☉ Hego Uribe
“Ezinegona dugunean, lagunekin hitz egiten dugu: askotan aliatuak bilatzen ditugu”
Sentimenduez ari garela, gazteek zeresan handia dute. Emozioak bor-bor dauden garaia da, aldaketa asko jasaten diren garaia. Eskualdeko hiru gazterekin batu gara sentimenduez eta emozioez berba egiteko
Zein da gazteen egoera? Zelan sentitzen dira gazteak? Zer behar dituzte? Eta zer kezka? Gaztaroan hainbat aldaketa jasaten ditu gizakiak eta emozioak bor-bor ageri dira, baina badakite gazteek emozio horiek kudeatzen? Iaz publikatu zen Euskadi Gazte 2020-2021 ikerketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 15 eta 29 urte bitartean dituzten hamar gaztetatik zazpi pozik daude beren egoera pertsonalarekin.
GEURIA eskualdeko hiru gazterekin batu da: Karmele Felipe (Arrigorriaga, 1999), Beñat Armentia (Galdakao, 1998) eta Irina Garcia (San Migel, 1990). Basauriko Bizkotxalde parkean elkartu gara eurekin eta solasaldia izan dugu. Besteak beste, sentimenduez, emozioen kudeaketaz, laguntza profesionalaz, gazteen kezkez eta etorkizunaz hitz egin dute euren artean, GEURIAko kazetariokin batera.
Zuen egoera pertsonalari zein nota jarriko zeniokete?
Karmele Felipe: Nire egoera pertsonalari oso nota ona jarriko nioke, 8 eta 8,5 artean, adibidez. Azken finean, alderdi askotan oso pozik nago: lagunekin, familiarekin, osasuna daukat, lana… Orokorrean nahiko baikor ikusten dut nire bizitza.
Irina Garcia: Nire kasuan, pribilegiatua sentitzen naiz, eta nik ere 8,5eko puntuazioa emango nioke nire egoera pertsonalari.
Beñat Armentia: Nik ez diot notarik jarriko nire egoerari. Oso zaila da 1etik 10era nota bat jartzea. Oraintxe bertan nire egoera oso ona da.
Pribilegiatua hitza atera da. Zergatik esango zenukete pribilegiatuak zaretela?
I.G.: Karmelek esan duen bezala, familiagatik, lagunengatik, ikasketengatik, lanagatik gara pribilegiatuak.
B. A.: Lanak egoera sozioekonomiko on bat bermatzen badizu, uste dut hori poztasunaren sinonimo izan daitekeela. Nik, adibidez, lan bat lortu dut. Gorabeherak ere baditut lan horretan, baina uste dut lan mundura sartzerakoan lortzen baduzu egiten duzun horrek betetzea, esango nuke orduan lortzen duzula pozik egotea.
K.F.: Ongizate orokor baten barruan ikusten dut nire bizitza. Psikologikoki, mentalki eta fisikoki ondo sentitzen naiz, pozik nago, eta ikusten dut gai naizela nahi ditudan gauzak egiteko. Horregatik ere pribilegiatua naizela uste dut; zerk inguratzen nauen ikusita eta nik nola kudeatzen ditudan nire emozioak, gorabeherak, egoerak…
Zuen emozioak eta sentimenduak ondo baloratzeko, zeri ematen diozue garrantzi gehien zuen bizitzetan?
B.A.: Oreka bat bilatzen saiatzen naiz; esaterako, ikusten badut lanagatik ez dudala astirik beste gauza batzuk egiteko… Uste dut orain lortu dudala oreka bat, baina batzuetan ikusten duzu arlo bat beste bati gailentzen zaiola, eta askotan sentitu dut beharrizana bigarren horiek betetzeko, alegia, bati kendu beste bati emateko.
I.G.: Ados nago Beñatekin. Oreka da gakoa. Eta emozioak kudeatzen jakitea ere oso garrantzitsua da. Eta hori ez dakit nola lortzen den. Heziketa sexu-afektiboarekin batez ere; eta lehen esan dugun bezala, familian edo lagunartean giro ona badaukazu laguntza handia jaso dezakezu. Batzuek oso zorte txarra daukate zentzu horretan, ez dutelako babesik inguruan.
Emozioen kudeaketa zaila dela diozue. Laguntza profesionala beharrezkoa dela uste duzue?
K.F.: Nik ez dut inoiz laguntza profesionalik behar izan. Gustatuko litzaidake psikologoarenera joatea, laguntza profesional hori edukitzea, baina ez dut izan egoerarik nire bizitzan profesionaltasun hori bilatzeko. Baina agian ondo legoke, behar ez dudan arren, psikologoarenera joatea. Oso positiboa da laguntza hori edukitzea, baina momentuz ez dut behar izan.
I.G.: Ni terapiara joan nintzen iaz eta oso gustura egon nintzen. Terapia sexual eta psikologikoa izan zen eta, egia esan, egin dudan gauzarik hoberena izan dela esango nuke.
K.F.: Eta gomendatuko zenuke?
I.G.: Bai, edonori.
B.A.: Ni ez naiz terapiara joan. Askotan pentsatu dut: “Hau da benetan nahi dudana, gustatzen zaidana?”. Adibidez, lanari dagokionez. Gusta dakizuke zure ogibidea, baina gero sartzerakoan ikusten duzu ez dela imajinatzen zenuen bezalakoa. Ezinegona dudanetan, lagunekin hitz egiten dut, askotan aliatuak bilatzen ditut.
K.F.: Nire gurasoen heziketak ere badu eragina. Naizen pertsona naiz eurengandik jaso dudan heziketagatik. Ez dut kanpoko laguntzarik behar izan eta hori pribilegio lez ere ikusten dut.
I.G.: Egia da familia axolagabe asko dagoela. Baita lagun axolagabeak ere. Pribilegioa ere bada familia, lagunak eta bikoteak lagungarriak izatea. Hala ere, nahiz eta familiak, lagunek, bikoteak zu ulertu eta babestu, beti daukagu zeozer barnean; beharbada gaztetan zerbait sufritu duzu, abusuren bat edo dena delakoa, eta horregatik oso garrantzitsua da terapia jasotzea. Eta pribilegio horren barruan ere badago terapia ordaindu ahal izatea, noski. Nahiko garestiak izan litezke terapiak.
“Emozioak kudeatzen jakitea ere oso garrantzitsua da. Eta hori askotan ez dakigu nola lortzen den”
Osasun mentala diskurtso publiko bihurtu da azkenaldian, eta txikitatik ikasi beharko genuke emozioak nola kudeatu.
K.F.: Argi dago zerbait egin daitekeela. Gure adina ikusita, gu gazteak ginen garaian ez zen emozioen kudeaketa lantzen.
I.G.: Ez. Nire ikastolan, adibidez, ez zen emozioen kudeaketa lantzen; ez dakit, beharbada beste ikastetxeetan hasiak ziren horri erreparatzen… Ni, adibidez, hezitzailea naiz, tailerrak ematen ditut eta igartzen da falta dela emozioen kudeaketan gehiago sakontzea.
K.F.: Hala ere, uste dut asko aurreratu dela. Nik eskola batean egiten dut lan eta ikusten dut umeek badakitela adierazten zer sentitzen duten momentu bakoitzean. Agian guk negar egiten genuen eta ez genekien zelan adierazi gertatzen zitzaiguna, baina orain esan egiten dute: “Honek ezinegona sortzen dit”. Nik ez nekien hori esaten, eta gaur egun flipatu egiten dut txikienak zelan diren gai euren emozioak kudeatzeko. Oso ondo ikusten dut eskolan horrelakoak lantzea, noski.
I.G.: Aldatu da egoera. Batez ere metodologia, baita irakasleak ere. Ikastetxeetara tailerrak ematera kanpotik joaten garenok ere gure ekarpena egiten dugu emozioen kudeaketan.
Emozioen barruan, lana eta etxebizitza topatzea izaten dira gazteen kezkarik handienak.
B.A.: Ni gurasoekin bizi naiz oraindik. Lanean, adibidez, zorte ona izan nuen eta iaz karrera amaitu eta jarraian hasi nintzen lanean. Baina ikusten dituzu ingurukoak, batez ere klasekideak eta, orokorrean, haiekin elkartzean kezka iturri izaten da lanaren kontua.
K.F.: Etxebizitzarena nik oso urrun ikusten dut. Ez dut imajinatu ere egiten. Gurasoekin bizi naiz eta momentuz ez dut nire burua beste leku batean ikusten, ez daukadalako dirurik. Nik dirua nire gauzetarako eta nire aisialdirako baino ez dut.
Bizitza garestitu egin da eta soldatak ez dira nahikoak.
I.G.: Etxebizitza arrunt baten alokairua 500 euro (oso behetik jota), janaria hilean 200 euro gutxi gorabehera, argia, ura, gasa… Horiek guztiak ordaintzen badoakizu hileko soldata. Hori kontuan hartuta, ezin zara etxetik bakarrik joan. Ni bikotekidearekin bizi naiz eta eskerrak, bestela ezingo nintzatekeen emantzipatu.
Hirurok lana daukazue. Alde horretatik independenteak zaretela sentitzen duzue?
B.A.: Nire kasuan, etxetik kanpo bizitzea zer den ikusteko aukerarik ere ez dut izan. Erasmusera doazenek berriro etxera bueltatzean esaten dute: “Jo, orain berriro gurasoen etxera”. Nik ez dut halako aukerarik izan; hortaz, ez dakit zer den etxetik kanpo bizitzea eta gurasoekin bizi arren zer den independente izatea. Nire gurasoekin bizi naiz eta momentuz ez dut halakorik planteatu.
I.G.: Zer da independente izatea? Ezagutzen dut jendea diru asko duena eta gurasoen etxetik joan nahi ez duena. Ondo daude etxean. Baina lehen esan dudana: soldatak oso prekarioak dira. Gazteok gaur egun ikasketak ditugu, oso ondo prestatuta gaude lan egiteko, baina orokorrean soldatak oso prekarioak dira, eta horrek zaildu egiten du independentzia lortzea.
Beste ezerk kezkatzen zaituzte?
K.F.: Ni gehien kezkatzen nauena osasunik ez izatea da. Hori da nire lehenengo beldurra. Etxebizitza propioa izatearena ere kezka da, baina ez da hainbestekoa. Ni pribilegiatua sentitzen naiz, nire gurasoek lan egonkorra dutelako, ni etxebizitza batean bizi naizelako (nahiz eta eurekin bizi). Etxebizitza propiorik ez izatea ez dago nire epe laburreko kezken artean. Lana, bai; kezka nagusietako bat da niretzat. Nutrizioa ikasi nuen, ez dago ia lan-irteerarik mundu horretan eta nik neuk zabaldu behar izan dut nire bidea. Lana da kezka, baina nire bidea egiten ari naiz: gehiago ikasten ari naiz, urrats txikitxoak ematen ditut… Pixkanaka-pixkanaka banabil zeozer egiten. Hain autonomoa izan naizenez lan horretan, ez da nire beldurrik nagusiena.
I.G.: Nire kezka nagusiak honakoak dira: zein diru-laguntza emango dituzten feminismoaren aldetik, politiken aldetik, nolakoa izango den etorkizuna, zer egingo dugun, gaztetxoek zer edukiko duten, zein aldaketa egongo diren heziketa sexualean edo feminismoan…
B.A.: Hezkuntza munduan nabilelarik, ikusten duzu zeintzuk diren egungo erreferenteak eta horrek kezkatzen nau. Eta horri alternatibak ematea bakoitzari dagokio.
I.G.: Erreferenteez ari garela, begira mundu digitalean zer ikusten dugun eta gazteek zer ikusten duten. Tik Token, Instagramen, zer kontsumitzen dugu/dute?
“Ni terapiara joan nintzen iaz eta oso gutura egon nintzen. Terapia sexual eta psikologikoa izan zen, eta egia esan, egin dudan gauzarik hoberena izan dela esango nuke”
Kezka hauek kanpora begirakoak dira, gizarteari begira.
I.G.: Egia da, azken finean gizartearen parte baikara.
B.A.: Pertsonalki, orain betetzen nauenak edo benetan betetzen nauela uste dudan horrek etorkizunean zelan jokatuko duen pentsatzeak kezka sortzen dit. Orain ikusten dut lanak betetzen nauela, baina baliteke hemendik urte batzuetara nekatuta egotea eta esatea: “Hau al da benetan nahi dudana?”. Eta ez bakarrik lanari lotuta, zaletasunekin ere galdera bera egiten diot nire buruari. Ez dakit zer nahi dudan oraintxe; bada, pentsa hemendik urte batzuetara!
Irudi pertsonala ere urte luzez oso garrantzitsua izan da.
I.G.: Ni gazteagoa nintzenean igartzen zen nola dietek edo loditasunak arduratzen gintuzten. Edo makillajea jartzeak, besteen gustuko izateko.
K.F.: Irudi pertsonala izan da emakumeok beti zaindu behar izan duguna. Eta horrek ere kezkatzen nau. Uste dut jendarteak orokorrean beldur handia diola gizentzeari edota fisikoan aldaketak izateari. Gorputzaren inguruan, eta batez ere, emakumeen gorputzen inguruan kritika asko jasotzen ditugu.
I.G.: Bai, eta gizonen inguruan ere bai. Gihartsua izan, indartsua… Ikusi dut nerabeek sufritzen dutela bere irudia zaintzen.
Zuen ingurukoek eta zuek zeuek irudia zaintzen duzue?
I.G.: Ingurukoek asko zaintzen dute beren irudia, bai.
K.F.: Batez ere sare sozialek eragin handia dute horretan.
I.G.: Lehen ez zegoen sare sozialik eta irudi pertsonala zaintzearena existitzen zen, eta askok asko sufritzen zuten. Eta sorpresa, sorpresa… emakumeek berriro ere.
B.A.: Eskola inguruan ikusten da. Nerabe aurreko garai horretan nabil irakasle eta ikusten da orain hasi direla euren irudia zaintzen, eta gizartearen presioa badutela. 11 urterekin hori gertatzen bada, imajinatu 18 urterekin.
11 urterekin jada sare sozialetan murgiltzen hasten dira gaztetxo asko. Oso goiz.
B.A.: Bai. 11 urterekin hasten dira sare sozialetan. Ikusi dudanagatik, eta askotan galdetzen diet, adin horretan dago oinarria eta bertan dituzte lehen erreferenteak. Orain modan jarri dira kale elkarrizketak Tik Token eta artikulu batean irakurri nuen asko hazi direla horrelako formatuak. Esango nuke, horrelako formatuetan zabaltzen dituzten edukiek kalte egiten dietela gazteei. Besteak beste, zenbat diru duten, zer nolako sexu-harremanak dituzten…
Sare sozialak erakusleiho bat dira, urteko 365 egunetan zoriontsuak garela adierazteko.
I.G.: Hasi da osasun mentalaren kontu hori sare sozialetan ere zabaltzen. Influencerrak, streamerrak edota youtuberrak hasi dira berba egiten antsietatearen inguruan edo orokorrean osasun mentalaren inguruan. Pertsona horiek gazteongan erreferenteak ere izan litezke, baina zelan kontrolatzen duzu jendeak ikusten duena Tik Token edo Instagramen? Oso zaila da. Etxean ere gurasoek ez badute kontrolatzen zenbat denbora dauden gaztetxoak sare sozialetan edo zer ikusten duten… Benetan zaila da horrelakoak kontrolatzea.
K.F.: Sare sozialak erabiltzen jakin behar da, argi dago. Nor jarraitzen duzun oso garrantzitsua da, batez ere zein mezu ematen duen ikusteko. Nik uste, Irinak lehen esan duen bezala, heziketa sexuala eta digitala behar direla. Sare sozialak erabilgarriak dira, baina jakin behar dira erabiltzen. Ez gaude beti pozik, eta ez dugu zertan dena sare sozialetan publikatu, pozik baldin bagaude ere.
“Nik eskola batean egiten dut lan eta ikusten dut umeek badakitela adierazten zer sentitzen duten momentu bakoitzean”
Uste duzue emozioak kudeatzen badakizuela?
I.G.: Batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Topikoa dirudi, baina ez da: hilekoarekin fase pilo bat daude eta horiek dakartzaten emozioak kontrolatzen badakit, baina ikasi dudalako, besteak beste terapian. Eta agian, heldua naizelako. Baina batzuetan nekatuta egon naiteke edo ez dakit zenbat hilabetetan triste egon, eta gero gertuko bat etorri eta barnean ditudan emozio horiek eztanda egiten dute. Eta horrek ez du esan nahi derrigorrez nire bizitzan zerbait txarra gertatu denik. Eta ez da hilekoa bakarrik; lagunekin gaizki nagoela, edo familiarekin, edo bikotekidearekin… Emozioak kudeatzea ez da batere erraza.
K.F.: Pozik nago egunero? Bai, baina baliteke momenturen batean triste sentitzea, eztanda egitea, eta ez dakit zein den arrazoia. Hori identifikatzea kostatzen zait.
I.G.: Nik uste dut badakigula zein den arrazoia. Gure barnean badakigu zein den arrazoia, baina ez gara barnera sartzen zer gertatzen zaigun jakiteko.
K.F.: Edo ez dugu nahi.
I.G.: Izan daiteke, bai. Nik uste dut emozio guztiak direla beharrezkoak. Denak. Ez daude emozio onak edo txarrak. Beldurra, nazka, maitasuna, alaitasuna, amorrua… emozio edo sentimendu guztiak dira beharrezkoak.
Eta eztanda egiten duzuenean, norengana jotzen duzue?
K.F.: Batzuetan inorengana ez. Bakarrik geratzen naiz.
I.G.: Niri lagunekin berba egitea gustatzen zait. Lagun onekin.
B.A.: Karmelek dioen horrek, batzuetan bakarrik eztanda egiteak, nik uste dut gizartean “bakarrik” horrek kutsu negatiboa duela, baina garrantzitsua da onartzea gaizki zaudela, eta zuk bakarrik bila dezakezula horren atzean dagoen arazoa edo arrazoia.
I.G.: Laguntza eskatzea izugarri kostatzen zaigu. Gure burua ahul ikustea. Batzuetan ez dut esango triste nagoela, bestela pentsatuko dute oso gaizki nagoela. Ingurukoak —lagunak edo senideak— guregatik kezka ez daitezen, emozioak gorde egiten ditugu batzuetan, eta hori ez da batere ona.
Zuen gertukoek edo ingurukoek “zelan zaude?” galdetzen dizuetenean, zer erantzuten duzue normalean?
I.G.: Gehienetan, “ondo”, nahiz eta barrutik nahastuta edo triste egon. Batzuetan sentsazioa dut zelan gauden galdetu didan hori aspertu egingo dela nire erantzunean sakontzen badut. Batzuetan esaten dut: “Gaur lanean ez dakit zer. Kontatuko dizut kafe bat edo garagardo bat hartzen dugunean”. Orokorrean, eta ez kezkatzeagatik, “ondo” erantzun ohi dut.
B.A.: Orokorrean, txarto sentitzen naizenean esaten dut: “Ni txarto nago”. Baina ez dut pentsatzen balitekeela jende gehiago ere txarto egotea. Horri ere eman beharko genioke buelta bat.
Zelakoak zineten txikitan? Kezkarik bazeneukaten?
B.A.: Onartua ez sentitzea zen akaso kezkarik nagusiena txikitan. Gaur egun ere ikasleen artean ikusten dut, nerabezarora heldu baino lehen, euren kezka dela onartua ez izatea, gizartearekin bat ez egitea. Eta nik uste dut errepikatzen den kezka bat dela.
K.F.: Bai. Hori bera, eta lagunik ez edukitzea.
Gizartean integratzeko modu horrek alkohola edo drogak kontsumitzera garamatza?
I.G.: Bai, guztiz ados. Eta niretzat hori tamalgarria da. Batzuetan talde batekin edo kuadrilla batekin bat egiteko, edo ligatzeko, alkohola edaten genuen. Gazteago nintzenean gogoratzen dut batzuek esaten zutela: “Ez duzu edaten? Ez duzu erretzen? Baboa zara”. Euskal Herrian kontsumo horiek oso ohikoak dira: txikiteroak, txokoak, gazteen lonjak…
K.F.: Lotsa kentzeko kontsumitzen dugu alkohola. Eta agian, baita ere, ez dugulako trebetasun sozialik gure artean (gazteon artean) harremanetan hasteko.
I.G.: Ez daukagulako heziketa hori. Gero, neska eta mutilen arteko sexu guda ere aipatzekoa da, batez ere heterosexualitatean: “Neskak horrelakoak dira, mutilak horrelakoak”.
Kontsumoak adikziora eraman gaitzake.
K.F.: Bai, kontsumoak adikzioa ekar lezake. Ondo sentitzeko edo sentimenduak eta emozioak ezkutatzeko adikzioak oso arriskutsuak dira.
Zuen inguruan ikusi duzue horrelakorik?
K.F.: Bai, ikusi bai, baina aldentzen saiatu naiz.
I.G.: Ze ondo! Egia esan, pena da. Ikusten duzu zure ingurukoek probatzeko egiten dutela baina batzuetan adikzio bilakatzen dela. Eta gero lehen esan duguna dago: familia axolagabe bat baduzu, agian paso egingo dute, eta denak okerrera egiten du. Atentzioa ematen dit droga kontsumitzeko dirua behar dutenek nondik ateratzen duten batzuetan. Benetan izugarria da horrek dakarrena.
Txikiak zineten garaiaz galdetu dizuet, baina zelan ikusten duzue zuen burua hemendik 20 urtera? Zeintzuk uste duzue izango direla zuen kezkak?
I.G.: Nik uste dut hemendik 20 urtera nire kezka nire gurasoak osantsu egotea izango dela. Ez dakit seme-alabarik izango dudan, baina eurak ere osasuntsu egon daitezela, heziketa on bat izan dezatela… Tira, oinarrizkoena.
B.A.: Ez dakit, ez dut inoiz horretan pentsatu. Osasuna eta etxebizitza bermatuta izatea lirateke kezkarik nagusienak.
K.F.: Niri eman didatena seme-alabei eskaintzea; jaso dudanaren erdia, behintzat. Orain ekonomia ikusten dugun bezala, ez dakit seme-alabak izateko aukerarik izango dugun, eta zer esanik ez haien hezkuntza, osasuna eta aisialdia bermatzeko.
Dena erruleta bat bezalakoa da, ziklikoa, eta kezkak belaunaldiz belaunaldi ere azaleratzen dira.
I.G.: Hala da. Ez badaukazu dirurik, triste zaude. Triste bazaude, ez daukazu dirurik terapiara joateko, eta horrela etengabeko erruleta batean sartzen zara. Arazorik handiena? Ekonomikoa. Niretzat horrela da: ez badaukazu dirurik, ez daukazu ezertxo ere. Kakotxen artean beti, baina horrela ikusten dut nik gizartea. Gure soldata oinarrizko gauzak ordaintzera bideratzen dugu. Dena da dirua; gizarte ezegonkor batean bizi gara, gainera. Hortaz, zer espero dut hemendik 20 urtera? Lanpostu on bat edukitzea eta dirua. Oso kapitalista da erantzuna, baita kontsumista ere, baina dirurik ez baduzu, ez duzu ezertxo ere.
Emozioen kudeaketa honetan, instituzioek zerbait egin dezakete?
I.G.: Bai, noski. Diru-laguntzak bideratu beharko lituzkete ikastetxeetara, institutuetara eta unibertsitatera profesionalak joan daitezen –hala nola, psikologoak eta sexologoak– emozioen inguruko tailerrak edota tresnak eskaintzeko. Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarako jauzia ematen dutenean, adibidez, nerabeek ez dakite zelan adierazi gertatzen zaiena. Gaur egun tresnak falta direla uste dut.
K.F.: Psikologo publikoak ere behar direla uste dut.
I.G.: Hezkuntzan eta osasungintzan inbertitu behar dute instituzioek. Heziketa emozionala gehiago landu behar da.
☉ Hego Uribe
Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreek bat egin dute Donostian Gazako genozidioa salatzeko egingo den manifestazioarekin
Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordeek manifestazioa deitu dute irailaren 24an, asteazkenez, Donostian

Zinemaren eta kulturaren munduak bat egin du Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordeek Gazako genozidioa salatzeko Donostian irailaren 24an egingo duten manifestazioarekin.
Eta deialdi horrekin bat egin dute Itziar Atienza galdakoztarrak eta Itziar Ituño basauriarrak.
Hain zuzen ere, Atienzak irakurri zuen atzo adierazpena Donostiako Victoria Eugenia Antzokiaren aurrean, Antonio De la Torre aktorearekin batera.
“Hitz egiten ari garen bitartean, haur errugabeak hiltzen ari dira Gazan”, adierazi dute.
‘The Voice of Hind Rajab’ filma
Manifestazioa irailaren 24an, asteazkenez, izango da Donostian 18:30etik aurrera.
Aurretik, ‘The Voice of Hind Rajab’ filma proiektatuko dute Zinemaldian.
Kaouther Ben Haniaren filmak Israelgo Armadaren eraso batean bere familia osoa, ama izan ezik, galtzen duen sei urteko neskato baten istorioa kontatzen du.
“Bere laguntza-oihuek ezin dute salbatu, eta erreskatatu nahi duten anbulantzia-taldeko kideak ere hiltzen dituzte”, aurreratu dute Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordetik, eta gaineratu dute: “Ez da istorio isolatua, palestinarren egunerokoa da: suntsitutako familiak, suntsitutako ospitaleak eta 70.000 pertsona baino gehiago erailak”.
Palestina-Euskal Herria Elkartasun Batzordearen barruan honako kolektiboak daude: Artistas con Palestina, Campaña Final Comercio de Armas con Israel, Donostia Palestina, EAB Euskal Aktoreen Batasuna, EPE-thaia, Gernika Palestina Herri Ekimena, Gure Haurrak Ere Badira; Kulturatik, creadorks culturales con Palestina; Rescop eta Trabajadors del Cine x Palestina.
☉ Hego Uribe
Loraldia Plazak euskal musikaren bi erreferente izango ditu ardatz aurten: Ruper Ordorika eta Itoiz
‘Marea Gora’ lelopean, sei egunetan zazpi jarduera ezberdin prestatu dituzte Zaratamon eta Arrigorriagan, Loraldia Plaza jaialdian

Loraldia Plaza Kultur Jaialdiaren laugarren edizioa antolatu dute Arrigorriaga eta Zaratamon urriaren 17tik 26ra, GEURIAn duela aste batzuk iragarri lez. Sei egunetan zazpi jarduera ezberdin prestatu dituzte eskualdeko udalerri bietan. ‘Marea Gora’ lelopean, askotariko ekitaldiak prestatu dituzte Hego Uribeko udalerri bietan, asteburu bietan.
Urriaren 17 eta 18an Zaratamon antolatu dute jaialdia, ekitaldi azpimarragarriekin, aurreko edizioak “oso arrakastatustuak eta balorazio positibokoak” izan direla kontuan hartuta. hala azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak, eta “aurten ere asmatuko dutela” aurreratu du Ugarrizak, iazko formatua mantenduko dutela iragarriz (Elexalde eta Arkotxan jarduera bana antolatuz).
“Aurten, gure herriarekin harreman berezia izan dute izar handi bi programatu ditugu: Ruper Ordorika eta Itoiz. Zehatzago, Juan Carlos Perez eta Jose Garate Foisis”. Izan ere, urriaren 17an Itoiz Udako Sesioak dokumentala proiektatu, eta ondoren solasaldia antolatu dute dokumentalaren zuzendariarekin, Juan Carlos Perez eta Foisisekin.
“Itoiz taldeak harreman oso estua izan zuen Zaratamorekin”, gogoratu du Ugarrizak. “‘Alkolea’ hirugarren diskoa grabatzen amaitu zutenean, Zaratamoko Txabiri tabernara joan ohi ziren eta bertan mokadutxu bat eta tragoren bat hartzen genuen elkarrekin. Garai hartako oroitzapen onak dituzte. Foisisek ere harreman zuzena dauka Zaratamorekin: izan ere, Bostak eta Laurenak taldeak Zaratamon egiten ditu entseguak astelehenero”.
Alberto Ugarriza: “‘Alkolea’ hirugarren diskoaren grabaketak amaitzen zituztenean, Zaratamoko Txabiri tabernara joan ohi ziren eta bertan mokadutxu bat eta tragoren bat hartzen genuen elkarrekin”
Hilaren 18an Ruper Ordorika egongo da Arkotxako San Bizente elizan. Iazko edizioan Jon Maiak, Gorka Hermosak eta Pello Ramirezek aipatu zuten Arkotxako eliza Loraldia bezalako proiektu akustikoetarako “oso leku berezia” zela. “Ruper Ordorikaren bakarkako proiekturako leku ezinhobea izango da”, ondorioztatu du Zaratamoko alkateak. “Ruper Ordorikak ere harreman estua izan du Zaratamorekin: Oñatitik Basaurira etorri zenean, Basaurin, Alfontso Berazaren etxean hartu zuen ostatu eta harreman berezia izan zuen berarekin. Izan ere, Alfontsoren bikotea, orain bere alarguna, Carmen Uriarte, Zaratamokoa da. Duela lau urte Ruper herrira etorri zenean, oroitzapen oso bereziak izan zituen Zaratamon egindako kontzertu hartan”.
Aipatu beharrekoa da Ruperrek urrian bertan aurkeztuko duela bere taldearekin plazaratuko duen lan berria. “Zaratamon eskainiko duen kontzertua musikaria bakarka ikusteko azken aukera izan daiteke. Benetan berezia izango da”, laburbildu du Zaratamoko alkateak.

Alberto Ugarriza, Amaia Ocerin eta Maite Ibarra, Arrigorriagan // Geuria
Urriaren 23tik 26ra Arrigorriagan antolatu dute Loraldia Plaza. Kultura desentralizatzea helburu duen jaialdi honek hainbat jarduera prestatu ditu Arrigorriagako herrigunean eta Abusu auzoan. “Baina gure helburua ez da egitarau soil bat sortu eta eskaintzea”, nabarmendu du Amaia Ocerin Loraldiako Komunikazio arduradunak. “Helburua transmisio kate hori ez etetea eta euskarazko imajinario garaikidea aberastea. Horixe da, hain zuzen ere, Loraldiaren arima, tamaina txikiko proposamenak eskaintzen, makrokontzertuen garaian murgilduta gaudelarik”.
Dantzarekin hasiko dute Arrigorriagako programazioa Meñakoz Dantza Taldearen ‘Suak Su’ lanarekin, dantza, musika eta bertsolaritza uztartuz. Hilaren 24an fusioa eta probokazioa eskainiko dute ‘Arima’ ikuskizunarekin, flamenkoa eta txalaparta uztartuz. Urriaren 25ean ‘Hitzaurrea’ izeneko esperientzia egingo du Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak Arrigorriagako plazako arkupeetan. Emanaldi hau Loraldiaren Sormen Digitala Bekaren egitasmoaren emaitza da. Gainera, ‘Ai Gure Juaneteak!’ antzerkia eta El Mozo Wines + Morau eta Bernardo Goietxe ardo dastaketa eta kantuak uztartzen dituen ekitaldia antolatu dute uyrriaren 26an.
“Loraldiak aukera paregabea eskaintzen digu euskal kultura plazara ateratzeko, herritarrekin partekatzeko eta gure sortzaileei ikusgarritasuna emateko”, izan dira Maite Ibarra Arrigorriagako alkatearen berbak. “Udalerri txikia gara, bai. Baina proiektu honek erakusten digu elkarlanean eta ilusioz gauza handiak lor daitezkeela”.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, gaur eskainitako prentsaurrekoan // Geuria
Egitaraua | Loraldia Plaza 2025
Urriak 17, ostirala
19:30 Itoiz Udako Sesioak dokumentala, Zaratamoko Kultur Etxea
Urriak 18, larunbata
19:30 Kontzertua: Ruper Ordorika, Arkotxako eliza (Zaratamo)
Urriak 23, osteguna
19:00 ‘Suak su, Abusuko Kultur Zentroa (Arrigorriaga)
Urriak 24, ostirala
20:00 ‘Arima’, Lonbo aretoa (Arrigorriaga)
Urriak 25, larunbata
18:00 ‘Hitzaurrea’, Udaletxeko plazakao arkupeak
20:00 ‘Ai gure Juaneteak!’, Lonbo aretoa (Arrigorriaga)
Urriak 26, igandea
12:30 El Mozo Wines + Morau eta Bernardo Goietxe, Azokea (Arrigorriaga)
☉ Hego Uribe
Euskal hedabideen analitikak, edukiak eta antolakuntza hizketagai izan ditu GEURIAk, Behategiak eta UEUk antolatutako jardunaldian
GEURIArekin batera, Irutxuloko Hitza, Hamaika eta Guka komunikabideek hartu dute hitza. Euskarazko komunikazioan jarduten duten hogeita hamar bat lagun bertaratu dira. Mahai-inguru bizia izan da, ikuspegi anitzak eta interesgarriak mahagainean jarri dituzte.

Atzo hasi eta gaur bukatu da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Behategiak, Euskal Hedabideen Behatokiak, Eibarren (Gipuzkoa) antolatutako bi jardunaldiko zikloa ‘Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’ izenburupean. Gaurko egunari mahai-inguru batek eman dio hasiera: ‘Nola bizi izan dute hedabideek aldaketa? Analitika digitala euskarazko hedabideetan: erronka handi bat’.
Mahai inguru horretan GEURIAk parte hartu du. Bertan izan da Jon Villapun, hamar urtez komunikabidearen zuzendari lanak eta egun editore lanak egiten dituena. Villapunekin batera, Naike Usabiagak (Irutxuloko Hitza), Ainara Arrizabalagak (Hamaika) eta Aitziber Arzallusek (Guka) hartu dute parte, eta Behategiako Ane Martinezek moderatzaile lanak egin ditu.
Hiru gai ardatz izan dituen ordubeteko solasaldia izan da: lehena, analitikari erreparatuz, azken urteetan komunikabidean egindako aldaketak; bigarrena, aurrera begirako lehentasunak eta bideak identifikatutako zailtasunak; eta hirugarrena, etorkizun ideal baten proiekzioa egitea. Komunikabide bakoitzak bere antolakuntza azaltzeaz gain, mahai-ingurua bizi izan da. Bertaratutako hogeita hamar bat profesionalek ere hitza hartu eta ikuspegi anitzak eta interesgarriak mahagainean jarri dituzte.

Ezker eskuma, Aitziber Arzallus (Guka), Ainara Arrizabalaga (Hamaika), Jon Villapun (Geuria) eta Naike Usabiaga (Irutxuloko Hitza) / Joxe Rojas (Tokikom)
Azken urteotan euskarazko hedabideok aldaketa nabarmenak izan ditugu digitaliazio-prozesuari dagokionez, eta horiei aurre egiteko bidean dihardugu. Audientzien datuei erreparatuta, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko kideok -GEURIA kide da- 40 milioi bisitako langa gainditu dugu bi urtez jarraian, 2023n eta 2024an. Eta 2019tik 2024ra bitartean, pandemia aurretik gaur arte, webguneetan erregistratutako trafikoa % 42 handitu da. Datu horietan GEURIAk bere alea jartzen du. Izan ere, urtetik urtera datuek gora egiten dute, komunitate baten errotzearekin batera.
☉ Hego Uribe
Hezur muina emateko pedalkadak Hego Uribetik
Arkaitz eta Beñat ugaotarrek, Joseba arrigorriagarrak eta Jose Manuel basauriarrak Almeriako Titan Desert lasterketa egingo dute hezur-muina ematearen garrantziari ikusgarritasuna emateko. Lau bizipen eta helburu bakarra: bizitza ematea

Bizitza eta heriotzaren artean, batzuetan, keinu txiki batek egiten du aldea. Eta hori bera gogorarazteko erronka handia burutuko dute Hego Uribeko lau lagunek. Almeriako Titan Desert txirrindularitza proban hartuko dute parte urriaren 2tik 5era Arkaitz Santamaria (Ugao, 1978) eta Beñat Santamaria (Ugao, 1984) anaia ugaotarrek, Joseba Urrutikoetxea arrigorriagarrak (Ugao, 1964) eta Jose Manuel Rodrigo basauriarrak (Basauri, 1970). Eta mezu sendo bat hedatuko dute lau haizeetara Hego Uribetik Almeriara eta Almeriatik mundu zabalera: hezur-muina ematearen garrantzia, hain zuzen.
Lau etapa, 400 kilometro ibilbidea eta 7.000 metroko desnibela. Rodrigok, Urrutikoetxeak eta Santamaria anaiek ez dute helmuga garaipen soil bat bezala ikusten. Bizitza ematearen balioa ikusaraztea izango da helburu nagusia. Arkaitzek duela urte batzuk hezur-muinaren transplantea behar izan zuen eta bere anaia Beñat izan zen haren bizia salbatu zuen emailea. Josebari, berriz, leuzemia diagnostikatu zioten garai berean eta gaur egun sendatuta badago ere, badaki zer den besteen eskuzabaltasun anonimoaren menpe bizitzea. Eta Jose Manuelek, taldeko beteranoenak, kirolaren bidez mezua zabaltzeko bide ezin hobea ikusi du proiektuan. Horregatik, beraien parte-hartzea ez da izango lasterketa hutsa; erronka partekatua izango da eta lema argia: “Eman hezur-muina, eman bizitza”.
Bizikleta, lauren lotura
Bizikleta da Hego Uribeko lau herritarren lotura. Laurek izan dute harreman zuzena bizikletarekin: batzuk txirrindulari izandakoak eta beste batzuk triatloian arituak. “Guk bizikleta egin dugu beti eta Jose eta Arkaitzek Marokoko Titan Deserten parte hartu zuten. Arkaitzek ‘Titan Deja Huella’ izeneko taldearekin parte hartu zuen, hezur-muineko transplantatuen taldea da. Eta biek animatu gintuzten Beñati eta bioi parte hartzera Almeriako proban. ‘Egin dezagun proiektu bat hezur-muina emateari ikusgarritasuna emateko’, esan zuten, eta horretan ari gara, erronka prestatzen”, dio Josebak: “Ez goaz Titan Desertera inoren aurka lehiatzera, ezta gure artean lehiatzera ere. Gure helburua batera iristea eta gure mezua ahalik eta urrunen zabaltzea da. Horri lortzea edozein garaipen baino garrantzitsuagoa da”.
Lau protagonistek ondo dakite bizikleta zaletasun hutsa baino gehiago dela: “Bizikletan, zure buruarekin hitz egiten duzu, nekea eta burua menderatzen ikasten duzu. Niri asko lagundu zidan gaixotasunean zehar”, esan du Arkaitzek. Joseba ere erabat ados dago bere lagunarekin: “Beti egin izan dut kirola, baina gaixotasunaren ostean bizikleta izan da niretzat psikologo onena. Lagundu dit gauza positiboetan pentsatzen eta aurrera egiten”.
Bizitza goitik behera astintzea
Arkaitzen oroitzapenak hunkigarriak dira. Fungoide mikosia detektatu zioten duela bederatzi urte, hau da, larruazaleko linfoma. “Fungoide mikosia diagnostikatu zidaten, eta hezur-muin transplantea behar nuen. Zorionez, nire anaia Beñat erabat prest agertu zen, eta horri esker bigarren aukera bat izan dut bizitzan”, dio Arkaitzek.
Gaixotasuna ez zen prozesu erraza izan. Ospitaleetan —lehenengo Bizkaian, gero Madrilen— ordu luzeak pasatu zituen, kimioterapien eta erradioterapien artean, eta tarte horietan bakardadea izan zuen lagun bakarra: “Burua mila bueltaka dabilenean eta zurekin batera ezin denean inor egon, pentsamendu ilunak nagusitzen dira. Nik orduan erabaki nuen bizirik ateratzen banintzen bizitza beste era batera biziko nuela eta nire esperientzia baliatuko nuela beste batzuk sentsibilizatzeko”.
Beñatek ere gogoan du nola bizi izan zuen bere anaiaren prozesua: “Niretzat ez zen erraza ikustea Arkaitz hain egoera larrian. Zure anaiaren bizitza hari batetik zintzilik dagoela sentitzen duzunean, ez dago zalantzarik. Ni ospitalean lau orduz makina bati konektatuta egon nintzen eta listo, baina berarentzat egun hartan bizitza berria hasi zen. Niretzat sekulako lasaitasuna izan zen jakitea haren gorputzak ondo hartu zuela nire odola. Poltsatxo batek nire anaiaren bizitza zelan salbatu zuen ikusteak erabat hunkitu ninduen. Inoiz ahaztuko ez dudan zerbait da”, dio Beñatek.
Josebaren kasua ere latza izan zen. Pandemiaren erdian, ospitaleak bete-betean zeudenean, leuzemia diagnostikatu zioten. “Leuzemia nuela esan zidatenean, burutik okerrena pasa zitzaidan. Eta gainera, pandemian, bakarrik. Etxean eta ospitalean bakardadea oso gogorra izan zen. Tratamenduak gorputza ahultzen dizu, baina are gehiago gogoa jaten dizu. Ni asko salbatu ninduena bizikleta izan zen: niretzat terapia bat izan zen. Egun txarretan kalera irten, pedalei eragin eta nire buruarekin hitz egiten nuen”. Hilabete luze horiek atzean utzita, Josebak argi zeukan: “Sendatuz gero, nire alea jarriko nuela zin egin nuen. Hori betetzen ari naiz orain. Bizitzak astindu egin ninduen, baina orain indartsuago sentitzen naiz”.Arkaitzek eta Josebak argi dute esperientzia gogor horiek itxaropen mezu bihurtu behar direla: “Momentu honetan transplante baten zain dagoen norbait egongo da. Guk erakutsi nahi dugu posible dela aurrera ateratzea. Bide luzea eta gogorra da, baina beste aldean argia ere badago”.
Mitoak apurtzea
Beñaten, Jose Manuelen, Josebaren eta Arkaitzen helburu nagusietako bat da mito eta beldur faltsuak apurtzea. “Askok uste dute hezur-muina ematea hezur bat zulatzearen modukoa dela, eta ez du zerikusirik. Kasu gehienetan odol-emate baten antzekoa da, inolako arriskurik gabe”, argitu du Arkaitzek. Prozesua, gainera, erraza da. Lehenengo pausoa da emaile izateko izena ematea eta odol-analisi sinple bat egitea. Hortik aurrera, emailearen datuak nazioarteko erregistro batean gordetzen dira. “Ez da momentuan odola ematera joatea bezalakoa. Emaile izateko zure datuak gordetzen dituzte, eta agian inoiz ez dizute deituko. Baina baliteke urte baten buruan edo hamar urteren buruan zure profila norbaiti beharrezkoa izatea”, azaldu du Josebak.
Behin bateragarritasuna baieztatuta, prozesuak bi bide ditu: batetik, gehienetan erabiltzen dena, odolaren bidezko zelula-emailea da. Horretarako, dohaintza egin behar duen pertsonari injekzio batzuk jartzen dizkiote egun batzuetan, gorputzean zelula gehiago sortzeko. Ondoren, ospitalean makina bati konektatzen diote lau bat orduz, odol-emate baten antzera. Makina horrek odola ateratzen du, zelula amek dituen osagaiak gordetzen ditu, eta gainerako odola berriro emaileari itzultzen dio.
Beste bide bat ere bada, baina oso kasu gutxitan erabiltzen da: hezurretik zuzenean ateratzea, anestesia orokorpean eta ebakuntza gelan. “Jendeak horrekin nahasten du normalean, baina ia inoiz ez da modu horretan egiten. Eta egiten denean ere, ez da arriskutsua: emailea egun gutxitan ondo dago berriro”, argitu du Beñatek. Beldur ohikoenei ere erantzun diete lau lagunek. “Jendeak esaten du: ‘Baina min emango al dit?’ edo ‘Osasunean zer arrisku dauka?’”, dio Beñatek. “Bada, ez du minik ematen, ez du arriskurik, eta gorputzak egun gutxitan sortzen ditu berriro emandako zelulak. Hartzailearentzat, ordea, hori bizitza osoa izan daiteke. Hortxe dago desberdintasuna”.
Horregatik, lau herritarren mezua argia da: informazioa falta da eta hori da gainditu behar dena. “Jende askok ez daki nola egiten den hezur-muinaren dohaintza, eta horregatik da gure borroka. Jendea informatzea eta erakustea zein erraza eta segurua den”, dio Josebak. Arkaitzek gehitu du: “Jende askok pentsatzen du gazte izateak ez duela garrantzirik, baina kontrakoa da: 18 eta 40 urte bitarteko jendea da behar duguna. Gazteak dira emaile aproposenak eta hortik etorriko dira etorkizuneko bizitza salbatzaileak”.
Almeria: bozgoragailu ezin hobea
Almeriako Titan Desert proba gogor eta ospetsua da. Baina oso ezaguna ere mundu osoan. Txirrindulari profesionalak, profesional izandakoak eta afizionatuak elkartzen dira bertan. Eta Hego Uribeko lau fantastiko hauek proba famatua baliatu nahi dute mezu solidarioa lau haizeetara zabaltzeko. “Agian ez dugu etaparik irabaziko, baina gure maillota ikusten duenak bere buruari galdetuko balio zertan ari garen, garaipen handia litzateke guretzat”, dio Arkaitzek. Lau txirrindulariek maillot gorriak eramango dituzte soinean, ‘Eman hezur-muina, eman bizitza’ lemarekin.
Eta materialari dagokionez, laguntza jaso dute hainbat bideetatik. “Basauriko, Arrigorriagako eta Ugaoko udalek dirulaguntza eman digute proiektu hau zabaltzeko eta udal bakoitzeko logoa soinean eramango dugu”, dio Jose Manuelek. Era berean, bestelako babesleak ere lortu dituzte: “Zamudioko Serigrafia Iorgi-koek kamiseta batzuk egin dizkigu gure lemarekin eta Manufacturas Ges-ek kaskoak eta betaurrekoak emango dizkigu laurontzat Almeriako lasterketari begira”.
“Laguntza txikiak dira, baina poltsikotik zeuk jarri behar baduzu, gaur egun kaskoa 200 euro dira eta betaurrekoak 90 edo 100 euro. Azkenean, laguntza txiki guztiak batu egiten dira eta oso garrantzitsuak dira. Guk ilusioa jartzen dugu, entrenamendua, familiari denbora kentzea eta hezur-muina ematearen garrantzia agerian utziko dugu”, dio Josebak.
Hitzaldiak Hego Uriben
Erronka solidario hau kirolaren mugetatik harago doa. Elkartasuna mugimendu bihurtzea da, bizikleta bozgorailu bihurtzea eta lau herritarren mezua Hego Uribeko, Euskal Herriko eta munduko azken bazterreraino eramatea. “Guk pedalei eragingo diegu, baina benetako garaipena da gero eta jende gehiagok izena ematea emaile izateko. Horrek salbatzen ditu bizitzak”, dio Arkaitzek.
Pedalei eragin bai, baina ez dute mezua Almeriako probara bakarrik mugatuko. Dagoeneko hitzaldi bat eman dute eskualdean, Arrigorriagan, gazteek hezur-muina emateko kontzientzia pizteko, eta harrera ona izan zuen institutuko gazteen artean: “Behintzat interesa piztu zuen askorengan eta hezur-muina zelan eman behar duten galdetu ziguten. Hori oso positiboa da: mezua helarazten diezu, eurek jaso egiten dute eta interesa sortzen die batzuei. Hurrengo urratsa da emaileen zerrendan izena ematea eta itxarotea ea euren odola baliagarria zaion gaixorik dagoen horri”, dio Josebak. Arkaitzek ere modu positiboan hartu zuen Arrigorriagako hitzaldia: “Hitzaldian askotariko erreakzioak ikusi genituen: gazteak unean bertan izena ematen, batzuk malko artean hunkituta edo lehen aldiz ulertzen dutenak keinu txiki batek bizitza bat salba dezakeela”.Hego Uribeko gainontzeko herrietan hitzaldiak ere emateko asmoa dute lau herritarrek: “Basaurin eta Ugaon hitzaldiak eman nahi ditugu, eta aukera badago eta eskualdeko beste herrietan edo institutuetan interesa badute, gu prest egongo gara joateko eta dena azaltzeko”, dio Josebak.
Almeriako Titan Desert lasterketaren ostean ere, laurek jarraituko dute euren lema hedatzen, hitzaldiak ematen eta mezu bera zabaltzen: “Hezur-muina eman, bizia eman”.
☉ Hego Uribe
Palestinaren aldeko burrunbak eta elkartasun keinuak
Gernika-Palestina Herri Ekimenak deituta, Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko protesta zaratatsuak egin dituzte Hego Uribe eskualdean: Arrigorriagan, Basaurin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zeberion

Erabateko suntsipenaren erdian esnatzen da egunero palestinar herria. Milaka zibilen, kazetariren eta osasun-langileen hilketek erakusten dute genozidio bat pairatzen ari direla, giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeek salatu duten bezala. Dagoeneko 64.000 palestinar baino gehiago hil dira Israelgo erasoen ondorioz, gehienak haurrak eta emakumeak, kazetariak eta osasun arloko langileak.
Nazioarteko erakundeek salatu dute egoera honek giza eskubideen urraketa larriak eta heriotza masiboak ekarri dituela, eta testuinguru humanitario larria sortu duela. Milioika pertsona beren herritik desplazatuak izan dira eta elikagai eta sendagai eskasia handitzen ari da egunetik egunera.
Urriaren 7an bi urte beteko dira sarraskia hasi zenetik, eta iaztik gatazkak gora egin du. Ospitaleak, ikastetxeak eta komunikabideetako egoitzak suntsitu dituzte.
Burrunbak eskualdean
2023ko urritik herri ekimenak sortu dira genozidioa gelditzeko eskatzeko. Horren adibide da Gernika-Palestina Herri Ekimena: “Gernikako bonbardaketaren herria gara, eta lehen eskutik ezagutzen ditugu suntsipenaren ondorioak. Gernika berririk ez oihukatzeko beharra dugu, beraz, euskal herritarrok. Ezin dugu holakorik onartu. Sarraski horren aurrean ezin dugu isilik egon, ezin besoak gurutzaturik geratu. Beste ezeren gainetik, gaur eta hemen premiazkoa da ondorio latzak izaten ari den eskalada belikoa gelditzea, bakea, justizia eta itxaropenezko etorkizuna eskaintzea”, diote.
Zentzu horretan, duela bi urtetik hainbat eta hainbat protesta egin dira Euskal Herri mailan, horietako asko Gernika-Palestina Herri Ekimenak deituta. Eta Hego Uribe eskualdea ez da isilik mantendu. Hamaika elkarretaratze eta mobilizazio egin dituzte eskualdean; azkenak, Gernika-Palestinak deitutako protesta zaratatsuak. Irailaren 5ean Arrigorriagan, Basaurin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zeberion kazeroladak antolatu zituzten eta horietara ehunka herritar batu ziren.
“Egunetik egunera terribleagoa da sarraskia… Zer da ba genozidioa etengabe gordintzen doan erabateko suntsiketa ez bada. Oihu lazgarriak isiltasun jasanezin azkenerako”, adierazi zuten Gernika-Palestinako ordezkariek: “Eta hemen, Palestinatik urrun, hitzak ere isilik daude, hutsik. Genozidio, sarraski, masakre, suntsiketa, tortura eta basakeria bezalako hitzek balioa galtzen dute gure etxeko sofan. Kuxinen artean galtzen dira, esku artean dugun kafesnearen lurrunean”, adierazi dute.
Gernika-Palestina Herri Ekimenetik salatu dutenez, “umeak dira sarraskituak, herritarrak dira sarraskituak, ospitaleak dira sarraskituak, kazetariak dira sarraskituak, Palestina da sarraskitua”.
GEURIA, ekintza globalaren parte
Mundu zabaleko 50 herrialdetako 200 komunikabidek baino gehiagok, tartean GEURIAk, bat egin zuten Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) erakundeak irailaren 1ean bultzatutako mobilizazio globalarekin. “Gazako kazetarien aurka propio egindako sarraskia” salatu eta atzerriko prentsari Zerrendan oztoporik gabe sartzen uzteko eskatu dugu hedabideok. RSFk zabaldu duen mezuaren arabera, “Israelgo Armadak erritmo horretan kazetariak hiltzen jarraitzen badu, laster ez da bakar bat ere geratuko Gazan zuri informazioa emateko”. Hamar hilabetean gutxienez 250 kazetari hil ditu Israelgo armadak Gazan, historia modernoko beste edozein gerratan baino gehiago. Eta ekimenarekin bat egiteko, #ProtectJournalistsInGaza eta #LetReportersIntoGaza hashtag-ak erabili genituen hedabideok.
GEURIAz gain, EITBk, RTVEk, El Paísek (eduki editoriala), EFEk, Prensa Ibericak (eduki editoriala goiburu guztietan), La Sextak, ElDiario.es-ek, Públicok, EFE agentziak, 5W aldizkariak, InfoLibrek eta El Saltok, besteak beste, ere bat egin zuten mobilizazioarekin. Nazioartean honako hedabideek babestu dute RSFren mobilizazio globala: Al Jazeera (Qatar); The Independent (Erresuma Batua); Mediapart (Frantzia); Der Frietag (Alemania); Le Soir (Belgika); La Libre Belgique (Belgika); New Bloom (Taiwan); Photon Media (Hong Kong); Media Today (Hego Korea); Il Dubbio (Italia); Agencia Pública (Brasil); Le Desk (Maroko) eta Semanario Brecha (Uruguai), adibidez.
Hego Uribeko udalen keinuak
Herri ekimenak dira protestak martxan jartzen dituztenak, baina erakunde publikoek ere euren alea jarri dute. Hego Uribe eskualdeari dagokionez, Basauriko Udalak Gazako errefuxiatuak laguntzeko 5.700 euroko ekarpena egin dio UNRWA Nazio Batuen Agentziaren Espainiako Komiteari, EAEko eta Nafarroako Funtsa proiektuaren bitartez. Uztaila bukaeranonartu zuen dirulaguntza ematea. Ekarpen horren helburua izan da “Palestinan errefuxiatutako herritarren oinarrizko premiei erantzutea eta oinarrizko giza eskubideak bermatzea”. Gazan, UNRWAk laguntza ematen die Palestinako errefuxiatuei, honako alor hauetan: hezkuntza, osasuna, osasun mentala, sorospena, gizarte-zerbitzuak, mikrokredituak eta larrialdiko laguntza. 2023ko urriaren 7tik, Israel Gaza erasotzen hasi zenetik, 116 babesleku egokitu ditu kanporatutako familientzat, baita 11 osasun-instalazio eta 119 mediku-ekipo ere. Horrez gain, elikagai-paketeak helarazi dizkie 1,7 milioi pertsonari, eta ura, saneamendu-zerbitzuak eta higiene-kitak ere bai.
Bestetik, Galdakaoko Udalak adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez irailaren 3an, Vuelta txirrindulari lasterketa Galdakaotik igaro baino lehen, Palestinarekiko elkartasuna agertuz eta Israelgo Estatua Gazan gauzatzen ari den genozidioa gaitzetsiz. Lasterketa horretan Israel-Premier Tech taldea parte hartzen ari da, “Palestinaren aurkako eraso bortitza gauzatzen ari diren estatu baten irudia zuritzeko kirola erabiliz”. Galdakaoko Udalaren hitzetan, “Israelgo Estatuak Palestinan egindako ekintza militarrak nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena dira, biztanleria zibilaren aurkako eraso indiskriminatuak”. Horregatik, Palestinako herriari elkartasuna eta maitasuna adierazi diote, pairatzen ari den sufrimendu bidegabearen aurrean. Galdakaoko Udalaren iritziz, “kirolak topaketarako eta giza balioetarako gunea izan behar du”, eta ondorioz, Israelgo taldeek eta selekzioek nazioarteko lehiaketetan parte hartzea salatu dute. Gainera, Udalak azpimarratu du Galdakao herri solidarioa eta zapaldutako herrien defendatzaile historikoa dela, eta konpromisoa hartu du ekintza instituzional, sozial, kirol eta kulturaletan koherentziaz jokatzen jarraitzeko.