☉ Galdakao
Nagore de la Torre: «Ezin ditugu gure prezioak Inditex batek eskaintzen dituenekin alderatu»
Ekintzailea eta sortzailea da Nagore de la Torre usansolotarra. Ene Kreazioak proiektuaren atzean dago: 2021ean hasi zen bere sorkuntzak Instagramen publikatzen eta hilabete batzuen ostean denda ireki zuen Usansolon bertan

Duela bi urte ekintzaile bezala hasi zen lanean Nagore De la Torre Amuriza (Usansolo, 1997) usansolotarra. Ene Kreazioak dendako sortzailea da Nagore. Arropa eta bitxiak diseinatu eta sortu egiten ditu Usansolon duen denda-tailerrean: estutxeak, tote bag poltsak, kimonoak, berokiak, sudaderak, kamisetak, belarritakoak, eraztunak eta lepokoak sortu eta saltzen ditu. Dena modu jasangarrian eta gizartearen beharretara egokituta. Lehen Hezkuntzako Maisu-maistra eta Logopeda ikasketak egin ditu eta unibertsitatean ikasten ari zen bitartean patroigintza ikasten hasi zen. Hobby bezala hasi zena bere lana da gaur egun, eta “oso pozik” dagoela aitortu digu Nagorek.
Hezkuntzatik patroigintzara. Irakasle izateari uko egin eta orain sortzaile zaitugu, Nagore.
Hala da. Lehen Hezkuntzako Maisu-maistra eta Logopeda ikasketak egin nituen, baina beti izan naiz ipurtarina. Txikitatik gauzak sortzea gustatu izan zait eta unibertsitatean ikasten ari nintzela akademia batean patroigintza ikasten hasi nintzen, hobby moduan.
Hobby horrek —orain zure lanbidea—, ez dauka zerikusirik unibertsitatean ikasi zenuenarekin. Zelan hasi zinen mundu honetan murgiltzen?
Betidanik gustatu izan zait eskulanak egitea, eskuekin lan egitea. Eta ez bakarrik oihalekin eta zilarrarekin: guztiarekin. Oraintxe bertan norbait etortzen bazait bere eskuekin egin duen gauza berriren bat erakustera, ziur gauza berri hori egiten ikasi nahiko dudala. Gauza berriak egitea, ikastea eta eskulanak egiten ikastea asko gustatzen zait. Eta horrela hasi nintzen mundu honetan.
Zer gauza egiten hasi zinen?
Bada, estutxeak bakarrik egiten nituen hasieran. Eta lagunei zerbait oparitzearren hasi nintzen, egia esan. Eta hortik sortu da gaur egun egiten dudan guztia.
Orain, estutxeez gain, arropa ere egiten duzu, baita saldu ere.
Bai. Estutxeak, tote bag poltsak, kimonoak, berokiak, sudaderak, kamisetak… gauza horiek guztiak egin eta saldu egiten ditut.
Diseinua eta produkzioa zure esku daude. Diseinuen ideiak nondik datozkizu?
Nire buruak ez du atsedenik hartzen inoiz. Ideiak ditudanean mugikorrean apuntatzen ditut: whatsapp talde bat dut nire buruarekin bakarrik eta bertan idazten ditut burutik pasatzen zaizkidan ideiak. Beti nahi dut egin dezakedana baino gauza gehiago. Eta noski, ez daukat denborarik dena egiteko, baina beti nabil inspirazioa bilatzen Interneten, Pinteresten… Sortzen ditut irudiak, patroiak, zer egin nahi dudan, zein kolore erabili nahi ditudan… Hau da, ideia oso orokor batetik hasten naiz eta gero eta gauza zehatzagoak pentsatzen ditut.
Eta ideiak pentsatu ondoren, gauzatu egiten dituzu.
Bai. Arropa generorik gabekoa izaten saiatzen naiz eta neurriak, gorputz desberdinetara molda daitezkeenak. Orduan, patroiak egiten hasten naiz. Patroia bera mozten dut, probatzen dut, patroia konpondu egiten dut eta orduan badaukat behin betiko patroia. Ondoren, oihalak erosi, moztu eta josi egiten dut. Gero, webgunera argazkiak igotzen ditut, eta sare sozialen menpe gaudenez, behartuta sentitzen naiz horietara ere argazkiak igotzera.
Bitxiak ere diseinatzen dituzu.
Hala da. Zilarrezko bitxiak egiten ditut: arrakadak, eraztunak eta lepokoak. Nik neuk soldatzen ditut pieza guztiak eta bertan, nire denda-tailerrean sortzen ditut. Lauzpabost makina erabiltzen ditut arrakada bat egiteko! Gainera, buztin polimerikoko belarritakoak ere egiten ditut, zilarrezko itxigailuekin.
Bitxiak egiteko prozesua nolakoa da?
Sortzen ditudan arropek zein bitxiek gauza bat daukate komunean: estilo nahiko minimalista dutela. Bitxien kasuan, nire ideiak azaleratzeko marrazki pila bat egiten ditut, zilarra erosten dut, zilarrari forma ematen diot, soldatu egiten dut, lisatzen dut eta distira ateratzen diot.
Eta zergatik zilarra eta ez beste material bat?
Jende askok altzairuzko bitxiak egiten ditu, baina nik beti izan dut alergia, eta horregatik zilarra behar zuen izan derrigorrez. Urrea ere izan zitekeen, baina egia da prezioa garestitu egiten dela. Zilarra material ona da.
Zilarra zein oihalak, non erosten dituzu?
Nire hornitzaile guztiak —edo gehienak behintzat— bertakoak izan daitezen saiatzen naiz. Gehienak Bilboko Alde Zaharrekoak dira; eurek denda zabaldu aurretik joaten naiz bertara eta behar dudan materiala erosten diet. Oihalen, gomen edo harien kasuan tokiko saltokietan erosten ditut.
Kalitatezko materiala da.
Kalitatezko gauzak egiten saiatzen naiz, bai. Bitxigintzan zilarra erabiltzen dut, badakigu denok material ona dela. Eta arropen kasuan, kotoi organikoa edo beganoa erabiltzen saiatzen naiz.
Eta jasangarritasunaren alde, ingurumenaren alde, egiten duzu.
Bai. Lehenik eta behin, stocka ez da handia. Jendeak behar edo nahi duena egiten dut. Ez dut gehiago egiten. Eta soberan ditudan oihal zatiak ez ditut botatzen: kutxak beteta ditut eta material hori berrerabili egiten dut, aprobetxatu egiten dut beste gauzatxo batzuk egiteko edo bezeroentzat detaileak egiteko. Eta, arestian aipatu dizudana: materiala organikoa edo beganoa izan dadin saiatzen naiz. Bestetik, badakit erosten ditudan oihalak hemen egindakoak direla. Izan ere, ez da berdina hemen oihal bat egitea edo beste herrialde batean egitea. Bertan jokoan sartzen dira lan-baldintzak eta lan egiteko moduak. Adibidez, badakigu Asian edo Bangladeshen errekak buxatuta daudela soberan dauden oihalak bertara botatzen dituztelako.
Prezio alderaketak aipatu dituzunez, zure bezeroek badakite zer erosten duten Enen edo Inditexen, adibidez?
Nire bezeroek bai, badakite. Nire bezeroen profila da pertsona arduratsua, bertakoa erostea gustatzen zaiona, herrian erostea, eta gauza desberdin bat janztea edo eramatea gogoko duena.
Zure proiektuaz hitz egin dugu dagoeneko, baina zehazki noiz hasi zinen?
2021eko urtarrilean hasi nintzen Ene Kreazioak proiektuarekin. Instagram kontu bat sortu nuen nire sorkuntzak erakusteko batez ere. Asmoa ez zen produktuak saltzea, baina gauzak erosteko idazten zidan jendeak. Eta hortik sortu da hau guztia. Hasieran nire sorkuntzen argazkiak igotzen nituen sarera, baina harrera oso ona izan zutela ikusita, azoka batzuetan parte hartzen hasi nintzen.
Zer nolako azokak?
Normalean udalek edo Artisau Elkarteak antolatzen dituzten azoketara joaten naiz. Horietara joateko autonomoa izan behar duzu eta artisau txartela izan behar duzu. Txartel horrek baieztatu egiten du saltzen ditudan produktuak nik neuk sortuak izan direla.
Eta denda geroago irekiko zenuen.
Bai. Hilabete batzuen ostean, egia esan. 2021eko urrian ireki nuen denda Usansolon (Oletxe, 23). Denda izateaz gain, nire tailerra ere bada. Bertan sortzen ditut arropa piezak eta bitxiak.
Bi urte bete ditu, hortaz, dendak zabalik.
Hori da. Aurten bi urte dira denda ireki nuenetik. Eta urteurrena ospatzeko zozketa berezi bat jarri dut martxan urrian. Web orrialdeko zein dendako erosketa bakoitzarekin dendan erabiltzeko 100 euroko txartel bat zozketatu dut. Oso harrera ona izan du zozketak eta oso pozik nago.
2021ean pandemiatik atera berriak ginen. Zailtasunik topatu zenuen bidean denda irekitzeko?
Egia esan, jendea harritu egin zen denda urte hartan zabaldu nuelako. Esaten zidaten: “Orain zabalduko duzu denda bat? Jendeak ez du gogorik estutxe bat edo sudadera bat erosteko”. Baina nik denda irekitzeko gogoa nuen. Saiatu nahi nuen. Oso pertsona inpultsiboa naiz eta argi neukan denda zabaldu nahi nuela. Egin nuen eta orain arte, egia esan, oso ondo doakit. Oso pozik nago eman nuen urratsarekin. Ez dut bidean zailtasun askorik topatu; are gehiago, proiektuak hobera egin du.
Denda irekitzeko eta produktuak egiteko inbertsio bat egin beharko zenuen, baina irabaziak izango dituzu, noski.
Bai. Hasieran inbertsio handia egin behar izan nuen: lokala alokatu, makina onak erosi, altzairuak erosi, oihalak… Inbertsio handia eskatzen zuen. Hala ere, dirulaguntzak daude ekintzailetza sustatzeko. Zuk diru bat inbertitzen duzu eta ordaindu egiten dizute negozio bat irekitzeagatik zuk egin duzun inbertsio horren kopuru bat. Nik laguntza hori aprobetxatu nuen eta dirua berreskuratu nuen. Hala eta guztiz ere, esan behar dut orain dauzkadan gauzen erdiarekin hasi nuela negozioa. Denborarekin joan naiz gauza berriak erosten, eta hortaz, gauza berriak sortzen.
Urtetik urtera Ene Kreazioak hobetzen ari zara, beraz.
Bai. Hobekuntzak egin daitezkeela ikusten dudanean, ez diot nire buruari mugarik jartzen eta hobekuntza horiek egiten ditut. Gainera, hobekuntza horiek egiten ere ikusten dut zer eskatzen didan dendak edota jendeak zer botatzen duen faltan.
Pentsatu duzu noizbait denda bat irekitzea, adibidez, Bilbon?
Denda Usansolon zabaldu nuen, ni Usansolokoa naizelako eta bertan bizi naizelako. Ez dakit denborarekin norantz egingo duen proiektuak, baina momentuz bertan geratuko naiz.
Galdakaoko Udalak sustatzen duen Bonodenda kanpainara atxiki zara. Horrelako kanpainek benetan laguntzen al dute tokiko merkataritza?
Gaur egun denda handietan prezio baxuak ordaintzera ohituta gaude eta, tokiko saltokiekin alderatuz, badakigu artisau denda batean prezioak ez direla berdinak. Ezin ditugu gureak Inditex batek eskaintzen dituen prezioekin alderatu, eta uste dut bono hauek edo kanpaina honek orekatu egiten dituela bataren eta bestearen arteko prezioak, artisauon mesederako.
Baduzu buruan beste sorkuntzarik?
Bai! Egin dudan azkena gona batzuk diseinatu eta egitea izan da, eta berriro prakak egiteko asmoa dut orain.
☉ Galdakao
Argazkiak | Moda pasarela bilakatu da gaur Galdakao, Santakurtze jaietan
Gaur moda desfilea egon da Galdakaoko jaietan. Fashion Day eguna antolatu du bigarren urtez Gazte Berpiztuk eta hainbat kuadrillak hartu dute parte. Jantzirik eta aurkezpenik onena Antzeko kuadrillak egin du, bigarren sailkatu da Dekantzekoz eta hirugarren Trikiriki. Laugarren Antropayak izan da eta bosgarren Piperrak. Hona hemen desfileko irudirik onenak!
☉ Galdakao
Bi gazte atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik
Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarra erabilita sartu ziren bart 19 eta 21 urteko bi gazte. Epailearen esku jarriko ditu Ertzaintzak

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.
Gertaerak bart gauerdian jazo dira: pertsona batek SOS Deiakera deitu du Olabarrietan dagoen eta une horretan hutsik zegoen aita-amaginarreben etxean indarrez sartu direla esanez, instalatuta zuten zaintza-kamera deskonektatu egin dutela konturatu baitira.
Orduan, patruila bat bertaratu eta argi bat piztuta ikusi zuten eta etxebizitzaren goiko aldean bi gazteak aurkitu dituzte.
Bi gazteak epailearen esku utziko dituzte dagozkion eginbideak amaitu ostean.
☉ Galdakao
Bideoa | Antzeko, Bertan Kaldo eta Dekantzekoz, Galdakaoko jaietako Playback lehiaketako onenak!

Playback lehiaketa mundiala da Galdakaoko jaietan eta atzo zuzenean bizi genuen! Txapeldun Antzeko izan zen: Mamma Miaren ‘Ai ama!’ bertsio euskalduna egin zuen kuadrillak. Euren amei omenaldi zoragarria egin zieten.
Bigarren Bertan Kaldo izan zen, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
GEURIAn lehenengo hiru postuetan sailkatutako ordezkariak elkarrizketatu zituen: Mirene eta Izaskun (Antzeko), June eta Ane (Bertan Kaldo), eta Ane eta Janire (Dekantzekoz). Aupa zuek!
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakaoko jaietako Playback lehiaketa 140 argazkitan!

Playback lehiaketa arrakastatsua da Galdakaoko jaietan. Eta aurten ere ez du hutsik egin, beste urte batez Zizpak antolatuta. Irabazle Antzeko izan da, euren Ai Ama! (Mamma Mia!) bertsioari esker, amei omenaldia eginez. Bigarren Bertan Kaldo izan da, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
☉ Galdakao
Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute Valentziako uholdeetan egindako lanengatik
Gaur Vienako udaletxean, Austrian, Innovation in Politics Awards sarien irabazleak emango dituzte jakitera, eta otsailean Zero Project sariak banatuko dituzte Vienan ere

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute, iazko urritik Valentziako uholdeek kaltetutako eremuetan egindako lanengatik.
Alde batetik, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan dituzte bi proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi humanitarioa.
Nave 51 izeneko proiektuan, Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk, “xahuketa minimizatuz eta jasotako laguntza guztia ahalik eta gehien aprobetxatuz, milaka boluntario eta militarri esker”, dio Ainhoa Crespo GBGEko ordezkariak.
Eta Garbitegi humanitarioa delakoan uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten, “balio praktiko eta emozional handiko doako zerbitzua eskainiz”, dio Crespok.
Innovation in Politics Awards sarien banaketa gaur, irailak 17, izango da Vienako udaletxean, Austrian.
Otsailean: Zero Project sariak
Beste alde batetik, GBGE finalista izendatu dute Zero Project sarietan, “Krisi-egoeretan desgaitasunaren aurrean inklusioa” kategorian.

GBGE elkarteko boluntarioak Valentziako hondamendian // GBGE
Ekintza humanitarioetan, larrialdietan eta hondamendietan inklusio-irtenbideak aitortzen ditu sariketa horrek, eta sari banaketa otsailean izango da Vienan ere; kasu horretan, Nazio Batuen egoitzan.
“Izendapen hauek nazioarteko aitorpena dira Valentziako Dana-ren ondoren izandako elkartasun uholdeari. Nabarmentzekoa da beste modu batean ere erantzun daitekeela hondamendiei: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik ere asko dagoelako berreskuratzera iristeko, baina pozik ere bai, pertsona askoren lan ikaragarriari egindako aitortza delako”, adierazi du Crespok.