☉ Zeberio
Aitziber Mendibil Barañano: «Garai batean, euskaldunontzat oso garrantzitsua zen erleei zuka egitea»
Uriondoko erlezainak bere irakasle lana eta erleen mundua uztartu ditu eta erlezaintzaren munduko ateak zabaldu dizkigu baserri ondoan dituen erlauntzetan
Aitziber Mendibil Barañanok (Zeberio, 1973) ia dena daki erleen inguruan. Osabarengandik ikasi zuen erlezaintzaren lanbidea, baina ez du horretan lan egiten; Mendibil Heziketa fisikoko irakaslea da Basaurin eta GEURIAri azaldu bezala, bere irakasgaiak harreman oso estua dauka natur zientziarekin eta, hortaz, bioaniztasunarekin, polinizazioarekin eta aldaketa klimatikoarekin, besteak beste. Udaberriko azken txanpan Aitziberren familiak Uriondoko baserrian duen erlauntzetara hurbildu gara, lanean ari diren izaki txiki horien mundu hain ezezaguna ezagutzera.

Zerk eraman zintuen erlezaintzara, Aitziber? Etxean betidanik izan gara ortuzaleak, eta osaba zaharrak erleak ere bazituen. Duela 15 urte gutxi gorabehera, baserria berriztu genuen. Erlauntzak zeuden bertan. Egun batetik bestera, horietako batean erlauma bat sartu zen eta osabarekin batera hori zaintzen hasi ginen. Horrela hasi zen dena. Galderak osabari eginez eta bere erantzunei so eginez erlauma bat, bi hiru… hazten hasi nintzen. Gaur egun 30 erlauma ditut eta 50 izatera heldu naiz ere.
Denak Uriondo auzoan? Duela urte batzuk beste modu batean bizi ohi nuen zaletasun hau eta erleak Gorbeiara eraman ohi nituen. Bertan ainar arruntaren eztia egiten nuen eta ondo zegoen. Baina zeberioztarra izanda, Gorbeiara heltzeko bidea ez zen batere aproposa eta erleak Uriondo auzoan haztea erabaki nuen. Hemen lore anitzeko eztia ekoizten dut.
Lanbidez irakaslea zara Basauriko Uribarri institutuan. Loturarik badu zure lanak erlezaintzarekin? Heziketa fisikoko irakaslea naiz eta gure irakasgaia oso zeharkakoa da. Nahiz eta oso zehatza izan, kirola eta jokoak soilik lantzen ditugula eman dezake baina loturak ditu natur zientziekin. Lankideekin berba egitean berehala konturatu ginen gure ikasgaiak beste hainbat gairekin harremanak izan zitzakeela: bioaniztasuna, polinizazioa, aldaketa klimatikoa, espezie inbaditzaile baten eragina, kulturalki nolako garrantzia duen erlezaintzak garai jakin batean argizaria ekoizteko… Euskararen aldetik landare batzuen izenak, hiztegia (erle mandoa, erle erregina, abaraska, argizaria…)… Laburbilduz: erlezaintzarekin loturak eta harremanak egiteko aukera ugari ematen ditu nire lanak, eta hori altxor txiki bat da irakaskuntzan.

Batek baino gehiagok pentsatuko du erlezaintzaren atzean erleak eta eztia dagoela soilik; baina erlezaintzak mundu oso bat ezkutatzen du. Hala da. Garai batean euskaldunontzat oso garrantzitsua zen erleei zuka egitea. Erleak animalia sakratuak bezala tratatzen zituzten eta logikoa da: erleek argizaria produzitzen dute eta argizaria kandeletan ipintzen. Eta zer daukate argizaiolek? Biribildutako argizaria. Erleek ekoiztutako argizariak jendearen bizimoduan eragina zuen eta elizkizunetan garrantzi handia zeukan.
Bestalde, antzina ez ziren erleak saltzen eta gaur egun ohitura hori galdu egin da. Gaur, erlezain profesionalen artean bereziki, erlaumak saltzeko ohitura dago. Lehen hori ez zen posible: erlaumak diru iturri inportanteak ziren eta opari lez edo belaunaldi ezberdinen artean transmititu ohi ziren.
Beste ohitura zahar baten adibidea ematearren, antzina, erlezaina hiltzen zenean erlategira joan eta erlauntzak astindu egiten ziren, ugazaba hil izanaren seinale modura. Historiaren aldetik lan ederrak egin dituzte erlezaintzaren inguruan.
Nolako lanak ematen ditu erlauntzak mantentzeak? Hori erlauntza kopuruaren araberakoa izan ohi da. Helburu bakarra eztia produzitzea bada, denborak eta loraldiak hartu behar dira kontuan. Erleak hainbat faktorerengatik zaindu behar dira: kopuruaren aldetik eta gaitzen aldetik bereziki. Momentu jakin batzuetan erlaumaren hazkundea ere kontrolpean izan behar da. Horren guztiaren arabera argizari gehiago edo gutxiago ipini, tratamendua jarri eta bestelako lanak egin behar dira. Emaitza eztia izango da.
Eta ezti hori erle bakoitzak jaten duenaren eta bere zikloaren arabera produzituko dute. Momentu jakin batean erlauntza “gelditu” egiten da, baina naturaren esnatzearekin erleak ere esnatzen dira eta beren zikloari berrekiten diote. Udan, lore anitzeko eztia produzitzen dugunoi dagokigunez, gero eta arinago ateratzen ari gara eztia. Eztia atera ondoren, erlauntzaren tamaina egokitu behar da erleak negualdia prestatzen hasteko. Lekurik ez izatekotan, erregina zaharra erle pila batekin eta eztiarekin joan egingo da eta erlauntzean erregina berria geldituko da. Eztia produzitu nahi izatekotan horixe da zaindu beharrekoa.

Nolako erleak topa ditzakegu gure inguruetan? Kantauri isurialdean Erle Beltza (Apis mellifera iberiensis) bizi da eta Bizkaiko Erlezainen Elkartearen helburua da bertako espezie hau zaintzea.
Eta erlezainei dagokienez, zeintzuk dira bereizi beharrekoak? Erlezain profesionalak eta ez profesionalak daude. Profesionala izateko 150 erlauntza baino gehiago eduki behar dira; zaintza era ekologikoan egiten bada, 50etik gora. Horiek horrela, erlezaintza egiteko modu bi daude: alde batetik, erleak kokapen batean urte osoan izatea eta, beste alde batetik, erlauntzak urtean zehar leku batetik bestera mugitzea. Kostaldean, erlezain gehienek transhumantzia egiten dute Liztor asiarra (Vespa Velutina) etorri delako eta erleek ezin dietelako liztorren erasoei eutsi. Erle horiek normalean leku garaietara edo Burgos bezalako toki sikuagoetara eramaten dituzte.
Erlauntzak leku batetik bestera eramatearen ideiak ez dirudi arin batean egin daitekeen zerbait. Garraioa Bizkaian egin behar bada erleak hartu eta behar den lekura eraman behar dira, besterik gabe. Bizkaitik irten egin behar bada, ordea, baimenak eskatu behar dira. Nola edo hala, erleak ezin dira edozein momentutan garraiatu: goiz-goizean edo iluntzean egin ohi dira lan hauek, erlauntzaren barruan lasai daudelako, atseden hartzen.
Eta den dena Asiako liztorrengatik. Asiako liztorrek ura behar dute beren habiak eraikitzeko (kostaldea, ibaiak…). 900 metrotik gorako altueretan bizitzea ere kostatzen zaie kanpotik etorritako espezie hauei.

Eta nolakoa da Zeberio erleak zaintzeko? Ba al dago zure pasioa praktikatzen duen beste inor? Bai, noski! Zeberion suhiltzaile batzuk daude eta askotan erlaumak kentzen dituzte etxebizitzetatik. Zeberioko Presalden Unai Larrabide izeneko lagun bat bizi da eta Iruatxetan Koldo Velasco. Azken honek Burgosetik ekarritako ainar arruntaren eztia saltzen du Amañe tabernan bertan.
Ezti hori erleen altxor preziatuena da, baina ez da munduari egiten dioten ekarpen nagusia. Erleek munduari egiten dioten ekarpen nagusia polinizazioa bera da, polinizatzaile eraginkorrena delako (tximeletak eta bestelako intsektuak erlearen atzetik doaz) eta urte osoan zehar egiten duelako lan. Hemen ez da gertatzen, baina Ameriketako Estatu Batuetan ordaindu egiten dute erlezain batek fruitu-arbolak polinizatzeko eskainitako zerbitzuarengatik. Bertan Bombus izeneko erlaztarra erabiltzen dute.
Hainbeste lan egin eta gero kanpoko espezie inbaditzaileak etorri eta zapaltzeko. Eta Asiako liztorrak ez dira erleen arerio bakarrak izan; 80ko hamarkadan Barroa izeneko gaixotasuna etorri zen Asiatik eta erlauntzak “menderatzen” zituen. Tratamendurik ipini ezean, erlauntzetako erleak hil, erleak deformatu eta infekzioak barreiatzen zituen. Gaixotasun hark erlezaintza guztiz aldatu zuen eta, ondorioz, gaur egungo erlezaintza modernoaren aroa hasi zen.
☉ Zeberio
Argazkiak | Mozorroak jantzi eta kalera irten dira zeberioztarrak Gau Beltzan
Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egin zuten atzo eta gaztain erreen usaina eta Gau Beltzaren magia herriko txoko ezberdinetara iritsi zen

Beste urte batez Gau Beltza edo Arimen Gaua prestatu du Zeberioko Txubelasu Guraso Elkarteak, Zubialden.
Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egin zuten atzo eta gaztain erreen usaina eta Gau Beltzaren magia herriko txoko ezberdinetara iritsi zen.
☉ Zeberio
Luis Zubero txirrindulari ohia eta ‘Ciclos Zubero’ dendako sortzaile zeberioztarra zendu da
Txirrindulari ohiak, Goddet Tourreko zuzendariari esan zion aldapak jaisteko modua zeberioko kurbetan ikasi zuela

Luis Zubero euskal txirrindularitzako erreferentea hil egin da, 77 urte zituela.
Zubero 1968tik 1976ra bitartean izan zen txirrindulari profesionala eta KAS taldeko txirrindularia izan zen 1968tik 1974ra. Amateur izan zenean deitu zuen arreta zeberioztarrak: 1967an Bizkaiko eta Espainiako txapeldun izan zen.
Profesional lez Pascuas-eko zirkuituan eta Sabiñanigoko GPa irabazi zituen eta 1970eko Frantziako Tourreko etapa batean bigarren postua eskuratu zuen Eddy Merckx-en atzetik: “Etapa hura Merckxek irabazi zuen, den-dena irabazten zuen moduan. Ez zuen ezer besteentzat. Indartsuena eta handinahiena zen”, horrela gogoratzen zuen Zuberok Merckx. Ozta ozta ez zuen irabazi etapa hura, baina Merckxi beldurra emateko gai izan zen.
Garai hartan Tourreko zuzendaria izandako Goddetek galdera egin zion Zuberori: “Non ikasi duzu aldapak modu horretan jaisten?”. “Zeberion”, erantzun zion Luisek irribarretsu. “Kurbaz beteta dago herria”.
Txirrindularitza profesionala utzi ostean, Bilboko erdigunean kokatutako Ciclos Zubero denda zabaldu zuen, txirrindularitza askorentzat erreferente bilakatutako negozioa.
☉ Zeberio
Zeberioko Ibarra auzoko etxe batzuen ur zikinak ibaira isurtzen egon dira azken urteetan
Udalak azaldu du “arrazoi ezezagunak direla eta” auzo erdia ez dagoela saneamendu sistemako sare nagusira konektatuta

Zeberioko Udalak konponketa-lanak hasiko ditu Ibarra auzoko zenbait etxetan, saneamendu sisteman arazoak detektatu dituztelako. Izan ere, auzotar batek abisua eman zion Udalari, bere etxeko ur zikinak Zeberio ibaira isurtzen ari zirela uste zuelako.
“Auzo erdia ez dago saneamendu sistemako sare printzipalera konektatuta”, azaldu dute udal ordezkariek. “Ondorioz, ur zikinak Zeberio errekara isurtzen egon dira azken urteetan”. Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu du ahalik eta lasterren ekin nahi dietela konponketa horiei, “urtea amaitu baino lehen, ondo bidean”.
Ereinen bidez 6.000 euroko diru laguntza jasoko du Udalak eta guztira 17.000 euro bideratuko dute konponketa hauek egin ahal izateko (BEZa kanpo).
Arazoaren jatorria
Auzotarraren abisua jaso ostean, udal langileak Ibarrara gerturatu eta proba batzuk egin zituzten: “Hala izan zen: komuneko ponpatik tira egitean ura errekara zuzenean isuri egiten zela ikusi genuen”.

Zeberio ibaia, Ibarra auzoan // Geuria
Arazo honek Ibarrako laupabost etxebizitzei eragiten die. “Duela urte batzuk obrak egin ziren arazo honen haritik”, azaldu dute Udaletik. “Baina ezagutzen ez dugun arrazoi batengatik etxebizitza horiek ez daude saneamendu sistemako sare nagusira konektatuta”.
☉ Zeberio
Otso baten antza duen txakur bat bilatzen ari dira Zeberion
Jabeen arabera Runa ez da animalia arriskutsua baina bai beldurkorra

Runa izeneko txakur eme bat galdu zen atzo Untzetapiku mendiko antenen zonaldean, 11:30ak aldera, eta Zeberio aldetik ari dira bere bila.
Txaku-otso txekoeslovakiarra arrazakoa da, tamaina handikoa eta gris eta zuri koloreduna (lur koloreduna). Jabeen arabera ez da animalia arriskutsua baina bai beldurkorra. Bederatzi urte ditu eta uhal beltza darama lepoan, militar koloreduna.
Norbaitek ikustekotan 666 200 441 telefono zenbakira deitzea eskatu dute (Markel).

☉ Zeberio
Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egingo dute Zeberioko Gau Beltzan
Zeberioko plazan antolatu dute, urtero lez, Gau Beltza, 18:00etatik aurrera

Gutxi falta da Gau Beltza edo Arimen Gaurako eta Zeberion programa interesgarria prestatu dute Txubelasu Guraso Elkarteko kideek herritar guztientzat, herriko plazan.
Gaztainerrea, ibilbide magikoa – Sanduli Manduli, Lamien dantza… eta musika, jatekoa eta edatekoa izango dute bertara gerturatuko direnek.
Egitaraua | Zeberioko Gau Beltza 2025
Urriak 31, barikua
18:00 Gaztainerrea
18:30 Ibilbide magikoa – Sanduli Manduli
20:00 Lamien Dantza




















