☉ Arrigorriaga
Abusuko XVI. Kultur Asteak jarduerez beteko du Arrigorriagako auzoa
Udalak eta Abusuko elkarteak adin guztietako publikoarentzako kultur programazioa prestatu dute apirilaren 10era arte. Jarduera guztien artean, aipagarria da hilaren 6an Korrika Txikia antolatu dutela

Udalak eta Abusuko elkarteak adin guztietako publikoarentzako kultur programazioa prestatu dute apirilaren 10era arte. Jarduera guztien artean, aipagarria da hilaren 6an Korrika Txikia antolatu dutela. Horretaz gainera, kirol probak, liburu-aurkezpenak, joko inklusiboak, txapelketak, azokak eta jaia nagusi izango dira domekara arte, Abusun.
Apirilaren 5etik 8ra liburu-azoka prestatu dute haurreskolako beheko solairuan eta egun beretan auzoko antzinako argazkien erakusketa antolatu dute Abusuko Zentro Soziokulturalean.
Egunez egun
- Apirilak 4 (astelehena)
- 18:30 Lokal berriaren inaugurazioa eta Kultur Astea
- 19:30 Zinema Lokal Berria
- 20:30 ZumbiGym, frontoian
- Apirilak 5 (asteartea)
- 09:30 – 11:30 Liburu aurkezpena: ‘Llezuri’, Kris Etxebe eta Maite Marquez, liburutegian
- 17:30 Jokoak familian, Ibaieder parkeko aterpean
- Apirilak 6 (eguaztena)
- 11:00 Korrika Txikia
- 15:00 Liburu aurkezpena: ‘Koralaren Distira’, Kris Etxebe eta Maite Marquez, liburutegian
- 17:30 Korrika. Jolasak eta jarduerak
- 17:30 Egin zure jokoa, Pablo Garaizarrekin, Abusu espaloian
- 21:00 Korrika
- Apirilak 7 (eguena)
- 17:30 Garai desberdinetako jokoak, Abusu espaloian
- 19:00 Selfie Gynkana
- Apirilak 8 (barikua)
- 17:00 Auzo irakurle/Zubietxe fanzinea, Iharra plazan (jubilatuen etxea)
- 17:30 Tailerra eta jolas inklusiboak: ‘Bordillo Aplastao’, kanpan
- 18:00 Koadrilen Gynkana, kanpan
- 18:30 Literatura lehiaketaren sari-banaketa, Iharra plazan
- 19:30 Txokolatada, kanpan
- 20:30 Astronomia behatokia, Ibaieder parkean
- Apirilak 9 (zapatua)
- 11:00 Xake txapelketa, kanpan
- 12:00 Elkarteen azoka
- 17:30 Ludiarekin jolasak, kanpan
- 19:00 Berbena: Paco, kanpan
- 19:30 Ailaket
- Apirilak 10 (domeka)
- 11:00 Arroz lehiaketa
- 11:00 Abusu Truk merkatu txikia, kanpan
- 12:00 Euskal eta Munduko Dantzak, kanpan
- 13:00 Herri bazkaria, kanpan
- 17:00 Erromeria: Eingo, kanpan
☉ Arrigorriaga
Jardueraz betetako egitaraua prestatu dute Arrigorriagan, Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan
Udalak ipuin kontalariak, Jon Maiaren ‘Desde Extremadura al euskera’ hitzaldia, komedia gaua eta bertso saioa antolatu ditu abenduaren 14a bitartean

Abenduaren 14ra bitartean jardueraz betetako programa osatu du Arrigorriagako Udalak, euskararen presentzia eta erabilera udalerrian bultzatzeko helburuarekin: “Euskararen eguna abenduaren 3an izango den arren, jarduerak lehenago hasiko dira, azaroaren 28an, eta abenduaren erdialdera arte luzatuko dira, herritar guztien gustuko eskaintza bermatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.
Azaroare 28an, ostiral honetan, Eñaut Elorrietaren kontzertua eta haurrentzako Begizur antzezlana prestatu dute. Abendura begira, ipuin kontalariak, hitzaldiak, komedia gaua eta ‘Ez da kasualidadea’ izeneko bertso-saioa prestatu dute eta Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Uxue Alberdi bertsolariak Lonbo aretoan izango dira.
Ekitaldi guztiak herrigunean zein Abusun antolatu dituzte.”Ekitaldi nagusiez gain, eskolako eta institutuko ikasleentzako propio diseinatutako egitarau paraleloa ere antolatu dituzte. Besteak beste, La Basu eta La Pulga musikariekin elkarrizketa musikatua egingo dute, ipuin kontalariak, antzerkiak eta bertso emanaldiak izango dira”.
“Arrigorriaga euskaldunagoa nahi dugu, eta horretarako ezinbestekoa da herritarrok euskaraz hitz egiteko ohitura bereganatzea”, azaldu du Gorka Etxebarria Euskara zinegotziak. “Udal Gobernutik udal euskaltegia dugu, diru-laguntzak eskaintzen dizkiegu talde eta elkarteei, bekak ditugu euskara ikasteko edota lanean dihardugu hizkuntza-paisaiaren normalizazioaren alde. Baina ahalegin horri erantzuteko, herritarrak animatu nahi ditugu euskaraz hitz egitera, lotsarik, beldurrik eta konplexurik gabe”. Horregatik, herritar guztiak animatu nahi dituzte Euskararen Nazioarteko Egunean antolatutako ekintzetan parte hartzera.
Egitaraua | Euskararen Eguna Arrigorriagan 2025
AZAROAK 28, ostirala
‘BEGIZUR’ ANTZEZLANA
12.30 Abusu Zentro Soziokulturala
EÑAUT ELORRIETA
20:00 Magdalena eliza
ABENDUAK 1, astelehena
‘KUKU MUKU’
Eskolako umeentzako egitaraua
ABENDUAK 2, asteartea
‘ETXEAN OTSO, KALEAN USO’
Eskolako umeentzako egitaraua
Lonbo Aretoa
ABENDUAK 3, asteazkena
TXAPELDUNAK
Eskolako umeentzako egitaraua
Lonbo Aretoa
ROSA MARTINEZ IPUIN KONTALARIA
17:15 Edurne Garitazelaia
‘HITZAK ZAPIAN’ IKUSKIZUNA
18:00 Udaletxeko plaza
ABENDUAK 4, osteguna
BERTSO-JASA
Eskolako umeentzako egitaraua
Lonbo Aretoa
‘DESDE EXTREMADURA AL EUSKERA’
19:00 Abusu Zentro Soziokulturala
ABENDUAK 5, ostirala
EZER EZ
Eskolako umeentzako egitaraua
Lonbo Aretoa
ABENDUAK 12, ostirala
KOMEDIA GAUA
20:00 Lonbo aretoa
ABENDUAK 13, larunbata
‘SCROOGE ETA MAMUAK’
18:30 Lonbo aretoa
ABENDUAK 14, igandea
‘EZ DA KASUALIDADEA’ BERTSO SAIOA
19:00 Lonbo aretoa
☉ Arrigorriaga
Buia-Abusu Bilbobus linea Santa Isabelera luzatzeko eskatu diote Bilboko Udalari
Bilbobuseko 50. linea Santa Isabelera luzatzea Abusuko auzotarren aspaldiko eskaera da

Mugikortasuna hobetzea helburu, Arrigorriagako Udalak eskaera egin dio Bilboko Udalari Buia eta Abusu konektatzen dituen Bilbobuseko 50. autobus linea “hobetzeko”.
Izan ere, linea hori Abusuko Santa Isabel auzora luzatzea proposatu dio Arrigorriagako Udalak Bilbokoari. Maite Ibarra alkatea Bilboko Udaleko Nora Abete Bilboko Udaleko alkateordea eta Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziarekin elkartu zen azaroaren erdialdean proposamenaren inguruan berba egiteko. Bilboko Udaletik eskaera hori aztertu eta abenduan erantzuteko konpromisoa hartuko zuela azaldu zuen.
Bilbobuseko 50. linea Santa Isabelera luzatzea Abusuko auzotarren aspaldiko eskaera da. Arrigorriagako Udalak, gainera, egunero herriko instituturaino iristea eskatu dio Bilbokoari, “Arrigorriagako erdigunea lotu ahal izateko”.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Bertsio Gauaren bosgarren edizioan izena emateko epea zabaldu dute
Abenduaren 27an antolatu du Arrigorriagako Soinuarri Elkarteak Bertsio Gauaren bosgarren edizioa, Gaztetxean, 20:00etatik aurrera

Abenduaren 27an antolatu du Arrigorriagako Soinuarri Elkarteak Bertsio Gauaren bosgarren edizioa, Gaztetxean, 20:00etatik aurrera.
Urtero lez, epea zabaldu dute bertan jo nahi duten taldeek izena eman ahal izateko: “Utzi lotsak alde batera eta animau zaitez gauarekin bat egiten, zure musika gogokoena jotzera, ergelkeriak egitera eta esatera, eta zure gurasoak lotsaraztera”, azaldu dute Soinuarritik. Gainera, 2026an 10 urte beteko ditu Arrigorriagako elkarteak eta “gauzatxoak” prestatu dituztela iragarri dute.
Bertsio Gauari dagokionez, elkartetik azaldu dute “aukera ezinhobea” dela bandek zuzenean jotzeko eta “kristoren gauaz gozatzeko”. Parte hartu nahi duten bandek 15 minutuko emanaldia prestatu behar dute abesti propio edo bertsioekin. “Eszenatokian Soinuarri utzitako musika aparailuak egongo dira: bateria, baxua, gitarra bi eta anpliak. Nahi izanez gero, nork bere instrumentuak ekar ditzake”, argitu dute Soinuarritik.
Izena emateko soinuarrielkartea@gmail.com helbidera idatzi behar dute interesdunek. Bertan, taldearen izena, kide kopurua eta bakoitzaren rola eta jo beharreko abestien zerrenda idatzi beharko da.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagak 17,6 milioi euroko udal aurrekontua aurkeztu du 2026rako, aurtengoa baino % 6,8 handiagoa
Proposamena hurrengo egunetan aurkeztuko dela azaldu dute udal ordezkariek eta asmoa “urte berria onartutako udal aurrekontuarekin hastea” dela, ondo bidean

Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak, Peio Garmendia Ogasun eta Kontu zinegotziarekin batera 2026ko aurrekontu-proposamena egin du. 17.646.735 milioi eurokoa izango da, 2025eko baino % 6,8 handiagoa.
“Aurrekontu hauek Arrigorriaga kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko borondatez diseinatu ditugu. Herri gisa aurrera egiteko eta gure auzokide guztien bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko tresna dira”, nabarmendu du Arrigorriagako alkateak.
Aurkezpena egin ostean, proposamenaren lerro nagusiak aurkeztu dituzte komunikabideen aurrean.
Arrigorriagako udal-aurrekontuaren proposamena 2026
– Hirigintza eta Auzoak: Arlo honetara milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu gobernu-taldeak eta hiru ekintza nabarmendu dituzte: Osasun eta Higiene auzoko espazio publikoen irisgarritasuna eta kalitatea hobetzeko obrak egitea; eskolako patioa gune inklusiboagoa eta birnaturalizatuagoa bihurtzea, eta hirugarrenik, kiroldegi berriaren lehen fasea eraikitzeko
proiektuaren idazketa martxan jartzea.
– Politika Feministak: Arlo honek 155.450 euroko partida jasoko du. 2019 urtearekin alderatuta diru kopurua bikoiztu dutela iragarri du Garmendiak.
– Gizarte Politikak: zaintza komunitarioen aldeko apustu irmoa egin dute, eta Zaindu Arrigorriaga izena izango duen proiektu bat jarriko da abian. Proiektu honek ‘Zainduz’, ‘Herri Lagunkoia’, ‘Zu Nagusi!’ eta ‘GEUna’ lan-programa batuko ditu. “Horri esker, programa guztien arteko lotura eta koherentzia lortu ahal izango da, udalerri solidarioago eta zainduago baterantz urrats garrantzitsua eginez”.
– Ekonomia eta Enplegua: esparru honetara 45.500 euro bideratuko dute enplegu-prestakuntzarako eta laneratzeko ikastaroak egiten dituztenentzako laguntza ekonomikoetarako. Bestalde, ArrigoBono kanpaina egiten jarraituko dutela iragarri dute, “tokiko merkataritzari bultzada emateko”.
2026rako udal-aurrekontuaren proposamenak Ingurumenera, Euskarara, Kulturara, Kirolera eta
udalerriaren garapenerako funtsezkoak diren beste arlo batzuetara bideratutako partidak ere
jasotzen dituela gehitu du Maite Ibarrak.

Peio eta Maite, Arrigorriagan // Geuria
Aurkezpena, laster
Gobernu taldea joan den irailean hasi zen udal aurrekontua prestatzen eta urrian lehen zirriborroa bidali zioten oposizioko alderdiei, horiek aztertzeko bilera batera gonbidapena eginez.
“Heldu diren iruzkinak aztertu ondoren egin dugu behin betiko proposamena”, azaldu du Ibarrak. “Argi utzi nahi dugu udal gobernu irekia garela eta negoziatzeko prest gaudela”.
Proposamena hurrengo egunetan aurkeztuko dela azaldu dute udal ordezkariek eta asmoa “urte berria onartutako udal aurrekontuarekin hastea” dela, ondo bidean.
☉ Arrigorriaga
Emakumeak eta arrisku kardiobaskularraren inguruko hitzaldia eskainiko dute Arrigorriagan
Saioa Aitziber Olabarrieta Kareaga kardiologiako erizainak eskainiko du Lamiaena emakumeen etxean, 18:00etatik 20:00ak bitartean

Astearte honetan, hilaren 18an, emakumeak eta arrisku kardiobaskularraren inguruko hitzaldia eskainiko du euskara hutsean Aitziber Olabarrieta Kareaga kardiologiako erizainak Lamiaena emakumeen etxean, 18:00etatik 20:00ak bitartean.
“Gaixotasun kardiobaskularra da emakumeen heriotzaren arrazoi nagusia, baina oraindik berandu diagnostikatzen da eta gutxiago tratatzen da gizonen aldean”, azaldu dute antolaketa taldetik. “Emakume-elkarte lokalek antolatutako hitzaldiei esker, errealitate hau gero eta gehiago ikusarazten da eta prebentzioa sustatzen da. Ezjakintasunak eta arriskuaren pertzepzio txikiak oztopo handienak dira, baina ezagutzarekin aldaketa posible da”.
Hitzaldian bihotza modu egokian zaintzeko gomendioak emango dituzte. Era berean, emakumeen kardiobaskular arriskua murrizteko ohitura osasungarriak eskainiko dituzte. Deialdia herritar guztientzat zabaldu dute.









