☉ Basauri
Leticia Urretabizkaia: “Gure buruak oso argi izan ohi du zer dagoen ondo eta zer gaizki, eta horretan oinarrituta epaitzen dugu ikusten duguna”

‘Komunikazioa, zainketak eta komunitatea’ tailerra antolatu du gaur, maiatzak 25, Zurrumurruen Aurkako Sareak Basauriko Basozelaiko Gizarte Etxean (18:00-20:00). Tailerra Leticia Urretabizkaia Gil gizarte-ikertzaile, taldeen bideratzaile eta harremanak izateko, komunikatzeko eta zapalkuntzez eta pribilegioez jabetzeko moduei buruzko gogoeta-guneen dinamizatzaileak emango du.
Tailerrean parte hartuko dutenek komunikatzeko dugun moduari eta elkarri entzuteko moduari buruz hausnartuko dute; “izan ere, askotan, harreman-modu horiek ez dituzte zaintzen ez harremanak, ez gainontzeko pertsonak, ez gu geu”, diote Zurrumurruen Aurkako Estrategiako arduradunek.
Nola komunikatzen gara gaur egun?
Oro har, komunikazioaz ari garenean, arreta handiagoa jartzen diogu hitz egiteari entzuteari baino, eta adiago egoten gara esango dugunari, entzuteko moduari baino. Horrela, alde batetik, hitz egiten dugunean, gure asmoa konbentzitzea izaten da, arrazoia dugula erakustea edo eztabaida batean irabaztea. Beste pertsona batzuez ari garenean, orokortzeko, etiketatzeko, sailkatzeko edo kritikatzeko joera dugu. Zergatik egiten dugu hori? Gure buruak oso argi izan ohi du zer dagoen ondo eta zer gaizki, eta horretan oinarrituta epaitzen dugu ikusten duguna; gure ustez ondo dagoena saritzen dugu, eta gaizki dagoena egiten dutenak zigortzen edo erruduntzat jotzen ditugu.
Eta entzutea tokatzen zaigunean?
Entzutea tokatzen zaigunean ere adiago egoten gara zer erantzun dezakegun, entzutea baino. Horrela, entzuten dugun bitartean, entzuten ari garenarekin ados gauden ala ez pentsatzen egoten gara. Adibidez, pentsa dezagun maite dugun pertsona bati entzuten diogula zerbaitek mugituta dagoela eta hitz egin behar duela. Kasurik onenean, hura begiko izan dezakegu eta arrazoia eman diezaiokegu, eta gure asmorik onenarekin, konponbideak, aholkuak, azalpenak eta kontsolamenduak emateko joera dugu. Bere historia ezaguna egiten bazaigu, litekeena da bere historia ezagutzen dugun beste batekin alderatzea, baita gurea kontatzeko historia lapurtzea ere. Kasurik txarrenean, kontatzen digutenarekin ados ez bagaude, gure jakin-mina asetzeko minimizatzeko, zuzentzeko, hezteko edo galdetzeko joera dugu. Beraz, denetarik egiten dugu, entzutea izan ezik. Horrek guztiak zerikusia du gizarte honetan ditugun harremanekin eta komunikatzen ikasi dugun moduarekin.
Harremantzeko modu zehatz bat bat al dago gure gizartean?
Gure gizartean harremanak izateko modu asko daude, izan ditugun eraginen edota hartzen ditugun erabakien arabera. Esan dezakeguna da gizarte honek harremanak modu zehatz batean izatera gonbidatzen gaituela. Alde batetik, gure gizarteak gonbidatzen gaitu pertsona batzuk besteekin lehiatzera, borrokatzera eta nahi duguna modu indibidualistan lortzeko ahalegintzera.
Bestalde, desberdintasun asko dituen gizarte batean bizi gara non pertsona batzuek besteek baino botere handiagoa duten, pertsona batzuk pribilegiatuak diren eta beste batzuk diskriminatuak diren.
Askotan esaten den “aheleginduz gero, lortuko duzu” esaldia ez da guztiz erreala, ikusezin bihurtzen baitu pertsona guztiok ez ditugula eskubide eta aukera berberak, hau da, ez digu ahalegin bera suposatzen gauzak lortzea.
Gainera, gizarte honek oso azkar joatera gonbidatzen gaitu, gauza asko egitera, asko kontsumitzera (harremanak ere bai) eta, oro har, denborarik ez dugulako sentsazioarekin bizi ohi gara.
Eta azkar joate horrek eragin egingo du.
Bai. Azkartasun horrek geure eta besteen bizitzak deskonektatzera gonbidatzen gaitu, eta, beraz, ahal dugun moduan erlazionatzen eta komunikatzen gara, esparru osoa ulertzeko, haren ondorioei buruz hausnartzeko edo bestela egin dezakegun pentsatzeko denborarik eta espaziorik izan gabe. Gainera, gogoetarik eza horretatik abiatuta, mundu guztia leku guztietan berdin erlazionatzen dela pentsatu ohi dugu, mendebaldeko gure kultura modernoaren berezko zerbait dela ikusi gabe.
Zeintzuk dira horrela komunikatzearen ondorioak?
Maila sozialean, desberdintasunak errepikatzen ari gara, eta gure beharrak benetan betetzen ez dituen harreman-esparru bati eusten ari gara. Pertsona guztiok ditugu konexio-, entzumen-, lasaitasun- eta zaintza-beharrak, eta, horiek bete ahal izateko, “salba dadila ahal duena” formula erabili ohi dugu.
Ahal duenak bere zirkulu hurbiletan asetzen ditu, laguntza gehiago behar duena terapiara joan daiteke, baina ez dugu komunitate-kontzientziarik beharrak asetzeko, zirkulu oso estu horretatik haratago. Horrek gizartean dituen ondorioen adierazle argia eta oso eguneratua da antidepresiboak edo antsiolitikoak hartzen dituzten pertsonen ehunekoa gero eta handiagoa dela.
Gainera, gure ingurune hurbilean, nahiz eta baietz uste dugun, komunikatzeko modu horrek ez ditu erabat zaintzen harremanak, ez gurekin harremanak dituzten pertsonak, ezta gu geu ere. Uler dezazuen, pentsatu zenbat aldiz geratzen garen ondoezik esan dugun zerbaitengatik, esan ez dugun zerbaitengatik, esan diguten zerbaitengatik, zerbait garrantzitsua kontatzen ari ginenean eten gaituztenean… eta zailtasun horiei buruz hitz egitea zein zaila gertatzen zaigun. Beraz, kudeatu ahal izango dugun ez dakigun gatazka bat ez izateko, barne-gatazka batekin geratzen gara.
Beste modu batera egin dezakegu?
Bai, beste era batera egin dezakegu, eta eskerrak galdetzen didazun, orain arte panorama oso atsekabegarria izan baitaiteke. Beste era batera egiten hasteko, lehenik eta behin, panorama horretaz jabetu behar dugu, eta jakin behar dugu zenbateraino egiten ditugun gauza horiek, beste modu batera egiteko bultzada hartzeko. Bultzada behar da, bestela komunikatzeak esan nahi baitu beste hizkuntza bat ikasteko prest egotea eta ikasi duguna desikastea.
Bidea, beraz, ez da laburra.
Ez. Honako elementuak izan behar ditugu kontuan:
– Gure harremanetan dauden botere-desberdintasunak kontuan hartu behar ditugu, horiek orekatzen saiatzeko.
– Entzuten ikasi behar dugu, ez bakarrik gainerako pertsonak, baita gu geu ere, hitz egin aurretik.
– Gure buruan dugun ondo dagoenari eta gaizki dagoenari atxikita dagoen barne epailearengandik aldendu behar dugu, gauzak egiteko modu desberdinak aztertzeko.
– Gertatzen zaiguna eta gainerako pertsonei gertatzen zaiena identifikatzeko aukera emango digun hiztegi emozionala ikasi behar dugu.
– Konektatzen gaituen zaurgarritasunetik gehiago hitz egitera ohitu behar dugu, eta arrazoimena izateko elkarren artean lehiatzen diren argudio arrazionaletatik aldendu behar dugu.
Trebetasun horiek gara ditzakegun batzuk dira, kontuan hartuta ez dela nahikoa maila indibidualean egitea: alderdi komunitarioa behar dugu komunikatzeko beste modu bat aztertzeko seguru senti gaitezkeen espazioak sortzen joateko.
Komunikatzeko modu koherente eta kontzienteago bat aurkitzeko erabiliko duzu gaurko tailerra.
Basaurin egingo den tailerrak irauten duen bi orduetan, ahoa irekitzeko denbora baino ez digu emango. Gaurko tailerrean, trebetasun horietako batzuk aztertuko ditugu pixka bat, horiek garatzen jarraitzeko bultzada nahikoa dugun ikusteko.
Aurreratu ahal diguzu zelan izan gaitezkeen koherenteak eta kontzienteak gure kominikazioetan?
Zaila egiten zait erantzutea. Ez dut uste zerbait zehatzik egin behar dugunik gure komunikazioetan koherenteak eta kontzienteak izateko. Asko jota, esan nezake barruan dugun pultsio horrekin konektatzen saia gaitezkeela, gizarte honek gonbidatzen gaituenaz bestelako modu batean laguntzera, konektatzera eta erlazionatzera eta komunikatzera gonbidatzen gaituena. Pultsio horrek bultzatzen gaitu eraiki nahi ditugun harreman kolaboratibo eta ekitatiboekin kontziente eta koherente izatera. Beraz, pultsio horrekin konektatuz gero eta gogor tiratuz gero, ongi etorria eman diezaiokegu komunikatzeko eta harremanak izateko beste modu bat ikasteko bide horri. Pultsio hori sentitzen ez badugu, agian hau ez da gure bidea une honetan, eta niretzat ere hori erabakitzea ondo dago. Ez dut neure burua gonbidatzen bide hau bortxaz ibiltzera, sentitu behar dugu.
☉ Basauri
Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat lehiatuko dira larunbatean, Rockeineko finalean
Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz

Larunbat honetan, azaroaren 1ean, izango da Rockein lehiaketako finala, Basauriko Social Antzokian. Bertan, Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat bandak lehiatuko dira. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapen bidez egingo da, Social Antzokiko webgunetik eskuratuz.
Basauriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura, Euskara eta Kirol sailaren laguntzaz, antolatu eta Euskadiko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein musika-lehiaketaren 13. edizioaren finala izango da aurtengoa.
Azeituna con Huesos talde gipuzkoarra (elektronika, popa, jazza); Keax hirukote bizkaitarra (The Owl Project taldeko kide ohiak, LCD Soundsystem edo Ratatat bezalakoen eraginekin); eta Bilbon egoitza duen Reeler rock alternatiboko laukotea, Bizkaiko, Poloniako, Ingalaterrako eta Irlandako musikariek osatua, dira Rockeinen 13. edizioko sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.
Eskualdeko hautagaiak
Beste hiru talde finalistak Jaimones (70-80 hamarkadako rock amerikar laukotea, Basauriko kide batekin), Kruddö, rock gogor eta stoner bikotea, Jon Ander Santamaría bermeotarrak eta Txaber Miravalles etxebarriarrak osatua; eta dira Silkat, indie rock hirukotea, Bilbo eta Galdakaoko musikariekin eta The Cure edo Radiohead taldeen eraginekin.
Azken hiru talde hauek Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen baititu.
“Ohi bezala, Rockeineko 5 kategorien irabazleen izenak (‘Bizkaia saria’, ‘Artistarik onena euskaraz’ eta ‘Eskarabilera saria’, barne) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak”, azaldu dute antolaketa taldetik. Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.”
Emakumeen esperientziaren hitzaldia
Azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiaren bezperan hain zuzen ere, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren emanaldia hartuko du Marienean Basauriko Emakumeen Etxeak (Kareaga Goikoa, 54).
Iaz lehen edizioa izan zen eta Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak urtero antolatzen duten hitzaldia da, eta helburua musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea da, “sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko”, hain zuzen ere.
Aurtengo gonbidatuak La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira eta Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia.
Egitaraua | Rockein finala 2025
Larunbata, azaroak 1
20.30 (ateak irekitzea)
Hego Uribeko artistarik onenaren kategoria
21.00 Silkat
21.30 Kruddö
22.00 Jaimones
Kategoria nagusia
22.40 Azeituna con huesos
23.10 Reeler
23.40 Keax
00.15 Sari-banaketa
☉ Basauri
Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik
Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.
“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.
Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.
☉ Basauri
Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik
Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.
Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.
Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.
Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.
Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.
Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.
Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.
Harremana etetea
Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.
Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.
Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.
☉ Basauri
La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak
Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.
“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.
Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.
“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.
Hiru gune
Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.
Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.
La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.
2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.
☉ Basauri
Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin
‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.
Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.
Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.
2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.
Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.









