Sareak

☉ Arrigorriaga

Sonia Rodriguezek Andoni Agirrebeitia ordezkatu du Bizkaiko Batzar Nagusietan

|

Sonia Rodriguezek kargua hartu du Bizkaiko Batzar Nagusietan // Argazkia: Batzar Nagusiak

Joan den irailaren 27an osoko bilkura egin zuten Bizkaiko Batzar Nagusietan. Osokoaren hasieran, Sonia Rodriguez Rodriguezek bere jarlekua hartu zuen, Eusko Alderdi Jeltzaleko Bizkaiko Batzarkide moduan, Andoni Agirrebeitia Abendibar kidea ordezkatuz. Arrigorriagako jeltzaleen bozeramaile ohiak esker onak azaldu zituen: “Ohore handia da niretzat Bizkaiaren eta bizkaitar guztien alde lan egin ahal izatea. Arduraz eta konpromisoz egingo dut. Mila esker nigan konfiantza jarri duzuen orori”.

Joan den maiatzean Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaitza aurkeztu zuen Rodriguezek eta EAJ ordezkatzea “ohorea” zela adierazi zuen sare sozialetan: “Arrigorriaga nire pasioa da eta Bizkaia, nire ilusioa. Jakin badakizue Durango-Arratia barrutiko Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaia naizela eta niretzat ohore handia dela berriro EAJ ordezkatzea. Zorte handia dut Bizkaiaren, gure udalerrien eta gure eskualdeen alde prestatutako, esperientziadun eta benetako konpromisoa duen pertsona talde batean parte hartzen dudalako”.

☉ Arrigorriaga

Ahotsa “askatzeko” tailerra antolatu dute Arrigorriagan, euskara hutsean

Urriaren 15ean antolatu dute tailerra Lamiaenan: “Gure ahotsa askatasunez bizitzen dugunean, geure buruarekin erosoago sentitzeko aukera dugu”

|

Pertsona bat, oihuka // Inus Belanger, Unsplash

Urriaren 15ean ‘Askatu zure ahotsa’ izeneko tailerra antolatu dute euskara hutsean Lamiaenan, 18:00etatik 20:00ak arte.

Saioa Shakti Olaizolak antolatu du: “Ahotsa ahula bezain indartsua da. Izan ere, ahulezia horrek ematen dio duen indarra”, azaldu dute Lamiaenatik.

“Geure burua adierazteko, komunikatzeko, garena kanporatzeko, sortzeko ahalmena da hori. Horrexegatik dago beti hain baldintzatua tentsio eta blokeoekin. Gure ahotsa askatasunez bizitzen dugunean, geure buruarekin erosoago sentitzeko aukera dugu”.

Ikasturte berriaren programa urriaren 4an hasiko du Lamiaenak Emakume Sortzaileen IV. azokarekin eta ‘(Des)kontrolatuta’ antzerki ikuskizunarekin. Egun horretan, herritarrek egitaraua jasotzen duen liburuxka eskuratu ahal izango dute.

Jarduera honetan eta Lamiaenako besteetan izena emateko epea urriaren 6an zabalduko dute eta leku bitan egin ahalko dira: Lamiaenan bertan, arratsaldeko ordutegian (astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:30era eta ostiraletan 20:00ak arte) edo Abusu Zentro Soziokulturalean (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:45era).

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Gizonak berdintasunaren borrokan inplikatzeko hitzaldia antolatu dute Arrigorriagan

Ikasturte berriaren programa urriaren 4an hasiko du Lamiaenak Emakume Sortzaileen IV. azokarekin

|

Lamiaena emakumeen etxeak ikasturte berriko programa iragarri berri du Udaleko Berdintasun sailarekin elkarlanean.

“Aurtengo egitarauak ikastaroak, hitzaldiak, solasaldiak, zinema, erakusketak eta tailerrak hartzen ditu barne. Gehienak proposamen berriak dira, Lamienakideek proposatutakoak batzuk, Berdintasun Sailetik behar espezifikoetara erantzuteko diseinatuak besteak”, azaldu dute Lamiaenatik.

Jarduera guztien artean berdinatsuna eta gizonek esparru honetan duten errolaren inguruko hitzaldia prestatu dute: «Non gelditzen gara gizonok berdintasunaren garaian?».

Saioa herritar guztiei zuzenduta dago eta urtarrilaren 20 eta 27an antolatu dute, 18:00etatik 20:00ak arte.

Azkenaldi honetan, berdintasunaren giroa askoz indartsuagoa da. Horrek gizonok kolokan jartzen gaitu eta, askotan, gure lekua zein den ez dugu argi”, azaldu dute Lamiaenatik. “Gainera, gure lagun batzuk ezkor agertzen dira honen aurrean. Tailer honetan, gizonak elkartuko gara, horretaz hitz egiteko, patxadaz eta matxismoak gure kontra eragiten diguten guztiaz hausnartzeko (kotxe istripuak, gartzela, drogak…)”.

Ikasturte berriaren programa urriaren 4an hasiko du Lamiaenak Emakume Sortzaileen IV. azokarekin eta ‘(Des)kontrolatuta’ antzerki ikuskizunarekin. Egun horretan, herritarrek egitaraua jasotzen duen liburuxka eskuratu ahal izango dute.

Jardueretan izena emateko epea urriaren 6an zabalduko dute eta leku bitan egin ahalko dira: Lamiaenan bertan, arratsaldeko ordutegian (astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:30era eta ostiraletan 20:00ak arte) edo Abusu Zentro Soziokulturalean (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:45era).

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Haurrentzako Breakdance ikastaroa antolatu dute Arrigorriagan, urtarrilera bitartean

Eneko Redondo ‘BBoy Witxillok’ eskainiko ditu jarduera hauek eta lehen saio irekia hilaren 23an antolatu dute, 17:30ean

|

Witxillo // instagram.com/witxillo/

Altzoan Zaintza Sareak eskolaz kanpoko Breakdance ikastaroa antolatu du urritik urtarrilera Arrigorriagako eskolako frontoian  4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat.

Eneko Redondo ‘BBoy Witxillok’ eskainiko ditu jarduera hauek eta lehen saio irekia hilaren 23an antolatu dute, 17:30ean. Ordubeteko saioak izango dira hilabeteko astearte bitan: 4 eta 5 urteko haurrena 17:15etan programatu dute eta 6 eta 8 urte bitarteko umeen taldearen saioa 18:15etan izango da.

“Helburua eskolaz kanpoko ekintza ezberdinak eskaintzea da”, azaldu dute Altzoan Zaintza Saretik. “Kirola egiteko jarduerak ere martxan ipiniko ditugu eta baita gorputz adierazpena susatzen dituztenak ere, adin tarte horretan oso garrantzitsua baita umeentzat norberaren gorputza ezagutzea, kontrolatzea eta maitatzea, ‘Dantza & Jolasa Familiartean’ jarduerarekin bezala”.

Eskolaz kanpoko ekintzen maiztasunari dagokionez, helburua da haurren denbora eta jolas librea ez moztea. Hori dela eta programatu dituzte bi astean behin: “Horrela, familiei bestelako jarduerak egiteko aukera ematen diegu”.

Lauhilekoaren prezioa 65 eurokoa da. Informazio gehiagorako eta izena emateko ipini harremanetan altzoansarea@gmail.com helbide elektronikora e-posta bidaliz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa | Infekzio-gaixotasunei aurre egiteko prebentzio-protokolo falta salatu dute Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek

Domus VI taldeko langileak ostegunero elkartuko dira Arandiako egoitzaren aurrean, bizi duten egoera salatzeko

|

Langileak, gaur goizean // Geuria

Gaur goizean kalera irten dira berriro Arandia egoitzako langileak, beren lanpostuetan “osasuna arriskuan dagoela” salatzeko.

GEURIAri azaldu lez, infekzio-gaixotasunei aurre egiteko prebentzio-protokolo falta salatu dute Arrigorriagako zentroko langileek eta egoera salatzeko mobilizazioa egin dute zentroaren aurrean.

“Arrigorriagako egoitzan ez dago langile nahikorik”, gehitu dute ELA sindikatuko ordezkariek. “Garabi falta, aldagelak, ohe barrak, gortinak… eta infekzio gaixotasunei aurre egiteko prebentzi-protokolo eguneraturik ez dago. Horri gehitu behar zaizkio inolako justifikaziorik gabeko kaleratzeak eta zehazpen-espedienteak”.

Gainera, sindikatuko ordezkariak azaldu du Domus VI taldeak langileen mobilizazioari esker egindako arrisku psikosozialen balorazioa ez duela osatu: “Ebaluazio horrek argi eta garbi islatzen du langile falta eta lan-gainkarga. Datuak kezkagarriak dira eta presazko neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dugu”.

ELA: “Ebaluazio horrek argi eta garbi islatzen du langile falta eta lan-gainkarga. Datuak kezkagarriak dira eta presazko neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dugu”

Ondorio modura, Arandiako langileek ez dute onartuko beren osasunarekin jolasten jarraitzea, eta mobilizazio-dinamika batekin jarraituko dutela iragarri dute, egoera konpondu arte. Izan ere, langileak ostegunero elkartuko dira Arandiako egoitzaren aurrean, bizi duten egoera salatzeko.

Langileak, Arandia zentroko leihoetan // Geuria

Langileak eta egoiliarrak, kaltetuak

Gaurko mobilizazioak egoiliarren eta langileen arreta erakarri du eta horietako batzuk kalera irten dira, langileen borrokarekin bat egitera.

GEURIAk bertako familia batekin berba egiteko parada izan du eta egoera honek egoiliarrengan eta beren familiengan eragin zuzena duela azaldu dute. Ez dute izen abizenik eman nahi, “horrek izan ditzakeen ondorioak direla eta”. Hala ere, familiaren arabera, 43 egoiliar daude solairu bakoitzean eta horiek artatzeko pertsona bi baino ez daude kasurik onenean. Guztira 132 egoiliar daude Arrigorriagako egoitzan: “Langile falta izugarria da egoitza honetan”, kexatu dira.

Familiaren arabera egoerak nabarmen egin zuen txarrera 2019an, zentroak zuzendaritza aldatu zuenean: “Kudeaketa guztiz aldatu zen pribatizatu zenean langile eta janari kopuruan eta zainketan aurreztu zuen enpresa berriak. Langileak leher eginda daude: ordutegi txarrak dituzte, soldata kaxkarrak… eta lanez gainezka daude beti”. Enpresari langileek bizi duten egoeraren berri ematen dieten bakoitzean “egin beharrekoak egiten dituztela” izaten da erantzuna, familiaren arabera.

“Kudeaketa oso txarra izaten ari da, baina momentu txarrena itzalaldi masiboa gertatu zen bezperan bizi izan genuen Arandian”, gehitu dute. “Joan den apirilaren 28an izan zen eta zentroa argindarrik gabe egon zen bi orduz. Elektrogeno-taldea ez zebilen eta ez zegoen larrialdi egoetarako planik ere ez. Zentroko zuzendaritza oporretan zegoen eta inprobisazioz egin behar izan zuten lan bertako langileek. Onartezina da”. Sindikatuaren arabera, gaur egungo lan-giroa “tirabiratsua” izaten ari da eta “egungo zuzendaritzarekin ezinezkoa da elkarrizketa adeitsua izatea”.

Elkarretaratzeko langileak // Geuria

Egoiliarren osasuna eta ongizatea lehentasuna dira guretzat, eta hori bermatzeko konpromisoz eta profesionaltasunez lan egiten jarraitzen dugu”, azaldu dute ELAtik. “Baina premiazkoa da egoera hau aldatzea, langileen osasuna jokoan dagoelako”

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bihar da Gure Magalean Arrigorriagako elkarteko eskolaz kanpoko ekintzetan izena emateko azken eguna

“Lankidetza, talde lana, besteenganako begirunea eta parte-hartze aktiboa dira ekintza hauen ardatza”, azaldu dute Gure Magalean elkartetik

|

Neska bi, xakean jolasean // Geuria

Irailaren 19a da Gure Magalean Guraso Elkarteak antolatutako eskolaz kanpoko jardueretan izena emateko azken eguna.

Balleta, eskalada, batukada, xakea, jolas kooperatiboak, irristaketa, margogintza, multikirola… eskaintza zabala plazaratu dute guraso elkartetik: “Lankidetza, talde lana, besteenganako begirunea eta parte-hartze aktiboa dira ekintza hauen ardatza”, azaldu dute Gure Magaleanetik.

Gure Magalean | Eskolaz kanpoko jarduerak 2025

4-5 urteko haurrak
Ingelesa Ludoteka: 4 urtekoak, astelehenetan; 5 urtekoak, asteazkenetan
Balleta: astezkenetan
Dantza Modernoa: 4 , ostegunetan; 5 urtekoak, ostiraletan
Taekwondo: 5 urtekoak, astelehenetan; 4 urtekoak, asteazkenetan
Irristaketa: 5 urtekoak, ostiraletan (16:45-17:45)
Jolas kooperatiboak: 4 eta 5 ustekoak, asteartetan

1. 2. eta 3. mailakoak
Margogintza: 3. maila, astelehen eta asteartetan; 1. eta 2. maila, asteazkenetan; 1. maila, ostegunetan; 2. maila, ostiraletan
Ingelesa Ludoteka: 1. maila, ostiraletan
Balleta: 1. maila, asteazkenetan
Eskalada: 1. 2. eta 3. maila, astelehenetan eta ostegunetan
Batukada: 1. eta 2. maila astelehenetan; 2. eta 3. maila, asteazkenetan
Dantza modernoa: 1. 2. eta 3. maila, astelehen, astearte eta asteazkenetan
Xakea: 2. eta 3. maila, ostegun eta ostiraletan
Joskintza: 1. 2. eta 3. maila, astelehen eta asteazkenetan
Esku Pilota: 1. 2. eta 3. maila, astelehen eta ostiraletan
Irristaketa: 1. 2. eta 3. maila, ostiraletan (16:45-17:45)
Multikirola: 1. 2. eta 3. maila, asteartetan

4. 5. eta 6. maila
Margogintza: 5. maila, astelehenetan; 4. maila, astearte eta ostegunetan; 6. maila, asteazkenetan; 5. eta 6. maila, ostiraletan
Eskalada: 4. 5. eta 6. maila, astelehen eta ostegunetan
Antzerkigintza: 5. eta 6. maila, asteazkenetan
Batukada: 4. 5. eta 6. maila, astelehen eta asteazkenetan
Dantza modernoa: 4. eta 5. maila, astelehenetan; 6. maila, ostiraletan
Hip Hop: 4. 5. eta 6. maila, ostegun eta ostiraletan
Xakea: 4. 5. eta 6. maila, ostegun eta ostiraletan
Joskintza: 4. 5. eta 6. maila, astelehen eta asteazkenetan
Irristaketa: 4. 5. eta 6. maila, ostiraletan (16:45-17:45)
Multikirola: 4. 5. eta 6. maila, asteartetan

Osorik irakurri