez dago aldalekurik egokituta. Ez Euskadin ez beste inon. Horregatik arazo honi irtenbidea emateko ‘Aldaleku inklusiboak’ proiektua sortu dugu”, dio Eriz Delgado Txokobide Elkarteko kideak. Delgadorekin batera proiektua gauzatu dute Saioa Santana etxebarritarrak eta Marian Andrés dibertsitate funtzionala duen bizkaitarrak. Lehiaketa irabazteagatik 1.500 euro jaso dituzte Udalarengandik, proiektua bera exekutatzeko gastuak estaltzeko eta komunikaziorako.
Dibertsitate funtzional larria edo behar konplexua duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko proiektua da ‘Aldaleku inklusiboak’. “Pertsona aniztasuna errespetatzen duen osasun zerbitzua da, giro segurua eta garbia eskaintzen ditu, ekipo egokiak eta espazio egokia jarrita, era honetan pertsona bat bera bakarrik edo lagunduta aldatzeko gai izango da”, dio Delgadok.
Marian Andrések azpimarratu du, proiektua “oso beharrezkoa” dela: “Dibertsitate funtzionala dugunon beharrak asetzeko balio du. Guretzat benetako arazoa da aldaleku egokiturik ez aurkitzea. Oso zaila da gure egoera. Dauden aldalekuak (kiroldegietan, tabernetan, hondartzan, parkeetan) ez dira guretzako egokiak”, dio Andrések: “Orain arte komunen edo aldagelen zoruan aldatzen gaituzte gure laguntzaileek. Eta hori ez da batere higienikoa. Bakterio asko daude zoruan, eta horrek gure osasunean ondorioak ekar litzake”. Era berean, euren bizitza baldintzatuta dagoela adierazi du Andrések: “Kalean gaudenean pentsatu behar dugu zenbat ur edo likido edan, sarritan ez joateko komunera”.
Proiektuak zera hartzen du kontuan: dibertsitate funtzionala dutenentzako aldaleku edo komun egokiak eraikitzea. “Egokiena litzateke 12 metro karratuko espazioa izatea, eta bertan pertsonak altxatzeko garabia eta aldatzeko esku-ohea izatea”. Helburu nagusia da aldaleku inklusibo hauek gune publiko eta pribatuetan jartzea: “Hala nola, ospitaletan, parkeetan, aireportuetan, hezkuntza zentroetan, kirol instalazioetan, hondartzan, tren geltokietan edota lantegietan”, dio Delgadok.
Etxebarriko ideia berritzaileen lehiaketa irabazteaz gain, proiektua beste hainbat erakundeetan ere aurkeztu du Txokobidek: “Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan proiektu bera azaldu diegu. Beste helburuetako bat da gaurko irisgarritasun-araudian sartzea aldagailu inklusiboen kontzeptua”, dio Delgadok: “Proposamena aztertu behar dutela esan digute. Izan ere, inbertsio handia suposatuko luke”. Etxebarriko Udaletik proiektua errealitate bihurtzeko azterketa egingo dutela adierazi dute: “Udaletik Txokobiderekin elkarlanean egongo gara Etxebarrin bertan aldaleku inklusibo bat eraikitzeko“, dio Loren Oliva Etxebarriko alkateak.
“Aldaleku inklusiboak fabrikatzea oso garestia da. Horregatik pentsatu dugu hasieran edukiontzi mugikor bat erostea eta bertan beharrezkoak diren materialak jartzea. Mugikorra izanik, leku ezberdinetara eramateko aukera emango luke”, dio Delgadok.
Etxebarritik Madrilera
Innpulso Sarea ekimenaren barruan, urriaren 1ean IV. Alkateen eta Ideia Berritzaileen Topaketa ospatuko da Madrilen (South Summit azoka). Bertan Innpulso Sarea (Zientziaren eta Berrikuntzaren aldeko Sarea) osatzen duten 72 udalerrietatik 33 proiektu lehiatuko dira.
Ekimen honek geografia osoko talentu berritzaileak bilduko ditu eta “erakusleiho ezinhobea” izango da talentu berritzailea gainontzeko udalerriei aurkezteko. Tartean, Etxebarritik ‘Aldaleku inklusiboak’ proiektua aurkeztuko dute. Saioa Santana, Marian Andrés eta Eriz Delgado Etxebarriko IV. Ideia Berritzaileen Pymeen Lehiaketako irabazleak eta Loren Oliva Etxebarriko alkatea izango dira Madrilen ideia aurkezten.
☉ Etxebarri
Ertzain batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean izandako istripu batean
Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri baten atzetik joan ostean, Ertzaintzako patruila-autoak istripua izan du kotxe harekin

Ertzaintzako agente batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean gertatutako esku hartze baten ostean.
Gertaerak gaur goizaldean gertatu dira: Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri batek ez die jaramonik egin ertzainek bere martxa gelditzeko emandako argibideei. Ertzainak ikusterakoan, ibilgailuak ihes egin du, eta modu arriskutsuan gidatu du, patruila atzetik zuela, errepidetik irten den arte. Orduan, patruila-autoak istripua izan duen ibilgailuarekin talka egin du.
Ibilgailuaren barruan hankan igeltsua zeraman gizon bat (gidaria), emakume bat eta adingabe bat zihoazen. Gidaria eta adingabea zauritu egin dira, eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman behar izan dituzte.
Kasuaz Bilboko Udaltzaingoa arduratu da, Ibarsusiko biribilgunean gertatu baita istripua. Eta, ohiko protokoloari jarraituta, ibilgailua gidatzen ari zen agenteari alkohol eta droga-test bat egin diote, eta positibo eman du drogetan.
Agenteak odoleko kontraste-proba bat eskatu du. Ertzaintzak antolaketa neurriak hartu ditu, eta, kautelaz, agente horrek ez du polizia-lanik egingo kalean; horren ordez, eta odoleko kontraste-probaren emaitzak jaso eta gertatutakoa argitu arte, barne-lanak egingo ditu.
Gertakarian inplikatutako bi agenteak bajan daude mutuatik igaro ondoren, eta ihes egindako ibilgailuaren gidaria ikertzen ari dira trafiko-segurtasunaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa.
☉ Etxebarri
Etxebarriko herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu 100.000 euro 2026ko aurrekontuan
Herritarrek azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete euren proposamenak. Ondoren, Udalak azken zerrenda egingo du, etxebarritarrek bozka eman dezaten

Aurrekontu parte-hartzaileak martxan jarri ditu Etxebarriko Udalak. Herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu behar dituen Udalak 100.000 euro datorren urteko aurrekontuan.
“Prozesu horren bidez, Etxebarriko auzotarrek udalerriarentzat onuragarriak diren ideiak eta proiektuak proposatu ahal izango dituzte”, diote udal ordezkariek.
Ekarpenak azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete herritarrek. Horretarako bi bide dituzte: udal webgunearen bitartez (esteka honetan) edo aurrez aurre Cime eraikinera bertaratuz.
Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, Udalak ekarpen guztiak bilduko ditu eta gehien errepikatzen diren, bideragarrienak diren eta eskuragarri dagoen esparru ekonomikora egokitzen diren proposamenen zerrenda egingo du.
Bigarren fase batean bozkatzeko epea zabalduko du Udalak eta etxebarritarrek zuzenean aukeratu ahal izango dituzte gauzatuko diren proiektuak.
☉ Etxebarri
Kuantika ardatz izango du aurten Etxebarriko Zientzia Asteak bere hamargarren urteurrenean
Umeentzako drone tailerra, kuantikari buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatuko dituzte azaroaren 10etik 14ra bitartean Etxebarrin

Zientzia Astea antolatuko dute beste urte batez azaroaren 10etik 14ra Etxebarrin. Aurtengoa hamargarren edizioa da eta kuantika izango da gai nagusia, eta Adimen Artifiziala ere jorratuko dute.
“Ekitaldi horren helburua da kultura zientifikoa herritar guztiei hurbiltzea eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoaren eta berrikuntza teknologikoaren garrantziaz”, esan du Iker Lopez alkateak.
Aurtengo egitarauan, besteak beste, umeentzako drone tailerra (frontoi barruan), energia berriztagarriei buruz kontzientziatzeko saioak, kuantikari buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte.
Horretarako, EHU eta Mondragon Unibertsitatea, Tecnalia, KZgunea, BBK Herriz Herri erakundeen lankidetza izango du Etxebarriko Udalak.
Zientzia Asteko jardueretan parte hartzeko izen-emateak (doakoak) urriaren 29an zabalduko dituzte. Intertesdunek cimenet.net webgunearen bitartez edo 944 496 871 telefono zenbakira deituz eman dezakete izena.
“Horrez gain, aurten, aurreko gure Zientziaren Asteetan egin dugun bezala, gure saltokien lankidetza izango dugu, eta bezeroei hitz baten bidez kuantikak iradokitzen dienari buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko ditugu. Ekimen hau urriaren 28tik Zientzia Astea amaitu arte egongo da martxan, azaroaren 14ra arte”, dio Ruth Martinez Cime eta Merkataritza arloetako zinegotziak.
Egitaraua | Zientzia Astea 2025
Azaroaren 10etik 14ra bitartean, programa hau hartuko du Etxebarriko Zientzia Asteak:
- Hitzaldia: “Teknologia kuantikoak, zientzia-fikziozko filmetatik errealitatera”. Alejandra Ruiz doktorea (Tecnalia)
- Hitzaldia: “Zer da adimen artifiziala”. Eneko Echarri (KZ Gunea)
- Hitzaldia: “Konputazio kuantikoaren dibulgazioa”. Aitor Moreno (LKS Next)
- Tailerra: “Digitalizazio lagunkoiko tailerra” (BBK Herriz Herri)
- Tailerra: “Googaz” (BBK Herriz Herri)
- Tailerrak: “MoIAzart tailerrak” (Mondragon Unibertsitatea)
- Tailerrak: “Zientziaren magia: mundu kuantikoa esperimentatzen du” (EHU Quantum Center)
- Robotika-tailerrak: “Mundu ikusezinak: zientzia eta robotak ekinean” (Asimov)
- Hezkuntza-tailerra: “Eguzki-konbinazioa eta zientzia kuantikoa dituzten dronen hegaldiak” (Mondragon Unibertsitatea)
- Ikuskizuna: “Abentura kuantikoa” (Eidabe)
Aurrerago egitarau zehatzagoa zabalduko du Udalak, ordutegiekin.
☉ Etxebarri
Etxebarriko liburutegi berria 2026ko udaberrirako egongo da prest
Euskaltzaleak plazan eraikitzen ari dira liburutegi berria eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du

Liburutegi berria eraikitzen hasi dira Etxebarrin. Euskaltzaleak plazako 11, 12 eta 13 zenbakietako beheko solairuetan eraikiko dute eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du.
Instalazio berriak azpiegitura modernoa eta irisgarria izango duela adierazi dute udal ordezkariek: “Bai liburutegirako sarbidea, bai liburutegiaren barruko espazioak erabat irisgarriak izango dira dibertsitate funtzionala duten pertsona guztientzat”, diote.
Lanei ekin diete dagoeneko eta aurreikuspenen arabera sei hilabeteko epean bukatuko dituzte; hau da, 2026ko udaberrirako bukatuko dute obra.
Udalak 657.000 euro bideratu ditu obra horietara eta lanak E3D 2008 S.L enpresak burutuko ditu.
Hiru gune
Liburutegi berria hiru gunetan egongo da banatuta: “Lehenengo eremuan, sarbide zentral bat egongo da, eta, bertan, mostradore bat egongo da, liburutegira mailegu bat egitera, liburu bat itzultzera edo zerbitzuari buruzko edozein informazio lortzera hurbiltzen diren pertsonei arreta emateko”, diote.
Bigarren eremua haur-liburutegiarena izango da: “Liburutegiak, ale ugariz gain, pufak eta mahai baxuak izango ditu, irakurketa txikitatik sustatzeko espazio atsegina izan dadin”, diote. Bigarren eremu hau 0-8 eta 9-13 adin tartetan egongo da bereizita.
Eta hirugarren eremuak helduen liburutegia eta lankidetzarako eremua barne hartuko ditu: “Hemen egongo da helduei zuzendutako irakurketa-material guztia, bai eta bertan irakurtzeko espazio bat ere, erlaxatzeko eta esperientzia atseginaz gozatzeko moduko mahai eta aulkiak dituena”, diote.
“Gainera, eremu horretan ikasketa-gela edo lankidetza-gela ere egongo da, 21 lagunentzako lekua duena, eta liburutegiarena berarena baino ordutegi zabalagoan sartu ahal izango da bertara. Azken espazio hori Udalak urteetan jaso duen eskaria izan da, eta proiektu berri hau ezarrita posible egin ahal izango dugu”, esan dute udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuak berriro kaltetu dituztela salatu du Udalak
Ibilgailuak erabilezin utzi dituzte. Aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan dela salatu dute

Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuei egindako bigarren sabotaje bat salatu du Udalak. Udal ordezkariek adierazi dutenez, ibilgailuak erabilezin utzi dituzte.
“Etxebarriko Udaltzaingoari sabotaje-ekintza bat egin diote berriki, eta haren patruila-ibilgailu batzuk kaltetuak izan dira. Gertakari horiek eragin duten ustekabeaz gain, bereziki kezkagarria da larrialdiko ibilgailuak erabilezin uztea, beharrezkoak baitira udalerrian gerta daitekeen edozein gorabeherari azkar erantzuteko”, esan dute.
Udal arduradunek adierazi dutenez, aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan da.
“Lehen aldian, polizia-ikerketari esker, egilea identifikatzea lortu zen, eta hura epaiketaren zain dago, eragindako kalteengatik”, diote.
Bigarren sabotaje-ekintza hau ikerketapean dago gaur egun eta arduraduna identifikatzeko lanean ari dira. “Egilea herrian instalatutako segurtasun-kamerek grabatu zuten”, esan dute.










