Sareak

☉ Galdakao

Usansoloko lehen Binakako Duatloiak ateak zabalduko dizkie kirolari guztiei

Martxoaren 26an Usansoloko Binakako I. Duatloia prestatu du U113 Triatloi Taldeak, 12:00etan

|

Martxoaren 26an Usansoloko Binakako I. Duatloia prestatu du U113 Triatloi Taldeak, 12:00etan. Guztira 27,5 kilometro bete beharko dituzte kirolariek 3 sektoretan banatuta: lehenengoan 5 kilometro egin beharko dituzte parte-hartzaileek korrika; bigarren sektorean 20 kilometroko ibilbidea bizikletan eta hirugarrenean beste 2,5 kilometro korrika. “Kirola sustatzea helburu du lehen aldiz antolatu dugun Binakako Duatloi honek”, azaldu dio Xabier Urrutikoetxea U113ko kideak GEURIA komunikabideari. Kirolariek binaka arituko dira Usansoloko proban eta ondorioz jende gehiago animatuko delaren itxaropena azaldu du U113ko kideak.

U113t azaldu dute parte hartzeko bikoteak edo bikote mixtoak osatu ahalko direla eta kirolari federatugabeek ere korrika egin ahalko dutela. Izen emateak otsailaren amaieran zabaldu zituzten RockTheSport webgunearen bidez eta gaur arte 186 lagunek eman dute izena lasterketan eta izena emateko azken eguna martxoaren 20an izango da. “Uste genuen baino parte-hartze handiagoa erregistratzen ari gara lehen edizio honetan”, aitortu du Urrutikoetxeak, “eta benetan aipagarria da emakumeen parte-hartzea: neska askok izena eman dute Binakako I. Duatloian”.

Txirrindulari bat, 2019ko bizikleta proba batean // Usansoloko Triatloi Taldea

Guztira hiru tarifa daude Binakako Duatloian parte hartzeko: bikote federatu bezala (25 euro), bikoteko partaide bat federatua izanik (35 euro) eta bikote ez federatu bezala (45 euro). “Ahalik eta prezio merkeenak ezarri ditugu jende guztiak parte hartu ahal izateko eta gainera, ez dago zertan federatuta izan behar”, dio Xabierrek. Kidearen arabera, modalitate honetako lasterketa askok kirolariak “kikildu” egiten dituzte federatuta egotea eskatzen dutelako. “Gainera, binakako proba izatean bertan parte-hartzeko animoak ematen die bakarka parte hartzeko ‘lotsa’ edo ‘nagia’ zuten kirolariei”.

Probaren amaieran paellada prestatuko dute U113 Triatloi Taldekoek eta galtzerdiak oparituko dizkiete parte-hartzaile guztiei. “Kirolaz harago, mimo handiarekin antolatutako proba izango da eta parte-hartzaileek festa herrikoi giroan gozatzea espero dugu”.

☉ Galdakao

Argazkiak | Moda pasarela bilakatu da gaur Galdakao, Santakurtze jaietan

|

Gaur moda desfilea egon da Galdakaoko jaietan. Fashion Day eguna antolatu du bigarren urtez Gazte Berpiztuk eta hainbat kuadrillak hartu dute parte. Jantzirik eta aurkezpenik onena Antzeko kuadrillak egin du, bigarren sailkatu da Dekantzekoz eta hirugarren Trikiriki. Laugarren Antropayak izan da eta bosgarren Piperrak. Hona hemen desfileko irudirik onenak!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bi gazte atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik

Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarra erabilita sartu ziren bart 19 eta 21 urteko bi gazte. Epailearen esku jarriko ditu Ertzaintzak

|

Ertzaintzako ibilgailuak artxiboko irudi batean // Geuria

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.

Gertaerak bart gauerdian jazo dira: pertsona batek SOS Deiakera deitu du Olabarrietan dagoen eta une horretan hutsik zegoen aita-amaginarreben etxean indarrez sartu direla esanez, instalatuta zuten zaintza-kamera deskonektatu egin dutela konturatu baitira.

Orduan, patruila bat bertaratu eta argi bat piztuta ikusi zuten eta etxebizitzaren goiko aldean bi gazteak aurkitu dituzte.

Bi gazteak epailearen esku utziko dituzte dagozkion eginbideak amaitu ostean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Antzeko, Bertan Kaldo eta Dekantzekoz, Galdakaoko jaietako Playback lehiaketako onenak!

|

Playback lehiaketa mundiala da Galdakaoko jaietan eta atzo zuzenean bizi genuen! Txapeldun Antzeko izan zen: Mamma Miaren ‘Ai ama!’ bertsio euskalduna egin zuen kuadrillak. Euren amei omenaldi zoragarria egin zieten.

Bigarren Bertan Kaldo izan zen, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.

GEURIAn lehenengo hiru postuetan sailkatutako ordezkariak elkarrizketatu zituen: Mirene eta Izaskun (Antzeko), June eta Ane (Bertan Kaldo), eta Ane eta Janire (Dekantzekoz). Aupa zuek!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakaoko jaietako Playback lehiaketa 140 argazkitan!

|

Playback lehiaketa arrakastatsua da Galdakaoko jaietan. Eta aurten ere ez du hutsik egin, beste urte batez Zizpak antolatuta. Irabazle Antzeko izan da, euren Ai Ama! (Mamma Mia!) bertsioari esker, amei omenaldia eginez. Bigarren Bertan Kaldo izan da, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.

 

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute Valentziako uholdeetan egindako lanengatik

Gaur Vienako udaletxean, Austrian, Innovation in Politics Awards sarien irabazleak emango dituzte jakitera, eta otsailean Zero Project sariak banatuko dituzte Vienan ere

|

Ainhoa Crespo eta Alvaro Saiz GBGEko kideak Valentziako kaltetutako eremu batean // GBGE

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute, iazko urritik Valentziako uholdeek kaltetutako eremuetan egindako lanengatik.

Alde batetik, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan dituzte bi proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi humanitarioa.

Nave 51 izeneko proiektuan, Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk, “xahuketa minimizatuz eta jasotako laguntza guztia ahalik eta gehien aprobetxatuz, milaka boluntario eta militarri esker”, dio Ainhoa Crespo GBGEko ordezkariak.

Eta Garbitegi humanitarioa delakoan uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten, “balio praktiko eta emozional handiko doako zerbitzua eskainiz”, dio Crespok.

Innovation in Politics Awards sarien banaketa gaur, irailak 17, izango da Vienako udaletxean, Austrian.

Otsailean: Zero Project sariak

Beste alde batetik, GBGE finalista izendatu dute Zero Project sarietan, “Krisi-egoeretan desgaitasunaren aurrean inklusioa” kategorian.

GBGE elkarteko boluntarioak Valentziako hondamendian // GBGE

Ekintza humanitarioetan, larrialdietan eta hondamendietan inklusio-irtenbideak aitortzen ditu sariketa horrek, eta sari banaketa otsailean izango da Vienan ere; kasu horretan, Nazio Batuen egoitzan.

“Izendapen hauek nazioarteko aitorpena dira Valentziako Dana-ren ondoren izandako elkartasun uholdeari. Nabarmentzekoa da beste modu batean ere erantzun daitekeela hondamendiei: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik ere asko dagoelako berreskuratzera iristeko, baina pozik ere bai, pertsona askoren lan ikaragarriari egindako aitortza delako”, adierazi du Crespok.

Osorik irakurri