Sareak

☉ Basauri

Ixatxak sariak banatuko dituzte berriro Basaurin: Iñaki Garcia Uribe eta Jose Ramon Oyarbide

|

2019ko Ixatxak Sarien banaketa ekitaldia // Geuria

Ixatxak Sariak banatuko dituzte berriro Basaurin. Duela bi urte bertan behera geratu ziren Covid-19 pandemiagatik, eta aurten sari banaketa berreskuratu du San Jose ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak. 2020an iragarritako herritarrak sarituko dituzte 2022ko edizioan (23. edizioa): Iñaki Garcia Uribe etnografoa eta Jose Ramon Oyarbide odol-emailea.

Sari banaketa, ohikoa den bezala, martxoaren 19an izango da San Jose ikastetxeko areto nagusian. Gainera, Basauri Koral Elkartearen, Danbolin Txistulari Elkartearen eta Edurre Dantza Taldearen emanaldiak izango dira. Aurten, bestetik, aitortza egin nahi diote Rafa Ibargüen Basauriko alkate ohiari, “Eskarabileraren ikurra hemendik kanpo zabaltzeagatik”, adierazi zuen duela bi urte Javi Landeta San Jose ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteko kideak.

San Jose ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak banatzen ditu urtero Ixatxak Sariak 1997tik. Sari hauen helburua da Basauriko eta inguruetako eta eskualdeko pertsonak edota instituzioak omentzea, gizartearekiko, kulturarekiko edota kirolarekiko egiten duten lanarengatik. Garaikurra Victor Sarriugarte artista basauriarrak sortu zuen eta Valentin Fernandez ‘Pinceles’ pintorea du oinarri, ‘Ixatxak’ ezizenez ere ezaguna.

IXATXAK SARIAK 2022

Martxoak 19, larunbata
11:15 Basauri Koral Elkartea
11:35 Gizarte Saria: Jose Ramon Oyarbide
11:50 Danbolin Txistulari Elkartea eta Edurre Dantza Taldea
12:10 Kultur Saria: Iñaki Garcia Uribe
12:25 Basauri Koral Elkartea, Danbolin Txistulari Elkartea eta Edurre Dantza Taldea
12:45 Rafa Ibargueni aitortza (Eskarabilera-2007)
13:00 Erreberentzia-agurra
13:15 Asier Iragorri alkatearen agurra

☉ Basauri

Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

|

Herritarra, Social Antzokiko inguruko obrei begira // Geuria

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.

“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.

Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik

Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

|

Sidenor lantegiko sarrera Basaurin // Geuria

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.

Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.

Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.

Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.

Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.

Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.

Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.

Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.

Harremana etetea

Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.

Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.

Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.

Osorik irakurri

☉ Basauri

La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak

Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

|

La Basconiako nabeak // Geuria

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.

“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.

Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.

“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.

Hiru gune

Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.

Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.

La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.

2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin

‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

|

Maddi Ane Txoperena 'Ez erran inori' nobelaren egilea urriaren 29an izango da Marienean // Geuria

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.

Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.

Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.

2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.

Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basozelaiko haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak

Lanak lau hilabetez luzatuko dira. Estalkia jartzeaz gain, gune horren ondoan erabilera anitzeko pista berria egingo dute

|

Haurren parkea estaltzeaz gain, futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute ondoan dagoen berdegunean // Geuria

Basozelaiko futbol zelaiaren ondoan dagoen haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak. Gainera, futbol-zelaiaren eta jolasgunearen artean dagoen orubean futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute.

Lanak aste honetan hasi dituzte eta lau hilabetez luzatuko dira. Udalak 619.520 euro bideratuko ditu esku hartze horietan.

Bestetik, Soloarteko futbol zelaiaren atzealdean dagoen eserleku-eremua estaltzeko lanei ekingo dio laster Udalak. Eta, horrez gain, Solobarria plazan estalkia jartzeko proiektua idazteko kontratua lizitazio-prozesuan dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek.

“Gure asmoa da udalerriko kirol-eremu eta atsedenleku gehiago estaltzen joatea, basauriarrek aisialdirako gune eta aukera gehiago izan ditzaten urte osoan zehar, baita eguraldi txarra dagoenean ere. Parke, kirol-kantxa, eskola-patio eta banku-eremu gehiago estaltzea izan zen basauriarrekin aginte-planean hartu genuen konpromisoetako bat, eta betetzen ari gara”, esan du Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.

Osorik irakurri