Sareak

☉ Arrigorriaga

Ander Gomez: «Nahiz eta eskaria gero eta handiagoa izan, herriko jaietan DJaren figura galtzen ari da»

Arrigorriagako DJa Bizkaia Arenan izan da nazioarteko artista ospetsuekin batera eta, oso gaztea izan arren, plazak eta diskotekak betetzen ditu astebururo

|

Ander gomez DJa // Geuria

Ander Gomezek (Arrigorriaga, 2003) zorotzat jotzen du bere burua oholtza gainean. Publikoari bere energia guztia kutsatzen saiatzen da, eta musikaz baliatzen da bere ikuskizunetan sentsazioak sortzeko. Arrigorriagako DJ gaztearen estiloak reggaeton, elektrolatino, tech house eta elektronika bezalako generoak uztartzen ditu, inguruko plaza eta diskoteka guztiak leherrarazten dituztenak. Udan herriz herri ibili ondoren, irailean Bizkaia Arenan antolatu zen Distrito Urbano jaialdian egon zen gonbidatu gisa, eta gaurkoan horretaz guztiaz eta askoz gehiagoz hitz egin digu.

Eskola garaitik DJ-a zarela esan daiteke. 11 urte nituenean hasi nintzen DJen bideoak ikusten eta ordenagailuan “Virtual DJ” izeneko programarekin saltsan, mundu guztia horrekin hasten baita. 13 urte bete arte ez nuen nire lehen nahaste-mahaia erosi. Hortik aurrera, pixkanaka trebatzen eta eboluzionatzen joan nintzen. Modu autodidaktikoan ikasi nuen, “dena ukitu” metodoaren bidez. Gaur egun daukadan ekipoa handiagoa eta profesionalagoa da; “Denon” hargailuarekin aritzen naiz ni, eta plater bakoitzak bere pantaila dakar audio-iturri desberdinak nahasteko. Lehen ekitaldia Arrigorriagako institutuan izan zela gogoratzen dut. 15 minutuko interbentzioa izan zen San Tomas egunean. Aurrerago, Udalarekin harremanetan jarri nintzen jaietan aritzeko. Emanaldi tamalgarria izan zen. Nahiko eguraldi kaskarra zegoen eta 15 lagun baino gutxiago gerturatu ziren Barua parkera. Lehen kontaktu hori oso hotza izan zen, jendeak ez ninduelako serio hartzen oso txikia nintzelako. Halere, ez nuen motibazioa galdu eta hazten jarraitzeko asmoa hartu nuen. 2018an nire lehen ikuskizun handia eman nuen —herriko jaietan berriz ere, baina oraingoan Argala plazako agertokian— eta guztiz ezberdina izan zen. Ni neu prestatuago nengoen, jende gehiago etorri zen eta ekipoak kalitate handiagoa zuen.

Pandemiak bete-betean harrapatu zintuen zure izena eskualdean oihartzuna izaten hasi zenean. Pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen: “Akabo!”. Duela hiru bat urte gorakada handia izan nuen. Denbora luzez entrenatu eta borrokatu ondoren, proba bat egin zidaten Fever Bilbao diskotekan ‘Young’ saioetarako. 15 minutu iraun zuen eta hilabete baten buruan deitu egin zidaten. Adingabea nintzenez, adingabeentzako saioetan aritzen nintzen. Gainera, oso zaila zen helduen saioetan tokia egitea, zonaldean DJ on asko daudelako. Pub eta plaza ezberdinetan agerraldiak egiten ere hasi nintzen eta bat-batean berrogeialdia heldu zen. Sekulako belarrondokoa. Baina ez zuen betiko iraungo. Berrasmatzeko beharra zegoen: streamingak, sareetarako bideoak… Bestalde, etxean giltzapetuta egonda ere, ez nion musika jartzeari utzi. Ez zegoen egunik nahasketa mahaia erabiltzen ez nuenik. 20:00etan terrazara irten, bozgorailuak piztu, koloretako argiak jarri eta bizilagunak animatzen nituen. Asko eskertu zidaten hori egin izana, gainera! Dudarik gabe, Lonbo zen festa gehien egiten zen auzoa. Berrogeialdiaren ondoren Laudioko Sorgin tabernan sartu nintzen eta horrek bultzatu nau berriro igotzera. Orain Santana aretoan DJ egoiliarra naiz -hau da, Fever diskotekan nago astebururo- eta noizbehinka Aiaraldea eta Hego Uribe eskualdeetan ere aritzen naiz. ‘Atomic Producciones’-etik (Basauri) ekitaldi guztiak kudeatzen laguntzen didate. Pubetan eta plazetan sortzen den giroa erabat desberdina da. Nik are beroagoa sentitzen dut diskotekena, nahiz eta gertuko herrietan jende gehiago ezagutu, bereziki zu entzutera joaten den publikoa delako. Etxean jokatzea oso ona edo oso txarra izan daiteke, eta nik nahiago dut erdiko distantzia mantendu.

Ander Gomez DJa // Utzitakoa

Distrito Urbano jaialdian egon izanak ate gehiago irekiko dizkizula uste duzu? Ausartuko nintzateke esatera aro berri baten hasiera ekarri duela. Ez naiz batere ospetsua, baina inoiz ezagutu egin naute eta aho zabalik geratu naiz. Guztiz ustekabekoa izan zen. Gogoan dut 18:30 lo nengoela, hots egin zidatela bertara joatea behar zutela esanez, eta 19:10etan Bizkaia Arenako agertokian nengoela. Kostatu zitzaidan informazio osoa prozesatzea. Lehen mailako artistekin espazioa partekatu ahal izan nuen, hala nola Delaossa, Villano Antillano edo Becky G. Hasieran pixka bat baztertua eta lekuz kanpo sentitu nintzen, baina beste bat bezala tratatu ninduten. Esperientzia izugarria izan zen eta pasea etxean gorde dut oroitzapen modura. 3.000-4.000 pertsona inguru bertaratu ziren, eta jende gehiago falta izan zen, Quevedo kartel-burua azken unean gaixotu zelako. Oso urduri nengoen! Lehen aldia zen tamaina horretako eszenatoki batean nengoela. Artisten aldaketen artean atera nintzen, eta jende askok zoriondu ninduen nire emanaldiengatik. Azken finean, publikoa gogoz mantentzeko askatasun osoa eman zidaten, eta une oro erritmoa egokia izatea lortu nuela uste dut. Gainera, zortea izan nuen han lagun batzuk nituelako, eta abeslariez gozatzera ere jaitsi ahal izan nintzen. Behean nengoenean ikusle bezala eta gero berriro igo behar nuela pentsatzean, ezin nuen sinetsi.

Nolakoa da gaur egungo gaueko aisialdia? Lehen esan bezala, diskoteketan askoz ere publiko emankorragoa da, musika estilo konkretua entzutera doazelako eta ohikoa izaten delako. Orduan, badakizu nolakoak diren eta zer nahi duten. Plaza batean, aldiz, mota guztietako jendearen aurrean jardungo duzu; heterogeneoagoa izaten da. Beraz, ez dakizu zer aurkituko duzun. DJ orok egin behar duen lehenengo gauza publikoa irakurtzea da, bere gustu eta beharretara egokitzeko. Askotan hurbiltzen dira abestiak eskatzera, baina gu ere ez gara Spotify. Zerbitzua kartara nahi dugu, eta DJari aukera eman behar zaio bere estiloari jarraitzeko. Adibidez, nirea oso ‘kañeroa’ izaten da; erritmo bizikoa eta bereziki dibertigarria.

Inguruko herriei begira, parrandazaleak direla esango nuke. Publikoa nahiko gaztetxoa izaten da, eta Arrigorriagan eta Basaurin oso gustukoa dute reggaetoia. Ugaon, ordea, technoa nahiago dute. Azken finean, Ugaondo dute han, gaur egun genero horretako diskoteka garrantzitsua dena. Halere, herriko jaietan DJaren figura galtzen ari da, eta pena da. Jendea mozkortu egiten da, eta kontaktu gehiago eskatzen duen musika denez, arazoekin ere erlazionatzen da. Zorionez, hemen ez da asko gertatzen. Ondo pasatzera joan behar gara, ez borroka bila. Gertatzen ari dena da egungo eszena hondatzen ari dela. Eskaria gero eta handiagoa da, batez ere belaunaldi berrien aldetik, baina horrelako egoerak saihesteko nahiago dute gu alde batera utzi eta beste kontzertu mota batzuk aukeratu. Diskotekek musika-joerak eskaintzen dituzte esparru kontrolatuago batean, egoera horri erantzunez.

Ikuskizuna musika jartzetik harago doa. Eta orain inoiz baino gehiago. Ez dut uste modan dauden kantak jartzera mugatu behar garenik. Sortzaileak izan behar gara, eta “despistera” jolastu. Inork espero ez duena egin. “Disc-jockey” terminoa hobeto erabil daiteke diskoteka baterako, baina ez plaza edo jaialdi baterako. Jendearen feedbackaz elikatzen gara show oso bat sortzeko. Antzezten jakin behar dugu, baita soinu eta argi teknikari on bat ondoan izan ere. Alde teknikoenari erreparatzeaz gain, balio erantsi bat eskaini behar dugu: mikroarekin animatu, jai-elementuak bota, argi-jokoak… Eskumuturreko argitsuak banatzea gaur egungo estandarra bihurtzen ari da; orduan, nire kasuan aldatuz noa, une oro gero eta berritzaileagoa den zerbait bilatuz, hala nola puzgarriak, purpurina edo edaria banatu (azken hau jende helduagoa dagoenean).

Aro digitalak DJaren figuraren gorakada eragin duela uste duzu? Tresna teknologikoak guztion eskura daude eta sektore honen profesionalizazioa bultzatu dute. Gainera, biniloak hil egin ziren garai batean eta orain berpizten ari dira, zenbait programekin gauza bera egin baitezakezu. Pantailek lehen entzumenez bakarrik prozesatzen zen informazio guztia irakurtzen laguntzen dizute. Mundu honekiko interesa agertzen duen edonork egin dezake; denbora pila bat eskainiz, noski. Nahiz eta badauden abestiak modu automatikoan sinkronizatzen dituztenak eta erreprodukzio-botoia sakatu besterik egiten ez dutenak. Ez dut esaten txarra denik, baina ez nioke DJ deituko. Eta horregatik uste dut gure lanari balioa kentzen diola.

Garrantzitsua al da marketin-estrategia ona izatea? Sare sozialak oso garrantzitsuak dira gaur egun, eta inpaktuak sortzean datza. Zentzumenen bidez erakartzea. Nire kasuan aftermovie-ak prestatzen ditut eta bi lagunen laguntza izaten dut: Uri eta CLN, Galdakaoko eta Amurrioko bi bideografo. Askatasun osoa ematen diet beren sormenari bide eman diezaioten, beraiek baitira profesionalak eta ondo baitakite zer transmititu nahi dudan. Uste dut gure jaietako batera joan ez den norbaitek modu laburtuan ikusteko aukera badu, haren atentzioa dei dezakegula eta hurrengora joateko gogoa piztu. Egiteko gai garenaren aurkezpen-gutuna da.

Gaztea izaki, pentsatu al duzu DJ izatea lanbide gisa? Orain soinu teknikaria izateko ikasten ari naiz. Uda honetan Atomicen izan naiz iluminazio laguntzaile gisa, eta behin edo beste teknikari gisa ere aritu naiz argien kontrola eramaten. Hori da nire alternatiba, baina gaur egun Dj izatea lanbide bat bezala har dezaket, astez aste ordutegi baten pean nagoelako (diskoteketan astebururo 00:00etatik 6:00etara, eta udan herrietara moldatzen) eta soldata bat jasotzen dudalako. Baina leku egonkor bat daukat: Fever. Eta Laudioko Sorgin tabernan ere bai.

☉ Arrigorriaga

Jardueraz betetako programa prestatu dute azaroan Arrigorriagan, A25eko testuinguruan

Hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza bezalako jarduerak prestatu dituzte datozen egunetan

|

Martxa feminista, joan den martxoaren 8an, Arrigorriagan // Geuria

Azaroaren 28ra bitartean jardueraz betetako programa antolatu dute Arrigorriagan, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren testuinguruan.

Jarduerak Arrigorriagako Udalak eta Lamiaena emakumeen etxeak antolatu dituzte herrigunean: hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, A-25eko elkarretaratzea, Garrasidromoa, argazki erakusketa…

Egitaraua | A-25a Arrigorriagan

Azaroak 10, asteazkena
17:00 Indarkeria matxistaren aurkako erakusketa (Carolina Zuluaga), Lamiaena.
Inaugurazioa, azaroaren 12an, 18:00etan

Azaroak 11, astelehena
18:30 Zineforuma: La Virgen Roja

Azaroak 18, asteartea
18:00 Solasaldia: Emakumeak eta arrisku kardiobaskularra, Lamiaena

Azaroak 21, ostirala
Mural ibiltaria: ‘Elkarrekin isiltasuna hausten dugu’

Azaroak 23, igandea
12:00 Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, udaletxetik hasita

Azaroak 25, asteartea
19:30 Elkarretaratzea, udaletxeko plaza
20:00 Garrasidromoa: “Oihukatu indarkeria matxistaren aurka!”
Panel informatiboa: 2010-2015 bitartean eraildako emakumeak

Azaroak 26, asteazkena
18:00 Tailerrak: Erresistentziaren Ahotsak “Eta zure ahotsa irudietan kontatu ahal izango balitz?”

Azaroak 27, osteguna
18:00 Solasaldia: ‘Indarkeria matxista eta negazionismoa: erantzun feminista eta juridikoak atzerapausu legalen aurrean’, Lamiaena

Abenduak 12 – urtarrilak 30
17:00 Argazki-erakusketa: ‘Irregulartasuna indarkeri anizkoitza eta desentralizatua da’, Lamiaena
Inaugurazioa: abenduak 12, 17:30

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bazkaria, kontzertuak eta mendi martxa antolatu dituzte Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean

Azaroaren 29an antolatu dute urteurrena eta egun osoan zehar jarduerak antolatu dituzte Gaztetxean eta inguruetan

|

Bost Axola Potxola taldea, Zeberion // Bost Axola Potxola

Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatuko dute azaroaren 29an, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egunean zehar.

Lehen jarduera mendi martxa izango da. Urteurren guztietan lez, asmoa igoera Artandara egitea da, “baina euria egitekotan bertan behera geratuko da jarduera”, azaldu dute Gaztetxetik.

Mendi martxaz gainera bazkaria eta bazkaloste musikatua antolatu dute Gaztetxean ‘Bost axola potxola’rekin. Bazkaltzeko prezioa 13 eurokoa izango da.

Arrasti aldera Joseto ta Alayak-en elektrotxaranga egingo dute herrian zehar eta gaualdean Gaztetxeko kontzertuei paso emango diete Niere, Tobogan eta Beranduegi Erromeriarekin.

Egitaraua | Arrigorriagako Gaztetxearen VIII. urteurrena

Azaroak 29, larunbata

10:00 Mendi martxa Artandara
15:00 Bazkaria + bazkaloste ‘Bost axola potxola’ taldearekin Gaztetxea
18:00 Elektrotxaranga: Joseto ta Alayak
22:00 Kontzertuak: Niere + Tobogan + Beranduegi Erromeria

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak / Enriqueta Hortalak badu bere kalea eta herritarren merezitako omenaldia Arrigorriagan

Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertara hurbildu direnentzat. 

|

Enriqueta Ortala kalean batu dira herritarrak // Geuria

Eguraldia lagun izan ez arren, asko izan dira gaur goizean Enriqueta Hortala kalera hurbildu diren arrigorriagarrak. Gaurtik aurretik izen berri hori ere presente egongo baita  herriko kale izendegian.

Ekitaldian, antolatzaileek nabarmendu dute “musikaren munduan herrian erreferente izan zen emakumeari” eskaini zaiola kalea, “besteak beste emakumezkoen abesbatzaren sortzaile izan zelako”.

Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertaratu direnentzat.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala

Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

|

Udal ordezkariak Enriqueta Hortala kalean // Geuria

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.

Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.

Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.

Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.

Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.

Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.

12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin

Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

|

Mozorratutako neskatxo bat, Arrigorriagan // Geuria

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.

Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.

Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.

Osorik irakurri