☉ Zeberio
‘Zeberio Ezagututen’ lehiaketako bigarren galdera sorta argitaratu dute

Zeberioko ohitura eta historiaren inguruko bigarren galdera-sorta argitaratu du Udalak esteka honen bidez. Erantzunak apirilaren 30era arte bidali daitezke. Gogoratu beharrekoa da galderak erantzuteko lehen sortan erabilitako erabiltzaile berbera erabili behar dira (e-posta).
Lehen galdera-sortako erantzunak
Bestalde, Zeberioko Udalak lehen galdera sortako erantzunak bidali ditu.
- “Ezagututen” (ezagutzen) esateko beste era bat Zeberion: Ezetan
- Gesalabekoa baserria, Gesala
- Non hasten da Zeberioko erreka? Ugarte ganeko Murgan
- Hitanoan: “Hik esan doNA: nok nogaz darabil? Gizonezkoak andrazkoagaz eta andrazkoak andrazkoagaz
- Non dago Santo Tomas zaharra ermita? Barbatxo eta Ereñotza bitartean
- Zein da zeberioztarren ezizena? Txubelaxuak (lehen ‘lagartoak’)
- Maurizia Aldeiturriaga panderojole ospetsua Zeberioko zein auzunetakoa zan? Egiakoa
- Zer da Itaurren egitea? Idi edo behien aurretik soloko lanetan ibiltzea
- Amaitu esaera: “Arrasti gorri… ongarri” (hurrengo egunean ona dakarrela, alegia)
- Nola esaten jako kare bizian egiten zan zuloari? Karabia
- Noiz egiten zan garia? Zemendian
- Santa Kurtz
ERRAZENA, HERRITARRENTZAT: %97ak ondo erantzun du zeberioztarren ezizenaren inguruko galdera (6. galdera, Txubelaxuak)
ZAILENAK: “Non hasten da Zeberioko erreka?” (3. galdera) eta esaera zaharra (9. galdera). Batak zein besteak parte-hartzaileen %19ak ondo erantzun du
☉ Zeberio
Argazkiak | Mozorroak jantzi eta kalera irten dira zeberioztarrak Gau Beltzan
Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egin zuten atzo eta gaztain erreen usaina eta Gau Beltzaren magia herriko txoko ezberdinetara iritsi zen

Beste urte batez Gau Beltza edo Arimen Gaua prestatu du Zeberioko Txubelasu Guraso Elkarteak, Zubialden.
Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egin zuten atzo eta gaztain erreen usaina eta Gau Beltzaren magia herriko txoko ezberdinetara iritsi zen.
☉ Zeberio
Luis Zubero txirrindulari ohia eta ‘Ciclos Zubero’ dendako sortzaile zeberioztarra zendu da
Txirrindulari ohiak, Goddet Tourreko zuzendariari esan zion aldapak jaisteko modua zeberioko kurbetan ikasi zuela

Luis Zubero euskal txirrindularitzako erreferentea hil egin da, 77 urte zituela.
Zubero 1968tik 1976ra bitartean izan zen txirrindulari profesionala eta KAS taldeko txirrindularia izan zen 1968tik 1974ra. Amateur izan zenean deitu zuen arreta zeberioztarrak: 1967an Bizkaiko eta Espainiako txapeldun izan zen.
Profesional lez Pascuas-eko zirkuituan eta Sabiñanigoko GPa irabazi zituen eta 1970eko Frantziako Tourreko etapa batean bigarren postua eskuratu zuen Eddy Merckx-en atzetik: “Etapa hura Merckxek irabazi zuen, den-dena irabazten zuen moduan. Ez zuen ezer besteentzat. Indartsuena eta handinahiena zen”, horrela gogoratzen zuen Zuberok Merckx. Ozta ozta ez zuen irabazi etapa hura, baina Merckxi beldurra emateko gai izan zen.
Garai hartan Tourreko zuzendaria izandako Goddetek galdera egin zion Zuberori: “Non ikasi duzu aldapak modu horretan jaisten?”. “Zeberion”, erantzun zion Luisek irribarretsu. “Kurbaz beteta dago herria”.
Txirrindularitza profesionala utzi ostean, Bilboko erdigunean kokatutako Ciclos Zubero denda zabaldu zuen, txirrindularitza askorentzat erreferente bilakatutako negozioa.
☉ Zeberio
Zeberioko Ibarra auzoko etxe batzuen ur zikinak ibaira isurtzen egon dira azken urteetan
Udalak azaldu du “arrazoi ezezagunak direla eta” auzo erdia ez dagoela saneamendu sistemako sare nagusira konektatuta

Zeberioko Udalak konponketa-lanak hasiko ditu Ibarra auzoko zenbait etxetan, saneamendu sisteman arazoak detektatu dituztelako. Izan ere, auzotar batek abisua eman zion Udalari, bere etxeko ur zikinak Zeberio ibaira isurtzen ari zirela uste zuelako.
“Auzo erdia ez dago saneamendu sistemako sare printzipalera konektatuta”, azaldu dute udal ordezkariek. “Ondorioz, ur zikinak Zeberio errekara isurtzen egon dira azken urteetan”. Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu du ahalik eta lasterren ekin nahi dietela konponketa horiei, “urtea amaitu baino lehen, ondo bidean”.
Ereinen bidez 6.000 euroko diru laguntza jasoko du Udalak eta guztira 17.000 euro bideratuko dute konponketa hauek egin ahal izateko (BEZa kanpo).
Arazoaren jatorria
Auzotarraren abisua jaso ostean, udal langileak Ibarrara gerturatu eta proba batzuk egin zituzten: “Hala izan zen: komuneko ponpatik tira egitean ura errekara zuzenean isuri egiten zela ikusi genuen”.

Zeberio ibaia, Ibarra auzoan // Geuria
Arazo honek Ibarrako laupabost etxebizitzei eragiten die. “Duela urte batzuk obrak egin ziren arazo honen haritik”, azaldu dute Udaletik. “Baina ezagutzen ez dugun arrazoi batengatik etxebizitza horiek ez daude saneamendu sistemako sare nagusira konektatuta”.
☉ Zeberio
Otso baten antza duen txakur bat bilatzen ari dira Zeberion
Jabeen arabera Runa ez da animalia arriskutsua baina bai beldurkorra

Runa izeneko txakur eme bat galdu zen atzo Untzetapiku mendiko antenen zonaldean, 11:30ak aldera, eta Zeberio aldetik ari dira bere bila.
Txaku-otso txekoeslovakiarra arrazakoa da, tamaina handikoa eta gris eta zuri koloreduna (lur koloreduna). Jabeen arabera ez da animalia arriskutsua baina bai beldurkorra. Bederatzi urte ditu eta uhal beltza darama lepoan, militar koloreduna.
Norbaitek ikustekotan 666 200 441 telefono zenbakira deitzea eskatu dute (Markel).

☉ Zeberio
Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egingo dute Zeberioko Gau Beltzan
Zeberioko plazan antolatu dute, urtero lez, Gau Beltza, 18:00etatik aurrera

Gutxi falta da Gau Beltza edo Arimen Gaurako eta Zeberion programa interesgarria prestatu dute Txubelasu Guraso Elkarteko kideek herritar guztientzat, herriko plazan.
Gaztainerrea, ibilbide magikoa – Sanduli Manduli, Lamien dantza… eta musika, jatekoa eta edatekoa izango dute bertara gerturatuko direnek.
Egitaraua | Zeberioko Gau Beltza 2025
Urriak 31, barikua
18:00 Gaztainerrea
18:30 Ibilbide magikoa – Sanduli Manduli
20:00 Lamien Dantza






















