☉ Arrigorriaga
Europako Arkeologoen Kongresura eramango dute Abrisketako Done Peri baselizaren proiektua
Abuztuaren bukaeran, proiektuak Hego Uribeko eta Euskal Herriko mugak gaindituko ditu, eta Arrigorriagako ermitaren berri izango dute Erroman, Europako Arkeologoen Elkarteak antolatzen duen kongresuan
Abrisketako Done Peri baselizaren proiektua zeresana ematen ari dira azken aldian, are gehiago VII eta X. mendeen artean kokatu daitekeen Nekropolia aurkitu ostean.
Abuztuaren bukaeran, proiektuak Hego Uribeko eta Euskal Herriko mugak gaindituko ditu, eta Arrigorriagako ermitaren berri izango dute Erroman, Europar Arkeologoen Elkarteak antolatzen duen kongresuan.
Europako Arkeologoen Elkartea (AEA) (ingelesez: European Association of Archaeologists, EAA) irabazi-asmorik gabeko elkartea da, arkeologoei edo arloan interesa duen pertsona eta erakundeei irekia. 1994an sortu zen Eslovenian, eta ordutik hona urtero kongresu edo meeting entzutetsu bat antolatzen dute. Aurten, gainera, 30.urteurrena ospatze aldera, kongresua arkeologiaren sorlekuetako batera eramango dute abuztuaren 28tik 31ra, Italiako hiriburura.
“Iaz, kasurako” azaldu dio GEURIAri Teresa Campos arkeologo eta proiektuko arduradunak, “3000 lagun batu ginen Belfasten”. Pozik dago Campos, Europako Arkeologoen Elkarteak euren proposamena onartu duelako: “antolatuko diren sinposioetako batean parte hartuko dugu”.
Sinposio horietan mundu osoan garatzen ari diren proiektuen berri ematen dute, eta Done Peri horien artean egoteak erakusten du egiten ari diren lanaren garrantzia.
☉ Arrigorriaga
Montefuerteko Bike Parkeak eskaintza zabalduko du jaitsiera eta ziklo-kroseko pista berriekin
Arrigorriagako Montefuerte eremuan dagoen parkean bigarren faseko lanak hasiko dituzte. 226.000 eurotik gorako inbertsioarekin, Bizkaiko lehen ziklo-kros zirkuitu publikoa eta ‘Flow Line’ erako jaitsiera-pista bat gehituko zaizkie egungo instalazioei 2026ko udaberrian

Ollargango Bike Parkea apiriletik dago martxan Montefuerteko eremuan, eta orain bere kirol-eskaintza osatzeko pausoa eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. XCO eta Dirt (jauziak) egiteko guneak daude erabilgarri egun, eta bigarren faseari ekin diote orain, parkea “mendiko bizikletaren erreferente bilakatzeko asmoz”. Lanak datozen bost hilabeteetan luzatuko dira, eta 226.563 euroko aurrekontua dute.
Helburua Bizkaiko lehen ziklo-kros zirkuitu publikoa sortzea eta ‘Flow Line’ erako jaitsiera-pista bat gehietzea izango da, eta 2026ko udaberrirarte luzako dituzte lanak.
Proiektu berriak bi gune nagusi izango ditu:
‘Flow Line’ edo jaitsiera pista: Malmasin mendiko hegaletatik Ollarganeraino iritsiko da. 1.200 metroko luzera eta 275 metroko desnibela izango ditu. Maila ertaineko txirrindularientzat zein adituentzat diseinatuta dago, Enduro eta jaitsiera diziplinak lantzeko.
Ziklo-kros zirkuitua: Bizkaiko lehen zirkuitu publikoa izango da modalitate honetan. 2,5 kilometro inguru izango ditu eta oztopo artifizialak (eskailerak, arrapalak) zein naturalak barne hartuko ditu. Eskolentzat zein lehiaketarako pentsatuta dago, teknika hobetzeko aukera emanez.
Modu berean, seinaleztapen plan berri bat ezarriko da bizikletak, oinezkoak eta mendizaleak segurtasunez ibili daitezen.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Mari Domingik eta Olentzerok ibilbidea moldatu eta Arrigorriagako haurrei bisita egin diete

Euriak eta iluntasunak ez ditu Mari Domingi eta Olentzero geldiarazi Arrigorriagan.
Ibilbidea moldatu eta Lonbotik hasita, Urgoiti pasealekutik igaro eta udaletxeraino iritsi dira, haurren azken gutunak jaso eta argazkiak egitera baserri mugikorrean.
Hortik kantxa urdinera abiatu dira, txistulari eta guzti.
☉ Arrigorriaga
Ur puzgarriak antolatu dituzte Arrigorriagan, urte amaieran
Jarduera abenduaren 29an antolatu dute 8 eta 14 urte bitarteko gazteentzat eta doakoa izango da

Arrigorriagako Udalak ur puzgarriak antolatu ditu gabonetako oporretan, abenduaren 29an, udal kiroldegiko igerilekuan.
“Plan bikaina prestatu dugu 8 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat”, iragarri dute Udaletik. “Goizeko 10:00etatik 13:30ak bitartean ur puzgarriak prestatuko ditugu kiroldegiko igerilekuan, doan!”, eta gaztetxoak bertan parte hartzera deitu dituzte.
☉ Arrigorriaga
Maruja Torres Adiskideak taldearen sortzailearen izena jasoko du Ollargango futbol zelaiak
Omenaldia abenduaren 28an egingo dute eta futbol partida eta herri bazkaria prestatu dute emakumearen aztarna hilezkortzeko

Arrigorriagako Udalak izen berria ipiniko dio datorren igandean Ollargango futbol zelaiari: ‘Maruja Torres’.
Marujak Ollargango Adiskideak taldea sortu zuen. “Gure herriko emakumezkoen lehen futbol taldea, bidea sortuz eta kirolaren bidez komunitatea eraikiz. Bere lana eta dedikazioa eskertzeko, ekitaldi bereziak antolatu ditugu”, azaldu dute ufdal ordezkariek.
Omenaldia abenduaren 28an egingo dute futbol partida eta herri bazkari batekin. Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa eta interesdunek 670 377 196 telefono zenbakira deitu beharko dute. “Zatoz Ollarganera aitzindari honi merezi duen aitortza ematera! Zure zain gaude!”.
Emakume aitzindaria
Joan den ekainaren 29an zendu zen Maria Torres, ‘Maruja’, Abusuko Adiskideak CD taldeko sortzaile eta presidente ohia. “Atsekabe handiz hartu dugu Maria Torres ‘Maruja’ Adiskideak CDko presidentearen heriotza. Gure doluminik sentikorrenak bere familia eta lagunei. Goian bego”, azaldu dute Bizkaiko Futbol Federaziotik.
Maruja Bizkaiko emakumezkoen futbolean aitzindari izan da. Adiskideak emakumezkoen Kluba erronka batetik jaio zen, senarrek luzatutako apustu bat onartu ostean: “Ezetz praka motzak jantzi eta partida bat jokatu!”. Esan eta egin: partida bakarra ez, Adiskideak CD taldea sortu zuten.
1982-1983. denboraldian Sondikarekin batera federatutako lehenak izan ziren neska horiek. Torresek ilusioz gogoratzen zuen emakume batzuk elkartu eta beraientzat hain “dibertigarria” zen “zaletasun” hura.
Arrigorriagarra zendu zenean, bere bizitzaren inguruko artikulua idatzi genuen GEURIAn, hemen irakurgai.
Egitaraua | Maruja Torresen omenaldia 2025
Abenduak 28, igandea
11:00 Omenaldia
12:00 Partida
15:00 Herri bazkaria
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako osasun zentro berria eraikitzeko orubea eman dio Udalak Eusko Jaurlaritzari
Eraikin berriak “zonalde osoa hobetuko duela” azpimarratu du Maite Ibarra herriko alkateak, “HAPOk jasotzen duen hirigintza-garapenarekin bat etorriz”

Arrigorriagako Udalak orube bat lagako dio Eusko Jaurlaritzari osasun zentro berria eraikitzeko. Gobernu taldeak argi berdea eman dio abenduko osoko bilkuran erabakiari, EH Bildu, Arrigorriaga Gara, NOA eta PSEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
“Hau zen udalaren azken izapidea”, azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak. “Gure esku zegoen guztia egin dugu, eta orain Eusko Jaurlaritzari dagokio obrak egitea, Osakidetzaren bitartez”. Osasun zentro berria Eusko Jaurlaritzaren Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen 2025-2032 programan sartu da.
“Gainera, partida bat bideratu da Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontuetan proiektuak idazteko eta obrak zuzentzeko zerbitzuak lizitatzeko, eta horrek are gehiago hurbiltzen du udalerriarentzat hain garrantzitsua den obra hori egitea”, gehitu du Ibarrak eta Arrigorriagako osasun zentro berriak “zonalde osoa hobetuko duela” azpimarratu du, “HAPOk jasotzen duen hirigintza-garapenarekin bat etorriz”.
1.600 milioi euro
Duela egun gutxi GEURIAn iragarri lez, Eusko Jaurlaritzak 1.600 milioi euroko inbertsioa egingo du Osakidetzan, hainbat azpiegitura hobetu edo berriak eraikitzeko. Zerrenda horretan Arrigorriagan eraikiko duten osasun zentro berria ageri da.
Diru partida horretatik 74 ekintza egingo dituzte guztira eta horietako 21 lehen mailako osasun zentro berriak eraikitzeko izango dira. Horien artean, Bizkaian Arrigorriagan aurreikusi dutena ageri da, Bilbokoekin (Abusu eta Bolueta), Durangokoarekin eta Urdulizkoarekin batera.
2026an Arrigorriagako osasun zentro berriko obrak egiteko proiektua idazteko eta zuzentzeko zerbitzuak lizitatuko dituzte.













































































