Sareak

☉ Arrigorriaga

Bideoa | Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak: Eta zu, zelan bizi zara? | Eskuz eraikitako auzoaren istorioa

Gaur egun Abusun bizi bada ere, Ollarganeko Auzo Zaharrean eman zituen bere bizitzako lehen urteak Floren Albarran Valerok, gurasoekin batera. Aita lan bila iritsi zen Caceresetik eta Ollarganeko muinoan auzotarren eskuekin sortu zuten egonlekuan bizi ziren auzotar langileak izan ziren. Hona bere istorioa

|

Gaur egun Abusun bizi bada ere, Ollarganeko Auzo Zaharrean eman zituen bere bizitzako lehen urteak Floren Albarran Valerok (Torrejon El Rubio, Caceres, 1954), gurasoekin batera. Aita lan bila iritsi zen Caceresetik, beste hainbat pertsonekin batera, Bizkaian loratzen ari zen industrializazioak erakarrita. Ollarganeko muinoan aurkitu zuten zerotik hasteko aukera, eta eskuz esku eraikiko zuten bizilekuan lanean hasi ziren, etorkizun hobe baten esperantza inoren laguntzatik gabe sortu beharko zutela jakitun. Hona bere istorioa.

Besoetako haurra zela heldu zen Albarran Ollarganera, urtebete zuela. Ez zen bidaia arrunta ezta samurra izan. Lehenik aita heldu zen Arrigorriagako auzora, helburu bakar bezain argi batekin: bertan lana bilatzea, familia ahalik eta lasterren Ollarganera ekartzeko.

Extremaduran behar gorrian zeuden, eta bere familiaren ongizatea kolokan zegoela ikusita, Bilbon lana zegoela aditu, eta zalantza izpirik gabe Euskal Herrirantz jo zuen, ondoren bere familia ekartzeko asmoz. Esan eta egin: lana aurkitu bezain pronto iritsi zen Florenen familia Arrigorriagako auzora.

Floren Albarran Valero, Ollarganeko pisuen aurrean // Geuria

Garai hartako Ollargan auzoak eta gaur egungoak ez daukate zerikusirik. Hasteko, gaur egun ezagutzen dugun Ollargan auzoa eta bertako pisuak ez ziren existitzen. Hasierako auzoa mendian gora zegoen, muino batean kokatuta, gaur egun Ollargango parkea bezala ezaguna dena. Izan ere, muino gainean etxola eta etxe txikiez osatutako auzo hark hainbat aldaketa izan zituen bizilagunak gaur egungo etxebizitzetara lekualdatu baino lehen.

Auzoa izan baino lehen, Ollarganeko muino gaineko leku hura lokatz artean kokatutako egonleku bat izaten hasi zen 1940-50. hamarkadetan. Langile migratzaile asko etorri zen Espainiako hainbat tokitatik —Andaluzia, Gaztela edo Extremaduratik, batez ere— Bizkaiko industriaguneetan lana topatzera.

Etxerik ez zuten, eta instituzioen aldetik ez zen etxebizitza duinik eskaintzen. Hori dela eta, Ollargan bezalako eremu baztertuak aukera bakarra izan ziren askorentzat. Familia horiek eskuekin eraiki zituzten euren etxeak, eraikuntza-material merkeekin edo aurkitzen zutenarekin. Horrela eraiki ziren periferiako auzo asko: baldintza txarretan, baina elkarlanean eta auzotasunez.

Ollarganen kasuan, meategietako langileak heldu ziren, eta elkarren laguntzaz eraikitako etxebizitzan hasi ziren loratzen ezerezetik, lokatzaren artean. Gero nork bere modura antolatzen zuen bere “etxea”. Albarranek aitak ohea Extremaduratik ekarri zuen: “Ohea Renfeko zerbitzuen bidez fakturatu zuen Bilbora. Gero, Bilboko tren geltokitik Ollarganera bizkarrean ekarri zuen, oinez”.

Floren Albarran: “Extremadurako etxeko ohea Renfeko zerbitzuen bidez fakturatu zuen aitak Bilbora. Gero, Bilboko tren geltokitik Ollarganera bizkarrean ekarri zuen, oinez”

Florenek lehen urte horien oroitzapen argirik ez daukan arren, oso ondo gogoratzen du gurasoek kontatutakoa. “Denok egiten zuen lan auzoan: gizonek meategietan, emakumeek Bilbon, etxekoandre lez, eta auzoan haurrak geratzen ziren. Nagusiek txikiak zaintzen zituzten”.

Horietako familia asko landa eremuetako herri txikietatik iritsi ziren, eta bizimodu-aldaketa oso gogorra izan zen, haur txikientzat bereziki. Gaur egun adineko pertsonak dira garai hartako haur txikiak, eta Ollarganera iritsi zirenean negar egin zutela aipatzen dute askok: “Zergatik etorri gara hona bizitzera?” galdetzen zieten negarrez bere gurasoei. Ugerra eta kedarra zerion Bilbo Handiari garai haietan, eta haurrentzat zaila zen testuinguru horretan etorkizun hobe baten promesa ikustea.

“Lokatzez beteta gogoratzen dut haurtzaroa”, dio Albarranek bere bizilekua izan zen tokira bueltatzen delarik, gaur egun Ollargango parke handira, hain zuzen ere. Auzo hark ‘Gran Vía’ bezala ezaguna zen errepide nagusi bat zeukan. Irribarre egiten gogoratzen du Florenek.”Ez zegoen saneamendu sistemarik eta ur zikinak kudeatu ahal izateko auzolana egin behar zuten herritarrek, garai hartako Udalaren baimenarekin, kaleetan hodiak ipini ahal izateko”.

Ollargango auzo zaharra // Ollargango Auzo Elkartea

Bakoitzak bere etxea

Testuinguru makur horretan, eta Euskal Herriko klima heze eta euritsuari aurre eginez, Ollargango muinoaren goiko aldean eraiki zuten lehen auzoa, ‘Auzo Zaharra’ deritzona. “Askotariko eraikinak ikus zitezkeen lehen auzo hartan”, esan du Florenek. “Etxolak zeuden baina baita arkitektoen planoekin eraikitako etxebizitza gutxi batzuk ere”.

Kontraesankorra badirudi ere, etxola eta etxeen arteko konexioa, muino batean eraikita egonik, eskailera eta arrapalen bidez egiten zen; familiak oso gazteak ziren eta irisgarritasun arazorik ez zen izaten, eta izatekotan ezin zen berehalakoan konpondu. Florenek 15 urte zituenean, iritsi ziren bere aitite eta amama Ollarganera: “Erretiratuak ziren eta beste etxe batean hasi ziren bizitzen”.

Egoera ez zen batere samurra, hala ere, euren etxeak eraikitzen zituzten maldan eraikitzea erabat debekatuta zegoelako legez. Gauaren abaroan aritzen ziren, iluntasunaren erdian eta gaueko ordu txikiak arte. “Egunean zehar eraikitzen baziren, polizia etorri eta momentuan bertan eraisten zituen etxeak”. Beraz, ilargiaren argipean eraikitzen zituzten oinarrizko materialekin. Oholak eta harri blokeak elementu oso erabiliak izan ohi ziren. Azken hauek pilatzeko erraztasun handia eskaintzen zuten, eta eraikinak arin batean sortzen ziren.

Auzotar bat, lanean, haur bien begiradapean // Ollargango Auzo Elkartea

“Lau horma eta teilatu bat eraikitzen zirenean, helburua lortzen zuten herritarrek: barruan jaioberri batekin ama bat sartzen zen bizitzera, eta etxe hura eraistea ezinezkoa zen”, dio Albarranek. Auzotarrek gogoz egiten zuten lan eta egunetik egunera etxe berriak agertzen ziren Ollarganeko muinoan. Egoerak ez zuen atzera bueltarik.

“Hurrengo egunean polizia etortzen zenean ez zeukan zer eginik: nola eraitsiko zuten ama eta jaioberri bati babesa ematen zien etxe bat? Gehienez jota isun bat jartzen zieten”. Poliziak ezikusiarena egiten zuen, eta auzoa, urteek aurrera egin ahala, hazkunde izugarria ezagutu zuen. Etxea eraikita, hobekuntzak egiten zizkioten: elementu berriak ipini, eraikuntza handitu…

“Hurrengo egunean polizia etortzen zenean ez zeukan zer eginik: nola eraitsiko zuten ama eta jaioberri bati babesa ematen zien etxe bat? Gehienez jota isun bat jartzen zieten”

60. hamarkadara arte ez zen ur ez elektrizitate zerbitzurik egon modu ofizialean, Auzo Zaharrean. Meategien gertutasunagatik, eta modu batean edo bestean elektrizitatea eskuratzeko modua lortzen zuten auzotarrek: “Ura lortzeko, Bolintxuko errekan kokatuta zegoen iragazki batetik Bilbora zihoan ura, gaur egun AP-68 autopista ondotik. Ur hura Renferaino heltzen zen eta auzotarrek, ur ponpa baten bidez muinoko goiko partean kokatuta zegoen urtegira garraiatzea lortu zuten. Bertan, giltza zabalduz, ura auzo osora heltzen zen. Egoera zaila izan arren auzotarrek irudimena eta euren bizitza hobetzeko gogo bizia zeukaten alde”.

Jaiak, auzo zaharrean// Ollargango Auzo Elkartea

Florenek bere haurtzaroko egun horiek gogoan ditu: “Uraren giltza zabaltzen zutenean denbora mugatua geneukan erabili ahal izateko. Gogoan dut itxi egiten zutenean muinoko goiko aldean zegoen zingirara joaten ginela uraren bila, gero komunean erabili ahal izateko”. Ura eta hotza izan ziren, Albarranen berbetan, garai hartan zituzten problema handienak: “Etxeko zulo batetik kanpoaldea ikusten nuen. Aitak etengabe egiten zituen konponketak etxean, ondo bizi ahal izateko”.

Lehenengo etxolan 10 urte eman ostean, Florenen familia bigarren etxebizitza batera lekualdatu zen. Beherago kokatuta zegoen eta hezetasuna, beraz, handiagoa zen: “Etxea hobeto zegoen, inguruan zanga bat geneukalako. Hala ere, hezetasunak lurreko oholak usteltzen zituen”. Bost urte eman zituzten etxe berri hartan.

Floren, bere etxea kokatuta zegoen leku berean // Geuria

Gutxirekin, “pozik”

Egoera txarrean bizi baziren ere, Ollargango auzotar gehienek “poztasunez” gogoratzen dituzte Auzo Zaharrean bizi izandako urte gogor horiek. “Beharrak lortu zuen hori” ondorioztatu du Ollarganekoak. “Oso gogorra da kanpotik leku berri eta ezezagun batera lan egitera heltzea eta Auzo Zaharreko bizilagunek helduera erraztu egiten zieten auzotar berriei. Oso bihozbera izan zen bertakoen aldetik, eta benetan eskertzekoa”.

Denborak aurrera egin ahala, auzo zaharreko etxola horiek hobetuz joan ziren eta etxola baino etxeak izaten hasi ziren. Auzoa itxura hartzen joan zen (150 etxebizitza baino gehiago egon ziren azken urteetan) eta saltoki txikiak zabaldu zituzten.”Umea izanik oso negozio txikiak bezala gogoratzen nituen. Pentsa ezazu nolako negozioak izango ziren!”, dio barrez. Hasiera batean mandoek bultzatutako gurdietan igotzen zituzten aldapan gora denda txiki horietako produktuak. Urte batzuk geroago kamioiek ordezkatu zituzten animaliak.

Auzotar batzuk// Ollargango Auzo Elkartea

Urteek aurrera egin ahala, kooperatiba sortu zuten auzoan, eta horrek aldaketa nabarmena ekarri zuen Ollarganera. Izan ere, urte gutxira, 70. hamarkadan, gaur egungo etxebizitzak eraiki zituzten auzoan. “Aldaketa izugarria izan zen. Ez zeukan zerikusirik aurreko urteetan bizi izandakoarekin”.

1968an, 14 urte zituela, Floren Huescara joan zen langileen semeen beka baten bidez. Bertan janaria, arropa eta askotariko erraztasunak izan zituen Ollarganekoak. Aragoi aldean hilabete batzuk eman ostean Arrigorriagara itzuli zen Albarran, Gabonetako oporretan: “Ollargango pisuak berri-berriak ziren. Nire osaba ezkondu zen eta seme-alabak izan zituen. Bigarren etxe hura eman genien eta gu etxebizitza berrietara lekualdatu ginen. Ez zegoen ur edangarririk ezta kalefakzio zerbitzurik ere. Horrela hilabete bat eman genuen”.

“Ollargango pisuak berri-berriak ziren. Ez zegoen ur edangarririk ezta kalefakzio zerbitzurik ere. Horrela hilabete bat eman genuen”

Gabonetako oporren ostean Huescara itzuli zen Floren eta bere familia Ollarganeko etxebizitza berrietako bizimodura moldatzen hasi zen, betiko auzotarrekin. “Auzokide guztiak Auzo Zaharrekoak ziren”. Baina betiko auzokide horiez gain kanpotik etorritako familiak heldu ziren bertara bizitzera, eta horrek eragina izan zuela azaldu du Albarranek: “Momentura arte geneukan auzo-izaera hura galtzen hasi zen orduan: jendeak ez zeukan auzoarekiko ardura bera. Auzoaren gainbeheraren hasiera izan zen”.

Bilbo, Ollarganeko auzo zaharretik // Ollargango Auzo Elkartea

Ordutik hona, auzoak hainbat aldaketa eman dira, etengabe handitzen joan da eta Albarranen ustez, hasierako giro hura guztiz galdu da, auzoak berezkoa duen nortasuna galduz. Gaur egun ere, auzoaren irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten dabiltza, Ollargan hankaz gora jarriko duen bi urteko esku hartzea.

“Auzoa sortu zuten garaian, ez zuten Ollarganen etorkizunean pentsatu: ez zegoen igogailurik, eskailera ugari jarri zituzten… eta auzotarrak zahartzen joan dira. Gurasoak zaintzea egokitu zitzaidanean etxetik irten eta errepidera egin dute salto, espaloien amaieran eskailerak baino ez zeudelako”.

Ollargan auzoaren bilakaera ezagutu du Albarranek, hamarkadaz hamarkada. Lokatzean hasi, eta langileek egoera zelan irauli zuten lehen eskutik bizi izan du. Horregatik, iraganak eta orainak utzitako ikasgaiak etorkizunaren oinarri izatea desio du, auzoak bere nortasunari eutsi diezaion.

Albarran, duela urte gutxira arte bizi izandako kalean // Geuria

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin

Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

|

Mozorratutako neskatxo bat, Arrigorriagan // Geuria

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.

Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.

Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Mendi Asteak emakumeen ahotsak ekarriko ditu Lamiaena eta Lonbo aretora

Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira

|

Lesothora egindako bidaiaren argazki bat // Igone Mariezkurrena

Azaroaren 10etik 20ra Mendi Astea antolatu du Padura Mendi Taldeak Lamiaena Emakumeen Etxean eta Lonbo aretoan.

Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira. Gainera, Alex Txikon beste urte batez hurbilduko da Lonbo aretora.

Saioak arrastietan izang0 dira eta sarrera doakoa izango da.

Egitaraua | Arrigorriagako Mendi Astea 2025

Azaroak 10, astelehena
20:00 Igone Mariezkurrena: ‘Leshoto, mendietako erresuma afrikarra, bizikletaz’, Lonbo aretoa

Azaroak 13, osteguna
19:00 Elkarregaz (Elixabete, Johanna eta Bego): ‘GR 11, zeharkaldi bat baino gehiago’, Lamiaena

Azaroak 18, asteartea
20:00 Pipi Cardell: ‘Nanga Parbat (8.125mt) – Via “Nezabudka”‘, Lonbo aretoa

Azaroak 20, osteguna
20:00 Alex Txikon, Lonbo aretoa

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Ehun arrigorriagar baino gehiagok Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herriko plazan

“Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak”, aldarrikatu dute herritarrek

|

Herritarrak, udaletxe aurrean elkartuta // Geuria

Gaur arrastian joan den urriaren 22an Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herritarrek, udalatxe aurreko plazan.

Elkarretaratze isila izan da, 20 minutu ingurukoa. Amaitzerakoan adierazpenak egin dituzte: “Istripuak ez dira kasualitateak sortuak. Ematen diren prekarizazioaren eta lan baldintzen ondorio zuzenak dira. Patronalaren aldetik, kapitala langileen segurtasunaren gainetik jartzearen ondorioz. Lan istripu bat eragiten duen makinak ez du lan osasunerako araudia betetzen; Eusko Jaurlaritzari dagokio enpresei lan-osasun araudia betearazteko bitartekoak jartzea eta ez dute egiten”.

Herritarrek elkartasuna eta babesa adierazi diete istripuaren ondorioz zendu zen langileari. “Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak. Aski da, bizitzak erdigunean!”.

19:45ak inguru amaiera eman diote elkarretaratzeari, txalo zaparrada batekin.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Gazteen hiru laurdenak ezin du emantzipatu Arrigorriagan, udal diagnostikoaren arabera

Txostenaren helburua  “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek

|

Udalak bi aurkezpen publikoa egingo ditu, bata azaroaren 6an eta bestea 12an // Geuria

Arrigorriagako Udalak herriko etxebizitza diagnostikoa egin du, udalerriko etxebizitza egoeraren argazki zehatza jasotzeko asmoz. Txostenaren helburua  “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek.

Ikertaldek eraman du azterketaren ardura, eta haren arabera, “udalerriak %10,7ko hazkunde demografikoa izan du 2001etik, Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa gaindituz”.

Hazkunde hori, Bilbo Handiko migrazio-dinamiken ondorioz izan da batez ere, eta ondorioz, etxebizitza-premia duten gazteen kopurua ere handitu egin da.

Aldiz, eskaintza  ez da erritmo berean hazi, eta horrek prezioetan eragin nabarmena izan du. Horren erakusgarri da Etxebiden izan den eskari kopurua, Arrigorriagan inguruko herrietan baino handiagoa dena.

Gazteen egoerari dagokionez, emantzipazio-tasa orokorra %28,1ekoa da, EAEko batez bestekoaren azpitik. Hau da, 34 urtetik beherakoen ia hiru laurdenek ezin dute emantzipatu gaur egun. Auzoen artean aldeak daude: Abusun %36,1eko tasa da, eta Herrigunean %24,9koa.

Bestalde, udalerriko etxebizitzen %10a hutsik dago, eta azken urteetan ez da nabarmen handitu alokairura bideratutako etxebizitzen kopurua. Salerosketaren erritmoak ere behera egin du, eta gaur egun metro karratuko prezioa 2.400 eurotik behera dago, Bilbo Handiko batez bestekoaren azpitik.

Gardentasuna eta etorkizunerako oinarri sendoak

David Cidre Hirigintza zinegotziaren hitzetan, diagnostikoa “gardentasun-ariketa bat” da, etorkizuneko etxebizitza politiken oinarria, hain zuzen ere: “Emaitzek argi erakusten dute Arrigorriaga udalerri erakargarria dela, baina, aldi berean, etxebizitza eskuratzeko arazoak badaudela. Guretzat, etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta ez inbertsio espekulatiborako merkantzia”.

Udal gobernuak etxebizitzaren erronkari aurre egiteko duen asmoaz ere hitz egin du Cidrek: “Txosten hau hasiera besterik ez da. Orain, azterketan identifikatutako arazoei erantzungo dieten neurri zehatz eta ausartak zehazten ari gara”.

Zailtasunak zailtasun, Arrigorriagako Udalak etxebizitzaren egoera hobetzeko hainbat pauso eman dituela nabarmendu nahi izan dute udal gobernutik.

Duela urtebete onartu zen behin betiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, eta aurten bertan, Maite Ibarra alkatea, David Cidre eta Josetxu Olivares arkitekto aholkularia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainekin bildu ziren, babes sozialeko 127 etxebizitza eraikitzeko hiru orube eskaintzeko.

Horrez gain, gobernu taldea beste udal batzuetako proiektuak bertatik bertara ezagutzen aritu da, etxebizitza arloko esperientziak partekatzeko helburuarekin.

Herritarrentzako aurkezpenak azaroan

Txostenaren emaitzak herritarrek gertutik ezagutzeko, Udalak bi aurkezpen publiko antolatu ditu:

  • Azaroaren 6an, 19:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean (Azokea aretoa)

  • Azaroaren 12an, 19:00etan, Abusuko Zentro Soziokulturalean

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa | Dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagan Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko

LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapaketa sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago”

|

Gaurko elkarretaratzea, Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan // Geuria

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopedun pankartarekin dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagako udaletxeko plazan, joan den asteazkenean Heidelberg enpresan gertatu zen lan-heriotza salatzeko.

Elkarretaratzea LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute: “Dauzkagun datuen arabera, torno batek harrapatuta hil zen eskualdeko langile bat”, azaldu du Agus Figal LABeko Hego Uribe eskualdeko arduradunak. “Gaur elkartu garen sindikatuok egoera hau salatu nahi dugu”, izan dira sindikatuko ordezkariaren berbak.

LABeko ordezkarien arabera, Heidelberg enpresan gertatutako istripua “ekidin zitekeen”: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapamendua sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago. Lan-kodeak argi esaten du hori hala egin behar dela”.

LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea”

Elkarretaratzean egon diren herritar batzuk // Geuria

Agusen hitzetan, lan prebentziorako eskumena Eusko Jaurlaritzarak dauka: “Baina, Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die. Ondorioz, honelako ondorio larriak gertatzen dira”.

LAB: “Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die”

Ezbeharra gertatu zenetik ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean: ELAk elkarretaratzea deitu zuen enpresa aurrean; gaur, euskal gehiengo sindikalak Arrigorriagako elkarretaratzea antolatu du.

Hurrengo astelehenean, herrian ere beste elkarretaratze bat deitu du herri mugimenduak, 19:30ean, “Prekarietateak hiltzen du” lelopean.

Osorik irakurri