☉ Etxebarri
Ziratz Apraiz: «Migrazioetan ume eta nerabeen egoera latza agerian utzi nahi dugu ipuinarekin»
‘Islam txikia eta izeba Kamilaren kobazuloa’ Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearen ipuina itzuli du Ziratz Apraiz etxebarritarrak euskaratik frantsesera.

Etxebarritik Gernikara joan zen bizitzera Ziratz Apraiz (Bilbo, 1990) duela urte batzuk -argazkian, erdian-. Irakaslea da bertako institutuan. Itzulpengintza ikasi zuen, eta gaur egun frantses irakaslea da Gernikako Institutuan. Horrez gain, Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko parte da, eta duela gutxi ‘Islam txikia eta izeba Kamilaren kobazuloa’ ipuina argitaratu dute. Ziratzek euskaratik frantsesera itzuli du ipuina.
Zelan sortu zen Busturialdeko Harrerak butzatutako ‘Islam txikia eta izeba Kamilaren kobazuloa’ proiektuan parte hartzeko ideia?
Busturialdeko Harrera taldeko kideek bultzatutako proiektua da. Alejandra Loizagak testua irakurtzeko eskatu zidan lehenengo. Gero, ume eta nerabeei egokitzeko laguntza eskatu zidan, nik horiekin lan egiten baitut. Azkenean, ipuina itzultzea ere erabaki genuen, ahalik eta jende gehienak uler zezan. Harrera taldeko kide gara Tamsir Ndoye artista senegaldarra eta biok, eta segituan eman genion baietza Alejandraren proiektuari.
Zer kontatzen du ipuinak?
Istorioa tximino batek idazten duen gutun bat da. Tximino hau Islamen laguna da, Afrikan egondako azken egunetan ezagutu zuten elkar. Primateak Europako biztanleoi galdetzen digu ea Islam, bere familia eta harekin txalupan igo ziren beste gizakiak ondo dauden. Istorio nagusi honekin batera beste istorio bat nahasten da; izebarena, hain zuzen.

Ziratz Apraiz, erdian, Alejandra Loizaga eta Tamsir Ndoyerekin batera // Txebi Arriaga
Itzultzaile lanak egin dituzu: euskaratik frantsesera itzuli duzu ipuina.
Gure helburua liburua haur, nerabe eta eskoletara heltzea denez, euskarazko bertsioa ezinbestekoa zen. Bigarren hizkuntza bat aukeratu behar genuen eta ez zen inondik inora erraza izan. Alde batetik, hemen argitaratuko zen liburu bat izanik, gaztelaniaz ere egotea zen bertako jende ez euskaldunari aurkezteko bidea. Baina, beste alde batetik, istorioa migrazio bideetan daudenentzako istorio bat dela kontutan izanda, eta haiei egin nahi diegun omenaldi bat ere badela aintzat hartuta, azkenik frantsesa aukeratu genuen. Izan ere, Afrikako herrialde askotako biztanleen bigarren hizkuntza da frantsesa eta modu horretara beraiek gure ipuina ulertzea ahalbidetu nahi genuen. Edozein kasutan, pentsatuta daukagu hurrengo ale sorta argitaratzen dugunean, gaztelaniazko bertsioa ere sartzea.
Ahalegin handia izan da zuretzat ipuina euskaratik frantsesera itzultzea?
Euskarazko testuari buruzko milaka galdera egin ahal izan dizkiot Alejandrari, eta frantsesez itzulitakoa ere komentatu ahal izan dut berarekin. Detaile eta ñabardura guztiak kontsultatu ahal izateak izugarri erraztu du nire lana. Proposamen desberdinen aurrean, erabakiak ez ditut nik bakarrik hartu behar izan eta itzultzaile batentzat horrela lan egin ahal izatea luxua da.
Euskarazko testua zuzentzen ere ibili zara.
Alde batetik, esaldi egiturak moldatu ditugu ideiak ulerterrazagoak izateko, gure publikoak daukan ulermen mailara egokituz. Gainera, hitz batzuk azpimarratuta daude, irakurleek beraien inguruan hausnartu, informazioa bilatu eta galdetu dezaten. Ipuin hau, ipuin izan arren, ez da bakarrik irakurtzeko istorioa. Ez dugu banakako irakurketa moduan ikusten. Familia edo taldeko irakurketa bat proposatzen dugu kontatzen denaren atzean dagoenari buruz hitz egiteko. Istorioak berak argitu beharreko gai asko inplikatzen ditu.
Zer nolako esperientzia izan da ipuin honen itzulpen lana?
Eskatu daitezkeen baldintza onenetan eman da: denbora presiorik gabe, milaka moldaketa eta zuzenketa egiteko aukerarekin eta guzti-guztia kontsultatuz. Esperientzia ederra eta lasaia izan da, eta normalean itzulpen bat ez da halakoa izaten. Denbora izateak, proposamenak taldean kontsultatu ahal izateak eta daukagun ilusioak, mimo handiz egindako lan bat dute ondorio.
Itzultzaile automatikoak gero eta gehiago erabiltzen dituzte herritarrek. Imajinatzen dut zuk ez duzula erabili. Zure lana kostatuko zitzaizun.
Itzultzaile automatikoak gero eta sistema hobeak diren arren, ezin dute eta ezingo dute inoiz itzultzailearen lana ordezkatu. Gure lana ez da hitzez-hitzezko ordezkapen hutsa, zorionez. Ideiak transmititzea da guk egiten duguna, hitz bakoitzaren baliokidea aurkitzea baino.
Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuaken parte zara.
2018ko migrazio krisian, Gernikan talde inprobisatu bat sortu zen heltzen ari zen migrante kopuru handiari aurre egiteko. Itzultzaile bila zebiltzan, frantsesa askok menperatzen duten hizkuntza delako, eta segituan jarri nintzen beraiekin kontaktuan.
Zer egiten duzue?
Gaur egun, Harrera taldea ez dago aktibo baina badihardugu Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdearen izenean. Gehienbat salaketa lana egiten dugu orain. Momentu hartan heltzen ziren pertsonei berehalako babesa ematen zion taldeak. Astra harrera toki bihurtu genuen eta migranteak behar zituzten instituzio eta zerbitzuetara bideratzea izan zen gure betebeharra.
Ipuina saldu egingo duzue. Zer egingo duzue biltzen duzuen diruarekin?
Migrazio prozesuetan murgildurik dauden ume eta nerabeen egoera agerian utzi nahi dugu liburu horrekin. Horregatik, biltzen den dirua haurtzaro eta hezkuntzarekin lotutako proiektuetan berriro inbertitzea da gure helburua.
Apirilaren 29an aurkeztu zenuten ipuina Gernikan. Asmorik baduzue, adibidez, Etxebarrin edo beste herriren batean ere aurkezteko?
Bai, beste herri eta liburutegi batzuetan aurkeztu nahiko genuke harrera handiagoa izan dezan. Oraindik ez daukagu datarik adostuta, baina bagabiltza pare bat herritako eragile eta elkarteekin hizketan.

Apirilaren 29an ipuina aurkeztu zuten Gernikako Astran // Utzitakoa
Irakasle zara, eta itzulpengintza ikasi zenuen.
Bai. Gasteizen ikasi nuen Itzulpengintza eta Interpretazioa eta bi urte atzerrian pasatu nituen: Kanadan eta Frantzian. Garai hartan ez nuen hizkuntza bakarrean zentratu nahi, adibidez, filologia bat eginez. Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit eta bakarra lantzea guztiz mugatzea iruditu zitzaidan. Itzulpengintzara sartzea erabaki nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Ez bakarrik hizkuntzak ikasteagatik, baita hizkuntzei buruz ikasteagatik ere.
Itzultzaile bezala lana topatzea zaila da?
Ez naiz itzulpen munduan lanean luzaroan aritu. Ikasketak bukatutakoan, itzulpen enpresa baten hasi nintzen, baina aldi berean masterra egiten ari nintzen lan baldintzak oso txarrak zirelako. Orain, irakasle izanda, nahi ditudan itzulpen proiektuak aukera ditzaket, baina hori ez da itzultzailearen errealitatea.
‘Islam txikia eta izeba Kamilaren kobazuloa’ ipuinaz gain, bestelako itzulpenik egin duzu?
Bai. Gehienetan inguruko jendeak behar izan dituen itzulpenak egin izan ditut. Esaterako, enpresa barneko komunikazioak, udaletxeko protokolo bat edota dokumental baten azpi-idatziak.
Gernikako Institutuan irakasle zara. Hizkuntzekin harremanetan zaude nolabait.
Frantsesa irakasten dut institutuan, egunero nago hizkuntzarekin harremanetan. Oso gaztea naizenetik eman izan ditut hizkuntzen klase partikularrak eta irakaskuntzan nagoenetik ez dut nire burua beste inon ikusten. Bizirik dagoen zerbait irakasten dut, erabil daitekeena eta mundura zubiak eraikitzen dituen arlo praktikoa. Ezin da askoz gehiago eskatu.
Nahiz eta Etxebarrin ez bizi, loturarik baduzu oraindik herriarekin?
Gernikan bizi naiz modu jarraian 2014tik. Nire ama etxebarritarra da eta gurasoak ia beti bizi izan dira Etxebarrin. Nire familiaren zati handi bat herrian bizi da eta sarritan egoten naiz bertan ni ere.
☉ Etxebarri
Etxebarrik zortzi pertsona kontratatuko ditu sei hilabetez lan egiteko
Profil desberdinetako lanpostuak beteko dituzte eta hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko interesdunek Lanbiden eman behar dute izena azaroaren 18a baino lehen

Langabezian dauden zortzi pertsona kontratatuko ditu Etxebarriko Udalak sei hilabetez lan egiteko % 75eko lanaldian.
Zehazki profil hauek dira kontratatuko dituztenak: bi agente zibiko Udaltzaingoarekin elkarlanean bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko; bi administrari-laguntzaile; bi komunikazio-dinamizatzaile; datu-baseetako analista bat; eta biltegiko laguntzaile bat.
Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, Lanbideren webgunean lanpostu bakoitzerako adierazten den eskaintzan izena eman behar dute interesdunek. Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 18ra arte.
“Lanpostuak sortzeaz gain, enplegua sustatzeko tokiko ekintza horien helburua partehartzaileen inklusioa, prestakuntza eta egonkortasuna bultzatzea da”, diote udal ordezkariek.
Etxebarriko Udalak 89.500 euro bideratuko ditu 2025-2026 Enplegu Planera, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak sustatutako dirulaguntzari esker.
☉ Etxebarri
Beldurrezko Pasabidea antolatu dute Etxebarrin asteburuan Gau Beltzaren egitarauaren barruan

Arimen Eguna ospatuko da asteburuan Hego Uribeko udalerrietan. Etxebarrin Beldurrezko Pasabidea antolatuko dute aurten ere: ‘Ispilu beltzaren madarikazioa’.
Urriaren 31n, azaroaren 1ean eta 2an bisitatu ahalko dute herritarrek Beldurrezko Pasabidea Kultur Etxean. Jarduera doakoa da, baina interesa dutenek sarrera eskuratu beharko dute esteka honen bitartez. Oraindik azaroaren 1erako eta 2rako sarrerak daude eskuragarri.
Pertsona bakoitzak 8 sarrera lortu ahal izango ditu gehienez; izan ere, bisitak 6-8 laguneko taldeetan egingo dituzte 10 minuturo.
“Pasabide hori udazkeneko hitzordurik gogokoenetariko bat da Etxebarrin, eta belaunaldien arteko lanaren emaitza dugu”, diote udal ordezkariek: “Talka taldeko 12 eta 17 urte bitarteko gazteek eta eguneko zentroko adinekoek parte hartzen dute lan horretan, eta elkarrekin ari dira egiten izuaren etxea girotuko duen dekorazioaren zati bat”.
Tailerra gaztetxoentzat
Beldurrezko Pasabideaz gain, Gau Beltzari buruzko tailerra antolatuko du Etxebarrin Beti Batera elkarteak 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.
Urriaren 31n izango da eta tailerra honakoa: sorginen txanoen apainketa eta ‘Saria edo Ziria’ jokoa.
Amezola plazan izango da tailerra eta dagoeneko plaza guztiak bete dituzte.
Jasoko duten diru guztia Julenett elkarteari emango diote, Rett sindromea ikertzearen aldeko elkarteari.
☉ Etxebarri
Ertzain batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean izandako istripu batean
Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri baten atzetik joan ostean, Ertzaintzako patruila-autoak istripua izan du kotxe harekin

Ertzaintzako agente batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean gertatutako esku hartze baten ostean.
Gertaerak gaur goizaldean gertatu dira: Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri batek ez die jaramonik egin ertzainek bere martxa gelditzeko emandako argibideei. Ertzainak ikusterakoan, ibilgailuak ihes egin du, eta modu arriskutsuan gidatu du, patruila atzetik zuela, errepidetik irten den arte. Orduan, patruila-autoak istripua izan duen ibilgailuarekin talka egin du.
Ibilgailuaren barruan hankan igeltsua zeraman gizon bat (gidaria), emakume bat eta adingabe bat zihoazen. Gidaria eta adingabea zauritu egin dira, eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman behar izan dituzte.
Kasuaz Bilboko Udaltzaingoa arduratu da, Ibarsusiko biribilgunean gertatu baita istripua. Eta, ohiko protokoloari jarraituta, ibilgailua gidatzen ari zen agenteari alkohol eta droga-test bat egin diote, eta positibo eman du drogetan.
Agenteak odoleko kontraste-proba bat eskatu du. Ertzaintzak antolaketa neurriak hartu ditu, eta, kautelaz, agente horrek ez du polizia-lanik egingo kalean; horren ordez, eta odoleko kontraste-probaren emaitzak jaso eta gertatutakoa argitu arte, barne-lanak egingo ditu.
Gertakarian inplikatutako bi agenteak bajan daude mutuatik igaro ondoren, eta ihes egindako ibilgailuaren gidaria ikertzen ari dira trafiko-segurtasunaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa.
☉ Etxebarri
Etxebarriko herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu 100.000 euro 2026ko aurrekontuan
Herritarrek azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete euren proposamenak. Ondoren, Udalak azken zerrenda egingo du, etxebarritarrek bozka eman dezaten

Aurrekontu parte-hartzaileak martxan jarri ditu Etxebarriko Udalak. Herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu behar dituen Udalak 100.000 euro datorren urteko aurrekontuan.
“Prozesu horren bidez, Etxebarriko auzotarrek udalerriarentzat onuragarriak diren ideiak eta proiektuak proposatu ahal izango dituzte”, diote udal ordezkariek.
Ekarpenak azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete herritarrek. Horretarako bi bide dituzte: udal webgunearen bitartez (esteka honetan) edo aurrez aurre Cime eraikinera bertaratuz.
Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, Udalak ekarpen guztiak bilduko ditu eta gehien errepikatzen diren, bideragarrienak diren eta eskuragarri dagoen esparru ekonomikora egokitzen diren proposamenen zerrenda egingo du.
Bigarren fase batean bozkatzeko epea zabalduko du Udalak eta etxebarritarrek zuzenean aukeratu ahal izango dituzte gauzatuko diren proiektuak.
☉ Etxebarri
Kuantika ardatz izango du aurten Etxebarriko Zientzia Asteak bere hamargarren urteurrenean
Umeentzako drone tailerra, kuantikari buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatuko dituzte azaroaren 10etik 14ra bitartean Etxebarrin

Zientzia Astea antolatuko dute beste urte batez azaroaren 10etik 14ra Etxebarrin. Aurtengoa hamargarren edizioa da eta kuantika izango da gai nagusia, eta Adimen Artifiziala ere jorratuko dute.
“Ekitaldi horren helburua da kultura zientifikoa herritar guztiei hurbiltzea eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoaren eta berrikuntza teknologikoaren garrantziaz”, esan du Iker Lopez alkateak.
Aurtengo egitarauan, besteak beste, umeentzako drone tailerra (frontoi barruan), energia berriztagarriei buruz kontzientziatzeko saioak, kuantikari buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte.
Horretarako, EHU eta Mondragon Unibertsitatea, Tecnalia, KZgunea, BBK Herriz Herri erakundeen lankidetza izango du Etxebarriko Udalak.
Zientzia Asteko jardueretan parte hartzeko izen-emateak (doakoak) urriaren 29an zabalduko dituzte. Intertesdunek cimenet.net webgunearen bitartez edo 944 496 871 telefono zenbakira deituz eman dezakete izena.
“Horrez gain, aurten, aurreko gure Zientziaren Asteetan egin dugun bezala, gure saltokien lankidetza izango dugu, eta bezeroei hitz baten bidez kuantikak iradokitzen dienari buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko ditugu. Ekimen hau urriaren 28tik Zientzia Astea amaitu arte egongo da martxan, azaroaren 14ra arte”, dio Ruth Martinez Cime eta Merkataritza arloetako zinegotziak.
Egitaraua | Zientzia Astea 2025
Azaroaren 10etik 14ra bitartean, programa hau hartuko du Etxebarriko Zientzia Asteak:
- Hitzaldia: “Teknologia kuantikoak, zientzia-fikziozko filmetatik errealitatera”. Alejandra Ruiz doktorea (Tecnalia)
- Hitzaldia: “Zer da adimen artifiziala”. Eneko Echarri (KZ Gunea)
- Hitzaldia: “Konputazio kuantikoaren dibulgazioa”. Aitor Moreno (LKS Next)
- Tailerra: “Digitalizazio lagunkoiko tailerra” (BBK Herriz Herri)
- Tailerra: “Googaz” (BBK Herriz Herri)
- Tailerrak: “MoIAzart tailerrak” (Mondragon Unibertsitatea)
- Tailerrak: “Zientziaren magia: mundu kuantikoa esperimentatzen du” (EHU Quantum Center)
- Robotika-tailerrak: “Mundu ikusezinak: zientzia eta robotak ekinean” (Asimov)
- Hezkuntza-tailerra: “Eguzki-konbinazioa eta zientzia kuantikoa dituzten dronen hegaldiak” (Mondragon Unibertsitatea)
- Ikuskizuna: “Abentura kuantikoa” (Eidabe)
Aurrerago egitarau zehatzagoa zabalduko du Udalak, ordutegiekin.







