☉ Arrigorriaga
Mikel Urrutikoetxeak agur esango die arrigorriagarrei azken partida batekin
Maiatzaren 24an antolatu dute Pilota Jaialdia, Arrigorriagako udal kiroldegiko frontoian
Pilota Jaialdia antolatu dute Arrigorriagan maiatzaren 24an, udal kiroldegian.
17:00etan Eskolar eta Federatu mailen arteko partidak jokatuko dituzte, Arguia pelota eskolaren eskutik. Jarraian, 19:30ean, eskuz binakako partiden txanda izango da. Elastiko gorriz Urrutikoetxea eta Iztueta egongo dira eta urdinez, Jaka eta Imaz. Esku pilota partida hau berezia izango da Arrigorriagarrentzat, Zaratamoko pilotariak herrian eskainiko duen azkena izango delako.
Sarrerak 10 eurotan eskuratu ahal izango dituzte interesdunek webgune honetan. Ekitaldia Arrigorriagako Udalak antolatu du Baiko Pilota eta Aspepelota.eus enpresekin.
Agurraren bidean
Mikel Urrutikoetxea Azkuetak (Zaratamo, 1989) erretiroa hartzeko erabakia jakinarazi zuen joan den martxoaren 19an, komunikabideen aurrean Bizkaia frontoian egindako agerraldian. Bertan aurreratu zuen hortik aurrera ibilbide profesionalari amaiera emateko partidak jokatuko zituela irailaren 20ra arte.
Urte asko izan dira eta bidean oztopo ugariri aurre egin dio Zaratamoko pilotariak: entrenamendu saio asko, txapelketa inportante ugari… eta baita Urrutikoetxearen bizitzan eragin handia izan duten egoera pertsonal latzak ere.
“Upo Mendi Pilota Taldean hasi nintzen eta beti buruan nuen ametsa telebistan ikusten nituen pilotari erreferente horien kontra jokatzea zen”
“Eskerrik asko hain garrantzitsua den egun honetan hemen izateagatik”, berba horiekaz zabaldu zuen prentsaurrekoa. Bere ibilbidean zehar lagun izan dituen pertsona guztiei eskerrak eman ostean entrenatzaileei aipamena egin zizkien eta baita Adolfo Agirre eta Mikel Etxegiari ere.

Adolfo Agirre // Geuria
“Upo Mendi Pilota Taldean hasi nintzen eta beti buruan nuen ametsa telebistan ikusten nituen pilotari erreferente horien kontra jokatzea zen”, gogoratu zuen Urrutikoetxeak. “Telebistan ikusten nituen finaletako giro hori bizitzeko aukera izatea gura nuen”. Pilotariak azaldu du denborak aurrera egin ahala amets horiek egi bihurtzen hasi zirela: 16 urterekin Asegarcerekin entrenatzen hasi eta hortik gutxira Aimar Olaizola bezalako erreferenteekin buruz burukoak jokatzera deitu zuten. “Imajinatu nire adineko mutiko batentzat zer izan zen hura!”.
Izan ere, Urrutikoetxeak 2009ko ekainaren 13an egin zuen debuta profesionaletan, Arrigorriagako pilotalekuan. Ordutik, 16 urteko ibilbide oparoa izan du, eta hiru txapelketa handiak irabazi dituen pilotari bakanetako bat da: Buruz buruko Txapelketa, Lau T’erdikoa eta Binakakoa.
Horien artean 2025ean lortu zuen lehena, Buruz Buruko txapelketa, hain zuzen ere, gaur alboan izan duen Aimar Olaizola garaituta, hain zuzen ere (22-19). Urte berean lau t’erdiko txapelketa ere irabazi zuen. 2016an, aldiz, Binakako Txapelketa eskuratu zuen, atzelari gisa jokatuz, berez aurrelaria den arren.
Azken partida
Pilotan dauden helburu garrantzitsuenak lortu ostean pilotariaren asmoa ibilbide profesionala maila onean uztea eta bere buruarekin “gustura sentitzea” dela azaldu die Bizkaiko frontoira hurbildu diren hedabideei. “Gustura nago binakakoan eta uda ostean, urte amaieran, ibilbide profesionala uztea gustatuko litzaidake”.
Uda garaian, zaratamarra maitatua sentitu izan den herri horietan jokatzea gustatuko litzaioke, bere esker ona adierazteko. Zuriz jokatuko duen azken partida Bizkaia frontoian izango da datorren irailaren 20an, pilotari profesionalaren ibilbidea hasi zuen enpresa beragaz: Asegarcegaz: “Ez daukat, honen ondoren, zuriz jantzita partidarik jokatzeko asmorik”.
☉ Arrigorriaga
Bideoa | Dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagan Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapaketa sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago”

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopedun pankartarekin dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagako udaletxeko plazan, joan den asteazkenean Heidelberg enpresan gertatu zen lan-heriotza salatzeko.
Elkarretaratzea LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute: “Dauzkagun datuen arabera, torno batek harrapatuta hil zen eskualdeko langile bat”, azaldu du Agus Figal LABeko Hego Uribe eskualdeko arduradunak. “Gaur elkartu garen sindikatuok egoera hau salatu nahi dugu”, izan dira sindikatuko ordezkariaren berbak.
LABeko ordezkarien arabera, Heidelberg enpresan gertatutako istripua “ekidin zitekeen”: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapamendua sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago. Lan-kodeak argi esaten du hori hala egin behar dela”.
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea”

Elkarretaratzean egon diren herritar batzuk // Geuria
Agusen hitzetan, lan prebentziorako eskumena Eusko Jaurlaritzarak dauka: “Baina, Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die. Ondorioz, honelako ondorio larriak gertatzen dira”.
LAB: “Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die”
Ezbeharra gertatu zenetik ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean: ELAk elkarretaratzea deitu zuen enpresa aurrean; gaur, euskal gehiengo sindikalak Arrigorriagako elkarretaratzea antolatu du.
Hurrengo astelehenean, herrian ere beste elkarretaratze bat deitu du herri mugimenduak, 19:30ean, “Prekarietateak hiltzen du” lelopean.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko elkarretaratzea urriaren 27an egingo dute
Elkarretaratzea 19:30ean izango da Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan

“Lan, bizi, pentsioa duinak” plataformak elkarretaratzea deitu du datorren urriaren 27an, 19:30ean, Arrigorriagako udaletxeko plazan, atzo Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko.
Istripuaren ondorioz 45 urteko langile bat hil egin zen: “Lan istripu gehiagorik ez! prekarietateak hiltzen du”, salatu dute sindikatutik eta gaur bertan elkarretaratze bat egin dute Arrigorriagako Arane auzoan (Heidelberg enpresaren sarreran), eguerdian.
“Laneko segurtasun eta osasun neurriak behar bezala ez ezartzeak, produkzio presioak eta pisu handien edo errotazio-piezen eraginpean egoteak handitu egiten dute harrapatuta edo zapalduta egoteagatik istripu larriak izateko aukera”, azaldu dute ELAko bozeramaileek. “Horrelako lanetarako, etengabeko prestakuntza behar da laneko arriskuen prebentzioan, eta blokeo eta seinaleztapen protokoloak zorrotz aplikatu behar dira martxan dauden ekipoetan edozein esku-hartze egin aurretik”.
Sindikatuak argitaratutako datuen arabera, 2025ean 44 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz: “Bizkaian, zehazki, 9 pertsona hil dira. Industria-sektoreak, eta, bereziki, zementuaren eta deribatuen fabrikazioak, arrisku maila handiak ditu, makina astunak, doitasun erremintak eta mantentze lanak etengabe erabiltzen baitira, eta horrek mugitzen ari diren ekipoekin zuzeneko kontaktua izatea eskatzen du”.
ELA: “2025ean 44 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz. Heriotza horietako 9 Bizkaian izan dira”
“Lan heriotza bakoitza ez da halabeharrezko ezbehar bat: enpresen erabakien, prebentzioan egindako murrizketen eta kontrol instituzional ezaren emaitza da. Ezin dugu jarraitu normalizatzen langileek beren bizitzarekin ordaintzea zementuaren, burdinaren edo enpresa etekinen prezioa”, azaldu dute sindikatutik.
“Laneko ezbeharrak egiturazko eta erakundeetako indarkeria mota bat dira. Premiazkoa da ikuskapenak indartzea, legea betetzen ez duten enpresen zigorrak handitzea eta langileon bizitza eta osasuna politika ekonomiko eta produktiboaren erdigunean jartzea.”
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte
Malmasingo Lagunak elkarteak eta Arrigorriagako Udalak antolatutako bisita gidatuak azaroaren 2an antolatu du bisita gidatua herriko erreferenteak diren auzo bietan barrena

Malmasingo Lagunak elkarteak, Udalarekin batera Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu azaroaren 2an.
“Oraingo honetan, gure herriaren bilakaera markatu duten bi guneren historiara hurbilduko gara: La Mutual (San Juan) eta Osasun eta Higiene auzoak”, azaldu dute elkartetik. “Biak erreferenteak dira, ez bakarrik ondarearen eta arkitekturaren ikuspegitik, baita herrian nortasdun eta presentzia berezia duten auzo gisa ere”.
Saioa elebiduna izango da eta 12:00etatik 13:30ak arte antolatu dute. Geralekua Arrigorriagako osasun zentroa izango da (Urgoiti pasealekuko 10. zenbakia). Informazioa handitu nahi dutenek malmasingolagunak@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.
☉ Arrigorriaga
Doako Ipar Martxa ikastaroa antolatu dute berriro Arrigorriagan, kirol-eskaintza zabaltzeko
Tailerra urriaren 31an eskainiko dute eta doakoa izan arren, izena ematea beharrezkoa izango da

Arrigorriagako Udalak, Euskaditrek-ekin elkarlanean, Ipar Martxa edo Nordic Walking tailerra antolatu du udal kiroldegian. Urteak daramatza Udalak tailer hau eskaintzen. Izan ere, aurtengo bigarren saioa izango da honako hau, eta arrazoia hurrengoa da: “saioak arrakastatsuak izan direlako”.
Tailerra urriaren 31an eskainiko dute eta helburua kirol modalitate berriak sustatzea da. Jarduera praktikoa izango da eta 10:00etatik 12:00ak arte antolatu dute. Saioa doakoa izango da eta parte-hartzaileek izena eman beharko dute udal kiroldegian.
10:00etan ibilbidea hasiko dute. Kiroldegitik abiatuko dira parte-hartzaileak eta ibilbidea herrian barrena izango da. Partaideek materialik ez dutela eraman behar azpimarratu dute udal ordezkariek (bertan makilak utziko dizkiete arduradunek).
Nordic Walking edo ibilketa nordikoa makilekin ibiltzean datza. Zailtasun gutxiko teknika integrala da eta gorputzeko giharren % 90a erabiltzen da.
Ibilketaren biomekanika optimizatzeko modu bat da, bakoitzaren forma fisikoaren arabera. Kirol modalitate hau adin eta baldintza fisiko guztietakoen eskura dago.
Doako tailer honetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Epea maiatzaren 14ra arte zabaldu dute.
Antzinako beharretik
Ipar Martxaren jatorria 30. hamarkadako Finlandian dago, bertako eskiatzaileek iraupen-eski sasoia bukatzen zenean praktikatu ahal izateko jarduera zelako.
Kirol jarduera hau segurua, naturala, osasungarria, dinamikoa eta adin guztietako pertsonei zuzendutakoa da eta helburu nagusia ongizate fisiko zein espirituala erdiestea da.
Teknika sinplea izan arren, ez da intuiziozkoa, eta horrexegatik, berau praktikatu baino lehen prestaketa ikastaroak egitea aholkatzen dute beti.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Udalak atzo Heidelberg enpresan gertatutako lan heriotza salatu du
Udal Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala iragarri du eta herritarrak heriotza-istripua salatzeko ekimen guztietan parte hartzera deitu ditu

“Arrigorriagako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak, aho batez eta EH Bildu, Arrigorriaga Gara, EAJ-PNV, PSE eta NOA alderdien ordezkari gisa, astekabez hartu du pertsona baten lan-istripuaren ondoriozko heriotzaren berria, asteazkenean Arrigorriagan lanean ari zela ezbeharra izan eta gero”. Horrela hasi du Arrigorriagako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak atzo Heidelberg enpresan izandako lan istripuaren ondorioz langile baten heriotzaren ondorioz iragarri duen adierazpen instituzionala.
Bozeramaile Batzordeak, era berean, heriotzaren arrazoiak argitzeko eskatu dio Segurtasun Sailari, horiek senide eta hurbilekoie helarazi ahal izateko.
“Udaletik salatu nahi du istripuak, kosta ahala kosta, eta guztiaren gainetik ekidin behar direla, lan mota guztietan lehentasuna behar baitu izan lan-segurtasunak”, azaldu dute udal ordezkariek. “Gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu lan-osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, bai eta lan-arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere.
Horiek horrela, erakunde guztiei eskatu die lan-arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela, “lan-administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinatuta, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazar ditzatela, baita ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetu arte”.
“Gertatutako istripua salatzen dugu eta heriotza-istripua salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko deitu daitezkeen ekimen guztietan parte-hartzera deitzen ditugu herritarrak”, gehitu dute Bozeramaileen Batzordetik.
Elkarretaratzea, ostiralean
LAB sindikatuak elkarretaratzea deitu du bihar, urriak 24, 19:30ean, Arrigorriagako udaletxeko plazan, atzoko lan-istripua salatzeko. “Lan istripu gehiagorik ez! prekarietateak hiltzen du”, salatu dute sindikatutik.
Istripua gertatu eta ordu batzuk geroago Padura futbol taldeak izen-abizena jarri zion heriotza lazgarri honi: “Padura Clubak deitoratzen du Jagoba Lagunaren heriotza lan istripu batean”. Jagoba klubeko bazkide, ordezkari, eta bi jokalariren aita ere bazela zehaztu zuten futbol taldetik.









