Sareak

☉ Ugao

Maite Idirin abeslari ugaoztarra hil da

Arrasto sakona utzi du Idirinek euskal kultura eta kantagintzan. Bere ibilbidean zehar hainbat sari lortu eta beste hainbeste omenaldi egin dizkiote, horietan berezienetakoa 2018an bere sorterrian, Ugaon

|

ugao maite idirin 2016 elkarrizketa berezia
2016an emandako elkarrizketa // Geuria

Maite Idirin abeslari eta ohorezko euskaltzain ugaoztarra 81 urterekin hil da Angelun (Lapurdi). Bere gitarraz lagunduta, 1968. urtean hasi zen herriz herri kantari. Batez ere, protesta kantuekin sartu zen musikaren munduan. Horren harira, 26 urterekin exiliora joan beharrean aurkitu zen. Ondoren, Francoren diktaduraren amaieran, 1973an, Euskal Herrira itzuli  eta Iparraldeko euskal kultur mugimenduan integratu zen. Diktadorea hil zenean, Hego Euskal Herrira kantaldiak egitera igaro zen eta bost urtez hainbat kantalditan parte hartu zuen. 2016an “Ugaoko Dama Angelun” izenburutzat daraman elkarrizketa mamitsua eskaini zion GEURIAri.

Bere ibilbidean zehar hainbat sari lortu eta beste hainbeste omenaldi egin dizkiote. Besteak beste, Euskal Kantu Txapelketako bakarlarien lehen saria Behe-Nafarroako Larzabalen 1969an, Lehen Elepeari Gasteizko Iradier Elkarteak Topet Etxahun saria 1976ean, Ugaoko Udalak 40 urtez abesten jarduna eskertzeko omenaldia, Eusko Ikaskuntza saria 2010ean eta Euskaltzaindiak Ohorezko Euskaltzain izendatzea 2014an.

Horietan berezienetarikoa, zalantzarik gabe, 2018an eskaini zioten bere sorterrian, Ugaon: Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, euskal emakume konpositoreen eta bereziki Maite Idirinen omenezko kontzertua eskaini zuen Sarea Abesbatzak. Momentu hunkigarriak bizi izan ziren Udiarragako ermitan, Maite Idirinen “Ahizpatazuna” abestia kantatu zutenean batez ere. Jendez lepo bete da ermita.

Maite Idirin euskal konpositoreei egindako omenaldia Ugaon, 2019an // Geuria

Orain dela hilabete batzuk, ekaina aldera, Jokin Apalategi bere senarrak “Maite Idirin, herrigintzan kantuz” liburua argitaratu zuen. “Maite gaixorik jarri zenean, neure buruari galdetu nion ea ezingo nuen zerbait egin bere historiari buruz, oraino bizirik dagoela”, azaldu zuen Apalategik, Maite Idirin Solatxi musikari ugaotarraren senarrak.

1970etatik kantuan ibili ondoren, osasun arazoek musikaren mundutik aldendu dute Idirin, eta familiak orain arte egin duen ibilbide oparoa idatzita bildu nahi izan du. Horrela, Paulo Iztueta lagunarekin batera, liburua publikatu berri du Apalategik: “Maite emakume borrokalaria izan da, eta horregatik, liburua emakume borrokalariei eskaini diegu, eurekiko esker onez beterik”.

Euskal kultura eta kantagintzaren izen handi bat joan da, baina arrasto sakon bat utzita, bai Ugaon eta bai Euskal Herri osoan ere.

☉ Ugao

Oihane Artetxe ugaotarrak haurren babesaren inguruko hitzaldia eskainiko du Bilbon

Artetxek ‘Haurren babesa Euskadin: borondate politikoaren eta erantzukizun instituzionalaren kontua’ gaia landuko du, justizia, polizia, osasun sistema, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak aztertuz

|

Bidaureko kide bi // Utzitakoa

Azaroaren 8an ‘Euskadiko Indarkeria Bikarioa, Instituzionala eta haurren Sexu Abusuak Ikusarazteko jardunaldien’ bigarren edizioa antolatu dute Bilbon, La Bolsa eraikiniean, 10:30ean.

Bidaure elkarteak antolatutako jardunaldi hauetan hainbat hizlarik hartuko dute parte, eta horien artean Oihane Artetxe Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile ugaotarra dago. Artetxek ‘Haurren babesa Euskadin: borondate politikoaren eta erantzukizun instituzionalaren kontua’ gaia landuko du, justizia, polizia, osasun sistema, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak aztertuz.

Oihanerekin batera Amaiur Diez Friera gizarteratze teknikaria eta haurtzaroko abusu sexualen biziraulea, Ane Jauregizar indarkeria bikario eta sexu-abusuen biktima baten ama babeslea, Maria Jesus Carmona haurtzaroan eta nerabezaroan aditua den osasun-psikologoa eta Jennifer Osorio gizarte hezitzailea arituko dira.

“Genero arloko aurrerapen normatiboak izan arren, azken ikerketek erakusten dute oraindik ere badaudela indarkeria matxistaren aurkako babesa zailtzen duten praktika instituzionalak, bereziki haurtzaroari eragiten diotenean. Zoritxarrez, Euskadi ez da salbuespena. Horregatik, gonbidatu nahi zaitugu ikusgarritasun jardunaldi honetara. Bertan, lehen aldiz Bilbon biktimak eta arlo honetako profesionalak parte hartuko dute”, azaldu dute Bidauretik.

Elkarte berria da Bidaure eta lau urteko haurrei egindako abusuen ondorioz sortu zuten. Lehendakaria Oihane Artetxe bera da, eta bertan txikitan sexu abusuak edo biolentzia bikarioa jasan izan duten emakumeek eta ama babesleek hartzen dute parte.

Sarrera doakoa da baina izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, interesdunek esteka honetan topa daitekeen formularioa bete behar dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Jurgi Ekizak ‘Argitzala’ albuma aurkeztuko du Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenean

Kontzertua urriaren 2an antolatu dute, 19:30ean. Sarrera doakoa izango da

|

Jurgi Ekiza // Wikipedia

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenaren atarian, kontzertu berezia aurkeztu dute urriaren 2an.

Willis Drummondeko Jurgi Ekizak ‘Argitzala’ izeneko bigarren album aurkeztuko du egun horretan, 19:30ean, taldearen etenaldi mugagabea aprobetxatuz. “Album hori modu berezi batean aurkeztera dator: bakar bakarrik ezsenatokian, alde batetik kanta batzuk modu intimista eta gordin batean emanez baina bestetik, abesti batzuk modu apainduago batean proposatuz”.

Aukera berezia da orduan, disko berri hori zuzenean gozatu eta bizitzeko, baita artistaren ibilbidearen proiektu ezberdinetako kanten moldaketa bereziak primizian entzuteko. Sarrera doakoa da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Mercedes, bakardade ikusezina’ erakusketak nahigabeko bakardadearen errealitatea ikusaraziko du Ugaon

Erakusketako protagonista, ‘Mercedes’ izeneko eskultura, Jane jauregian egongo da irailaren 26tik urriaren 1era bitartean

|

Mercedes, Arrigorriaga bisitatu zuenean // Geuria

‘Mercedes’ eskulturak Ugao bisitatuko du irailaren 26tik urriaren 6ra.

BBK Fundazioaren eta Ugaoko Udalaren eskutik antolatutako erakusketa da ‘Mercedes, bakardade ikusezina’. Mercedesek, bertako protagonistak, gizartearen errealitate isil baten gainean arreta jartzea du helburu: nahigabeko bakardadea.

Mercedes 89 urteko emakume baten irudia da: eserita dago, banku batean, triste eta burumakur. Mexikoko Rubén Orozco artistaren obra da, eta izenburu hau du: “Bakardadean hildako azken pertsona”. Erakusketa Jane jauregian egongo da ikusgai.

“Errealismotik harago, eskulturak bozgorailu izan nahi du, herritarrak gaitz honen inguruan sentsibilizatzeko. Hain zuzen ere, milaka pertsonari maila fisikoan, emozionalean eta sozialean eragiten dien arazoa da, eta gure esku dago horiek saihesten laguntzea”, azaldu dute Ugaoko Udaletik.

Ekintza gehiago

Erakusketarekin batera, irailaren 29an mural kolektibo bat sortuko dute Ugaoko ikastetxeko ikasleek “bakardadearen arazoa gazteei hurbiltzeko eta horien artean ere gizarte-dimentsioaren gaineko kontzientzia pizteko”.

Urriaren 1ean kafe-tertulia bat antolatu dute ere 18:30etik 20:00etara bitartean: “Hausnarketak eta esperientziak partekatzeko gunea izango da, elkarrizketa eta parte-hartzaileen arteko loturak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Urtzi Vera argazkilariak helduentzako ikastaro bat eskainiko du Ugaon

Izena emateko azken eguna urriaren 8a izango da eta prezioa 29 eurokoa

|

Urtzi Veraren argazki bat // Urtzi Vera

Urtzi Vera argazkilariak helduentzako argazkilaritza-ikastaro bat eskainiko du Ugaon, hurrengo hilabetean.

Ekimen hau Kultura arloko prestakuntza-programazioaren barruan kokatzen da, eta tresna praktikoak eskaintzea du helburu argazkigintza digitalean hasi edo ezagutzak hobetu nahi dituztenei, zaletasunagatik edo osagarri profesional gisa.

Ikastaroak 30 orduko iraupena izango du eta urriaren 15ean izango da lehen saioa, 17:00etatik 20:00ak arte. Izena emateko azken eguna urriaren 8a izango da eta prezioa 29 eurokoa. Edukiera mugatua izango da eta Ugaon erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute.

Izena emateko modu bi daude: Jane jauregian, aurrez aurre, edo inprimaki digital hau behar bezala betez. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago eskatzeko 946 480 704 telefono zenbakia eta kultura.ugao@ortzadar.es helbide elektronikoa ahalbidetu dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko irudi instituzional berria aukeratzeko prozesu parte-hartzailea martxan ipini dute

Ugaotar adin nagusikoek botoa eman dezakete urriaren 10era bitartean

|

Ugao // Geuria

Ugaoko Udalak proposamen bi egin ditu herriaren irudi instituzionala aldatzeko. Erabakia ugaotarrek beraiek hartuko dute gaur bertan abiarazi duten prozesu parte-hartzaile baten bidez. 18 urtetik gorako ugaotarrek botoa eman dezakete urriaren 10era bitartean.

“Ekimen honen helburua da ugaotarrei ahotsa ematea eta Udalaren identitate bisual partekatua eraikitzeko prozesuan zuzeneko inplikazioa sustatzea”, azaldu dute udal ordezkariek.

Botoa bi modutan eman daiteke: aurrez aurre, Jane jauregian (bertan, diseinuak plotter edo roll-upetan ikusi daitezke) edo online, inprimaki digital hau betez.

Bi proposamen grafiko horiek Ugao gaur egun “modu esanguratsuan eta nortasun propioarekin” irudikatzeko garatu direla azaldu dute Udaletik. “Biek Udalarentzat identitate bisual modernoa sortzea helburu duten arren, ikuspegi oso desberdinak eskaintzen ditu bakoitzak, bai maila kontzeptualean, bai estetikoan”.

Lehen aukera // Ugaoko Udala

Lehen aukera: Udalaren hitzetan, “Arima jariakorra duen irudi bat da, Nerbioi ibaiaren antzera. Arina, modernoa eta irakurketa sinboliko sendokoa. Proposamen hau lerro jarraitu, arin eta dotore batean oinarritzen da, sinadura bat simulatzen duena, hurbiltasuna, bizkortasuna eta malgutasuna gogora ekarriz. Lineak gure udalerria zeharkatzen duen Nerbioi ibaia sinbolikoki irudikatzeaz gain, “U” eta “M” letrak ere marrazten ditu — Ugao eta Miraballesen hasierakoak —, gure tokiko nortasunari egindako keinu grafikoa”.

“Marra kurbatu eta harmoniatsuak mugimendua eta dinamismoa inspiratzen ditu, eta naturaltasun eta hurbiltasun-sentsazioa transmititzen du. Tipografia garbi eta garaikideak modernitatearen eta irekitasunaren ideia indartzen du. Erakunde hurbila, berritzailea eta ugaotarren bilakaerarekin konprometitua irudikatzen duen aukera da”.

Bigarren aukera // Ugaoko Udala

Bigarren aukera: “irudi irmoa erakusten du aukera honek, sustrai instituzionalekoa. Eraikina bezain solidoa. Aukera horrek estetika instituzionalago eta sendoago baten alde egiten du. Erdiko sinboloak lore edo armarri bat gogorarazten du, forma geometriko sinplez osatua, eta udaletxeko eraikinaren arkitekturan inspiratua dago. Diseinuak  egonkortasuna, zorroztasuna eta tradizioarekiko errespetua transmititzen ditu, baita edozein erakunde publikoren funtsezko balioak ere”.

“Lorea hazkundearen eta zaintzaren sinbolo gisa ere interpreta daiteke, ongizate kolektiboa zaintzen duen erakunde baten ideia indartuz. Serifa tipografiak kutsu solemnea eta atenporala ematen dio. Aukera hori egokia da toki-administrazioaren irudi formalagoa eta tradizionalagoa lehenesten dutenentzat, egungo diseinu garbiari uko egin gabe”.

 

Osorik irakurri