Sareak

☉ Galdakao

Jontxu Martinez: “Antzerkia terapia izan da askotan, barneko minak azaleratzen lagundu duena”

Aktorea da ogibidez Jontxu Martinez Zarrabeitia usansolotarra. Martxoan Harri, orri, ar antzezlana taularatuko du Basauriko Social Antzokian.

|

Olentzeroren papera egiten du Jontxuk Galdakaon // Geuria

Aktorea da ogibidez Jontxu Martinez Zarrabeitia usansolotarra. Martxoan Harri, orri, ar antzezlana taularatuko du Basauriko Social Antzokian

Txikitatik datorkio taula gainean antzezteko erraztasuna Jontxu Martinez Zarrabeitia (Usansolo, 1991) usansolotarrari. Zazpi urtetatik ibili da antzerkigintzan, eta iaz profesionalki eman zuen saltoa, Pabellon 6 gazte konpainian aukeratu zutenean ‘Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari?’ antzezlana interpretatzeko. Berriki ‘Harri, orri, ar’ obra estreinatu dute eta martxoan Basauriko Social Antzokian taularatuko dute. Bere aktore ibilbideaz aritu gara berarekin. 

Zelan definitzen duzu zure burua? Aktore izatea nire lanbidea da, ez dakit lanbidearekin nahikoa den norbere burua definitzeko. Aktorea naiz, bai, baina horretaz aparte beste hainbat gauza ere bai. Horretan nabil lanean gaur egun, eta espero dut urte luzetan horrela izatea.

Noiz hasi ziren antzerkigintzan? 7 urterekin hasi nintzen antzerkia egiten, Eguzkibegi Ikastolako eskolaz kanpoko ekintza bat bezala. Ez dakit nik aukeratua edo amak aukeratua izan zen, baina esango nuke bion arteko akordio bat izan zela. Urte luzetan ibili izan naiz antzerkigintzan, profesionalki iaz eman nuen lehen pausoa, Pabellon 6eko gazte konpainiako probetara aurkeztu eta aukeratu nindutenean.

Eszentatokia, zure bigarren etxea. Hala esan daiteke. Beti izan dut erraztasuna eszenatokian ibiltzeko, jendaurrean lotsa handirik ez dut inoiz izan. Beti izan naiz lotsabakoa zentzu horretan. Lagunek protagonista naizela esaten dute, eta agian arrazoi dute, pixka bat protagonista izan naiz beti.

Inoiz ahaztuko ez duzun antzerki irakaslerik izan duzu? Ez ditut irakasle asko izan urte hauetan, batez ere antzerki tailerretan egon naizelako, baina bat aipatzearren David Valdelvira etxebarritarra esango nuke. Berarekin zazpi bat antzezlan egin ditut.

Antzerkia zuretzat zer den galdetuko banizu. Antzerkia niretzat bizitza da, hortik bizi naiz orain, eta lehen esan bezala, espero dut urte luzetan horrela izatea. Antzerkia ere terapia bat izan da askotan, barneko minak bilatzen eta azalarazten lagundu duena. Oholtzan pertsonaiek bizitzen dutena bizitza errealean bizitzen denaren oso antzekoa da.

Zenbat antzezlanetan parte hartu duzu? Profesionalki bi antzezlanetan parte hartu dut: ‘Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari?’ eta ‘Harri. orri, ar’. Hala ere, Anina Antzerki Eskolan eta Eguzkibegi Ikastolan antzerki pila bat egin ditut. Ezin ditut denak zenbatu, baina batzuk aipatzearren, ‘Hamlet’ edo ‘Yerma’ bezalako izen handiak zerrendan ditut, eta ikastolan guk idatzitakoak ere bai.

Horietatik guztietatik zein izan da zuretzat gustukoena? Gustukoena ez dakit, baina ‘Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari?’ da niretzat bereziena. Pertsonala, eta lehen lan profesionala da.

‘Harri, orri, ar’  orain estreinatu duzue. Bai, hala da. Pez Limboren ekoizpena da,  eta Maria Goricelaya da antzezlanaren egilea eta zuzendaria. Otsailean Gasteizen eta Bilbon estreinatu genuen, eta martxoan Donostian izango gara. Bilboko Arriaga Antzokiak, Gasteizko Principal Antzokiak eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak sustatutako Antzerkigintza berriak ekimenaren markoan hautatutako proiektua da. Iñake Irastorza, Nagore Gonzalez, Josune Velez de Mendizabal, Haizea Baiges, Martxelo Rubio, Egoitz Sanchez eta ni neu gara antzezleak.

Zertan datza antzezlana? Antzezlanak euskal gatazkaren inguran hitz egiten du, hobe esanda, gatazkaren ondorioetan. Nolako aurreiritziak, minak eta beldurrak sortu diren gizartean. Zazpi pertsonaia daude eskolako patio batean, eta bakoitzak bere bizipenak ditu. Zuzendariak, Maria Goricelayak dioen bezala, antzerki dokumentala da. Harrera oso ona izan du hiriburuetan, ikuslea hunkituta irteten da, barrenak mugituta, eta espero dugu buruari pare bat buelta emanez irtengo dela, gatazkaren inguruan etorkizunera begira.

Gazteek ba al dute aukerarik antzerkitik bizitzeko? Nire kasuan, lehen esan bezala, ahalegintzen naiz antzerkiaz bizitzen edo bizirauten. Ez da erraza. Sektore honetako langabezia tasa % 60 baino handiagoa da, lana askotan oso prekarioa eta ez dago baloratua, eta aktore gazte askok ez dugu aukerarik izaten antzerki eskola amaitu ondoren lana bilatzeko. Baditut lagun asko, aktore onak gainera, beste lan batzuetan dabiltzanak eta eskola amaitu ondoren antzerkitik bizitzeko aukerarik izan ez dutenak. Pabellon 6 konpainiak aukera bat ematen du urtero bederatzi aktore gazte hautatzeko, 30 urte baino gutxiagokoak. Antzezlan bat egiteko hautatzen dituzte, eta horrela harrobia sortzen dute. Nire ustez, horrelako proiektu gehiagotan inbertitu behar da.

Aspaldi, antzerki eskola bat zegoen eskualdean, Basaurin, eta bertatik zenbait aktore famatu atera ziren, hala nola, Itziar Ituño eta Unax Ugalde. Bai. Eskolaz kanpoko ekintzen artean antzerkia egiten hasi nintzenean, lehen pausoa Basauriko eskolara jotzea izan zen, baina hain justu aurreko urtean-edo itxi zuten eskola. Horregatik Bilbora joan nintzen. Gure eskualdeko haurrek ez daukate aukerarik eskualdean bertan eskolaz kanpo profesionalki antzerkia ikasteko. Bilbon, Erandion, Barakaldon edo Getxon eskolak daude, eta Basaurikoa berriro zabaltzea aukera polita izango litzateke atzetik datozenentzat. Ez dakit noren eskuetan dagoen. Agian eskualdeko Udal guztiak batu beharko dira proiektu hori berriro aurrera ateratzeko.

☉ Galdakao

Argazkiak | Moda pasarela bilakatu da gaur Galdakao, Santakurtze jaietan

|

Gaur moda desfilea egon da Galdakaoko jaietan. Fashion Day eguna antolatu du bigarren urtez Gazte Berpiztuk eta hainbat kuadrillak hartu dute parte. Jantzirik eta aurkezpenik onena Antzeko kuadrillak egin du, bigarren sailkatu da Dekantzekoz eta hirugarren Trikiriki. Laugarren Antropayak izan da eta bosgarren Piperrak. Hona hemen desfileko irudirik onenak!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bi gazte atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik

Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarra erabilita sartu ziren bart 19 eta 21 urteko bi gazte. Epailearen esku jarriko ditu Ertzaintzak

|

Ertzaintzako ibilgailuak artxiboko irudi batean // Geuria

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.

Gertaerak bart gauerdian jazo dira: pertsona batek SOS Deiakera deitu du Olabarrietan dagoen eta une horretan hutsik zegoen aita-amaginarreben etxean indarrez sartu direla esanez, instalatuta zuten zaintza-kamera deskonektatu egin dutela konturatu baitira.

Orduan, patruila bat bertaratu eta argi bat piztuta ikusi zuten eta etxebizitzaren goiko aldean bi gazteak aurkitu dituzte.

Bi gazteak epailearen esku utziko dituzte dagozkion eginbideak amaitu ostean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Antzeko, Bertan Kaldo eta Dekantzekoz, Galdakaoko jaietako Playback lehiaketako onenak!

|

Playback lehiaketa mundiala da Galdakaoko jaietan eta atzo zuzenean bizi genuen! Txapeldun Antzeko izan zen: Mamma Miaren ‘Ai ama!’ bertsio euskalduna egin zuen kuadrillak. Euren amei omenaldi zoragarria egin zieten.

Bigarren Bertan Kaldo izan zen, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.

GEURIAn lehenengo hiru postuetan sailkatutako ordezkariak elkarrizketatu zituen: Mirene eta Izaskun (Antzeko), June eta Ane (Bertan Kaldo), eta Ane eta Janire (Dekantzekoz). Aupa zuek!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakaoko jaietako Playback lehiaketa 140 argazkitan!

|

Playback lehiaketa arrakastatsua da Galdakaoko jaietan. Eta aurten ere ez du hutsik egin, beste urte batez Zizpak antolatuta. Irabazle Antzeko izan da, euren Ai Ama! (Mamma Mia!) bertsioari esker, amei omenaldia eginez. Bigarren Bertan Kaldo izan da, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.

 

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute Valentziako uholdeetan egindako lanengatik

Gaur Vienako udaletxean, Austrian, Innovation in Politics Awards sarien irabazleak emango dituzte jakitera, eta otsailean Zero Project sariak banatuko dituzte Vienan ere

|

Ainhoa Crespo eta Alvaro Saiz GBGEko kideak Valentziako kaltetutako eremu batean // GBGE

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute, iazko urritik Valentziako uholdeek kaltetutako eremuetan egindako lanengatik.

Alde batetik, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan dituzte bi proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi humanitarioa.

Nave 51 izeneko proiektuan, Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk, “xahuketa minimizatuz eta jasotako laguntza guztia ahalik eta gehien aprobetxatuz, milaka boluntario eta militarri esker”, dio Ainhoa Crespo GBGEko ordezkariak.

Eta Garbitegi humanitarioa delakoan uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten, “balio praktiko eta emozional handiko doako zerbitzua eskainiz”, dio Crespok.

Innovation in Politics Awards sarien banaketa gaur, irailak 17, izango da Vienako udaletxean, Austrian.

Otsailean: Zero Project sariak

Beste alde batetik, GBGE finalista izendatu dute Zero Project sarietan, “Krisi-egoeretan desgaitasunaren aurrean inklusioa” kategorian.

GBGE elkarteko boluntarioak Valentziako hondamendian // GBGE

Ekintza humanitarioetan, larrialdietan eta hondamendietan inklusio-irtenbideak aitortzen ditu sariketa horrek, eta sari banaketa otsailean izango da Vienan ere; kasu horretan, Nazio Batuen egoitzan.

“Izendapen hauek nazioarteko aitorpena dira Valentziako Dana-ren ondoren izandako elkartasun uholdeari. Nabarmentzekoa da beste modu batean ere erantzun daitekeela hondamendiei: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik ere asko dagoelako berreskuratzera iristeko, baina pozik ere bai, pertsona askoren lan ikaragarriari egindako aitortza delako”, adierazi du Crespok.

Osorik irakurri