Sareak

☉ Ugao

Ez Dok Bape:«Musikariak gara, baina batez ere musikazaleak: zuzenekoak maite ditugu»

Lagunak eta ezagunak, musikariak eta bereziki musikazaleak dira Hego Uribe eta Aiaraldeko lagunak eta zuzeneko musika maite dute laurok.

|

Ez Dok Bapeko kideak, Ap-68 autopistako zubiaren azpian / Geuria

Alacanteko espetxerako joan etorrietan, Goio Ramos eta Irkus Badilloren arteko elkarrizketetan banda bat sortzeko ideia jaio zen duela urte batzuk “erdi seriotan, erdi brometan”. Proposamen horren fruitu sortu zuten Ez Dok Bape rock taldea Josu Garaita, eta Gorka Chamorro kideekin batera. Lagunak eta ezagunak, musikariak eta bereziki musikazaleak dira Hego Uribe eta Aiaraldeko lagunak eta zuzeneko musika maite dute laurok.

Esan eta egin: frontwomanen arteko aldaketa batzuk egin ostean, Josu Garaitak mikrofonoa hartu, Irkus Badillok baxua eskegi, Goio Ramosek gitarrari heldu eta Gorka Chamorro bonboaren atzeko aldean eseri zen, euskarazko letra propioak dituen bandari bizitza emanez. Lehen kontzertua joan den apirilaren 13an eskaini zuten Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan, Kinkila taldearekin batera. Egun batzuk igarota esperientzia ederra izan zela aitortu diote GEURIAri taldekideek, eta bandaren inguruko elkarrizketatxoa egin ostean protagonistekin argazki saioa egiteko aukera izan zuen komunikabideak Ap-68 autopistako zubiaren azpian, ibaiaren parean. Hona hemen, elkarrizketaren eta argazki saioaren emaitzak.

Eszenatokietan zaudete Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan egindako lehen kontzertua eta gero. Nolako hasiera izan zen zuentzat Ugaokoa?
Ederra! Gu oso gustura ibili ginen eta, esan digutenez, Dorretxea bete zuen jendea ere bai. Ezin gehiago eskatu lehen kontzertua izanik. Gainera, esaten den bezala, etxean jokatzen genuen eta horrek, alde batetik, lasaitasuna ematen dizu, baina, aldi berean, exijentzia maila igotzen dizu nolabait, eta, apaltasun osoz, uste dugu maila eman genuela. Laburbilduz, errepikatzeko modukoa.

Zer dela eta erabaki zenuten elkartu eta musika banda bat sortzea?
Gure kanta berri batek dioenez, “rockaren harrak ez du utzi habia”. Musikariak gara, baina batez ere, musikazaleak, zuzeneko kontzertuetara joaten gara askotan, beraz, talde bat osatu eta guk ere oholtza gainean jotzea bide naturala izan da. Agian taldearen sorrera ez da horren ‘naturala’ izan. Ideia Alacanteko espetxerako bisitetan sortu zen Irkus eta Goioren artean, erdi seriotan erdi brometan. Aurrerago, garai hartan Dorretxean tabernari zebilen Itzik bere burua eskaini zuen kantari moduan eta Gorka ekarri zuen taldera. Itzik utzi zuenean, bolada batean Ane egon zen kantari. Eta hark utzi zuenean, Josu sartu zen taldera, daukan eskarmentu eta estiloaz taldearen kantak beste dimentsio batera eramanez.

Josu Garaita, Gorka Chamorro, Irkus Badillo eta Goio Ramos. Eskarmentudun musikariak zarete. Nondik ezagutzen duzue elkar eta nolako perfilak ditu Ez Dok Bapeko kide bakoitzak?
Gorka, Irkus eta Goio aspaldiko lagunak gara. Eta Josu, orain hilabete batzuk taldera batu den arren, aspaldiko lagun bilakatu da berehala. Eskarmentuari dagokionez, Josuk eta Gorkak dute handiena. Goio, adibidez, Euskal Rock Erradikalaren garaian -bai, bai, adina badu!- ibili zen talde batzuetan baxu-jotzaile (Ilotzak, Zirika, P.ko Putreak), baina denak ibilbide laburrekoak izan ziren. Irkusentzat, baxua aspalditik eskegita badu ere, Dorretxeakoa izan zen lehen zuzenekoa. Josu, berriz, Danbako kantaria izan zen, taldearen hiru diskoetan parte hartu zuen, 1994an banatu arte. Ondotik, hainbat kolaborazio egin ditu, bai zuzenekoetan, bai diskoetan, baina ez da ordutik talde batean ibili. Gorka, ordea, orain gutxi arte ibili da aktibo oholtza gainean. Sirokan bateria-jotzaile eta Zein Da Zeinen kantari aritu da, eta talde biekin hainbat disko grabatu ditu. Diskorik grabatu ez, baina Euskal Herri osoa zeharkatu zuen Feos Pero Majos taldearekin. Bestalde, Negu Gorriaken tributu taldea sortu zuen hainbat lagunekin; Neguri Gorriak. Maria Riveroren proiektuetan ere ibili da bateria- edo perkusio-jotzaile moduan. Eta hemen utziko dugu, bestela elkarrizketa osoa emango dugu bere curriculuma azaltzen (barreak).

Punk-rock  “ez oso ortodoxoa” egiten duzue “reggae kutsu bategaz”, hala definitu zenuten.
Egia esan, batzuetan etiketak jartzea gaitza da, batez ere estilo jakin bat modu ‘ortodoxoan’ jarraitzen ez baduzu. Gure kasuan, hainbat estilo jorratzen ditugu, baina, gure ustez, koherentziaz, batez ere sonoritate eta jarrera aldetik. Zuk aipatu duzun etiketa hori bururatu zitzaigun, azken finean, punk-etik edaten dugulako, bai musikalki bai ideologia aldetik, baina ikuspegi zabalagoa daukagu. Kantu batzuetan, adibidez, perkusio elektronikoa erabiltzen dugu, eta beste batean marakak. Batzuk punkarragoak dira, eta beste batzuk rockeroagoak. Kanturen batekin inkluso dantza egin daiteke!

Ibilera ezberdinetako musikariak zarete. Nolako erreferentziak dituzue?
Bakoitzak bere erreferenteak ditu, jakina, baina baditugu komun batzuk: taldeko hiru kiderentzat, behintzat, erreferente nagusia The Clash da. Eta horrekin batera, taldekide guztiek, neurri handiago edo txikiago batean, Hertzainak, Negu Gorriak, Errobi, Mikel Laboa, Specials, M-ak, Fugazi, Social Distortion, Neil Young, La MODA… maite ditugu. Eta gaur egungo hainbat talde ere sartu beharko genituzke zerrenda horretan. Bestela esanda, bihotza hunkitu eta gorputza astintzen jarri gaituzten talde asko daude.

Euskaraz idatzi eta euskaraz abestu. Nondik datoz zuen letrak? Nor arduratzen da konposizioak egiteaz eta zer kontatzen dute bertan?
Letra guztiak Goiok idazten ditu, hiru abestitakoak izan ezik, horietan hiru euskal poetaren letrak erabili baititugu. Esan dezakegu letrak politikoak direla, azken finean, bizitza bera eta bertan hartzen ditugun erabaki guztiak politikoak direlako. Hori bai, kasu batzuetan mezua argi dago, ez dago bigarren irakurketarik, Amets hautsiak edo Maskara erantzita abestietan bezala, baina, orokorrean, asmoa da irakurketa irekiagoko letrak sortzea, abiapuntu bat eman eta hortik entzule bakoitzak bere esperientziatik letra bere egin dezala. Udaberriko goiz baten-en, adibidez, bizitza berri bat ospatzen da eta, horren aurrean,  lagun batzuek irakurketa ezberdinak egin dituzte: kartzelatik irtetea, harreman berri bati ekitea, egoera zail eta latz bat atzean uztea… oso pozgarria da horrelakoak gertatzen direnean.

Bertsiorik baduzue zuen setlist-ean?
Bai, Neil Youngen Rockin’ in the free world eta, nola ez, The Clashen Guns of Brixton. Hori bai, leloak ingelesez utzi ditugun arren, kantak euskaratuta daude. Ziurrenik joango gara aldatzen, baina beti bertsio bat edo beste joko dugu; aurreko batean galdetu diguzun bezala, gure erreferenteak omentzeko modu bat da.

Etorkizunari begira, zein dira zuen hurrengo hitzorduak?
Adin bat dugu, familia, batzuek adin txikiko seme-alabak… Gure asmoa ez da amaigabeko bira bat hastea, baina bai, onartu behar dugu, zuzenean jotzen jarraitzea. Momentuz, Km0ko kontzertuekin jarraituko dugu, hau da, gure inguru hurbilenean, lagunen aurrean. Arrankuko Gizarte Etxean jotzeko asmoa dugu, Laudioko Faktorian eta Zaloako (Orozko) jaietan. Irailean, Ugaoko jaietako txosnagunean, eta hortik aurrera, Iurretan, Bilbon, Balmasedan, Gasteizen, Arrasaten…  harremanetan gabiltza, baina datak oraindik lotu barik ditugu.

Eta kontzertuez gainera, estudiora inoiz sartzeko asmorik baduzue?
Beñat Ramosekin grabatzeko asmoa dugu, baina oraindik ez dugu data zehaztu, denon agendak bateratzea ez baita erraza. Baina, zaudete lasai, grabatzen dugunean zuek izango duzue horren primizia, Aiaraldeako lagunekin batera! 

☉ Ugao

Ertzaintzak gizon bat ikertu du Ugaon asteburuan, droga trafikoagatik

Gainera beste 46 pertsona identifikatu dituzte. Horien artean 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa ezarriz zehatzeko proposatu zituzten drogak edukitzeagatik eta bi armak edukitzeagatik

|

Konfiskatutako droga // Ertzaintza

Ertzaintzak prebentzio-dispositibo bat egin zuen joan den igandean Ugaon eta 50 urteko gizon bat ikertu zuen “hainbat substantzia sorgorgarri, bere ibilgailuan hauts zuri bat zuten bi poltsa eta 20 bat pastilla” atzeman ostean.

“Ertzaintzaren baliabideek guztira 46 pertsona identifikatu zituzten, eta horietako 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa ezarriz zehatzeko proposatu zituzten drogak (kokaina, speeda, marihuana eta haxixa) edukitzeagatik eta bi armak (kuter bat eta ukabil amerikar bat) edukitzeagatik”, azaldu dute Ertzaintzatik.

Gau berean droga-kontrola egin zuten agenteek Ugaon eta zortzi gidarik positibo eman zuten substantzia sorgorgarrietan: “Esku-hartze horiek Ertzaintzak bide publikoan (oraingoan Ugaoko diskoteka baten ondoan), Arma Zuriak eta Objektu Arriskutsuak Kontrolatzeko Ekintza Planaren esparruan, egiten dituen prebentzio-lanen emaitza dira”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Beranduegi Erromeriak urtarrilaren 24an eskainiko du azken dantza, zazpi urteko ibileraren ostean

Azken emanaldia Bilboko Bilborock aretoan eskainiko dute. Ordua laster zehaztuko dute erromeriatik

|

Beranduegi Erromeriako kideak // Utzitakoa

Hego Uribeko erromeriak agur esango die ordu txikietako kontzertuei eta azken kontzertuaren data eta lekua iragarri dute: 2026ko urtarrilaren 24a, Bilborock aretoan.

“Hasieratik argi geneukan zein zen gure helburua: jendea dantzan, kantuan eta irribarrez jartzea”, azaldu dute erromeriatik. “Eta zuei esker, amets hori egia bihurtu da”.

‘Azken Erromeria Dantza’ izeneko azken bira hau joan den urriaren hasi zuten Izarran (Araba) eta harrezgeroztik Agurainetik, Bagatzatik, MallabiatikPortugaleteko EZK-FESTetik eta Zollotik igaro dira.

Ainize Perez Ipiña (Ugao, 1997) Beranduegiko abeslariarekin berba egiteko aukera izan zuen GEURIAk joan den otsailean, eta zazpi urteko ibilbidean denbora asko inbertitu dutela azaldu zuen: “Nik oso argi neukan aurtengoa nire azkenengo urtea izango zela eta asko hitz egin eta asko pentsatu eta gero, erabaki dugu itxiera on bat ematea merezi duela Beranduegik”.

Ainize, Ugaon // Geuria

Proiektua martxan jartzeak lan asko eman zituen baina jo eta su ibili ziren, erromeriari forma emateko. Hasierako kontzertuetan urduritasuna nagusi zen eta “edozein baldintzetan” jo zutela aitortu zuen Ainizek: “Hau guztia apur bat aldatu da: orain ziurtasun handiagoa dugu eszenatoki gainean. Urduritasuna badago, baina lehenengo abestiko lehenengo akordeak entzun eta desagertzen doa. Hasieran gaztetxoak ginen eta hori ere nabaritzen da, urteekin esperientzia handituz joan gara. Aitortu behar dut nostalgia puntu batekin baina harrotasunez gogoratzen dudala Beranduegiren hasiera, niretzat egi bilakatutako ametsa izan da”.

Ainize Perez, Beranduegiko abeslaria: “Nik oso argi neukan aurtengoa nire azkenengo urtea izango zela eta asko hitz egin eta asko pentsatu eta gero, erabaki dugu itxiera on bat ematea merezi duela Beranduegik”

Jendea dantzan eta kantutan jartzeaz gainera, taldeak erronka handi bati eutsi zion hasieratik: euskara kontzertuetako ardatz nagusia izatea, “euskal musika eta Euskal Herriko artisten sorkuntzak herri desberdinetara eramatea, hain zuzen”.

Festekin gertatzen den modu berean, bideari amaiera emateko ordua dela laburbildu dute Beranduegi Erromeriatik eta isilik egingo ez dutela azpimarratu dute. Azken dantza horien artean Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrenean eskaini beharreko kontzertua dago (Niere eta Tobogan taldeekin) eta azkena Bilboko Bilborock aretoan izango da.

“Eskerrik asko bihotzez, urte hauetan guztietan gure istorioaren parte izateagatik. Hau da agurra… Beti Beranduegi”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Apirilaren 11n egingo dute datorren urteko Ugaoko Gazte Eguna

Momentuz “data gordetzeko” eskatu diete herritarrei. Laster informazio gehiago iragarriko dute

|

Ugaoko Gazte Eguneko irudi bat, 2022an // Geuria

Ugaoko Gazte Eguna datorren urteko apirilaren 11n antolatu dute.

Hala iragarri dute @ugaokogazteeguna instagram kontutik. Momentuz “data gordetzeko” eskatu diete herritarrei. Laster informazio gehiago iragarriko dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Udalak 15.000 euro bideratuko ditu herriko merkataritza bultzatzeko

Diru laguntzak abenduaren 31ra bitartean eskatu ditzakete interesdunek

|

Herritarrak, Udiarraga kalean // Geuria

Udalerriko ekonomia biziberritzeko eta herritarren kontsumo-ohiturak indartzea helburu, Ugaoko Udalak 15.000 euro bideratuko ditu tokiko merkataritzara.

“Deialdi hau 2025eko eta 2026ko ekitaldietan egindako inbertsioei dagokie, eta eskaerak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 31ra arte egongo da zabalik”, azaldu dute udal ordezkariek. Laguntzak jarduera ekonomikoa Ugaon garatzen duten negozioei bideratuko dizkiete “Ugaon establezimenduak, baita egoitza soziala beste udalerri batean dutenak ere, baldin eta beren jarduera hiribilduan garatzen badute”.

Laguntzak zuzenean eslaituko dituzte eta gehienez 2.000 eurokoa izango da bakoitza, egindako inbertsioaren % 50era artekoa. Diru horrekin era honetako gastuak estali ahalko dira:

– Establezimenduen hobekuntza orokorrera bideratutako inbertsioak: lokalaren
barruko eta kanpoko egokitzapen-lanak, oztopo arkitektonikoen ezabaketa
– Segurtasun-neurriak ezartzeko edo irisgarritasuna hobetzeko neurriak
– Makinaria, altzariak edo establezimenduaren erabilera esklusiboko ekipamendu
informatikoak (hala nola TPV-ak) erostea
– Kalitate arauak ezartzeko aholkularitza zerbitzuak eta salmenta-puntua
optimizatzeko jarduketak, hala nola argiztapena, erakusleihoak edo girotzea

Diru laguntzak abenduaren 31ra bitartean eskatu ditzakete interesdunek. Deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu dute dagoeneko

Osorik irakurri

☉ Ugao

Emakumeak ahalduntzeko tailerra antolatu dute Ugaon

Hurrengo hitzorduan, azaroaren 11n, zoru pelbikoaren osasunari begiratuko diote

|

Neskatxo bat, M8an // Geuria

Udalak emakumeak ahalduntzeko prozesu berri bat ipini du martxan, talde-tailer baten bidez.

Helburua emakumeak indartzea, eta elkarren arteko zaintza eta ikuspegi feminista eta komunitariotik laguntza sareak sortzea da. Tailerra abenduaren 10era antolatu dute Jane jauregian. “Prozesuan zehar funtsezko alderdiak landuko dira, hala nola autoestimua, adierazpen emozionala, muga pertsonalak, sormena, komunikazioa edo osasun intimoa, besteak beste”, azaldu dute udal ordezkariek.

“Dinamika parte-hartzaileen, mugimenduaren, hitzaren eta adierazpen artistikoen bidez, norbere burua ezagutzeko, indartzeko eta elkarrekin bide berriak proiektatzeko espazio bat eraikitzea da helburua”. Lehen saioak azaroaren 4an eta 5ean izan ziren eta ahalduntzearen gaiari heldu zioten.

Hurrengo hitzorduan, azaroaren 11n, zoru pelbikoaren osasunari begiratuko zaio. Udalak azpimarratu du tailerrak “modu kolektiboan indartu, esperientziak partekatu eta norbera errekonozitzeko proposamen integrala” eskaintzen duela.

Osorik irakurri