Sareak

☉ Zeberio

Jesus Zubiaur eta Iñigo Urkiaga (Austarri Mendi Taldea): “Zeberion 1.000 gara; bada 200 herritar Austarri Mendi taldeko bazkideak dira”

|

Austarri Mendi Taldeko kide batzuk // Geuria

Jesus Zubiaur (Zeberio, 1955) eta Iñigo Urkiaga (Usansolo, 1975) -argazkian ezkerretik hasita hirugarren eta laugarren- Austarri Mendi Taldeko bazkide federatuak ditugu. Eurekin arratsalde bat eman dugu Zeberioko Hogarrean mendi taldeak izan duen bilakaeraren, bazkideei eskaintzen dizkien aukeren eta etorkizunean burutu nahi dituzten proiektuen inguruan. Murrizketen garaian talde handiko irteerak egitea posible izan ez bada, lau pertsonez osatutako taldeetan irteerak egin dituzte euren kabuz eta mendi taldearen materiala eskuragarri dago bazkide guztientzat euren lokalean. Iñigo zein Jesusentzat, mendia askatasunaren sinonimoa da eta zaila da eurentzat tontorrera igo gabeko egunik irudikatzea.

Jesus Zubiaur eta Iñigo Urkiaga, Zubialden // Geuria

Nola sortu zen Austarri Mendi Taldea?
Iñigo Urkiaga: Zeberion 2011ko azaroaren 26an 32 lagun bildu ginen batzar batean, Austarri Kultur Taldearen mendi saila izanik. Mendi taldea sortzea izan zen helburua eta Austarri Mendi Taldea izena onartu zen bertan. Batzarrean estatutuak idatzi eta mendi taldea sortu zen eta 2012an gure lehen egutegi ofiziala argitaratu genuen. Hortik aurrera mendietan barrena ibiltzen hasi ginen denon artean, urtez urte irteerak antolatuz eta udal lokalean gaur egun topa daiteken materiala erosiz, taldeko kamisetak salduz…

Zenbat kidek osatzen dute Austarri gaur egun?
I.U: Gaur egun 222 bazkide daude taldean, horietatik 86 emakumeak dira. Guztira 110 bazkide federatu ditugu.
Jesus Zubiaur: Haurrak, gazteak, helduak eta nagusiak dauzkagu taldean.

Non ibilitakoak zarete?
I.U: Euskal Herri osoan ibiliak gara. Estatu mailan Huescan, Errioxan, Kantabrian…
J.Z: Urtean zehar asteburu osoko irteera bi antolatzen ditugu normalean.

Austarri Mendi Taldeko irteera bat // Utzitakoa

Eta atzerrian?
J.Z: Talde bezala ez, baina talde honen barruan, badago Alpeetara birritan irteerak egin dituen zazpi edo zortzi pertsonek osatutako talde txiki bat. Montblancen izandakoak gara, eta bertako mendietan ibilitakoak gara.
I.U: Alpeak ez dira edonolako mendiak eta prestakuntza fisiko jakin bat eskatzen duten mendiak daude bertan. Horregatik gutako batzuk baino ez gara joan bertara.

Nolako esperientzia izan zen?
J.Z: Oso gogorra. Gu joan ginenean eguraldi zakarra izan genuen eta hala ere mendira igo ginen. 20 gradu zero azpitik, haize gogorra, ez ziren ibilbideko markak ikusten… Ni neu bertan lotuko nintzela pentsatu nuen. Zorionez, esperientzia ondo amaitu genuen denok eta dagoeneko esperientzia errepikatu dugu (barreak).

Zenbat denbora eman zenuten bertan?
J.Z: Montblanc mendia igotzeko bizpahiru egun behar dira, baina aklimatazioa landu behar da lehenago.
I.U: Bederatzi egun eman genituen bertan, hasiera batean inguruetako mendiak igoz.

Koronabirusak eraginik izan al du elkartean?
I.U: Bai, handia gainera. Talde bezala ez dugu irteerarik egin itxialditik, eta pandemia igaro arte jarduerarik ez egitea erabaki genuen. Lokala zabalik izan dugu eta maileguak egin dizkiegu elkarteko bazkideei, baina ez dugu irteerarik programatu ez dugulako arriskurik bizi nahi.
J.Z: Gutako batzuk Frantziako Pirinioetan egon gara, Taillonen.

Lokala zabalik daukazue edonongo bazkideentzat.
I.U: Berdin dio nongoa izan. Austarri mendi taldeko kidea izatean, bazkideak lokaleko pioletak, kranpoiak, kaskoak, liburuak, raketak… alokatzeko aukera dauka euro baten truke, prezio sinbolikoa. Horretarako, liburutegietan bezala, interesdun bazkideak fitxa bat bete behar du eta materiala aste baterako eroan dezake.

Mendiko materiala erostea ez da batere merkea, gainera.
J.Z: Mendira gutxitan bazoaz ez du merezi materiala erostea.
I.U: Elkarteko kide batzuek ideia zoragarria izan zuten azken boladan: umetxoak mendira eroateko motxilak material horri guztiari gehitzea. Horrelako motxila berri batek 150 euro baino gehiagoko prezioa du eta uste baino gutxiagotan erabiltzen den materiala izan ohi da. Ideia horretatik abiatuz, Zeberioko kide bati bere motxila mendi taldeari uztea bururatu zitzaion. Gaur egun zenbait motxila dauzkagu elkartean, elkartekoek alokatzeko.

Austarriko mendi-irteera bat // Utzitakoa

Nolakoak dira bazkideak eta zenbat ordaindu behar dute urtero?
J.Z: 0tik 14 urterainoko umeek 4 euro ordaintzen dute, 14tik 18ra bitarteko gazteek 8 euro eta 18tik goragoko helduek 15 euro.
I.U: Bazkideez gainera, federatuak daude gure taldean. Federatuok seguru bat daukagu mendira goazen bakoitzean, ezbeharrik gertatuz gero erreskatea estalita edukitzeko eta ospitale zehatz batzuetan atentzio arinagoa izateko.

Aurten ekintzarik egingo al duzue?
J.Z: Balizko egutegia prestatu dugu, baina jarduera guztiak airean daude.
I.U: Gure irteera aipagarrienak eta gogorrenak Kanporamartxokoa eta Silvestre Egunekoa dira, eta horiez gain irteeratxoa antolatu ohi dugu Zugaztieta eta bertako museora, umeekin bateragarria den jarduerarekin. Azken batean, haurrak gure etorkizuna dira eta irteeretara gurasoekin batera datoz. Horrez gainera, urtean behin ‘Mendizale Eguna’ antolatzen dugu Arratiako mendi taldeekin. Bi urterik behin Zeberio Harana mendi-martxa ere antolatu ohi dugu, martxa laburren zirkuituan, eta 150 pertsona inguru etorri ohi dira herrira. 2016an izan zen lehen edizioa eta 2018an bigarrena. 2020an koronabirusagatik ezin izan genuen antolatu, baina 2022ko maiatzean egiteko asmoa dugu, egoerak hala uzten badu.

Berez, ‘Zeberio Mugarik Muga’ martxan du jatorria
I.U: 30 urte badira ‘Zeberio Mugarik Muga’ antolatu zenetik, baina urteek aurrera egin ahala, herriko jendeak martxa egiteari utzi dio eta berezitasun hura galdu zuen jarduerak. Austarrikooi pena handia eman zigun, ibilbide oso polita delako eta ‘Zirkuitu Laburretan’ sartzea erabaki genuen. Bizkaiko Mendi Federazioak antolatzen du 50 kilometroko martxa mota hori bi urterik behin Murga, Ikubikotz, Untzeta, Ugao, Artanda, Upo, Mandoia eta Arginatxatik igaroz.

Austarri Mendi Taldeko kideak // Geuria

Nolako ekarpenak egin dizkio elkarteak Zeberiori?
I.U: Herrian bertan behera utzitako bost PR zeuden (‘Pequeño Recorrido’, gazteleraz) eta guk Mandoipetik eta Arginatxatik igarotzen dena berreskuratu genuen 2017an, behar bezala markatuz eta definituz. Udala ibilbidearen mantentze-lanez arduratzen da. Ibilbideak 11 kilometroko distantzia du eta zailtasun maila gutxikoa da. Honen haritik, Federazioak ‘Xendatasun Liga’ antolatzen du urtero eta hainbat herrietako PRek hartzen dute parte 11 PRrekin. Urte bitan parte hartu du Austarrik bertan, lehena PR originalarekin eta bigarrena, PR hura eraldatuz.

Sustorik izan al duzue inoiz mendian?
J.Z: Iñigok eta biok izan ditugu. Mendian askotariko arriskuak gerta daitezke. Bazkide batek 300 metroko jausia izan zuen elurretan eta saihetsak eta bularrezurra apurtu zituen, besteak beste.

Mendizalea al da Zeberio?
J.Z: Bai, noski! 1.000 biztanle gara herrian eta horietako 200 Austarriko bazkideak dira. Poztekoa da hori!
I.U: Aipagarria da Mendi talde bezala hiru buzoi jarri ditugula mendi tontorretan: lehena Tontorrandin izan zen, 2012an. Oso buzoi polita da eskuz eginda dagoelako eta Zeberioko baserri baten euskarria daukalako. Pikubikoitz (2013) eta Upon (2014) jarritakoak, bestalde, fabrikatutakoak dira. Momentu honetan Axupuru (Orozko, 2021) eta Arrizuriganan (Larrabetzu, 2022) jartzekoak prestatzen ari gara.

Nolakoa da Zeberioko Udalarekin daukazuen harremana?
J.Z: Harreman ona daukagu. Urtero 1.800 euroko diru-laguntza jasotzen dugu eta lokala uzten digu. Orain arte eskola zaharrean egon gara, baina biomasako instalazioen obrak egiten ari zirenez lekuz aldatu behar izan genuen eta Hogarreko goiko solairura etorri ginen.
I.U: Ostiralero bertan egon ohi gara, 20:00etatik 21:00ak arte. Tarte horretan bazkideak etor daitezke materiala alokatzeko, federazioko txartelak jasotzeko, bazkide bezala izena emateko eta bestelako kontsultetarako.

☉ Zeberio

‘Dantza Plaza’ ekimenak zeberioztarrak ipini gura ditu dantzan, ostiralero

Austarri Kultur Elkartearen helburua, bariku guztietan herritarrak herriko plazara dantzan egitera ateratzea da

|

Trikitilari bat, aurtengo sandonietan // Geuria

Austarri Kultur Elkarteak ‘Dantza Plaza’ ekimena ipini du martxan, Zeberioko Udalaren laguntzarekin.

Helburua, bariku guztietan herritarrak herriko plazara dantzan egitera ateratzea da. Hori dela eta, 18:30etik 19:30era ipini dute hitzordua bertan.

“Etorri eta parte hartu!” animatu dituzte herritarrak kultur elkartetik.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Ermitabarriko Taberna Zaharrean “konponketa sakonak” egingo dituzte

Gorbeialde Elkarteak 100.000 euro bideratuko ditu eraikineko teilatua konpondu eta hainbat elementu eraberritzeko. Europako ‘Next Generation’ funtsak erabailiko dituzte lanetarako

|

Ermitabarriko Taberna Zaharra // Geuria

Ermitabarriko Taberna Zaharrean “lan sakonak” hasiko dituzte datozen hilabeteetan. Obrak Gorbeialde elkarteak burutuko ditu Europako ‘Next Generation’ funtsen bidez eta 100.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute.

Gorbeialde elkarteak lizitazioa aurkeztu zuen joan den irailean, eta enpresek urriaren 16ra arte aurkeztu ditzakete proposamenak. Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu moduan, lan hauetan egin behar den jarduketa nagusia teilatu osoaren konponketa bera da, baina ez hori bakarrik: “Isolamendu lanak egin behar dira bertan, gaur egungo leiho guztiak kendu eta berriak ipini behar dira. Den-dena berriztu behar da, hitz gutxitan esanda”. Argiteria ere eraberritu beharreko beste kontu bat da.

Proiektu honen helburua turismo-erabilerako higiezinen birgaitze jasangarrian energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak edo obrak finantzatzea da, klima-aldaketari aurre egiteko neurri gisa. Jarduera honen helburua da turismo-sektorearen ingurumen-inpaktua murriztea, energia-eraginkortasuna hobetuz eta turismo-eraikinetan praktika jasangarriagoak burutuz.

Eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren memoriaren arabera, eraikinak hainbat akats ditu eraginkortasun energetikoaren esparruan, konpondu beharreko hurrengo akatsekin: Ur-iragazketak, ur-elementuen haustura eta degradazioa, estaldura eta zikinkeria dago estalkian; ez dago iragazketarik kanpoko zurgintzan; eta energia-gabeziak topatu dituzte argiztapen-instalazioan.

“Lan potoloak badira ere, ahalik eta denbora gutxien itxiko dute taberna, bereziki leihoak aldatuko dituzten tartean”, azaldu du Gotik. “Gainontzeko lanak egiten dituztenean zabalik egongo da taberna”. Lanak abenduan hasiko dituzte, ondo bidean.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

2026ko aurrekontu parte-hartzaileen lehen informazio-bilera antolatu dute Zeberion

Hitzordua urriaren 9an ipini du Zeberioko Udalak, 18:30ean, Plazako Hogarrean

|

Zeberio // Geuria

Zeberioko Udalak 2026ko aurrekontu parte-hartzaileen lehen informazio-bilera antolatu du datorren urriaren 9an, osteguna, plazako Hogarrean, 18:30ean.

Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Argazkiak | Suhiltzaileak liztor asiarren habi bat kentzen ibili dira Zeberioko Entelladorena auzoan

Habia oso leku estu batean kokatuta egon da eta intsektizidak erabili behar izan dituzte suhiltzaileek

|

Suhiltzaileak, Zeberion // Geuria

Atzo goizean Zeberioko Entelladorena auzoko bizilagunen abisu bat jaso dute Bizkaiko suhiltzaileek. Etxe bateko teilatupean liztor asiarren habi bat topatu dute eta hori kentzeko eskaera egin diete.

Minutu gutxitan hurbildu da Basauriko suhiltzaile parkeko eskala kamioi bat, suhiltzaile birekin. Kamioitik jaitsi eta jantzi beharreko arropak ipini ostean, ibilgailuaren eskala prestatu eta teilatu-hegalera hurbildu dira: “Habia leku oso estu batean kokatuta dago”, azaldu diote GEURIAri. “Bertara heltzeko pertigak erabili ohi dituzte basozainek”.

Irailetik abendura liztor asiarrak ikustea zaila izan ohi da, hilabete horietan bere bizitza zikloko letargia fasea izan ohi delako. Urtarrila aldera, habiak egiten hasten dira ziklo berri bati hasiera emanez.

Gaur, ostera, intsektizida boteak erabili dituzte, liztorrak hil eta aurrerago, habia kendu ahal izateko. Irudi batzuk jaso ditugu bertan.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Literatura solasaldiak antolatu dituzte bigarren urtez Zeberioko udal liburutegian

Bigarren edizioko lehen saioa irailaren 28an antolatu dute, 18:30ean

|

Liburuak, Arkotxako liburutegian // Geuria

Zeberioko udal Liburutegiak literatura solasaldiak hartuko ditu irailaren 28tik hasita, 18:30ean. Saioak hiru astean behin antolatu dituzte.

Lehen edizioa joan den otsailaren 23an izan zen. “Saio hauetan, partaide guztion artean testu edo liburu bat adostu eta horixe etxean irakurri behar du bakoitzak”, azaldu zion GEURIAri Mikel Revuelta ekimenaren antolatzaile zeberioztarrak.

Otsailaren 23ko saioan bost pertsona elkartu ziren Hogarrean eta asmoa talde hori “egonkortzea” zela azaldu zuen Revueltak “eta, posible den heinean handitzea”. Lehenengo edizio hartako hasierako hitzorduetan testu edo liburu txikiak irakurri zituzten eta saioek aurrera egin ahala liburu mamitsuagoak landu zituzten Hogarrean”.

Osorik irakurri