Sareak

☉ Galdakao

Jon Crespo preso galdakoztarrari hirugarren gradua baliogabetu diote; Basauriko espetxera itzuli beharko du

|

Basauriko espetxean sartu beharko du galdakoztarrak, bigarren graduan // Geuria

Jon Crespo preso galdakoztarrari hirugarren gradua baliogabetu diote eta Basauriko espetxean sartu beharko du bigarren graduan. Hala ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzak errekurtsoa jarri ondoren. Etxeratek eman du Cresporen gradu-erregresioaren berri.

2002tik dago kartzelan Crespo eta 25 urteko zigorra betetzen ari da, talde armatuarekin kolaboratzeagatik, kalteengatik, sute bat eragiteagatik, lesioengatik, desordena publikoengatik eta lehergailuak edukitzeagatik. Valdemoro, Topas, Murtzia eta El Duesoko espetxeetan izan da, eta iaz Basauriko espetxera lekualdatu zuten, hirugarren graduan. Orain, ordea, bigarren gradura itzularazi dute.

Iazko abuztuan zigorraren hiru laurdenak bete zituen, eta espetxe legedia eta erantzukizun zibila onartu zituen. Biktimen mina arintzeko nahia adierazi zuen idazki baten bitartez, indarkeria erabiltzeari uko eginez eta jarduera armatutik aldenduz. Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak hirugarren graduan utzi zuen Crespo 2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia jaso baino lehen. “Denbora guzti horretan, preso bizkaitarra kalean izan da, eskatutako baldintza guztiak betetzen baititu, eta ez du, inola ere, sailkapena gaizki erabili”, diote Etxeratetik.

“Birgizarteratzeko eskubidea, urratuta”

Etxeratetik salatu dutenez, “Unai Fano preso larrabetzuarrari gertatutakoaren antzeko egoera errepikatzen da Cresporen kasuan. 2021eko irailaren 28an Basauriko espetxean bigarren graduan sartu zen, Basauriko espetxe horretako tratamendu-batzordeak, Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak (SGIP) berretsita, hirugarren gradura pasa eta zortzi hilabetera”.

“Beste behin ere, salatu nahi dugu AN berriro ere oztopoa dela euskal presoek haien eskubideak erabili eta espetxe-legezkotasunaren aldeko bidea egiteko orduan. Autoak salbuespen handiagoa dakar, duela lau hilabetetik kalean normaltasun osoz eta ezarritako baldintza guztiak errespetatuz zegoen pertsona baten birgizarteratzeko eskubidea urratzen baitu”, diote Etxeratetik: “Horrelako ebazpenen atzean, gainera, ez dago presoa bakarrik, senideak eta ingurukoak ere daude, are gehiago lege arrunta aplikatuko balitzaie euskal preso askok etxean egon beharko luketelako. Uste dugu euskal gizarteak gatazkaren ondorioen konponbidean aurrera egiten jarraitzeko eskubidea duela, eta presoek, kasu honetan Jon Crespok bezala, itzultzeko eskubidea dute”.

☉ Galdakao

Perejilek Folklore Taldea eratu dute Galdakaon eta gaur kalejira egingo dute herrian zehar

Taberna ibiltari antzeko bat egingo dute. Euskarazko abesti ezagunak abestuko dituzte, baita gaztelerazko batzuk ere

|

Perejilek Folklore Taldea sortu dute Galdakaon eta gaur kalejira egingo dute herriko tabernetatik.

Kalejira 17:30ean hasiko dute On Kafen, eta arratsaldea (hiru orduz) emango dute kantuan eta jai giroan.

Gildatxo, Muguru, Baserri, Alai, Sorgiñe, Ganguren, Zurrut, Ganbara eta Herriko Benta tabernetatik ere igaroko dira.

“Euskaldunen abestiak ditugu errepertorioan: Lau teilatu, Oihanian, Baratze bat… Badugu gaztelaniaz den baten bat edo Euskal Herritik kanpo sortua izan arren, bertakoek maitekiro hartu dutena”, esan diote GEURIAri.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Olentzerorekin, Mari Domingirekin eta Galtzagorriekin topo egin dugu Galdakaon!

|

Olentzero, Mari Domingi eta Galtzagorriekin topo egin dugu gaur Galdakaon!! Entzun GEURIAko ikus-entzuleei helarazi dieten mezua!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Gazteei arreta psikologikoa eta afektibo sexuala eskainiko die Udalak Whatsapp bidez

Profesional kualifikatuek artatuko dituzte gazteak. “Zerbitzu berri hau aholkularitza, arreta eta laguntza psikologikoa eskaintzen duen espazio segurua izango da”, diote udal ordezkariek

|

Zerbitzua 12 urtetik gorako Galdakaoko gazteei dago zuzenduta // Miquel Parera, Unsplash

Batera proiektuaren barruan gazteentzako zerbitzu berria martxan jarri du Galdakaoko Udalak: arreta psikologikorako eta afektibo sexualerako Whatsapp bidezko zerbitzua, hain zuzen.

Zerbitzua 12 urtetik gorako Galdakaoko gazteei dago zuzenduta eta helburu nagusia da laguntza emozionala eskaintzea.

Horretarako profesional kualifikatuek artatuko dituzte gazteak, “arreta konfidentziala eta kalitatezkoa eskainiko diena”, diote udal ordezkariek.

“Entzute erreala eta pertsonala bermatuko da horrela, adimen artifizialeko aplikazioek ematen dituzten erantzun automatikoetatik urrun. Beraz, harremanen eta emozioen inguruan dituzten kezkei ohikoa eta gertukoa zaien baliabidearen bitartez erantzungo zaie gazteei, baina modu profesional eta seguru batean. Gazteengandik hurbil egotea eta behar duten akonpainamendua egitea da helburua”, diote.

“Espazio segurua”

Profesional espezializatuek gazteei osasun psikologikoarekin eta harreman pertsonalekin lotuta dituzten kezka eta zailtasunetan entzun, ulertu eta euren bideetan lagunduko diete.

“Zerbitzu berri hau aholkularitza, arreta eta laguntza psikologikoa eskaintzen duen espazio segurua izango da”, diote.

Besteak beste, norbere buruaren zainketa eta autoestimua, estresaren eta bakardadearen kudeaketa, bikote harreman gatazkatsuetatik ateratzeko edo horiek konpontzeko laguntza, kontsumo eta adikzio egoerak lantzea, edota indarkeriak detektatzea dira landuko dituzten gaiak.

“Eta hori dena, arreta hurbil, konfidentzial eta pertsona bakoitzaren errealitate eta beharretara egokitutik abiatuta”, diote.

Zerbitzu hau erabili nahi duten gazteek informazioa eskatu dezakete 747 480 472 telefono zenbakira deituta, batera@galdakao.eus helbidera idatzita, edo aurrez aurre Torrezabal Kultur Etxean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Miren Arzalluz galdakoztarrak Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina jasoko du

|

Miren Arzalluz Bilboko Guggemheim Museoko zuzendari izendatu zutenekoa // Guggemheim Bilbao

Espainiako Kultura Ministerioak atzo iragarri zuen nortzuek jasoko duten 2025eko Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina.

Eta, saria jasoko duten kulturaren munduko 35 izenen artean da Miren Arzalluz Loroño galdakoztarra.

Ernest Urtasun Kultura ministroak proposatuta Arzalluz sarituko dute eta arrazoi hauek eman dituzte: “Bere ibilbideak ikerketa, kontserbazioa, dibulgazioa eta lidergoa uztartzen ditu, ekosistema kulturalari ikuspegi berriak emanez, tradizioa, berrikuntza eta proiekzio globala lotuz, eta artearen, modaren eta gizartearen arteko lotura indartuz”.

Artearen historialaria eta modan espezializatutako kultur kudeatzailea da Arzalluz eta iazko azaroan Bilboko Guggenheim museoko zuzendari izendatu zuten.

Aurretik, ordea, ibilbide luzea izan du: Cristobal Balenciaga Fundazioan hasi zuen bere ibilbidea; 2018an, Palais Galliera – Parisko Modaren Museoaren zuzendaritza hartu zuen, eta erakunde horren buru izan zen kudeatzaile ez-frantziar bakarrenetako bat izan zen.

Hainbat errekonozimendu jaso ditu, hala nola, Frantziako Arteen eta Letren Ordenako Zaldun saria, Felicidad Duce saria eta Cooper Hewitt Smithsonian Design Museum-eko National Design Awards sarietako epaimahaikide izan da.

Arzalluzez gain, Agustin Ibarrola artista basauriarrak ere jaso zuen Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina, 1993an. GEURIAk Ibarrolarekin luze eta zabal berba egin zuen 2015ean egindako elkarrizketan bere bizitzaren errepasoa eginez.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Aurten urteurrena bete duten zazpi elkarte aitortu ditu Galdakaoko Udalak

Aurten urteurren borobilak egin dituzte Ganguren Mendi Taldeak, Andra Mari Dantza Taldeak, Adiskide Pilota Elkarteak, Guzur Aretxa Kultur Elkarteak, Los Tonos Humanos Abesbatzak, Rigor Mortis Elkarteak eta Da Capo Musika Bandak. Denei oroigarria eman die Udalak

|

Ganguren Mendi Taldea, Andra Mari Dantza Taldea, Adiskide Pilota Elkartea, Guzur Aretxa Kultur Elkartea, Los Tonos Humanos Abesbatza, Rigor Mortis Rol eta Simulazio Elkartea eta Da Capo Musika Banda omendu ditu Galdakaoko Udalak.

Aurten urteurren borobilak egin dituzte: Gangurenek 80 urte, Andra Marik 70, Adiskidek 50, Guzur Aretxak eta Los Tonos Humanosek 40 urte, Rigor Mortisek 30 eta Da Capok 10.

Eta herriko zazpi elkarte horiei aitortza egiteko ekitaldia antolatu zuen atzo Udalak Torrezabalen.

“Elkarte horien konpromisoa, dedikazioa eta ekarpen soziala eta kulturala balioan jarri nahi izan ditugu”, esan zuen Eguzkiñe Gezuraga Udaleko Giza Baliabideetako zinegotziak. Berak gidatu zuen ekitaldia.

Ezkerretik eskumara: Xabier Zabalo (Guzur Aretxa), Belen Madariaga (Los Tonos Humanos Abesbatza), Edu Olea (Ganguren Mendi Taldea), Iñigo Hernando alkatea, Amaia Souto (Da Capo), Alazne Solinis (Rigor Mortis), Gaizka Uriarte (Adiskide) eta Unai Zabala (Andra Mari) // Geuria

Udalak oroigarria eman zien zazpi elkarteetako ordezkariei: Eider Eibar herriko ilustratzaileak eta Asier Martin bertsolari galdakoztarrak elkarte bakoitzarentzat marrazki eta bertso pertsonalizatuekin egindako koadroak, hain zuzen.

Edu Oleak (Ganguren), Unai Zabalak (Andra Mari), Gaizka Uriartek (Adiskide), Xabier Zabalok (Guzur Aretxa), Belen Madariagak (Los Tonos Humanos Abesbatza), Alazne Solinisek (Rigor Mortis) eta Amaia Soutok (Da Capo) jaos zuten oroigarria.

Iñigo Hernando alkateak elkarte bakoitzari bere urteurreneko zenbakia duen margolana eman zion opari gisa, Asier Martin bertsolariak elkarte bakoitzerako prestatu dituen bertsoak abestu zituen bitartean. Ekitaldiaren amaieran, gainera, alkateak ere bertsoa bota zuen elkarteei eskerrak emateko.

Osorik irakurri