☉ Galdakao
Galdakao-Usansoloko ospitalea handitzeko 93 milioi euro inbertituko ditu Osakidetzak
Kanpo-kontsulterarako eraikin berria eraikiko du Osakidetzak. Administrazio-eremua eta irakaskuntza-gelak ere izango ditu. Gainera, 1.100 aparkaleku berri aurreikusten dituzte

Galdakao-Usansoloko ospitalea handituko du Osakidetzak. Zehazki, kanpo-kontsultetarako eraikin berria eraikiko dute ospitale-barrutiaren iparraldean, heliportuaren eta Larrialdi zerbitzuen ondoan.
Guztira, 93 milioi euro inbertituko ditu Osakidetzak Galdakao-Usansoloko ospitaleko erakin berrian: 58.000 metro karratuko azalera izango du eta bederatzi solairu izango ditu: lau solairu lurrazalean eta bost lurrazpian (aparkalekuak).
Eraikina hiru eremu handitan bereiziko da. Lehena asistentzia-erabilerarako eremua izango da eta bertan kokatuko dituzte kanpo-kontsultak, erradiologia anbulatorioa eta farmazia anbulatorioa. Bigarren eremuan, zuzendaritza- eta administrazio-eremuak eta irakaskuntza-gelak egongo dira, eta, hirugarren eremuan, 1.129 aparkaleku eraikiko dituzte bost solairutan, “egungo aparkatze-arazoari erantzungo diona”, diote Osakidetzako arduradunek.
“Aparkalekuko plaza horiekin eta Metroaren 5. linea bertaraino iristearekin (Ospitalean bertan geralekua izango du), egungo aparkalekua eraitsi ahal izango da eta osasun-partzela berriz urbanizatzeko eta barruko trafikoa ezabatzeko aukera izango da. Izatez, trafikoa larrialdi- eta logistika-ibilgailuetara mugatuko litzateke, bide-segurtasunaren eta ingurunearen humanizazioaren alde”, diote.
200 gela baino gehiago
Kanpo-kontsultetarako eraikin berrian 200 gela baino gehiago egongo dira kontsultak eta probak egiteko, eta bost gela balio anitzeko prozeduretarako, urologiatik eta dermatologiatik hurbil. Era berean, erradiologia-eremuak bi mamografia-gela, bi teleaginte-gela, bi TAC-gela eta sei ekografia-gela izango ditu.
“Alde horretatik, eraikin hori diseinatzean aintzat hartu den malgutasuna nabarmendu behar da, behar berrietara egokitzeko aukera ematen baitu, bai diseinu- eta eraikuntza-prozesuan, bai gainerako balio-bizitzan”, diote Osadekidetzatik.
Eraikin berria eraiki ondoren, gaur egungo ospitaleko eraikin nagusian espazioak “liberatu” ahal izango direla diote Osasun Sailetik, “eta, hala, etorkizunean, endoskopia-eremua zabaldu eta egokitu ahal izango da, bronkoskopiarako eta arnas-errehabilitaziorako pneumologiako ospitale-eremua handitu ahal izango da edo larrialdi-zerbitzua handitu ahal izango da”.
Era berean, kardiologia-zerbitzua bateratzea, eguneko ospitale medikoa handitzea, beste ospitalizazio-unitate bat gaitzea eta logistikako beste arlo batzuk hobetzea hartu ditu Osakidetzak aintzat.
Zein da kokapena?
Eraikin berria ospitale-barrutiaren iparraldean eraiki nahi du Osakidetzak, eta horretarako Hiri Antolamenduko Plan Berezia tramitatu behar dute.
“Eraikinak diseinu uniforme eta arrazionalista du, ingurunearekin lehiatzen ez dena eta kanpoko espazioarekiko lotura indartu nahi duena. Fatxadek, erretikula lauki gisara, irudi iragazkorra, uniformea eta harmoniatsua eskaintzen dute”, diote Osasun Sailetik.
Kanpo-kontsultetarako eraikinak ekialdetik mendebaldera 185 metro luze eta 34 metro zabal izango ditu. Hegoaldeko fatxada ospitale-barrutiaren gainerakora orientatuta egongo da, eta oinezkoentzako sarbide bereiziak antolatzeko aukera ematen du. Eraikin nagusiaren fatxadaren bertikalean zehar garatuko den komunikazio bertikaleko gune berri batek pasabide baten bidez izango du konexioa eraikin berriarekin.
Oraindik ez dute eraikuntza-epeez hitz egin: proiektua garapen fasean dago eta 36 hilabeteko gauzatze-epea aurreikusten dute.
☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk lokal publikoen inbentarioa egitea eskatuko du urriko osoko bilkuran
Herritarrentzat hainbat jardueratarako erabil daitezkeen udal jabetzako lokal, espazio eta eraikinen inbentarioa egitea eskatuko du alderdi sozialistak

Galdakaoko PSEk herritarren eta elkarteen jardueretara bidera daitezkeen udal lokalen, espazioen eta eraikinen inbentarioa eskatuko du urriko osoko bilkuran, bihar, urriak 30.
Era berean, titulartasun publikokoak izan arren oraindik erabiltzeko behar bezala egokituta ez dauden lokalak jasotzea eskatuko du alderdi sozialistak.
“Gainera, udalerriko auzoetan banaketari dagokionez dauden baliabideen azterketa egitea ere eskatuko dugu, gabezia gehien dituzten auzoak zeintzuk diren baloratzeko”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.
Ildo horretan, duela 17 hilabete onartutako Parte-hartze Ordenantza betetzeko aldarrikatuko du alderdi sozialistak Galdakaoko osoko bilkuran: “Partaidetzari buruzko Ordenantzan, 2024ko martxoan onartua, gai hori aipatzeak ere ez du aurrerapausorik ekarri”, dio Trimiñok.
“Ordenantzan bertan jasotzen den urteko konpromisoa ez da betetzen. Aldarrikapen hori bat dator talde politiko, erakunde eta bizilagunen artean partekatutako diagnostiko batekin: Galdakaon erabilera komunitariorako espazio eta lokal publiko gehiagoren beharra. Gainera, talde sozialistak urteetan zehar eskatu du partida ekonomikoak sartzea udal aurrekontuetan, baliabide mota horiek handitzeko edota daudenak egokitzeko”, adierazi du Trimiñok.
PSEko bozeramailearen arabera, “informazio zehatza duen inbentario batek gaur egun eskuragarri dauden lokalen eta baliabideen errealitatea argituko luke, diagnostiko zehatza egin ahal izateko eta egoera hobetzeko eta antzemandako beharrei aurre egiteko politika egokiak egin ahal izateko”.
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.
☉ Galdakao
Torrezabaleko liburutegia itxita dago ostiralera arte Galdakaon, eraikinaren estalkiko lanak direla eta
Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Udalak eta orain karga proba bat egin behar dute. Proba hori egiten duten bitartean hirugarren solairua itxita egongo da

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Galdakaoko Udalak. Orain, eraikinaren estalkian karga proba egin behar dute.
Proba hori egiten duten bitartean, eraikinaren hirugarren solairua itxita egongo da urriaren 22tik 24ra arte. “Bertan kokatzen da liburutegia eta, beraz, zerbitzu hori erabiltzaileentzat itxita egongo da ostiral eguerdira arte”, diote udal ordezkariek.
Auzokide, ikasle eta liburutegiko erabiltzaile guztien lankidetza eskertu du Udalak eta lan hauengatik sor daitezkeen eragozpenenak sentitzen dituela jakinarazten du. Eskuhartzearen eragina ahalik eta gehien murrizteko lanean ari da.
Era berean, makina gela handituko du Galdakaoko Udalak, “etorkizunari begira makineria berria jartzea aurreikusten baitugu”, diote.










